55. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko martxoaren 19koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta jarduketaren eraginpeko eremuetako udalei entzunaldia ematen diena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta Ingurumen gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete daitezen. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2006ko azaroaren 27an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren idazki bat sartu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan. Idazki horrekin batera, N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana eta dagokion Ingurumen eraginaren azterlana aurkeztu dira, Ingurumen eraginaren adierazpena tramitatzeko eta aukeratzen den hautabidea Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa onesteko.

I._Aurrekariak.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura Ingurumen eraginaren azterlana prestatzeko kontsulten tramitearekin hasi zen. Hauek dira erantzun duten entitateak:

_Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua.

_Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

_Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atala.

_Iparraldeko Ur Konfederazioa.

_Baztango Udala.

Entitate horien erantzunak, prestatu beharreko Ingurumen eraginaren azterlanaren edukiari buruz Ingurumen zuzendari nagusiak sinaturiko txostenarekin batera, Herri Lan Zuzendaritza Nagusira igorri ziren, jakinaren gainean egon zedin eta behar ziren ondorioak izan zitzaten.

II._Azpiegituraren udalez gaindiko eragina dela eta.

Proposaturiko azpiegiturak udalerri bakar bat ukitu arren, udalez gaindiko eraginaren adierazpena Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailearen testuinguruan kokatu behar da, izan ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen arabera, plan zuzentzaile hori lurraldea antolatzeko tresnatzat hartzen da eta, memorian adierazten denaren arabera, N-121-B errepidean Irurita-Elizondo saihesbidea egitea aurreikusten du (35. jarduketa), Nafarroako Foru Komunitatearen "Iruña-Frantzia Belaten barna" Interes Orokorreko Sarearen barrenean, Mugairiko eta Arraiozko saihesbideen luzapen gisa, Baztanen zirkulazio handiena duen tartearen trazadura bukatzeko.

Jarduketak, eskualdearentzako beste abantaila batzuen artean, udalerri horren barnako trafikoa hobetuko du nola ez, udalerriko bi bizigune nagusietakoa batez ere, hots, Iruritakoa eta Elizondokoa, eta garrantzisuagoa dena, bide-segurtasuna eta bizigune horien bizi-baldintzak hobetuko ditu.

III._Proposatutako hautabideen deskribapena.

1. hautabidea: Baztango Udal Planean aurreikusitako bide-erreserba ahalik eta gehien aprobetxatzen du. Trazadura, labur-labur adierazita, hauxe da:

Saihesbidea N-121-B errepidean abiatzen da, Arraioz pasa eta gero; garai bateko Bidasoa trenbidearen plataformatik segitzen du, Oharrizko meandroaren hegoaldeko bazterretik; Baztan ibaia gurutzatzen du gero, eta meandroaren ekialdean, NA-4405 errepidea gurutzatu ondoren, biribilgune bat aurreikusi da Oharrizen, Lekarozen eta Iruritan sartzeko; gero, NA-4405 errepidearen plataformatik segitzen du, kaputxinoen komentua eta institutua iparraldetik saihestuz. Ama Birjinaren monumentua dagoen hegiaren azpitik tunel-aizu bat proiektatu da, tokirik ez dagoelako, eta Lekarozen sartzeko egun dagoen bidea kenduko da; azkenik, Elizondoko herrigunea mendebaldetik eta hegoaldetik saihesten du, San Frantzisko Xabierkoa ikastetxea inguratuz (aukerabide guztiak hortik joaten dira), Elbeteren ipar-ekialdean N-121-B errepidearekin glorieta baten bidez lotzeko. Azkeneko tarte horretan bi glorieta egitea aureikusi da, Elizondoko herrigunera mendebaldetik eta iparraldetik sartu ahal izateko.

2. hautabidea: Arraiozko saihesbidetik Baztan ibairaino, Oharrizko meandroaren ekialdean, trazadura 1. hautabidekoaren oso antzekoa da. Hortik aurrera, hautabide hau 1. hautabidearen iparraldetik doa, batez beste 300 bat metro gorago. San Frantzisko Xabierkoa ikastetxea inguratzen du gero (puntu hori berdina da hautabide guztietan). Hortik aurrera, trazadura 1. hautabidekoa bezalakoa da. Erdiko bide-tartean bi glorieta aurreikusi dira: bata, Lekarozera doan NA-4403 errepidearen bidegurutzean, Lekarozko herrigunera eta, besteak beste, Uhartera, Etxerrira eta Iruritara iparraldetik eta ekialdetik sartzeko; eta bestea, Elizondoko herrigunera mendebaldetik eta hegoaldetik sartzeko. Azkeneko tartean, 1. alternatiban adierazitako glorieta berberak aurreikusi dira, hots, Elizondora iparraldetik sartzekoa, eta N-121-B errepidearekin lotzekoa, Elbeten.

3. hautabidea: Hautabide honek Iruritako erreka eta Baztan ibaia gurutzatzen ditu hasi bezain pronto. Gero, Oharrizko herrigunearen eta hango meandroaren iparraldetik doa, NA-4403 errepidearekin bat egin arte. Hantxe, glorieta bat aurreikusi da 2. hautabideak proposatutako toki berean, Lekarozen eta, besteak beste, Uharten, Etxerrin eta Iruritan sartzeko. Hortik aurrera, trazadura 2. hautabidearena bezalatsukoa da. Glorieta kopuru berbera proposatzen du eta ia toki berberetan Elizondon sartzeko eta N-121-B errepidearekin lotzeko, baina aldaketa hauek ditu: lehenengoa, Lekarozko glorietaren eta Elizondora mendebaldetik sartzeko glorietaren artean. Tarte honetan hautabide honen trazadura hobeki egokitzen zaio lurrari, 2. hautabidearen hegoaldetik joaten baita; bigarren aldaketa azkeneko tartean dago, trazadura hegoalderago eramanen baita hemen ere, Elbeteren herrigunearen eta hilerriaren arteko lurretara.

4. hautabidea: Hautabide honen hasierako tartea 3. hautabidearena bezalakoa da ia-ia. Oharrizko meandrotik aurrera, gainerako hautabideen guztiz bestelako bidea hartzen du, Lekarozko herrigunearen iparraldetik hartzen baitu. Herrigunearen mendebaldean herrira sartzeko glorieta aurreikusi da. Bihurgune luze bat egin ondoren, hautabide guztiek berdina duten puntura iristen dira San Frantzisko Xabierkoa ikastetxearen iparraldean. Hantxe, Elizondora iparraldetik sartzeko glorieta bat aurreikusi da. Puntu horretatik aitzina, hautabide hau 4. hautabidea bezalakoa da, horren barne direlarik Elizondora eta Elbetera sartzeko bi glorietak eta N-121-B errepidearekin lotzeko glorieta Elbeten.

Hona hemen hautabide bakoitza eraikitzeko kostuak:

_A-1. hautabidea: 9.720.110 euro

_A-2. hautabidea: 9.551.603 euro

_A-3. hautabidea: 9.615.497 euro

_A-4. hautabidea: 9.485.764 euro

Irizpide askotan oinarrituriko azterketa egin ondoren, azterlanean 2. hautabidea garatzea proposatu da, nahiz eta funtzionaltasunaren irizpideen arabera _trazaduraren kalitatea, bide-loturak, iragazkortasuna eta bide-segurtasuna_, eman zaion puntuazioa azken aurrekoa den, 1. hautabidea atzean duela.

IV._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta.

Informazio azterlanak lau hautabide garatzen ditu N-121-B errepidearen Arraioztik eta Elbete bitarteko saihesbiderako. Hautabide horiek Iruritako eta Elizondoko herriguneetatik pasatzea saihesten dute, errepidea iparraldetik eramanez.

1. hautabideak antz handia du 2. hautabidearekin, erdiko tartean izan ezik. Tarte horretan, memoriaren arabera, ez dago toki aski Lekarozera doan NA-4403 errepidearekin lotzeko glorieta egiteko, ez eta saihesbidea bera modu egokian egiteko ere. Horregatik, tunel aizu bat behar da. Hortaz, kontuan harturik hautabide hau eta 2. hautabidea oso antzekoak direla eta bigarrena funtzionalagoa dela eta zerbitzu hobeak dituela, uste dugu, lurraldearen eta hirigintzaren ikuspegitik, 1. hautabidea baztertu beharko litzatekeela.

4. hautabidea, aztertu direnetan luzeena izateaz gainera, herriguneak gehien "saihesten" dituena ere bada, zentzurik zorrotzenean. Hala ere, hautabide horren beraren eta proposatzen dituen lotuneen kokagunea azterturik, herriguneetara sartzeko aukerak murrizten dira beste hautabideen aldean, izan ere, Arraioz eta San Frantzisko Xabierkoa ikastetxearen iparraldean dagoen glorietaren artean glorieta bakarra aurreikusten da. Horren bidez, Lekarozko herrigunera sartzea bermatzen da, baina ez da oso egokia Uhartera edo ballearen barreneko eskualdeetara sartzeko. Hautabide horrekin Lekaroz gainerako herriguneetatik aparte gelditzea galaraziko dela dioen tesiak ez du funts handirik, izan ere: Lekarozek balleko gainerako herriekin gaur egun duen harremana "zilbor" motakoa da, eta ez dirudi harreman mota hori aldatuko denik, edozein hautabide aukeratuta ere, are gutxiago kontuan hartzen baditugu herrigunearen baldintza orografikoak. Dena dela, konponbide guztietan, egun dagoen bide-sarearekiko "hesi" gisako efektu hori galarazi eta modu egokian konpondu beharko litzateke. Bestalde, Lekaroz iparraldetik nola edo hala garatzeko aukera hipotetikoa baldintzatzeaz gainera, hautabide horrek lur mugimendu handiak eraginen ditu herrigunearen inguruan. Hortaz, ondorioztatu da beste bi hautabideetako bat aukeratu beharko litzatekeela, hots, 1.a edo 2.a, edo bestela, bien arteko nahasketa bat.

2. eta 3. hautabideen arteko ezberdintasunik funtsezkoenak Arraiozetik Lekarozen sartzeko glorieta bitartean daude: 2. hautabidearen trazadura amuarrain-haztegiaren hegoaldetik doa Oharrizko herrigunea dagoen meandroa puntu batean ukituz, baina hari kalterik eragin gabe. 3. hautabidea, berriz, herrigunearen ekialdean dagoen "Oharrizko meandroa" izenekotik eta herrigunetik iparraldera dauden lurretatik doa.

Tarte honetan aukera egitea ez da gauza erraza, izan ere, batak eskaintzen dituen abantailak ez dira nahi bezain nabarmenak bestearen aldean, baina, hala ere, oro har baloraturik, 2. hautabidea da egokiena ustez, nahiz eta ibilgailuendako pasabide bat proposatzen duen herrigunetik ekialdera dagoen Oharrizko meandroan barna, gaur egun ez dagoena. Pasabide horren ondorioak aztertu eta, beharrezkoa balitz, kontrolatu beharko lirateke. Hori horrela, Iparraldeko Ur Konfederazioaren txostenean urak har ditzakeen eremuak mugatzeko Nafarroako Gobernuak egindako Azterlana aipatzen da eta adierazten azterturiko lau hautabideak, Arraioz eta Oharriz artean, urperatzeko arrisku handia duten lurretatik doazela. Gainera, azpimarratzen da 1. eta 2. hautabideek bide ematen dutela etorkizunean Bidasoa ibaiak Oharrizen egiten duen meandroaren ibar naturala urbanizatzeko, urak har dezakeena, eta hori kontuan hartu beharko litzateke afekzioak baloratzeko orduan. (Azterlan horretako datuen arabera, 50 urtean behin urak "Oharrizko meandroa" oso-osorik hartuko luke, eta 10 urtean behin haren eremuaren %53 gutxi-gorabehera).

Bestalde, aldez aurreko kontsultetarako fasean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak prestatu duen txostenean, adierazten da 2. alternatibak, antza denez, garai bateko Elizondo-Irun trenbidearen tarte bat okupatzen duela, eta tarte hori berregin beharko litzatekeela (...) ... iparraldean, errepidearekin paralelo. Bien artean, belar zerrenda bat utzi beharko da, hexkaiekin edo, ahal bada, zuhaitzekin. Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egin duen txostena, berriz, lehengo trenbide hura eta hango fabrikako obrak babesteko hartu beharreko neurriei buruz aritzen da zati handi batean, trenbide zaharreko zubiari buruz batez ere. Txostenean azaltzen da proiektaturiko obrak, trenbidearekin paralelo doan tartean, Maritoneko Borda aldeko trenbidea okupatzea saihestu beharko duela, gutxienez 10 metroko tartea utziz, eta inguruko natur landaredia ahalbait gehiena errespetatu beharko duela. Hala ere, Informazio Azterlaneko bide-trazadurek, bai 1. hautabidekoak, bai 2. hautabidekoak, trenbidea inbaditzen dute gutxiago edo gehiago, baina trenbide tarte hori saihesbidearen hegoaldera berregiten da, saihesbidearen eta mendiaren artean. Hori horrela bada ere, jakinik toki horretako orografiak, meandroa urpean gelditzeko arriskuak, hegiaren eta amuarrain-haztegiaren artean toki gutxi izateak (aztergai diren hautabide guztiak hortik pasatzen dira, eta gainera Oharrizko sarbiderako proposaturiko mailaz beste batean) eta beste faktore batzuek bide-trazadura horiek garatzea baldintzatzen dutela eta, horrenbestez, hautabide horien eta trenbidearen arteko erabateko bateragarritasuna lortzea ezinezkoa dela dirudien arren, aipatutako txostenetan bigarrenean adierazi bezala, uste dugu gomendagarria litzatekeela 2. hautabideak meandroaren tarterako proposatzen duen trazadura berrikustea, trenbidearekin ahalik eta bateragarriena izan dadin.

3. hautabideak lehenengo tarte honetarako proposatzen duen trazadurak ere baditu alde txarrak. Horietan nabarmena hau da: trazadura Oharrizko herrigunea dagoen meandrotik eraman nahi izatea, izan ere, meandroa ekialdetik mendebaldera gurutzatuko bailuke, maldan. Horrela, hesi moduko bat eratuko litzateke Oharrizko herrigunearen ondo-ondoko ingurunearekin, hesi eraginkorra kasu honetan.

Lekarozen sartzeko glorietatik aurrera, ekialderanzko trazadura 3. hautabidekoa ere izan liteke, baina, oro har, uste dugu 2.ekoa egokiagoa dela. Azkeneko tarterako trazadura, hots, Elbete inguruan aurreikusitako bi glorieten artekoa, neurri batean, Elbeteko hilerria non utzi nahi den erabakiko da, hau da, saihesbidearen barnetik edo kanpotik. Tarte honetan, 3. hautabidea hobeki moldatzen zaio tokiko topografiari eta, beraz, egokiaga da ikuspuntu horretatik, baina hilerria kanpotik uzten du; 2. hautabideak, ordea, zelaitze lan handiak behar ditu, baina hilerria barrenean uzten du.

Azkenik, hautabide horietatik Elizondotik hego-mendebaldera dauden biziguneetara (Irurita, Etxerri, etab.) joateko aukerabideak ugaltzeko asmoz, gomendagarria litzateke aztertzea bidezkoa ote den haietara iristeko bide berri bat egitea aukeratzen den hautabidea NA-4445 errepidearekin gurutzatzen den tokitik abiatuta.

Azaldutakoaren osagarri, adierazi beharra dago kontsulta fasean Baztango Udalak egindako txostenaren ondorioetan, zera azaltzen duela: "Gure udalerriarentzat 2. eta 3. hautabideak, edo bien arteko bidea, dira egokienak".

Hori guztia gorabehera, azkenean eginen den hautabidea aukeratuko da espedientea jendaurrean egon ondoren eta azpiegituraren eraginaren pean dauden udalendako entzunaldia bukatu ondoren, jakina.

V._Ingurumen arloko txostena.

2006ko abenduaren 11n Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa askiesten duela, bertan ingurunea eta jarduketak sor ditzakeen eraginak egoki aztertzen direlako, oro har; dena dela, adierazten du gomendagarria litzatekeela hondakindegi gisa erabiltzeko beste toki batzuk bilatzea, izan ere, aukeratu den lurzatiaren inguruetan (Baztango 14. poligonoko 236. lurzatia) "Artesiagako errekaren ibairatzea" izeneko ES2200023 BILa dago. Lur-soberakinak isurtzean BIL horri kalte egitea saihes daiteke, babes-zerrenda bat ezarriz, baina hala ere meandroak urpetu dezakeen lautadak, inguru horretan errekak sortzen duenak, kalte handi samarra jasanen luke.

Bestalde, txostenak dio argi eta garbi mugatu behar direla ingurumenaren gaineko eragina murrizteko hartu beharreko prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak eta egin beharreko obra laguntzaileak.

Txostenaren bukaeran zera ondorioztatzen da: ekarritako dokumentazioa ikusirik, uste dugu espedientea jendaurrean jar daitekeela Ingurumen gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete daitezen eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa tramita dadin. Dena dela, azkenean aukeratzen den hautabidearen gaineko proiektua onetsi aitzin, aurreko lerroaldeetan adierazitako guztia bete beharko da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak izan ditzan. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea, azkenean aukeratzen den hautabidea onetsi aurretik, espedientea osatu behar dela erabaki honen IV. eta V. idatz-zatietan adierazitakoarekin.

3. Ondare historikoaren babesari dagokionez, erabaki honen azalpen zatian aipatu den arlo horren gaineko txostenean azaltzen diren jarduketak egin beharko dira eta han zehazten diren neurriak hartu.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta proiektuaren eraginpeko lurretako udalei entzunaldia ematea, 30 egunez. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesatuen eskura Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 2. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta jakinaraztea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Iparraldeko Ur Konfederazioari eta Baztango Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 19an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0705086