55. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko martxoaren 19koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez, "NA-7010 (Asterain-Irurtzun) errepidearen Arakilgo tartea: Irurtzun-Izurdiaga saihesbidea" egiteko proiektuari buruzko informazio azterlana udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzen da, jendaurrean jartzen da eta ukitutako eremuko udalei entzunaldia ematen zaie, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko. Proiektuaren sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan 2006ko azaroaren 9an sartu zen idazkiari erantsita, "NA-7010 (Asterain-Irurtzun) errepidearen Arakilgo tartea: Irurtzun-Izurdiaga saihesbidea" egiteko proiektuari buruzko informazio azterlana bidali zuen, ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, ingurumen eraginaren adierazpena tramitatzeko eta hautatzen den aukera udalez gaindiko proiektu sektorial gisa onesteko.

I._Aurrekariak.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 2006ko urtarrilaren 17an laburpen-memoria aurkeztu ondoren, proiektuaren ingurumen eragina ebaluatzeko prozesua hasi zen: ingurumen eraginaren azterlana egin aurreko kontsulten tramitea bete zen, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. 2006ko apirilaren 5ean, aurretiazko kontsulten tramitearen emaitza aipatu departamentu horri bidali zitzaion, kontuan har zedin ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan.

II._Azpiegituraren udalez gaindiko eragina.

Proposaturiko azpiegituraren udalez gaindiko eraginaren balorazioa Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailearen testuinguruan kokatu behar da. Nafarroako Parlamentuak 2002ko azaroaren 12an onetsi zuen plan hori, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak "Lurraldea Antolatzeko Tresna" izendatu zuen. Memoriak dioenez, "NA-7010 errepideko Irurtzungo saihesbidea planean sartuta dago".

III._Xedea eta aurkeztutako aukeren deskripzioa.

NA-7010 Asterain-Irurtzun errepideak Errotz, Izurdiaga eta Irurtzungo herriguneak zeharkatzen ditu. Gaur egun errepide horretan ibilgailu astunen trafiko handia dago, Errotzen hegoaldean dagoen Oskiako harrobiaren ustiapenaren ondorioz.

Harrobitik Gasteizera eta Donostiara doazen ibilgailuek nahitaez joan behar dute errepide horretatik Irurtzungo herriraino, N-240-A errepideko bidegurutzetik Donostiako autobia edo Gasteizko autobia hartzeko. Iruñera doazen ibilgailuek bide bera egin dezakete N-240-A errepideraino eta handik Iruñerantz jo Irurtzungo herrigunea zeharkatuz, edo bestela NA-7010 Irurtzun-Asterain errepidea har dezakete Ororbiatik hasita, Iruñera joateko. Kasu guztietan, azkenekoan izan ezik, ibilgailuek Errotz, Izurdiaga eta Irurtzungo herriguneak zeharkatzen dituzte eta hainbat eragozpen sortzen dituzte. Azterlanean eragozpen horiek ahal den heinean konpondu nahi izan dira.

Azterlanaren xedea, beraz, goian aipatutako herrien parean NA-7010 errepideko saihesbidea egiteko aukerak definitu, aztertu, baloratu eta alderatzea izan da. Aukerak hiru korridoretan multzokaturik aztertu dira: ekialdeko, mendebaldeko eta iparraldeko korridoreetan. Herriak saihestuko dituen bidea egin nahi da, NA-7010 errepidea Donostiara, Gasteizera eta Iruñera doazen errepideekin lotzeko, hau da, Leitzarango autobiarekin (A-15), Sakanako autobiarekin (A-10) eta, Iruña alderantz, Nafarroako autobidearekin (AP-15) eta Iruña-Gasteiz errepidearekin (N-240-A).

Ekialdeko korridorea litzateke biderik laburrena NA-7010etik AP-15era eta N-240-Ara. Gulinako lotunea aldatu behar litzateke; bertan eginen litzateke elkargunea AP-15arekin eta N-240-Arekin eta, horrenbestez, Donostiara, Gasteizera eta Iruñera doazen bide guztiekin. Korridore horretan hiru aukera daude: ekialdeko 1. aukera, ekialdeko 2. aukera eta ekialdeko 3. aukera. Denak NA-7010eko puntu beretik abiatzen dira, Oskiako harrobiaren eta Errozko herriaren artean. Aukera horien trazadura Errozko herrigunearen hegoaldetik doa lehenbiziko zatian, ekialdetik mendebaldera, eta bigarren zatian ipar-hego norabidea hartzen du Gulinako lotuneraino. Korridore honetako aukerek, oro har, puntuazio onenak lortu dituzte lurraldearen, ekonomiaren eta erabileraren aldetik, baina balorazio kaskarrenak ingurumenaren aldetik.

Mendebaldeko korridorean bi aukera daude eta Urritzolako tartean dute desberdintasun bakarra. Aukera batean Urritzola iparraldetik inguratzen da eta bestean hegoaldetik. Bien trazadura ekialdeko korridoreko trazaduren abiapuntuan bertan hasten da, eta ipar-mendebalderantz doa, Ekaiko lotunean A-10arekin bat egin arte; handik Donostiarantz edo Gasteizerantz jo daiteke. Korridore honetako aukerek ez dute balorazio handirik jaso besteen aldean, irizpide anitzeko azterketan kontuan hartzen diren faktoreetan.

Iparraldeko korridorerako sei aukera aztertu dira, gutxi gorabehera NA-7010aren "paraleloak", eta "azpiaukerak" konbinatuz osatuak. Korridore honetan, izan ere, bi tarte bereizten dira. Lehenbizikoa AP-15aren hegoaldean dago, eta bertarako iparraldeko 1. aukera, iparraldeko 2. aukera eta iparraldeko 1-2 aukera garatu dira. Bigarrena AP-15aren iparraldean dago, Irurtzungo hiri lurzoruan, eta bertarako iparraldeko 3. aukera eta iparraldeko 4. aukera garatu dira. Batzuen eta besteen konbinaziotik sortu dira sei aukerak: N1-N3, N1-N4, N2-N3, N2-N4, N1-2-N3 eta N2-2-N4. AP-15aren hegoaldeko aukeren arteko desberdintasun nagusiak Izurdiaga parean daude. N-1 aukerako trazadurak herri hori ekialdetik inguratzen du, eta N-2 eta N1-2 aukeretako trazadurek mendebaldetik. Bestalde, AP-15aren iparraldean, N-3 aukerako trazadura Irurtzungo industrialdearen eta Irurtzungo hiri lurzoruaren artetik doa, eta N-4 trazadura industrialdearen eta Larraun ibaiaren artetik.

Iparraldeko korridoreko aukerek balorazio guztiz desberdinak izan dituzte: beraiei eman zaizkie balorazio altuenak, ingurumen faktoreak eta balioen ponderazio orekatuago eta egokiagoa kontuan harturik, eta beste muturrean, korridore guztietarako aztertutako aukera guztien artean puntuaziorik baxuenak korridore honetako N2-N3 eta N2-N4 aukerek jaso dituzte.

Irizpide anitzeko azterketaren ondoren aukera bakoitzari eman zaizkion puntu guztiak baturik, hona emaitza: N1-N3 aukerak jaso du balorazio onena (3.865 puntu). Izurdiagaren ekialdetik doa eta, gero, Irurtzungo industrialdearen eta Irurtzungo hiri lurzoruaren artetik. Bigarren tokian ekialdeko 3. aukera dago, 3.781 punturekin.

Eraikuntza kostu handiena ekialdeko 1.aukerarena da (3.587.323.51 euro), eta txikiena, N2-N4 aukerarena (8.644.847,74 euro). Puntu gehien jaso dituzten aukeren kostuak honakoak dira: N1-N3 aukerarena 3.815.063,97 euro, eta ekialdeko 3.aukerarena 6.918.190,78 euro.

IV._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta.

Lehenago esan den bezala, N1-N3 aukerak jaso ditu puntu gehien (3.865), eta ondoren ekialdeko 3. aukera dago (3.781 puntu). 84 puntuko aldea dute, hau da, lehenbizikoaren puntuazioa %2,22 handiagoa da. Hortik ondorioztatu liteke, hasiera batean, aukera bat edo bestea hautatu, irizpide anitzeko azterketaren ikuspuntutik, berdin diola, baina ez dira berdinak bi aukeren ezaugarri fisikoak eta funtzionalak.

Horregatik, kasu honetan bereziki, espedientea jendaurrean azalduz eta ukitutako toki entitateei entzunaldia emanez baloraziorako elementu gehiago lor daitezke, azkenean eraikuntza proiektuan gauzatuko den aukera hautatzeari begira. Ildo horretan, azpimarratu behar da oraintxe dugula aukera trazadura egokiena hautatzen lagunduko duten datu eta azterlan gehiago eskuratzeko. Izan ere, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan duela gutxi aurkeztu da Nafarroa Atlantikoa deritzon eremuko Lurralde Antolamendurako Planaren Aurrerapena. Erabaki honen xede den informazio azterlanak ukitzen dituen udalerriak hain zuzen ere eremu horretakoak dira.

V._Ingurumen txostena.

Iragan otsailaren 9an, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak jakinarazi du txosten honen xede den informazio azterlanari dagokion ingurumen eraginaren azterlaneko dokumentazioa aztertu duela eta dokumentazio horrek badituela araudi aplikagarrian eskatzen diren eduki guztiak, behar adinako zehaztasunaz emanak, eta, horrenbestez, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat, bidezkoa dela espediente osoa jendaurrean jartzea 30 egunerako, ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura betetzeko eta informazio azterlana udalez gaindiko proiektu sektorial gisa tramitatzeko.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin bat etorririk, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraituz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "NA-7010 (Asterain-Irurtzun) errepidearen Arakilgo tartea: Irurtzun-Izurdiaga saihesbidea" egiteko proiektuari buruzko informazio azterlana udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako. Proiektuaren sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

2. Ondare historikoa babesteari dagokionez, Ondare Historikoaren Zerbitzuak bere txostenetan eskatzen dituen jarduketak eta neurriak beteko dira.

3. Espedientea, hogeita hamar egunez, aldi berean jendaurrean eta proiektuak mugapea ukitzen dien udalen entzunaldian jartzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko.

Hartarako, espedientea interesatuen eskura egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2, 2. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari eta Irurtzungo eta Arakilgo udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 19an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0705085