55. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak apirilaren 10eko 1108/2007 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako tituludun lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzekoa.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, apirilaren 10eko 1108/2007 Ebazpenaren bitartez, deialdia onetsi du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan goi mailako tituludun izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko.

ARAUAK

1._Xedea.

1.1. Aditzera ematen da goi mailako tituludun izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko deialdia egin dela. Hezkuntza Departamentuko Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari atxikita dago eta beharrezkoa da euskaraz (3. hizkuntz maila) eta ingelesez jakitea. Plantilla organikoan 37474 zenbakia du.

1.2. Lanpostu horretako zereginak honako hauek dira, besteak beste:

_Paperean nahiz edizio elektronikoan edo web gunean zerbitzuak aterako dituen argitalpenen plangintza, azterketa eta diseinua egitea.

_Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak argitalpenetarako sortzen dituen testuak gaztelaniaz eta euskaraz egitea.

_Argitaratzeko eta editatzeko aurkezten diren kanpoko testu originalak ebaluatzea, hau da, egitura, estiloa, ortografia eta gramatika zuzentzea gaztelaniaz, euskaraz eta Europar Batasuneko beste hizkuntzetan.

_Zerbitzuan eguneroko jardunean sortzen diren idazkiak, gutunak, txostenak eta abar itzultzea.

_Zerbitzuak kanpoan enkargatzen dituen itzulpenak berrikustea eta kalitate-kontrola egitea.

_Proben zuzenketa ortotipografikoa.

_Maketen diseinua zuzentzea.

_Lanen inprimaketa tramitatzea.

_Inprimaketa prozesua kontrolatzea.

_Bukaerako produktua kontrolatzea.

2._Aplikatzekoak diren arauak.

Lehiaketa hau ondoko arauek erregulatuko dute: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; Lanpostuak Betetzeari buruzko Erregelamenduaren 10. artikulua eta gainerako agindu aplikagarriak, hura garatu eta betearazteko azaroaren 6ko 215/285 Foru Dekretuaren bidez onetsiak; abuztuaren 12an Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emaniko 130/1998 Foru Dekretua, merezimenduen baremoei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen arauak.

3._Betebeharrak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko ondoko betebeharrak bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) Lizentziatu, ingeniari edo arkitektoaren titulua edo baliokidea izatea.

c) A maila edo taldekoa izatea.

d) Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Ingelesko eta Euskarazko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzea.

Izangaiak, Euskarazko Gaitasun Agiria ez badu, proba bat egiteko aukera izanen du, eta horrela zehaztuko da beharrezkoa den maila baduen hizkuntza horretan. Izangaiek, proba hori egin nahi badute, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, horri dagokion tokian.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahal dute lekualdatze lehiaketa honetan.

3.2. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean iraunen dute.

Baldintza horretatik salbuetsita daude Estatuko Administraziotik Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioak, MUFACEn afiliatu eta, beraz, Estatuaren Klase Pasiboen Araubidearen menpe daudenak. Horiek, deituriko lanpostua betetzean, araubide hori utziko dute eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira.

4._Lansariak.

Lekualdatzearen xedeko langileak indarra duten xedapenek ezarritako soldata jasoko du.

5._Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2007ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 31n) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean.

Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea akitzen den egunerako. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Erregistroan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoko Enplegu Publikoan dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

5.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.3. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiriak, jatorrizkoak edo behar bezala kautotutako kopiak, barne direlarik Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiriak.

b) Deialdiaren 3.1 ataleko b) letran eskatutako tituluaren fotokopia kautotua, ez bada izangaiaren espediente pertsonalean dagoela, eta horrela bada, berariaz aipatuko da eta deialdiaren 3.1 ataleko d) letran aipatzen diren Gaitasun Agirienak.

6._Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Lehiatzaile bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

7._Epaimahaiaren osaera.

Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

_Epaimahaiburua: Pedro González Felipe jauna, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendaria.

_Ordezkoa: Fernando Gorostizu López jauna, Ikasketak Antolatzeko Ataleko burua.

_Mahaikidea: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

_Ordezkoa: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

_Batzordekide-idazkaria: Milagros Ortega de Pedro andrea, Testu eta Material Didaktikoen Bulegoko burua.

_Ordezkoa: Elena Vallés Iriso andrea, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Ataleko burua.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek dagokien espezialitatean aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

8._Lehiaketaren osagaiak.

8.1. Merezimendu hauek baloratuko dira, hurrenez hurren:

a) Merezimenduak:

_Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.

_Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: gehienez 25 puntu.

_Hizkuntzak jakitea: gehienez 15 puntu.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez 15 puntu.

c) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez 25 puntu.

8.2. Merezimenduak.

Alegatu eta frogatzen diren merezimenduak ondoko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko dira.

Merezimendu guztiak, Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuenak barne, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Merezimenduak jatorrizko agirien edo fotokopia konpultsatuen bidez frogatu beharko dira.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

8.3. Txosten psikoteknikoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Aipaturiko institutuak txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari esleitzen dion puntuazioa lotzailea izanen da lehiaketako epaimahaiarentzat.

8.4. Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa.

Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa:

_Material didaktikoa editatzeko kasu praktiko bat idatziz garatzea, edozein euskarritan, gaztelaniaz eta euskaraz inprimatua edo egina, originala jasotzen denetik azken produktua eman arte, eta haren banaketa.

_Zuzenketa ortotipografikoa eta estilokoa euskarazko testu batean eta gaztelaniazko batean.

_Itzulpenak egin, esaterako honako hizkuntzen artean: gaztelania, ingelesa eta euskara.

Lehiaketako epaimahaiak egoki baderitzo, proba praktiko horretan merezimenduei eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara egokitzeko erari buruzko galderak egiten ahal zaizkie.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Proba praktikoa egin ezean, izangaia lehiaketatik baztertuko da automatikoki.

Lanpostuaren edukiaren eta eginkizunen gaineko proba praktikoa gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako beste ataletan eskuraturikoari gehituko zaio, izangai bakoitzaren guztizko puntuazioa lortzeko.

8.5. Lehiaketako osagaien balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak parte hartzaileek lorturiko puntuazioak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean paratuko ditu eta bost eguneko epea emanen du, lehiakideek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hori eginda ere, berdinketak oraindik jarraitzen badu, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

9._Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, agirien aurkezpena eta izendapen proposamena.

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko puntuazioak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean paratuko ditu, dei egin duen organora igorriko du, espediente osoarekin batera, lanpostuaren edukiaz eta eginkizunez egin beharreko proba praktikoa gainditu duten izangaien zerrenda, haietariko bakoitzak baremoko atal guztiak batu eta lorturiko azken puntuazioaren arabera, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen du.

10._Izendapena eta lanpostuaren esleipena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak goi mailako tituludun izendatuko du proposaturiko izangaia eta lanpostu hutsa esleituko dio. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

11._Lanpostuaren jabetza hartzea.

Izendatutako lehiatzaileak lanpostuaren jabetza hartu beharko du izendapenaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileen Erregistro Zentralaren bitartez.

Behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaz jabetu ezean, deialdiko lanpostu hutsa betetzeko eskubideak galduko ditu. Horrela bada, hutsunea deialdiko 9. arauak aipatzen duen zerrendan sarturiko hurrengo lehiatzaileak beteko du.

12._Aurkeztutako agiriak.

12.1. Hautagaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkez daiteke, lanpostuak esleitzeko ebazpenaNafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

12.2. Aurreko atalean ezarritako epea agiriak berreskuratu gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari; horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, agiri horiek gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiri horiek berreskuratzen ahal dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13._Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen eta bere arauen kontra eta arauak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2007ko apirilaren 9an._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Alberto Andérez González.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

...... izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko eskabidea. Deialdia ........zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ...(e)ko .....aren .....(e)an.

1._Norberaren datuak.

Deiturak eta izena

Jaiotze eguna eta tokia ....................... NANa

Helbidea ......................................... P.K.

Etxeko telefonoa ........................ Laneko telefonoa

2._Datu administratiboak.

a) Zer lanpostutarako izendatu zuten

f Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa.

f Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa.

f Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako estatutupeko langilea.

f Lan-kontratudun finkoa.

f Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa.

b) Administrazio egoera.

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitaezko eszedentzian.

(X batez markatu behar den kontzeptua)

c) Egungo destinoa:

Lanpostua

Jabetza hartzearen eguna

Departamentua

Zerbitzua

Atala

Bulegoa

Erakunde autonomoa

c) Zein maila edo taldetakoa den: ..............

3._Nik, izenpetzaileak, adierazten dut eskabideak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen ditudala.

4._.......(e)tik ........... (e)ra numeratutako eskabidearekin batera, deialdian agindutako agiriak eta alegatu dituen merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu ditu, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz ordenatua.

5._f Adierazten du euskara maila neurtzeko proba egin nahi duela. (*)

6._f Adierazten dut frantses eta ingeles maila neurtzeko proba egin nahi dudala. (*)

Horrenbertzez,

Eskatzen dut deialdi honetan onar nazatela.

Iruñean,........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezkoa bada.

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARI NAGUSIA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak

1. Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: 1,50 puntu, urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan langile finko gisa egindako zerbitzuak: 0,37 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. a) atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntu izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aurretik zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakasle-lana eta beste merezimendu batzuk

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak.

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3. Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4. Deialdian eskatutakoaz besteko titulazio eta espezialitate akademikoak: Gehienez ere 4 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: Gehienez ere 2 puntu.

6. Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin ikusteko izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Baremoaren b) ataleko puntuazioa 25 puntukoa da, gehienez.

Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

_Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Halako titulaziorik ez dutenei, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzagatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren bostena emanen zaie.

Izangai bakoitzak hiru hizkuntza horietatik zenbat dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal ditu; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 bat emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: F0706423