55. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

181/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 13koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana. Haren bidez arautzen da haur baten jaiotza, familia-harrera edo adopzioagatik aitak gozatzen duen baimen ordainduaren iraupena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei aplikatzen zaiena.

Nafarroako Foru Komunitateak bere funtzionario publikoen estatutu araubidearen gainean duen eskumen osoaren babesean, Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publikoei onartzen dizkien funtsezko eskubideei eta betebeharrei errespetua muga bakarra dela, (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.b artikulua), eman da urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretua. Haren bidez arautzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen araubidea.

Bestalde, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna erdiesteko eman berri den martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak xedatu du, beste neurri batzuen artean, aitatasun baimena eratzea babesturiko egoera gisa. Araua unibertsala da eta zerbitzu guztiei dagokie, eremu pribatukoei zein publikokoei, edozein izanik ere zerbitzu harremanaren izaera eta aplikatzen ahal den gizarte aurreikuspeneko araubidea.

Bermatu behar da bat datozela baimen ordaindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako funtzionarioentzako haur baten jaiotza, familia-harrera edo adopzioagatik aitak gozatu beharrekoa, eta dagokion Gizarte Segurantzaren Sistemako prestazio gisa ematen den sorospenaren iraupena. Halaber, urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, bermatu behar da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko funtzionario guztiei berdin aplikatuko zaiela edozein delarik beren gizarte aurreikuspeneko araubidea, eta hori guztia bermatzeko xedez, bidezkoa da bi egoerak bateratzea.

Horrenbestez, urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuko Azken Xedapenetan lehenak aitortu dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2007ko martxoaren 24tik aurrera, haur baten jaiotza, familia-harrera edo adopzioagatik hamabost eguneko baimen ordaindua emanen zaio aitari.

2. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko apirilaren 13an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0706582