55. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

27/2007 FORU DEKRETUA, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentalentzako mandatuak arautzen dituena.

Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak entitate instrumentalentzako mandatuak arautzen ditu, eta ohartarazten du ez dela bera aplikatu behar beraren eraginpeko entitateek beren entitate instrumentalei mandatuak egiten dizkietenean obra, hornidura edo laguntza kontratuei dagozkien prestazioak egin ditzaten, baldin eta mandatua lege beraren zortzigarren artikuluan adierazitako eran egiten bada.

Hori dela eta, foru legeak entitate instrumentaltzat jotzen ditu mandatua egiten duen entitatearengandik aparteko nortasun juridikoa izan eta ondoko baldintzak betetzen dituzten entitateak:

a) Bere kabuz erabakitzeko ahalmenik ez izatea, entitate mandatu-egileak kontrolatzen duelako, bere zerbitzu edo unitateak kontrolatzen dituen antzera.

b) Jarduera gehiena entitate mandatu-egilearentzat egitea.

Entitate instrumentalek nahitaez bete beharreko enkarguak izanen dira mandatuak, eta, betiere, entitate mandatu-egileari dagokio eskatutakoa behar bezala egiten den begiratzea. Mandatua bete ahal izateko entitate instrumentalak hirugarrenei prestazioak eskatu behar dizkien kasuetan, prestazioen esleipenean Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeko arauak bete behar dira.

Azkenik, entitate instrumentalek ezin dute parte hartu beren entitate nagusiek antolatzen dituzten esleipen prozeduretan.

Horiek horrela, foru dekretu honek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentalen araubide juridiko, ekonomiko eta administratiboa ezartzen du, ekintza administratiboaren esparruan, entitate horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren baliabide instrumental eta zerbitzu teknikoak diren aldetik.

Arau honetan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentalek beharrezkoa dute aldez aurretik Nafarroako Gobernuak beren izaera onartzea erabaki baten bidez, hau da, Administrazioaren baliabide instrumentalak direla onartzea. Zuzendaritza nagusi, erakunde autonomo edo departamentu batek obra, hornidura edo laguntzaren bat bere mendeko entitate instrumental baten esku uzten duenean, enkarguen araubide berezi bat bete beharko da nahitaez. Enkargatzen diren jarduketak mandatu gisa gauzatuko dira. Prestazioaren kostua zuzenean ordainduko da, organo eskudunak onetsi ondoren, eta mandatua kontratu publikoa balitz bezala iragarriko da, kontratu publikoetarako ezarritako kasuetan eta moduan.

Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren arabera, Nafarroako Gobernuak foru lege hori garatu eta betearazteko beharrezko iruditzen zaizkion erregelamendu mailako xedapenak emanen ditu, hain zuzen ere lege haren babesean prestatu baita foru dekretu hau.

Kontratazio Administratiboko Batzordeak, 2006ko ekainaren 29an egindako bilkuran, foru dekretu honi buruz adostasun txostena eman du.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko martxoaren hogeita seiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek beren entitate instrumentalei Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 8. artikuluan adierazitako moduan egiten dizkieten mandatuak arautzea.

2. artikulua. Entitate instrumentalaren izaera onartzea.

1. Enpresek eta gainerako entitateek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen mandatuak jaso ahal izateko, beharrezkoa izanen dute aldez aurretik entitate instrumental gisa onartuak izatea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez. Erabaki horretan zehaztuko da zein departamenturi egonen diren atxikita mandatuak jasotzeko eta zenbat iraunen duen onarpenak. Gehienez ere lau urte iraunen du, ez bada lehenago ezeztatzen, entitatearen inguruabarren aldaketa edo Nafarroako Gobernuaren erabaki oinarritua tarteko.

2. Departamentu interesatuak hasiko du prozedura. Behar diren txosten tekniko, administratibo, ekonomiko eta juridikoak eginen dira eta espedientean sartuko dira.

Betiere, espedientean beste agiri hauek ere sartuko dira:

a) Estatutuak, fundazioko arauak, eta, oro har, enpresa edo entitateak zertan diharduen azaltzen duten eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurrean borondate propiorik ez duela erakusten duten antolaketa-agiriak.

b) Adierazpen hau: enpresa edo entitatearen ustiapeneko diru sarrera gehienak Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik eta haren erakunde autonomoetatik datozela, edo, horiekin zerikusirik ez duten hirugarrenetatik badatoz, Administrazioak berak bere eskumenak erabiliz hartutako erabakien ildotik datozela zuzenean. Adierazpen horri eusten dion informazioak entitatearen urteko kontuen memorian ageri behar du. Informazio horren edukia I. eranskinean zehazten da.

Besterik ezean, jarduketa, inbertsio eta finantzaketa programak aurkeztu ahal izanen dira baldintza hori betetzen dela frogatzeko, enpresa edo entitateak onetsiak eta Foru Komunitateko Administrazioak edozein bidetatik onartuak; edo bestela, entitateko kudeaketa organo gorenaren erabakia, non agerian geratuko den entitatearen jarduera Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen erabakien mende dagoela eta erabaki horiei esker entitateak lortzen dituen ustiapeneko diru sarrerak aurreko paragrafoan azaldutako baldintza betetzeko adinakoak direla.

3. Nafarroako Gobernuak entitate instrumentalaren izaera onartzeko hartzen duen erabakia Kontrataziorako Batzorde Publikoari jakinaraziko zaio, Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu dadin.

Nafarroako Kontratazioaren Atarian aditzera emanen da dena delako entitatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentala dela. Gainera, egiten zaizkion mandatuak zein jarduera arlotakoak diren adieraziko da.

3. artikulua. Mandatuaren araubide juridikoa.

1. Entitate instrumentalek nahitaez egin behar dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek haien esku jartzen dituzten lan eta jarduerak. Entitate mandatu-egileari dagokio eskatutakoa behar bezala egiten den begiratzea.

Entitate instrumentalekiko harremanak barnekoak eta mendekotasunezkoak dira.

2. Mandatuak inoiz ere ez du berekin ekarriko agintea erabiltzea edo Administrazio Publikoari dagozkion beste ahalmen publiko batzuk erabiltzea.

3. Entitate instrumentalak mandatua bete ahal izateko hirugarrenei prestazioak eskatu behar dizkien kasuetan, prestazioak lizitatu eta egiteko orduan Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen xedapenak beteko dira. Hori dela eta, ez dira hirugarrentzat joko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako entitate instrumentalak, ezta beste entitate instrumental batzuen mendekoak diren entitate instrumentalak ere.

4. artikulua. Mandatuaren araubide juridikoa.

1. Egin beharreko prestazioen zenbatekoa zehazteko, entitate mandatu-egileak aurretik onetsitako aurrekontuan ageri diren prezioak hartuko dira kontuan.

2. Mandatuaren xede diren prestazioen hartzaileek zuzenean ordaindu behar dizkiote prestazioak entitate instrumentalari, salbu eta prestazioen hartzailea entitate mandatu-egilea bera ez denean, halakoetan hark baimena eman ahalko baitu entitate mandatu-egileak ordain dezan.

5. artikulua. Mandatuaren araubide administratiboa.

1. Departamentu edo erakunde autonomo batek mandatua egin behar duenean, espedientea hasiko du eta bertan jasoko dira izapide teknikoak, juridikoak, aurrekontuaren ingurukoak, kontrolekoak eta gastua onestekoak. Administrazio kontratuetarako ezarritako izapideen parekoak izanen dira.

Entitate instrumentala atxikia duen departamentuaren baimena ere erantsi behar zaio espedienteari, salbu eta departamentu horrek mandatuak egiteko baimen orokorra emana badu Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuentzat eta haien erakunde autonomoentzat. Baimen orokor hori Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da.

Halaber, Foru Komunitateko Administrazioko organoen eskumenak antolatu, banatu eta zentralizatzeari dagokionez, kontratazio administratiborako ezarritako arauak beteko dira mandatuetan ere.

2. Mandatua onestea departamentu edo erakunde autonomo mandatu-egilearen kontratazio organoari dagokio.

3. Mandatuaren jakinarazpena prestazioa hasteko agindua izanen da.

6. artikulua. Mandatuen publizitatea.

Entitate instrumentalei egiten zaizkien mandatuak iragarri eginen dira kontratu publikoak iragarri behar diren kasuetan eta moduan, Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 97. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra._Sozietate publikoei entitate instrumentalen izaera onartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko sozietate publikoei entitate instrumentalen izaera onartzeko prozedura foru dekretu honetan ezarritakoa izanen da. Lehendik dauden gaikuntzak baliorik gabe geratuko dira foru dekretu honek indarra hartu eta hiru hilabetera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra._Lehenagoko mandatuak.

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik onetsita dauden mandatuek onetsi zirenean indarra zuen araudia beteko dute.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko martxoaren 26an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Miguel Sanz Sesma._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

I. ERANSKINA

...................................... entitateak ................(e)ko ekitaldiko Galera eta Irabazien Kontuan izan dituen ustiapeneko diru sarrerak honela daude banatuta:

Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik edo haren erakunde autonomoetatik datozen diru sarrerak: ................. euro.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek hartutako erabakiei lotuta datozen diru sarrerak: .................... euro.

Ustiapeneko beste diru sarrera batzuk: ......................... euro.

Diru sarrerak, guztira: ......................... euro.

Halaxe adierazten da, ....../2006 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Idazkaria edo administratzaile bakarra

Iragarkiaren kodea: F0706412