51. ALDIZKARIA - 2007ko apirilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

327/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 2koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Irakasleentzako Laguntza Zentroetako prestakuntzarako aholkulari izateko 5 lanpostu merezimendu lehiaketa bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia onesten duena.

Ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen ditu. Dekretu hori garatzeko eta Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, bidezko da Irakasleentzako Laguntza Zentroetako prestakuntzarako aholkularien 5 lanpostu merezimendu lehiaketa bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia egitea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Irakasleentzako Laguntza Zentroetako prestakuntzara sareko aholkulari izateko 5 lanpostu merezimendu lehiaketa publikoaren bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia onestea, arau hauei jarraituz:

ARAUAK

Lehenbizikoa._Arau orokorrak.

Irakasleentzako Laguntza Zentroetako prestakuntza sareko aholkulari izateko lanpostu merezimendu lehiaketa bidez betetzeko lehiaketa publikorako dei egiten da. Lanpostuak I. eranskinean ageri dira.

Bigarrena._Izangaien betebeharrak.

1. Baldintza orokorrak.

a) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikiriko funtzionario edo lan kontratudun finkoak diren irakasleek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, unibertsitatez kanpoko hezkuntza mailetan badihardute eta eskakizun gisa abiapuntuko etapa edo espezialitatean zuzeneko irakaskuntzan gutxienez ere bost urte eman dituztela frogatzen badute.

b) Irakasleek jarduneko zerbitzuan edo zerbitzu berezietan egon beharko dute. Egoera horiek abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko II. Tituluko VI. Kapituluko 24. artikuluko 1. idatz-zatiko j) eta l) ataletan aipatzen dira. Dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zen. Testu hori 1993ko irailaren 1eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

c) Aurreko deialdietan Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendari edo aholkulari izendaturik dauden funtzionarioek edo lan kontratudun finkoek ezin izanen dute deialdi honetan parte hartu.

d) Deialdi baten bidez edo izendapen librearen bidez Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendari edo aholkulari izendaturiko funtzionario edo lan kontratudun finkoek ezin izanen dute parte hartu, 2006ko irailaren 1erako bi urte pasa ez badira lanean hasi zirenez geroztik, ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuko 5.1 artikuluan eta 16.ean xedaturikoarekin bat.

e) Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren 232/2005 eta 317/2006 Ebazpenen bidez, Irakasleentzako Laguntza Zentroetan aholkulari izateko lanpostuak bete ondoren hutsik gelditu ziren lanpostuetan diharduten aholkulariak c) baldintzatik salbuetsirik egonen dira.

2. Betebehar berariazkoak.

a) Haur Hezkuntzako aholkulari lanpostuetarako, izangaiak etapa horretako edozein espezialitatetan eginak beharko ditu bere eginkizunak, Pedagogia Terapeutikoa eta Entzumena eta Hizkuntza barne.

b) Lehen Hezkuntzako aholkulari lanpostuetarako, izangaiak etapa horretako edozein espezialitatetan eginak beharko ditu bere eginkizunak, Pedagogia Terapeutikoa eta Entzumena eta Hizkuntza barne.

c) Curriculum arloko eskakizun bat zehazturik daukaten Bigarren Hezkuntzako ahokulari lanetarako, izangaiek kasuan kasuko espezialitatearen jabe izan beharko dute.

d) Teknologia Berrietako lanpostuetarako, ezagutzak ziurtagiri, titulu, irakaskuntzako esperientzia edo prestakuntzaren bidez frogatu beharko da, betiere ere Hautapen Batzordearen arabera aski den moduan.

e) A mailako lanpostuetarako, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoa izatea.

f) Euskaraz jakin beharra daukate Haur edo Lehen Hezkuntzako lanpostuetarako, izangaiek agiri hauetariko bat eduki beharko dute: Euskal Filologia espezialitateko maisu-maistra, Euskal Filologiako lizentziatua, Euskaltzaindiarena edo euskara gaitasun agiria, Hizkuntza Eskola Ofizialak luzatua edo titulu baliokidea.

a), b) eta c) betebeharrak 2007ko abuztuaren 31n eduki beharko dira eta besteak deialdia argitaratzen direnean.

Hirugarrena._Eskabideak.

1. Deialdi honetako merezimendu lehiaketan parte hartu nahi dutenek halaxe eskatu beharko dute, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan interesatuen esku egonen den eskabidearen bidez edo Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren webgunean: www.pnte.cfnavarra.es.

2. Izangaiek eskabide bakar bat aurkeztuko dute. Gehienez ere bina lanpostu eskatzen ahalko dituzte deialdi honetako I. eranskinean aipatzen direnen artetik, agiri hauekin batera:

_NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua. Agiri hau DIN-A4 paperean aurkeztuko da.

_Zerbitzuetako orria, Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz igorriko duena, deialdia argitaratzen den eguna artekoa, edozein hezkuntza administraziotan emaniko zerbitzuak frogatzen dituena.

_Alegaturiko merezimenduen jatorrizko ziurtagiria edo fotokopia konpultsatua.

_Lan proiektua: Interesatuek beren eskabidearekin bat datorren lan proiektu bat aurkeztuko dute, gehienez ere DIN A-4 tamainako 10 orrialde izanen dituena. Alde bakar batetik idatziko dira eta letraren tamaina 12 puntukoa izanen da.

Proiektuaren xedea aholkularitzarako proposamen berritzaile bat egitea izanen da, prestakuntzaren bidez, hezkuntza sistemaren gaur egungo beharrak aseko dituena eta garatzeko jokabideak bilduko dituena. Halaber, lana eginen den esparruko ezagutza eta hautatu nahi den lanpostuaren ezaugarriak adierazi beharko dira.

Teknologia Berrietako aholkulari izateko, aurkeztu behar duten proiektuak kontu hauek izanen ditu aztergai:

1. Informatikako eta ikus-entzunezko baliabideak antolatu eta eskolan sartzea. Ikastetxeetako oinegiturei kasu berezia emanen zaie.

2. Irakasleentzako Laguntza Zentroan eta ikastetxeetan, irakaskuntzan eta curriculumaren garapenean, informazioaren eta komunikazioaren teknologia erabiltzen laguntzeko laguntza, sostengu eta aholkuak ematea.

3. Teknologia Berrietako eta Hezkuntzako Programak ezarririko ildoetan parte hartzea.

4._Izangaiek ikastetxeetan beretan eskatzen ahalko dituzte argibideak proiektu pedagogikoez eta www.pnte.cfnavarra.es/pnte/ webgunean Teknologia Berrietako eta Hezkuntzako Programez. www.pnte.cfnavarra.es/pnte/

3. Eskabide orria zein organori zuzendu behar zaion eta aurkezteko tokia.

Eskabideak Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariari igorriko zaizkio eta aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) 38.4 artikuluan aipatu bulegoetako edozeinetan.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, kartazal irekian eginen da, posta funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.

4. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena._Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

1. Hautapen Batzordeak proposaturik, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi eta Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoan eta zuzendaritza nagusi horren www.pnte.cfnavarra.es webgunean argitaratuko du. www.pnte.cfnavarra.es.

2. Baztertzen diren izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko. Hezkuntza Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura igorriko dira.

3. Epe hori bukaturik, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak proposaturik, ebazpen baten bidez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta bere webgunean, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko du.

Bosgarrena._Hautagaien ezaugarriak eta lanpostuen eginkizunak.

1. Hautagaien ezaugarriak.

Irakasleentzako Laguntza Zentroetan aholkulari lanetan arituko direnek ezaugarri hauek izanen dituzte: unibertsitatez kanpoko hezkuntza mailetako irakaskuntzako profesionala izatea, zientzia, didaktika eta pedagogia arloetan prestakuntza sendoa duena, irakasleen prestakuntzaz aditua izanen dena, prestakuntza ereduei, eginkizuna eginen den egoerari eta hautatu nahi den ikastetxeko proiektu pedagogikoari dagokienez. Halaber, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak hezkuntzan erabili eta integratzeko oinarrizko ezagutza izan beharko du. Lantaldeetan sartzeko gaitasuna izan beharko du. Antolatu, komunikatu eta dinamizatzeko dohainak izanen ditu aholkularitzan aritu ahal izateko. Kalitatearen kudaketako sistemaren oinarrizko ezagutza ere komenigarria izanen da.

2. Lanpostuaren eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 17. artikuluari jarraikiz, Irakasleentzako Laguntza Zentroetako prestakuntzarako aholkulariek ondoko eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Foru Komunitateko Prestakuntzarako Urteroko Plana prestatzen, garatzen, kudeatzen eta ebaluatzen parte hartzea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Prestakuntzarako Urteroko Planean eta Irakasleentzako Laguntza Zentroko Jarduketa Planean xedatzen denaren arabera, ikastetxeei sostengua eta aholkuak ematea.

c) Irakaskuntzako materialak prestatu eta zabaltzea eta erregistro dokumentalak sortuz Irakasleentzako Laguntza Zentroko agiri basea elikatzea.

d) Sarearen funtzionamendu koordinatua sustatu eta nork bere burua prestatzeko prozesuak bultzatzeko sortzen diren lan batzordeetan parte hartzea.

e) Irakasleentzako Laguntza Zentroaren administrazioaz eta antolamenduaz arduratzen parte hartzea.

f) Irakasleentzako Laguntzako Zentroko Prestakuntza Kontseiluan eta Jarraipen Batzorde Teknikoan aritzea, lantalde pedagogikoa ordezkatzeko hautatzen direnean.

g) Hezkuntza Administrazioaren maila guztiei sostengua eta, hala bada, aholkuak ematea, curriculumaren garapenari buruz.

h) Esleitzen zaion beste edozein, Irakasleen Prestakuntzako Atalari badagokio.

Halaber, ahokulariak ikastetxeko erreferentzia aholkulari lanetan arituko dira, zuzeneko prestakuntza irakatsiko dute eta on-line tutoreak izanen dira. Bestaldetik, kalitatearen kudeaketako sistemetan prestatzeko programetan parte hartuko dute eta ikastetxeei garatzen lagunduko diete. Curriculumaren garapenaren esparruan, estandarrak eta horien ondoriozko prestakuntzarako ildoak prestatuko dituzte.

Osagarritasun printzipioaren arabera, beharrezkoa izanez gero, aholkulariek edozein etapatan egin beharko dituzte prestakuntzako lanak. Halaber, printzipio berean oinarriturik, aholkulariek, irakasleentzako laguntza zentro bati atxikirik egonik ere, beste edozein zentrotan programaturiko prestakuntza jardueretan parte hartzen ahalko dute, baldin eta beren esparruko betebeharrak bete badituzte.

Etapa eta eskakizun zehatz batean bete beharreko lanpostuen definizioak berarekin dakar aholkularien lanen ardatzak, lehenengo eta behin, etaparen edo orotariko gaien ondoriozko betebeharrak izatea, eta horren ondoren abiapuntuko jakintza arloa.

Bigarren Hezkuntzako aholkulari batzuek lan osagarriak, beren ezaugarriei dagozkienak, egiten ahalko dituzte, zerbitzuaren beharren arabera. Hona hemen lan horiek: zuzendaritza taldeak prestatzeko programa koordinatzea, lan osasuna, filosofiako, hizkuntza klasikoetako eta ekonomiako irakasleen prestakuntza behar eta eskariak antolatu eta betetzea, koordinazio lanak eta abar.

Seigarrena._Hautapen organoak.

1. Hautapen Batzordeak kide hauek izanen ditu:

_Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendaria edo berak izendatzen duena, batzordeburu lanetan ariko dena.

_Kontseiluko kideak:

Irakasleen Prestakuntza Ataleko burua.

Unibertsitatez kanpoko Ikastetxeetako Irakasleen Batzordeko kide bat.

2. Batzordeek adituen laguntza eskatzen ahalko du barematu eta hautatzeko prozesu osoan.

Zazpigarrena._Hautapen prozesuaren faseak.

Hautapen prozesuak fase hauek izanen ditu:

1. fasea._Merezimenduen balorazioa.

1.1. Izangaiek egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, deialdi honetako II. eranskinaren baremoari jarraikiz.

Fase honen azken emaitza kalkulatzeko merezimenduen baremoko lehenbiziko bi ataletako puntuazioak batuko dira.

1.2. Irakasgaitasun Ziurtagiria ez da etengabeko prestakuntza jardueratzat hartuko, irakasleen hasierako prestakuntzaren ataltzat jotzen baita.

1.3. Irakasleen Prestakuntza, Diseinu eta Curriculumaren Garapen eta Teknologia Berrietako unitate tekniko edo bulegoetan aholkulari lanetan ari diren irakasleei ez zaie punturik emanen beren eginkizunak egiteko antolaturiko prestakuntzan edo irakaskuntzan parte hartzeagatik.

1.4. Irakasleentzako Laguntza Zentroetan eta/edo beren Hedapenetan zuzendari edo aholkulari lanetan aritu diren irakasleei ez zaie punturik emanen zuzendari edo aholkulari lanetan aritu zen denboran antolaturiko prestakuntzan edo irakaskuntzan parte hartzeagatik.

1.5. Biltzar, mintzaldi eta abarretan hizlari moduan aritu direla frogatzen duten agiriak aurkeztuz gero, zenbat ponentzia zehaztu gabe jardueraren iraupen osoa agertzen denean, ponentzia bakarra izanen balitz bezala kontatuko da eta 0,10 puntu emanen zaie. Jarduera hori aholkulari lanetan aritu zen denboran gertatu bazen, ez da puntu bat ere emanen.

2. fasea._Proiektuaren balorazioa haren azalpena eta defentsa Hautapen Batzordearen aurrean. (gehienez 20 puntu).

2.1. Proiektua puntu batetik 10era baloratuko da. Fase hau gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 5 puntu ateratzea eta puntuazio hori erdiesten ez dutenak bazterturik geldituko dira.

2.2. Proiektuaren azalpena eta defentsa ere baloratuko da, puntu batetik 10era. Fase hau gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 5 puntu ateratzea eta puntuazio hori erdiesten ez dutenak bazterturik geldituko dira.

2.3. 2. fasearen zati bakoitzean lortutako puntuazioa ebaluazio batzordekideek emandako puntuazioaren batez besteko aritmetikoa izanen da.

2.4. Batzordekideek ematen dituzten puntuazioen artean hiru puntuko aldea edo handiagoa dagoenean, gehieneko eta gutxieneko puntuazioa baztertuko dira eta behin betiko puntuazioa gainerako puntuazioen batez besteko aritmetikoa izanen da.

2.5. 2. fasearen azken puntuazioa bi zatien batura aritmetikoa izanen da: proiektua eta haren defentsa.

2.6. Proiektuak baloratzeko kontuan hartuko da lehiatzailearen ikuspegiaren egokitasuna eta originaltasuna, hala nola irakasleen prestakuntzaren aldetik irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko premiak antolatu eta haiei erantzun berritzaileak emateko gaitasuna.

2.7. Proiektuaren defentsa eta eztabaida deialdi honetako bosgarren artikuluan ezarritako eskakizunetatik abiaturik baloratuko da.

3. fasea._Norberaren ezaugarrien eta lanpostuaren arteko egokitasuna. Ezaugarriak puntu batetik 10 puntura bitarte baloratuko dira.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak baloratuko ditu.

Zortzigarrena._Merezimendu lehiaketaren gaineko behin-behineko ebazpena.

1. 1., 2. eta 3. faseen baturan guztira lorturiko puntuen arabera Ebaluazio Batzordeak antolaturik, deialdiaren xede diren lanpostuen kopuru bera edo txikiagoa den hurrenkera zenbakia duten izangaiak hautatuko dira.

2. Lanpostuak esleitzeko lehentasun hurrenkera lorturiko puntuazio handienaren araberakoa izanen da.

3. Izangaiak bi aholkulari lanpostu aukeratu baditu eta bi lanpostuetarako hautatu bada, parte hartzeko eskabidean lehen ageri dena esleituko zaio.

4. Eskuarki, bi eskatzaile edo gehiagoren azkeneko puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, 2. fasean puntu gehien lortu dituen izangaiari emanen zaio lanpostua. Horrek badirau 1. fasean lorturiko puntuen arabera joko da: merezimenduen balorazioa. Berdinketak oraindik ere badirau, 3. fasean lorturiko puntuen arabera joko da: "norberaren ezaugarrien eta lanpostuaren arteko egokitasuna".

5. Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako lanpostuen bi eskatzaile edo gehiagoren azken puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, lehen kasuan Haur Hezkuntzako gaitasun edo espezialitatea daukanari esleituko zaio lanpostua eta bigarren kasuan Lehen Hezkuntza Orokorreko gaitasun edo espezialitatea daukanari. Berdinketak badirau, 2. fasean puntu gehien lortu dituen hautagaiari emanen zaio lanpostua. Baldin badirau, 1. faseko puntuak hartuko dira kontuan. merezimenduen balorazioa. Berdinketak oraindik ere badirau, 3. fasean lorturiko puntuen arabera joko da: "norberaren ezaugarrien eta lanpostuaren arteko egokitasuna".

6. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, hautagaien eta baremoko fase eta atal bakoitzean lorturiko puntuazioen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Argibide eta Agiri Bulegoan, www.pnte.cfnavarra.es webgunean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Merezimendu lehiaketaren gaineko behin-behineko ebazpen horren aurka interesatuek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte, bost egun naturaleko epean,Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariaren aurrean.

Bederatzigarrena._Behin betiko ebazpena, jabetza hartzea, agiriak itzultzea eta errekurtsoak

1. Behin-behineko ebazpenen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak ebatzi ondoren, horrek behin betiko emaitzak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta bere webgunean aurkeztuko ditu behin betiko emaitzak.

2. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko ditu izangai hautatuen behin betiko zerrenda, esleitu zaien lanpostua, aurreko destinoa, herria eta abiapuntuko egoera administratibioa. Ebazpenaren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Hezkuntza kontseilariari igorria, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunean hasita.

3. Merezimendu lehiaketaren gaineko behin betiko ebazpena ematen denetik hiru egun balioduneko epean, hautaturiko aholkulariek uko egiten ahalko diote izendapenari, Hautapen Batzordearen iritziz zergatiko larririk gertatuz gero.

4. Destinoa lekualdatze lehiaketen gaineko behin betiko ebazpen baten bidez 2006/2007 ikasturterako Nafarroako Foru Komunitatez kanpo esleitzen zaien izangaiak edo beste autonomia erkidego batean zerbitzu eginkizun bat eman zaienak ezin hautatuko dira.

5. Hautapen prozesua gainditzen duten izangaiak prestakuntza sareko aholkulari izendatuko dira. Horretarako zerbitzu eginkizuna emanen zaie.

6. Esleituriko lanpostuaz jabetzeko mugaeguna 2007ko irailaren 1a izanen da.

7. Merezimendu lehiaketaren gaineko ebazpena eman ondoren hutsik gelditzen diren lanpostuak izendapen libreen bidez betetzen ahalko dira. Izendapen horiek ikasturte baterako izanen dira eta Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak proposatuko ditu.

8. Lehiaketaren behin betiko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren eta behin betiko ebazpenaren kontrako erreklamazioak, baldin badaude, ebatzitakoan, interesatuek, edo beren legezko ordezkariek, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuan aurkeztutako agiriak itzul diezazkietela eskatu ahalko dute, 2007ko abenduan. Epe hori agiriak hartu gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du.

Hamargarrena._Ebaluazioa.

1. Hautapen Batzordeak ebaluatuko du deialdi honetan hautaturiko aholkulariek egiten duten lana, izendapenaren lehen eta laugarren urteen ondoren, ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Ebaluazio prozesuaren faseak.

Ebaluazio prozesuak fase hauek izanen ditu:

a) Txostenak egitea.

Irakasleentzako Laguntza Zentro bakoitzeko ikasleak zuzentzen duen zentroko plantillan ari diren eta foru agindu honen bidez hautatzen diren aholkulariez txosten bana eginen du.

b) Beharrezko baderitzo, Batzordeak aholkulariak elkarrizketatzen ahalko ditu.

c) Batzordeak, txostenak eta eginiko elkarrizketak ikusirik, erabakiko du zer aholkulariri ematen dien ebaluazio positiboa eta zeini negatiboa.

d) Batzordeak ebaluazioaren emaitzak igorriko dizkie Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari eta Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari, artikulu honetako a) atalean aipatzen diren txostenekin batera, honakoak barne:

Ebaluazio positiboa duten aholkularien zerrenda, beste hiru urterako izendatzeko proposamenarekin.

Ebaluazio negatiboa duten aholkularien zerrenda.

3. Ebaluatzeko irizpideak.

Prestatzen diren txostenetan eta Batzordeak egin litzakeen elkarrizketetan kontu hauek baloratuko dira:

a) Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Jarduketa Planak betetzeko aholkulariak emaniko laguntza.

b) Irakasleentzako Laguntza Zentroaren barne arautegiaren betetze-maila.

c) Prestakuntza jardueren izapidaketa administratiboen betetze-maila.

d) Irakasleen prestakuntza dinamizatzeko gaitasuna, aholkularitzaren burruan eta bere ardura diren jarduerei dagokienez.

e) Hezkuntza Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak eginiko programa eta proposamenetan parte hartzea eta haiei zerbait ekartzea.

f) Talde-lanean aritzeko gaitasuna.

g) Irakasleentzako Laguntza Zentroko pedagogia lantaldearekin elkarlanean aritzea eta hari laguntzea.

4. Aholkulariek ebaluazio prozesutik salbuetsiak izatea eskatzen ahalko dute beste hiru urterako izendatuak izateko ukoa aurkeztuz.

5. Ukoak Irakasleentzako Laguntza Zentroko zuzendariari aurkeztuko zaizkio. Horrek Batzordeko lehendakariari igorriko dizkio.

Hamaikagarrena._Aurreko idatz-zatian aipaturiko ebaluazioa aldekoa baldin bada, Irakasleentzako Laguntza Zentroko prestakuntzarako aholkulari izateko izendapena berritzea eta beste zerbitzu eginkizun bat ematea proposatuko da, destinatua dagoen Irakasleentzako Laguntza Zentro berbererako, ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 16. artikuluan aurreikusitako baldintza eta prozedurei jarraikiz. Ebaluazioa aldekoa ez bada, Irakasleentzako Laguntza Zentroko prestakuntzarako aholkulari lanpostua utzi egin beharko du.

2. Ebazpen hau, deialdia eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen hau igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Irakasleen Prestakuntza Atalera eta Teknologia Berrien Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen, arauen eta ondoriozko egintzen aurka bidezko da gora jotzeko errekurtso paratzea, Hezkuntza kontseilariari igorririk, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko apirilaren 2an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

1. ERANSKINA

Lanpostuak

Iruñeko Irakasleentzako Laguntza Zentroa

Haur Hezkuntzako aholkularitza 1 B _

Bigarren Hezkuntzako aholkularitza 1 A Eskakizuna: Gorputz Hezkuntza

Lekarozko Irakasleentzako Laguntza Zentroa

Haur Hezkuntzako aholkularitza 1 B Euskara

Lehen Hezkuntzako aholkularitza 1 B Euskara

Teknologia Berrietako aholkularitza 1 A/B Euskara. Informatika eta Ikus-Entzunezko Baliabideak

2. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. Irakasle-esperientzia: 10 puntu gehienez.

Baldintza gisa eskatzen diren bost urteetatik gora, irakaskuntzan, funtzionario nahiz lan-kontratudun finko gisa, egindako urte bakoitzeko, puntu bat. Urte zatiei dagokienez, 0,0833 puntu emanen da hilabete bakoitzarengatik.

2. Merezimendu berariazkoak: 10 puntu gehienez.

2.1. Prestakuntza jardueretan parte hartzea. Atal honetan, 1990eko irailaren 1az geroztik eginiko prestakuntza jarduerak baloratuko dira, Hezkuntza administrazioek, Unibertsitateek edo edo irabazi asmorik gabeko erakundeek antolaturik, baldin eta azken hauek Hezkuntza administrazioekin lankidetza hitzarmenak edo Etengabeko Prestakuntzarako hitzarmenak sinaturik badituzte, zerikusia badute hautaturiko espezialitatearekin edo eskolako antolaketarekin, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriekin, hezkuntzako psikopedagogia eta psikologiarekin edo didaktikarekin oro har. Gehienez ere, 8 puntu.

2.1.1. Prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzeagatik: 0,05 puntu 10 orduko saioa osatzen duen aldiro. Gehienez ere, 2 puntu.

Agiriak: frogagiriaren kopia konpultsatua. Homologazioak ziurtagiriekin batera aurkeztuko dira. Azpiatal hauen ondorioetarako, ikastaro guztietako orduak batuko dira eta hamar ordutik beheitiko hondarra ez da puntuatuko.

2.1.2. Urrutiko prestakuntzako tutore edo mintegien koordinatzaile izateko prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu 10 orduko saioa osatzen duen aldiro. Gehienez ere, 2 puntu.

Agiriak: frogagiriaren kopia konpultsatua. Homologazioak ziurtagiriekin batera aurkeztuko dira. Azpiatal hauen ondorioetarako, ikastaro guztietako orduak batuko dira eta hamar ordutik beheitiko hondarra ez da puntuatuko.

2.1.3. Prestakuntza jardueretan parte hartzea, ikastaro, mintegi, modulu eta antzekoetan txostengile gisa arituz: 0,20 puntu 10 orduko saioa osatzen duen aldiro. Gehienez ere, 2 puntu.

Agiriak: frogagiriaren kopia konpultsatua. Homologazioak ziurtagiriekin batera aurkeztuko dira. Azpiatal hauen ondorioetarako, ikastaro guztietako orduak batuko dira eta hamar ordutik beheitiko hondarra ez da puntuatuko.

2.1.4. Administrazio publikoek, unibertsitateek eta bestelako erakunde eskudunek sustatutako biltzar, jardunaldi eta antzekoetan txostenak eta komunikazioak aurkezteagatik: 0,20 puntu txosten bakoitzeko. Gehienez ere, 1 puntu.

Agiriak: Biltzar, jardunaldi eta abarren akten jatorrizko alea.

2.1.5. Prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza proiektuetan ikastetxean parte hartzea: 0,20 puntu proiektuko. Gehienez ere, 1 puntu.

Agiriak: egiaztagiriaren kopia konpultsatua.

2.2. Emandako zerbitzuak: gehienez ere, 1 puntu.

_Ikastetxe edo ILZ bateko zuzendaritza: 0,25 puntu urteko.

_Ikasketaburutza, idazkaritza edo errektoreordetza: 0,2 puntu urteko.

_Departamentuburutza, zikloko koordinatzailetza: 0,1 puntu urteko.

_Prestakuntzako edo berrikuntzako aholkularitza: 0,20 puntu urteko.

_Eskola Kontseiluko kide hautatua edo tutorea izana, 0,05 puntu urteko.

_Zerbitzuburutzetan, atalburutzetan, bulegoburutzetan eta unitate teknikoetako burutzetan eta antzekoetan: 0,25 puntu urteko.

2.3. Argitalpenak: gehienez ere, 0,5 puntu.

2.3.1. Eskatzailearen espezialitateari loturiko liburuak, I.S.B.N. badute: 0,2 puntu argitalpen bakoitzeko.

Agiriak: argitalpenaren jatorrizko alea.

2.3.2. Eskatzailearen espezialitateari loturiko aldizkarietako artikuluak, I.S.S.N badute: 0,2 puntu argitalpen bakoitzeko.

Agiriak: argitalpenaren jatorrizko alea.

2.4. Bestelako merezimenduak: gehienez ere, 1 puntu.

2.4.1. Unibertsitateko titulazioa, bere kidegoan sartzeko behar denaz bestelakoa.

_Goi mailako titulua: 0,5 puntu

_Erdi mailako titulua: 0,25 puntu

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko erabili diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko.

2.4.2. Doktore titulua: 0,75 puntu

2.4.3. Katedradun izaera: 0,25

2.5. Balorazioa hizkuntzak jakiteagatik: gehienez ere, puntu bat.

2.5.1. Lekarozko Irakasleentzako Laguntza Zentroko aholkulariaren lanposturako izan ezik, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatua izanen da, eta 0,575 puntu emanen zaio.

2.5.2. frantsesa, ingelesa edo alemaniera hizkuntza ofizial europear gisa jakitea meritu kualifikatu gisa baloratuko da: 0,425 puntu.

2.5.3. Aurreko 2.5.1 eta 2.5.2 ataletan aipatu hizkuntzen jakite-maila frogatzeko, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako goi mailako agiria edo balio bereko beste titulazio bat beharko da.

3. ERANSKINA

Hezkuntza Departamentuan lanpostuak betetzeko lehiaketan parte hartzeko eskabidea

(Ebazpena, .......... zk.ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ......koa).

4. ERANSKINA

Lehiatzaileak alegatutako merezimenduak

V.ERANSKINA

Lan proiektuaren azala

Iruñeko eta Lekarozko Irakasleentzako Laguntza Zentroetako aholkulari lanpostuak betetzeko deialdia

(Ebazpena, .......... zk.ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ......koa).

Eskatutako lanpostuak: ...............................

..................................... jaun/andrearen lan proiektua

Iragarkiaren kodea: F0706035