I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
296/2007 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Familia zuzendari nagusiak emana, Perun, Kolonbian, Nepalen, Indian, Nikaraguan, Brasilen, Etiopian, Vietnamen eta Kamerunen nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateen kreditaziorako deialdia, lehiaketa publikoaren bidez.
Uztailaren 22ko 168/2002 Foru Dekretuaren bidez nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateen kreditazioa arautu zen. 9. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak erabakitzen ahalko du ea komeni den entitate horiek estatu batzuetan kreditatzea.
Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak xedatzen du Familia Zuzendaritza Nagusiaren eskumena dela adin txikikoak babesteko arloa.
Halaber, uztailaren 22ko 168/2002 Foru Dekretuko 10. artikuluak ezartzen du kreditazio horiek deialdi publikoen xede izanen direla, lehiaketaren eta egin beharreko prozedura guztiaren bidez.
Adin Txikikoak Babesteko Atalaren txostenaren arabera, beharrezkoa da nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateen kreditaziorako beste deialdi bat egitea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Onestea Perun, Kolonbian, Nepalen, Indian, Nikaraguan, Brasilen, Etiopian, Vietnamen eta Kamerunen, I. eta II. eranskinetako arauei jarraikiz, nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateen kreditaziorako deialdia, lehiaketa publikoaren bidez.
2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Familia Zuzendaritza Nagusiko Adin Txikikoak Babesteko Atalari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea agortzen eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aurrera.
Iruñean, 2007ko martxoaren 8an._Familia Zuzendari Nagusia, Loren Albéniz Ascorbe.
I. ERANSKINA
Arauak
1. Arau orokorrak.
Deialdi honen xedea da kreditazioak ematea nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateei Peruko, Kolonbiako, Nepaleko, Indiako, Nikaraguako, Brasilgo, Etiopiako, Vietnamgo eta Kamerungo haurrei dagokienez, bitartekaritza lanak egin ditzaten, baita Familia Zuzendaritza Nagusiak adieraziriko jarduerak egiteko ere.
a) Iraupena: kreditazioa urtebeteko eperako ematen da, eta beste hainbeste luzatuko da esan gabe, gehienez bost urte osatu arte, non eta Familia Zuzendaritza Nagusiak espresuki ukatzen ez duen edo delako nazioarteko adopzioaren gaietan lankide den entitateak luzapenari uko egiten ez dion, bi kasuetan epeburua baino gutxienez hiru hilabete lehenago.
Jatorrizko herrialdeak baimena emateko, aldez aurretik Nafarroako Foru Komunitateko kreditazioa eskatzen duenean, entitate eskatzaileak konpromisoa hartuko du baimena Familia Zuzendaritza Nagusiak ebazpena egiten duenetik urtebeteko epean lortzeko. Epe hori, salbuespenez, sei hilabete gehiago luzatzen ahalko da.
Bi kasuetan kreditazioak ondorioak ditu eta indarra izanen du balioaldi osoan (bost urte arte), Familia Zuzendaritza Nagusiak ebazpena ematen duenetik nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateei kreditazioa emanez herrialde jakin batean bitartekaritza lanak egiteko.
b) Familia Zuzendaritza Nagusiak, kasuan kasuko aldebiko espedientea tramitatu ondoren, indarrik gabe uzten ahalko du kreditazioa, aldi baterako edo behin betikoz, hein batean edo oso-osorik, uztailaren 22ko 168/2002 Foru Dekretuko 13. artikuluan aipatzen diren kasuetan.
c) Helburuak: deialdi honetan aipatzen den kreditazioa legez osaturiko irabazi asmorik gabeko entitateei emanen zaie, adin txikikoak babesten badihardute, Nafarroan eskaturiko bitartekari lanetan aritu ahal daitezen, Peruko, Kolonbiako, Nepaleko, Indiako, Nikaraguako, Brasilgo, Etiopiako, Vietnamgo eta Kamerungo haurrei dagokionez.
d) Ondorioak: lankide den entitateari ematen zaio kreditazioa Familia Zuzendaritza Nagusiak zer estaturako kreditatzen duen eta horretarako bakarrik, betiere estatu haietako agintariek baimendu badute.
e) Gehienez ere kreditazio bat emanen da herrialde bakoitzeko.
2. Parte-hartzaileen betebeharrak.
1. Kreditazioa lortu nahi dutenek ondoko betebeharrak bete beharko dituzte:
a) Irabazi asmorik gabeko entitatea izatea eta legez eraturik eta Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribaturik egotea.
b) Adin txikikoen babesa helburu bakartzat izatea edo helburu hori bere estatutuetan edukitzea, Espainiako legeek agintzen dutenaren arabera eta Haurraren Eskubideen Konbentzioko eta kasurako diren beste nazioarteko arauekin bat.
c) Orain arteko jokabidea zuzena eta egokia izatea estatutuetako helburuak iritsi beharrezko jardueretan.
d) Bere gain hartu behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasuna izatea.
e) Aurkezten duten ekintza proiektuan modu sinesgarrian bermatzea begiratuko direla nazioarteko adopzioaren printzipioak eta arauak, eta bai haurraren jatorriko herriaren administrazioko nahiz auzitegiko organoen behar bezalako esku-hartzea ere.
f) Behar diren baliabide materialak izatea beren eginkizunak egiteko, eta jendearentzako harrera eta atentzio bulego bat izatea.
g) Diziplinarteko talde bat izatea, zeinaren dedikazioa, kokapena eta erabilgarritasuna nazioarteko adopzioaren gaietan lankide den entitateak Nafarroan duen jarduera bolumenaren araberakoa izanen den. Talde horrek, gutxienez, zuzenbidean lizentziadun bat, psikologo bat, eta gizarte langile bat izanen ditu, beren lanbidean trebeak, haur, nerabe eta familiekiko ekintza sozialean esperientziadunak, eta nazioarteko adopzioaren gaietan ongi jantziak.
h) Beren prestakuntza eta esperientziagatik nazioarteko adopzioaren gaietan jantzitako pertsonak izatea zuzendari eta administrari.
i) Egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea eta kreditazioa atzerriko zein herrialdetarako eskatzen den, hartan ordezkariak izatea.
j) Bere estatutuetan zehaztea zer printzipio eta oinarriren arabera zilegi izanen duen adopziorako eskatzaileei Nazioarteko Adopziorako Entitate Lankideak egindako izapideen gastuak jasanaraztea.
k) Frogatzea, azterlan ekonomiko baten bidez, zer gastu eta kostu zuzeneko sortzen diren nazioarteko adopzioaren espedientea administrazioan tramitatu beharretik, bai Nafarroan eta bai jatorriko herrian, eta bai zer gastu sortzen diren Entitateko langileen ordainsariengatik eta mantentze eta azpiegitura kostuengatik, irabazpide bidegaberik ez dela bermatzeko.
Horri dagokionez, entitateek kaudimendunak izan beharko dute eta hori erabakitzeko oraingo egoera ekonomikoa baloratuko da.
l) Entitate lankideak nazioarteko adopzio prozesuetan bitartekari aritzea helburu bakartzat ez badu, bitartekari lan horrek entitatearen aurrekontu orokorraren barrenean aparteko aurrekontua izanen du eta berariazko egitura.
ll) Aurreko letrak aipatzen duen kasuan, gainera, aparteko kudeaketa eta berariazko azpiegitura beharko dira bitartekaritza lanerako, organo bakoitzak dituen eginkizunak eta erantzukizunak zehaztuta.
2. Baldintza horiek guztiak akreditazioak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.
3. Dokumentazioa eta epea.
1. Interesatuek Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dituzte beren bitartekaritza proiektuak, Iruñeko González Tablas kalean, zk.g., Familia zuzendari nagusiari igorririk, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean. Eskabideekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte, jatorrizkoak edo notario batek edo Administrazioak berak kautotuak:
a) Entitatea sortzeko edo aldarazteko eskritura, eta bere estatutu edo fundazio aktarena eta Elkarteen Erregistro Ofizialean inskribaturik egotearen frogagiria.
b) Notario-ahalordea, entitate lankidearen izenean eskaera sinatu duen pertsonaren alde emana eta ahaldun horren nortasun agiri nazionala.
c) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
d) Entitatea bere zerga eta gizarte eginbeharretan eguneratua dagoelako frogagiria, gehienez sei hilabete lehenago emana.
e) Zuzendaritza organoek duten osaeraren frogagiria, eta lankide den entitatean lanean arituko diren langileena, eta horrekin batera haien nortasun agiri nazionalen eta erakunde ofizial eskudunak emandako eskola tituluen fotokopia konpultsatua, eta bai nazioarteko adopzio gaietan duten esperientziaren frogagiria ere.
f) Beren eginkizunak burutzeko dituzten baliabide materialen eta ondarezkoen zerrenda xehetua.
g) Ekintza programak, egin asmo diren jarduerak deskribatuta eta programaren metodologia zehaztuta. Bertan, ordezkari horrek asignazioa baino lehen asignazio denboran eta ondoren ere egin dituen ekintza guztiak sartuko dira, administrazio eta auzitegi arlo guztietan, bereizi eginen dira horien artean zein ekintza izan diren eskatzaileei jatorriko herrian egon diren artean lagun egitekoak eta zein izan diren eginkizun eskuordetza erabiltzearen ondoriozkoak. Adierazi beharko da ordezkaria zein eskualdetan arituko den eta argiro zehaztuko zein instituzio publiko edo pribaturekin eginen duen lan.
h) Plan ekonomikoa, faseka xehetua, dirusarreren eta gastuen gainekoa, argiro adieraziz zer diru kopuru kobratu asmo zaizkien adopzio eskatzaileei prozesuak irauten duen guztian. Proposamen ekonomiko horrek xehetu beharko du zer gastu eta kostu zuzeneko sortzen diren adin txikikoaren jatorriko estatuan eta Espainian tramitatu beharretik eta zein sortzen diren entitatearen mantentze, azpiegitura eta langile gastuetatik, entitateak adoptatzaileei egiten dizkien zerbitzu guztien aldera.
i) Azken ekitaldian onetsitako kontuak eta 2006koa ixtean aurreikusten dena.
j) Entitateak helburu gehiago dituen kasuetan, nazioarteko adopzioetan bitartekari lanetan aritzen diren pertsonen eta entitatearen zuzendari lanetan aritzen direnen arteko bateraezintasun deklarazioa.
k) Zinpeko aitorpena, urtebeteko epean akreditazioa eskatzen den herrialdearen baimena eskuratzeko konpromisoarekin. Epe hori, salbuespenez, 18 hilabete arte luzatzen ahalko da.
2. Akreditazioa eskuratzen duen entitatea, erregistraturik ez badago, 15 egun balioduneko epean erregistratu beharko da Gizarte Ongizate Departamentuaren Gizarte zerbitzuen entitate, zerbitzu eta zentroen erregistroan.
3. Bitartekaritza proiektua deialdi honetako II. eranskinean ezarritako balorazio irizpideei lotu beharko zaie.
4. Balorazio irizpide objektiboak.
1. Akreditaziorako balorazio irizpideak deialdi honetako II. eranskinean ezarritakoak dira.
Zehazki, honakoak hartuko dira kontuan:
a) Entitatearen esperientzia.
b) Baliabide materialak.
c) Giza baliabideak.
d) Ekonomia planteamendua.
e) Jatorriko estatuan jarduteko proiektua,
2. Baztertuko dira b), c), d), eta e) puntuetan gutxienez esleitutako puntuen erdia lortzen ez dituzten entitateak.
5. Instrukzio organoa.
Organo batek onartu, kalifikatu eta baloratuko ditu eskabideak. Kide hauek izanen ditu:
_Mahaiburua: Arantzazu Munárriz Desojo andrea, Familia Zuzendaritza Nagusiko Adin Txikikoak Babesteko Ataleko burua.
_Ordezkoa: Ana Isabel Lete Laurenz andrea, Familia Zuzendaritza Nagusiko Familia eta Adinez Txikikoen Politiken Plangintza, Segimendu eta Ebaluaziorako Zerbitzuko zuzendaria.
_Mahaikidea: José Luis Martínez Martínez, psikologoa, Familia Zuzendaritza Nagusiari atxikia.
_Ordezkoa: Maite Miguez San Román andrea, Familia Zuzendaritza Nagusiko eta Adopzio Nazionalerako Bulegoko Burua.
_Mahaikidea: Oscar Pina González jauna, psikologoa, Familia Zuzendaritza Nagusiari atxikia.
_Ordezkoa: María José Muneta Sanz andrea, Familia Zuzendaritza Nagusiko Familietan Hartzeko eta Adopzio Nazionalerako Bulegoari atxikia.
_Mahaikide idazkaria: Agustín Oyaga Zalba jauna, Familia Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
_Ordezkoa: Carlos Arana Aicua jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
6. Ematea.
Kreditazioa deialdiko 4. arauan aipatzen diren irizpide objektiboak baloratu baino lehen emanen da. Hala ere, Familia Zuzendaritza Nagusiak eskubidea izanen du deialdiaren xede den kreditazioa eman gabe uzteko.
Aplikatzekoa den arautegiak eskatzen dituen betebehar guztiak egiaztatu ondoren emanen du kreditazioa Familia Zuzendaritza Nagusiak, lankide den entitateak adierazirik ados dagoela kreditazioaren baldintza guztiekin.
Familia zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du kreditaziorako ebazpena, eskabidea aurkezten denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ulertuko da eskabidea ez dela onartu.
7. Entitate laguntzaileen betebeharrak.
Lankide den entitateak, Familia Zuzendaritza Nagusiak akreditatu ondoren, uztailaren 22ko 168/2003 Foru Dekretuko 14. eta 15. artikuluetan aipatzen diren eginbeharrak egin beharko ditu. Horiek betetzen ez baditu, kreditazioa garaia baino lehen kentzen ahalko zaio.
8. Kontrola eta ikuskatzailetza.
Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko Ikuskapen Zerbitzuari dagokio nazioarteko adopzioaren gaietan kreditaturiko entitate lankideek eginiko bitartekari lanak kontrolatu eta ikuskatzea.
9. Errekurtsoak.
Ebazpen hau, bere arauak eta aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, bon.ean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
II. ERANSKINA
Balorazio irizpideak
Puntuazioa, guztira: 100 puntu.
1._Entitatearen esperientzia: 15 puntu.
_Adin txikikoen babes arloan, nazioan, 5 urtetik gora. Bai, 2 puntu; ez, 0 puntu.
_Babes arloan, nazioartean, urte batetik gora. Bai, 2 puntu; ez, 0 puntu.
_Herrialderako beste erkidego batzuetan kreditatua: (ez, 0 puntu; bai 0,5 puntu; lehiaketaren bidez, 5 puntu).
_Nazioko zein nazioarteko federazioetako edo elkarteetako kidea da (ez, 0 puntu; nazioko elkarteetakoa 0,5 puntu; nazioarteko elkarteetakoa 1 puntu).
_Nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateen helburuak bat datoz Hagako Itunarekin. Bai, 1,5 puntu; ez, 0 puntu.
_Nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateek prestakuntza jarduerak eskaintzen dizkiete beren profesionalei. Bai, 1 puntu; ez, 0 puntu.
_Printzipio etikoen karta du (adin txikikoaren interesa, agintarien kontrola, etab.). Bai, 1 puntu; ez, 0 puntu.
_Zabalkunde jarduerak egiten ditu: erakusketak, material grafikoaren eta ikus-entzunezkoaren edizioa. Bai, 1 puntu; ez, 0 puntu.
2._Baliabide materialak: 10 puntu.
Entitatearen egoitza nagusiak zereginetarako leku egokia eta beharrei egokitua du. 1 puntu.
Egiten duten jarduera erregistratzeko eta oharrak hartzeko sistemak. Bai, 2 puntu; ez, 0 puntu.
Lehiatzen duen erkidegoko espediente kopururako egokia den arreta proiektua aurkeztu du. Gehienez 4 puntu.
Familiei zuzendutako prestakuntza programa modu egokian garatua dago. Edukiak, helburuak, ordutegia, material grafikoa eta ikus-entzunezkoa. Gehienez 3 puntu.
3._Giza baliabideak: 12 puntu.
Taldeko kideen eginkizunak eta lanak definitzen ditu. Gehienez 6 puntu.
Profesional taldeak 6 hilabete baino gehiagoko esperientzia du nazioarteko adopzioan. Bai, 6 puntu; ez, 0 puntu.
4._Planteamendu ekonomikoa: 25 puntu.
Kudeaketa gastuak gutxienez 15 kontzeptutan xehetuta eta dirusarrera eta gastu kontzeptuetan bereizita daude. Gehienez 5 puntu.
Gastuak prozesuaren faseen arabera adierazten dira. Bai, 5 puntu; ez, 0 puntu.
Gastuak bereizten dira: jatorrizko herrialdekoak eta Espainiakoak. Bai, 5 puntu; ez, 0 puntu.
Badira tarifa koadroak, bikoteko, banakako eta zerbitzuak hautatzeko aukera. Gehienez 4 puntu.
Baldintzak bete ezean, erantzukizun zibila eta hartutako diru kopurua itzuliko dela bermatzen da. Bai, 2 puntu; ez, 0 puntu.
Eskaintza ekonomikoa baloratzean nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateetatik eskaintza ekonomikoena aurkezten duenak lortuko du puntu gehien eta proportzio arau bera erabiliko da alderantziz ere bai. Gehienez ere 4 puntu.
5._Jatorriko estatuan jarduteko proiektua: 38 puntu.
Ematen dituen zerbitzuak zenbatzen eta definitzen ditu. Bai, 5 puntu; Ez, 0 puntu.
Badaki nola funtzionatzen duen herrialde horrek: legeria, agintariak, prozedura. Gehienez 8 puntu.
Jarduera-plana adopzio aurreko faseetan garatzen da; prestakuntza; aurre-asignazioa; adin txikikoa iristen denean; alderdi legalak; Espainiara iristen denean eta jarraipena. Bai, 8 puntu; ez, 0 puntu.
Ordezkariaren egokitzapenaren egiaztagiria aurkeztu du. Bai, 10 puntu; ez, 0 puntu.
Jatorriko herrialdeko tramiteak deskribatzen ditu: alderdi legalak, espedientearen aurkezpena, harrera, sententziak, jakinarazpenak, erregistroa. Bai, 7 puntu; ez, 0 puntu.
Iragarkiaren kodea: F0704366