42. ALDIZKARIA - 2007ko apirilaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru Legeak eta Legegintzako Foru Dekretuak

4/2007 FORU LEGEA, martxoaren 23koa, Landare osasunari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK,

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela,

LANDARE OSASUNARI BURUZKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua eta xedeak.

2. artikulua. Definizioak.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

4. artikulua. Eskumenen banaketa.

II. KAPITULUA

Landare osasunaren arloko esperimentazioa, aholkularitza eta dibulgazioa

5. artikulua. Landare osasunaren arloko esperimentazioa.

6. artikulua. Landare osasunaren arloko aholkularitza eta dibulgazioa.

III. KAPITULUA

Izurrien prebentzioa eta kontrola

7. artikulua. Partikularren betebeharrak.

8. artikulua. Landareen ekoizleen eta merkatarien Erregistroa.

9. artikulua. Landareen zirkulaziorako mugak.

10. artikulua. Izurrietatik libre dauden eremuak.

11. artikulua. Abisu-estazioa.

12. artikulua. Izurrien detekzioa.

13. artikulua. Izurri baten adierazpen ofiziala.

14. artikulua. Izurri baten kontrako borrokaren onura publikoa adieraztea.

15. artikulua. Neurri fitosanitarioak.

16. artikulua. Neurri fitosanitarioak betetzea.

17. artikulua. Izurri baten kontrako nahitaezko borrokaren mugak.

18. artikulua. Izurrien kontrako borrokan laguntzea.

19. artikulua. Kalte-ordainak nahitaezko borrokan.

IV. KAPITULUA

Defentsa fitosanitariorako baliabideak

20. artikuluan. Defentsa fitosanitarioan kontuan hartu beharreko printzipioak.

21. artikulua. Merkaturatu eta erabiltzeko baldintza orokorrak.

22. artikulua. Produktu fitosanitarioak ekoitzi eta merkaturatzea.

23. artikulua. Produktu fitosanitarioen erabilera.

24. artikulua. Establezimendu eta Zerbitzu Fitosanitarioen Erregistro Ofiziala.

25. artikulua. Mugimenduen Liburu Ofiziala.

26. artikulua. Hondakinen gehieneko mugak.

27. artikulua. Defentsa fitosanitariorako baliabide biologikoak.

28. artikulua. Defentsa fitosanitariorako beste baliabide batzuk.

29. artikulua. Defentsa fitosanitariorako baliabideen erabileraren arrazionalizatzea.

30. artikulua. Murriztapenak defentsa fitosanitariorako baliabideei dagokionez.

V. KAPITULUA

Ikuskapenak, arau-hausteak eta zehapenak

1. ATALA

Ikuskapenak eta kontrolak

31. artikulua. Eskumenak.

32. artikulua. Kontrolak.

33. artikulua. Kontrolatzen laguntzeko tresnak.

34. artikulua. Kautelazko neurriak.

35. artikulua. Ikuskatzaile fitosanitarioen ahalmenak.

36.artikulua. Ikuskapenaren akta.

37. artikulua. Pertsona ikuskatuen betebeharrak.

2. ATALA

Arau-hausteak eta zehapenak

38. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

39. artikulua. Erantzukizuna arau-hausteengatik.

40. artikulua. Zehatzeko eskumena.

41. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.

42. artikulua. Bestelako neurriak, zehapenak ez direnak.

3. ATALA

Betearazteko baliabideak

43. artikulua. Hertsatzeko isunak.

44. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

Xedapen gehigarri bakarra. Landare Osasunerako Batzordea.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako xedapenak.

Azken xedapenetan lehenbizikoa. Erregelamenduetarako baimenak.

Azken xedapenetan bigarrena. Indar hartzea.

ZIOEN AZALPENA

I

Nekazaritzak gizartearentzako elikagaiak ekoitzi eta hornitzeko eginkizuna izan du antzinatik. Alabaina, jarduera hori testuinguru sozioekonomiko jakin batean kokatzen da, non gutxieneko errentagarritasuna ateratzea helburu ukaezina izaten den, nekazaritza enpresari eutsiko bazaio.

Nolanahi ere, gaur egun, herrialde garatuetako nekazaritza modernoari eginkizun osagarri batzuk betetzea eskatzen eta aitortzen zaio, zorroztasun eta eragingarritasun handiz betetzea ere. Eginkizun osagarri horiek, oro har, nekazaritza lanen esparru guztia eta ingurumenarekin, gizartearekin eta ekonomiarekin dituen harremanen esparrua hartzen dituzte. Eginkizun berrien artean ondoko hauek daude: ingurumena babestea, biodibertsitatea hobetzea, elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzea, laneko arriskuei aurrea hartzea, lurzoruak kontserbatzea, kultur tradizioei eustea, herrietako biztanleriari eustea eta abar. Alderdi horiek guztiek eta, oro har, multifuntzionaltasunaren kontzeptu modernoaren baitan biltzen diren beste batzuek beste testuinguru bat finkatu dute, oraintsu arteko testuinguru tradizionala ez bezalakoa; izan ere, gizartean eskari handia duten elementu berriak sortzen dira orain eta, horrenbestez, botere publikoek hori guztia aintzat hartu beharko dute.

Botere publikoek sustatutako nekazaritza berriaren oinarrizko helburuetako bat landareak eta horien ondoriozko produktuak agente kaltegarrietatik babestea da, agente horien populazioa gizakiaren esku-hartzearen bidez maila onargarri batean mantentzeko eta, horrekin batera, beste eremu geografiko batzuetatik etortzen diren agente kaltegarriak sartu eta hedatzeari aurre egiteko. Horri guztiari "landare osasuna" esaten zaio.

Egun, landare osasunari buruzko arau gehienak Europar Batasunaren arauditik Espainiako legedian sartutakoak dira. Arauketa juridiko horiek guztiak Landare osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legean bildu ziren, zeinak Lur landuen izurriei buruzko 1908ko maiatzaren 21eko Legea eta Mendiak oihanetako izurrietatik babesteko 1952ko abenduaren 20ko Legea indargabetu zituen.

Nafarroako Foru Komunitateak ere landare osasunari buruzko zenbait arau onetsi ditu, baina beti esparru horretako arlo jakin batzuk arautzeko. Arau horien artean hauek nabarmendu behar dira: urtarrilaren 22ko 50/1996 Foru Dekretua, Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialaren inskripzio eta funtzionamendua, Plagizida Arriskutsuen Mugimenduen Liburu Ofiziala arautzen duen arautegiaren aplikazioa Nafarroako Komunitatean eta plagizidak erabiltzeko trebetasuna lortzeko ikastaroak eta agiria arautu zituena; 1997ko uztailaren 28ko Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean su-gorrina edo Erwinia amylovora delakoaren kontrako neurriak hartzea xedatu zuena; Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren apirilaren 4ko 62/2005 Foru Agindua, laboreen izurri eta gaitzen kontra borrokatzeko nahitaezkoak eta gomendatuak diren neurri fitosanitarioak ezarri zituena.

II

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1 artikuluan Nafarroako Foru Komunitateak, bere foru antolamendu orokorraren indarrez, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko gaietan duen eskumen esklusiboa onartzen da, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera. Eskumen esklusibo hori dela bide, Nafarroako Foru Komunitateak legegintza-ahalmena erabiltzeko aukera du (lege organiko horrexen 40.1 artikulua) foru legeak onetsiz, 20.1 artikuluan ezarri bezala.

Gainera, Nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako zerbitzuak Estatuko administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuak landare osasunaren gaineko eginkizun eta zerbitzu sorta handi bat ezarri zuen, geroztik Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bere gain hartu zituenak, besteak beste honako hauek: alorrak eta uztak zaintzea agente kaltegarririk ba ote den detektatzeko; eraginpeko eremuak mugatzea; agente horiei aurrea hartu eta haien kontra borrokatzea; estatuko interesa deklaratuta duten kanpaina fitosanitarioak antolatu, zuzendu eta burutzea; neurri fitosanitarioak betetzen ote diren begiratzea eta behar diren neurriak hartzea landare produkzioaren gainean, landare produktuei lotutako lokalen gainean, defentsa fitosanitarioko baliabideen gainean, garraiobideen gainean eta, batez ere, pertsonen osasuna zaintzeari begira; elikagaien osasungarritasuna eta ingurumenaren babesa; establezimendu eta zerbitzuen erregistroaren eginkizunak eta abar.

Eskumen sorta handi hori dela eta, gomendagarria da landare osasuna arautzeko legezko testu bakar bat prestatzea, deusetan galarazi gabe Estatuko administrazio orokorrak ondoko gai hauen gaineko tituluen bidez sektore honetan bere gain hartzen ahal dituen eskumenak: mugen eta aduana-zergen araubidea, kanpoko merkataritza, kanpoko osasuna, jarduera ekonomikoaren plangintza orokorreko oinarri eta koordinazioa, osasunaren oinarri eta koordinazio orokorra, produktu fitosanitarioei buruzko legedia eta ingurumena babesteko oinarrizko legedia.

III

Edukiari dagokionez, foru lege honek landare osasunaren arloan aplikagarri diren jarduerak ezartzen ditu, batez ere izurriei aurrea hartu eta haien kontra borrokatzeko eta gai horren gaineko esperimentazio eta dibulgazio lanetarako. Gainera, izurri bat suntsitzeko, izurriaren hedapenari aurre egiteko eta haren populazioa eta ondorioak gutxiagotzeko neurri ofizialetarako baldintzak zehazten dira.

Partikularrei dagokienez, landare osasunaren gaineko erantzukizuna nekazaritza ustiategien eta landare estalkia duten beste eremu batzuen titularren esku uzten da (merkatuko gizarte moderno batean ezin da bestela izan), hala nola defentsa fitosanitarioaren inguruko jardueretan edo izurriak, alorrak eta jarduera horretarako materialak begiratu eta kontrolatzeko lanetan aritzen diren beste profesional batzuen esku. Horrez gainera, aurrerago zehatzago adieraziko diren nahitaezko neurri ofizialak betearazteko ardura izanen dute.

Horrez gainera, produktu fitosanitarioen ekoizleen, baimenen titularren, banatzaileen, saltzaileen eta gainerako operatzaileen betebeharrak eta erantzukizunak finkatzen dira eta, orobat, produktu horien erabiltzaileek erabilera arauei jarraikiz erabiltzeko duten erantzukizuna. Era berean, ikuskapen ofiziala egiten zaieneko pertsona fisiko eta juridikoen betebeharrak ezartzen dira.

Kontrol biologikorako organismo exotikoei eta bestelakoei dagokienez, horien banaketa, liberazioa, hazkuntza, produkzioa eta merkaturatzea erregelamenduz ezarriko diren arauak betez egin beharko da, modu eragingarrian erabil daitezen, gizakiei, animaliei eta ingurumenari kalterik eragin gabe. Organismo exotikoak ikertu eta garatzeko entseguak egin aurretik, administrazioari jakinarazi beharko zaio.

Arrisku horiei aurrea hartzeko asmoz, orobat, aintzat hartu da kontsumitzaileen artean gero eta hedatuagoa dagoen eskaera bat, hots, ingurumena babesteko eta elikagaiak osasungarriagoak izateko sistema egokiagoak sustatzea landare produkzioan. Gainera, foru lege hau betetzen dela bermatzeko beharrezko diren ikuskapenak egitea aurreikusten da eta ikuskatzaile fitosanitarioei agintarien maila aitortu eta dagozkien eginkizunak finkatzen dira.

Foru legean finkatzen diren erantzukizunak eta aginduak behar bezala beteko direla bermatzeko, zehapen araubide bat ere ezartzen da. Horrenbestez, arau-hausteak eta zehapenak arautzen dira, eta horrekin batera haien ustezko erantzuleak, bidezko zehapenak eta horien mailaketa, preskripzioa eta zehapenak jartzeko eskumenaren eta prozeduraren gaineko arauak.

Azkenik, Foru Komunitateko administrazioak landare osasunaren gaineko batzorde bat eratuko du. Haren osaera eta eginkizunak erregelamenduz ezarriko dira.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua eta xedeak.

1. Foru lege honen helburua Nafarroako Foru Komunitatean landare osasunaren arloa arautzea da.

2. Hauek dira foru legearen xedeak:

a) Landareak eta landare produktuak izurriek eragiten dituzten kalteetatik babestea.

b) Nafarroako Foru Komunitatea eta, horrenbestez, Espainia eta Europar Batasuna babestea, landareetan eta landare produktu edo beste objektu batzuetan berrogeialdipeko izurririk sar ez dadin, eta sartuta dauden izurrien hedapena galaraztea.

c) Landareentzat eta landare produktuentzat kaltegarriak diren organismoen eragina deuseztatu edo mugatzen duten animalia, landare eta mikroorganismoak babestea.

d) Produktu fitosanitarioak erabiltzeak dakartzan arriskuei aurrea hartzea, bai laneko arriskuei, bai ingurumenaren gainekoei, baita gizakien edo animalien osasunaren gainekoei ere.

e) Landare babeserako baliabideak erabilera, eragingarritasun eta segurtasun egoera onean daudela bermatzea.

2. artikulua. Definizioak.

Foru lege honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) Merkaturatzea: kostu bidezko edo doako edozein emate, inportazioa barne baina esportazioa alde batera utzita.

b) Landareak: landare biziak eta horien zati biziak, fruta freskoak eta haziak barne direla.

c) Landare produktuak: landare jatorrizko produktu eraldatu gabeak edo prestaketa erraza izan dutenak.

d) Beste objektu batzuk: landare produktuak izan gabe, organismo kaltegarrien eragina jasan dezaketen edo haien transmisio-bide izan daitezkeen material edo produktuak.

e) Izurria: landareentzat edo landare produktuentzat kaltegarria izan daitekeen organismoa, dela animalien erreinukoa dela landareen erreinukoa, edota birusa, mikoplasma edo beste agente patogeno bat.

f) Berrogeialdipeko izurria: eragin ekonomikoa izan dezakeen izurria. Europar Batasunaren zerrendan egon beharko du eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak halakotzat sailkatua izan.

g) Kontrol biologikorako organismoa: izurriak kontrolatzeko erabiltzen den aurkari natural antagonista, lehiatzailea edo ugaldu daitekeen beste entitate biotiko bat, j) letran aipatzen diren mikroorganismoak eta birusak alde batera utzita.

h) Kontrol biologikorako organismo exotikoa: Espainiako lurralde osoan edo zati batean bizi ez den kontrol biologikorako organismoa.

i) Defentsa fitosanitariorako baliabideak: organismo kaltegarriak kontrolatzeko, horien eragina galarazteko edo landareen bizi-prozesuan mantenugaiek ez bezala eragiteko helburua duten produktuak, organismoak, ekipoak, aplikazio-makinak, gailuak eta elementuak.

j) Substantzia aktiboak: izurrien kontra edo landareetan, landareen zatietan edo landare produktuetan erabateko edo neurri bateko eragina duten substantziak edo mikroorganismoak, birusak barne.

k) Produktu fitosanitarioak: ondoko helburuak dituzten substantzia aktiboak edo substantzia aktibo bat edo gehiago dituzten prestakinak, erabiltzaileei eskaintzen zaizkien moduan: landareak edo landare produktuak izurrietatik babestea edo haien eragina galaraztea, landare produktuen kontserbazioa hobetzea, nahi ez diren landareak edo landare-zatiak suntsitzea edo landareen bizi-prozesuan eragitea mantenugaiek ez bezala.

l) Produktu fitosanitario baten hondakinak: Produktu fitosanitario bat erabili ondoren, landareetan, landare produktuetan edo horien ondoriozko produktu eraldatuetan, animalia-jatorria duten elikagaietan edo ingurumenean gelditzen den substantzia edo substantziak, horien barne direla haien metabolitoak eta haien degradazio edo erreakzioaren ondoriozko produktuak.

m) Hondakinen gehieneko muga (HGM): gizakiak edo animaliek jateko diren produktuen barnealdean edo azalean legearen arabera izan daitekeen produktu fitosanitarioen hondakinen gehieneko kontzentrazioa.

n) Borroka integratua: biologiako, bioteknologiako, kimikako, laborantzako edo landareen hautapenean oinarrituriko zenbait neurriren konbinazioaren arrazoizko aplikazioa, produktu fitosanitarioen erabilera izurria kontrolatzeko beharrezkoa dena baino handiagoa izan ez dadin.

ñ) Praktika fitosanitario egokiak: produktu fitosanitarioak eta defentsa fitosanitariorako gaineko baliabideak baimenduta dauden erabilera arauei jarraikiz erabiltzea.

o) Izurri baten kontrola: izurri baten hedapena galarazteko, haren populazioa edo ondorioak gutxitzeko edo izurria suntsitzeko asmoa duten neurri fitosanitarioak erabiltzea.

p) Izurri baten ezarpena: izurri bat eremu batean sartu eta etorkizunean irautea.

q) Izurri bat suntsitzea: neurri fitosanitarioak erabiltzea izurri bat erabat eta betikoz desagerrarazteko asmoz.

r) Izurri baten adierazpen ofiziala: izurri bat dagoela ofizialki onartzea, organismo eragilea, eraginpeko eremua eta hartu beharreko neurri fitosanitarioak zehaztuz.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru lege honen aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da eta ondoko hauetan izanen du eragina:

a) Landareak, landuak izan ala berez sortuak, eta landare produktuak.

b) Landareak edo landare produktuak lantzeko, ekoizteko, eskuztatzeko, eraldatzeko, kontserbatzeko, merkaturatzeko edo botatzeko erabiltzen diren lurzoruak eta lurrak, turbak, lurrustelak, simaurrak eta gainerako material, instalazio eta baliabideak.

c) Produktu fitosanitarioak eta defentsa fitosanitariorako bestelako baliabideak, baita horiek ekoitzi, banatu, merkaturatu eta aplikatzeko instalazio eta baliabideak ere.

d) Izurriak suntsitu edo mugatzen dituzten animaliak, landareak eta mikroorganismoak.

e) Pertsona eta entitate publiko edo pribatuen jarduerak, foru lege honetan arautzen diren kontuekin zerikusirik badute.

4. artikulua. Eskumenen banaketa.

1. Landare osasunaren arloko eskumenak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak hartuko ditu bere gain, deusetan galarazi gabe Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak oihanetako izurrien arloko gaietan dituen eskumenak eta Osasun Departamentuak izurri horiek pertsonen osasunean izan lezaketen ondorioei dagokienez dituenak.

2. Landare osasunaren arloan Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin egin beharreko koordinazio lana Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokio.

II. KAPITULUA

Landare osasunaren arloko esperimentazioa, aholkularitza eta dibulgazioa

5. artikulua. Landare osasunaren arloko esperimentazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak landare osasunaren arloko esperimentazioa sustatuko du, batez ere izurrien kontrako borrokara zuzendua, teknikaren eta ekonomiaren aldetik egokiak diren alternatibak lortze aldera, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan gertatzen diren arazo fitosanitarioak konpondu ahal izateko, betiere 19. artikuluan azaltzen diren printzipioak goitik behera errespetatuz.

6. artikulua. Landare osasunaren arloko aholkularitza eta dibulgazioa.

Foru Komunitateko administrazioak behar diren prestakuntza jarduerak sustatuko ditu, dela zuzenean, dela bere entitate publikoen bidez, nekazarien sektoreari jakinarazteko bai arlo horretako esperimentazioaren emaitzak, bai eta izurrien kontrako borrokan edo defentsa fitosanitarioaren baliabideen erabileran prestakuntza hobea izateko egoki iruditzen zaizkion gainerako ezaupideak ere. Jarduera horietan, besteak beste, laneko arriskuei buruzko prestakuntza, dibulgazioko ekintzak eta aholku ematekoak sartuko dira, produktu fitosanitarioen erabilera ahal den neurrian mugatu edo baztertzen duten nekazaritzako praktika egokien erabilera sustatzeko.

III. KAPITULUA

Izurrien prebentzioa eta kontrola

7. artikulua. Partikularren betebeharrak.

Ustiategien eta landare estalkia duten beste eremu batzuen titularrek, nekazariek, baso-langileek eta defentsa fitosanitarioaren inguruko lanetako merkatari eta profesionalek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Landareetan edo landare produktuetan organismo kaltegarriren bat edo horien zantzurik modu atipikoan detektatuz gero, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari lehenbailehen jakinaraztea.

b) Beren alorrak, landaketak, uztak, landareak eta landare produktuak zaintzea, baita basoak, natura-ingurunea eta horiekin lotura duten salerosketarako materialak ere, ematen diren aholkuei jarraikiz ?horrelakorik baldin badago?, osasun egoera onean izan daitezen.

c) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eskatuz gero, alorren, landaketen, landareen eta landare produktuen egoera fitosanitarioari buruzko informazioa ematea.

d) Foru lege honen arabera eta indarreko gainerako xedapenen arabera Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak ezartzen dituen nahitaezko osasun neurriak aplikatzea eta hari etengabe laguntzea, landare osasuna bermatzea helburu.

e) Ikuskatzaileek ustiategietan, establezimenduetan, produkzio-instalazioetan, biltegietan eta garraioko elementuetan egiten dituzten ikuskapen lanak onartzea eta horretarako erraztasunak ematea, baita ikuskapen eta kontrolerako gainerako lanetarako ere.

f) Abisu-estazioaren eginkizunak bere gain hartzen dituzten langileen lanak onartu eta erraztea.

8. artikulua. Landareen ekoizleen eta merkatarien Erregistroa.

Berrrogeialdipeko izurrien ugaltzaile potentzialak diren edo ekonomian edo ingurumenean eragin handia duten landareak edo landare produktuak ekoitzi edo merkaturatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek behar den erregistroan inskribaturik egon beharko dute. Inskribatzeko prozeduran erregelamendu bidez ezarriko diren betebeharrak bete beharko dira.

9. artikulua. Landareen zirkulaziorako mugak.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak kontrol ofizialak ezarriko ditu Estatuko administrazio orokorrak berrogeialdipeko izurriak Estatuaren lurraldean ez sartzeko eta ez hedatzeko edo izurri horiek har ditzaketen landare edo landare produktu jakin batzuk ez garraiatzeko ezartzen dituen mugak betetzen direla bermatzeko.

10. artikulua. Izurrietatik libre dauden eremuak.

Nafarroako Foru Komunitateko eremu bat edo gehiago berrogeialdipeko izurrietatik babesteko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak ahalmena izanen du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari proposatzeko eremu horiek izurrietatik libre daudela deklaratzeko eskaera tramita dezala Europar Batasunean.

11. artikulua. Abisu-estazioa.

1. Abisu-estazioa izurrien kontrako borrokan laguntzeko baliabide tekniko bat da, batez ere eragin ekonomiko nabarmena izan dezaketen izurrien kontrako borrokan. Lagin gisa aukeraturiko alor batzuetan izurriak detektatzeko eta horien eragina kalkulatu eta baloratzeko sistema batean oinarritzen da, agente patogenorik ba ote den ikusi eta horrelakoak identifikatzeko analisiak eginez.

2. Izurrien kontrako borrokan behar diren prebentzio neurriak ezarri ahal izateko, Abisu-estazioak alorretan agertzen diren izurrien agerpenaren eta bilakaeraren jarraipena eginen du eta haiei aurre egiteko eta, beharrezkoa bada, borroka integratuari ekiteko eta erregelamenduz ezartzen diren gainerako jarduerak ezartzeko beharrezkoa den informazioa jakinaraziko du.

3. Abisu-estazioaren funtzionamendu egokiaren arduraduna Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentua da, deusetan galarazi gabe Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak oihanetako izurrien arloan duen eskumena, horrelakoetan beharrezkoak diren jarduerak egiten ahalko baititu, dela zuzenean dela haren menpeko entitate publikoen bidez.

12. artikulua. Izurrien detekzioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak baldin badaki berrogeialdipeko izurri bat edo ekonomian edo ingurumenean eragin berezia izan dezakeen izurri bat agertu dela edo ager daitekeela, berehalakoan ikuskapen bat eginen du izurriaren diagnostikoa egiteko. Horrez gainera, behar diren aholkuak emanen ditu, izurria ez hedatzeko beharrezkotzat jotzen dituen nahitaezko neurri fitosanitarioak eta kautelazkoak ezarriko ditu, eta jatorria argitzeko ikerketak eginen ditu.

2. Informazio hobea jasotzeko eta diagnostiko zehatzagoa egiteko, partikularrek eta entitate publikoek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzu eskudunek adierazten dituzten teknikariei beren instalazioetan sartzen utziko diete.

13. artikulua. Izurri baten adierazpen ofiziala.

1. Berrogeialdipeko izurri bat edo ekonomian edo ingurumenean eragin handia izan dezakeen izurri bat ofizialki detektatzeak izurriaren adierazpen ofiziala ekar dezake. Hori eginen da izurriak sortu dituen edo sor ditzakeen ondorio ekonomikoak edo kalteak hain handiak direnean edo hain hedatuak daudenean non izurriari aurre egiteko biderik egokiena nahitaezko borroka ezartzea dela ikusten den, eta baita ere, aurre egiteko neurriak eremu jarraituetan aplikatu behar direnean edo izurriaren fokua hedatzeko arriskua dagoenean.

2. Adierazpena eginez gero, izurria kontrolatu ahal izateko 15. artikuluan ezarritako neurriren bat hartuko da, izurria suntsitzeko edo, hori ezinezkoa bada, heda dadila galarazi edo izurriaren ondorioak edo populazioa murrizteko. Neurri horietan partikularrei betebehar batzuk ezartzen ahalko zaizkie.

3. Adierazpen ofiziala Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta Estatuko administrazio orokorrari horren berri eman beharko zaio berehalakoan. Adierazpenean izurriaren izena, fokuaren kokapena eta, horrelakorik bada, eraginpeko eremuen mugaketa eta izurria suntsitzeko edo, bestela, haren hedapena galarazi eta haren ondorioak murrizteko ezarritako neurriak azaldu beharko dira.

4. Izurri baten adierazpen ofiziala egin eta 14. artikuluan ezarritako baldintzak betez gero, haren kontrako borroka onura publikokoa dela deklaratzen ahalko da.

14. artikulua. Izurri baten kontrako borrokaren onura publikoa adieraztea.

1. Izurri batek Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ondorio nabarmenak izan baditzake eta ondoko egoeraren bat gertatzen bada, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak izurriaren kontrako borroka onura publikokoa dela adieraz dezake:

a) Izurriaren intentsitatea, hedadura edo hari aurre egiteko behar diren teknikak direla eta, izurriaren kontrako borrokan partikularrek beren gain hartu ezin dituzten ohiz kanpoko baliabideak behar izatea, edo lan horretan baliabide biologikoak edo autozidak erabiltzea.

b) Izurriaren populazioaren hazkundea eta hedapena halakoa izatea non eremu handia har dezakeela eta galera ekonomiko larriak ekar ditzakeela aurreikus daitekeen.

c) Nafarroako Foru Komunitateko lurraldeko zati batean lehenbiziko aldiz agertu den izurri bat izatea.

d) Izurriaren ezaugarriak direla kausa, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan edo zati batean suntsitzeko modukoa izatea.

e) Izurria bilakatu eta hedatzeko ezaugarri bereziak direla eta, izurriari aurre egiteko tratamendua ukitutako jabeentzat zuzeneko interesik ez duten egoeretan, lekuetan edo faseetan egin behar izatea, tratamenduak haien ekoizpenetan edo jabetzetan ondorio ekonomikorik eragiten ez duelako.

f) Izurria, dela ingurumenaren arloko arrazoiengatik, dela gizarte ongizatearen ikuspuntutik, dela produkzio bide izateagatik, kontserbatzeko interesa duten mendi edo naturguneetan sartuta egotea.

g) Izurriaren kaltea esportatzeko diren landare edo produktuetara hedatzea eta, horrelakoetan, nazioartean berrogeialdiko neurriak hartzea.

h) Izurriaren adierazpen ofiziala egin ondoren hartutako neurriek eraginik ez izatea edo adierazpenaren esparruan finkatutako lurraldeetatik haratago hedatzea.

2. Horiez gainera, beste neurri fitosanitario osagarri batzuk ezar daitezke, bai izurriaren kontrako borrokaren onura publikoa adierazteko xedapen berean, bai ondorengo beste batzuetan ere.

15. artikulua. Neurri fitosanitarioak.

Foru lege hau betearazteko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak neurri fitosanitario hauek ezar ditzake:

a) Izurri jakin batzuk hartzeko joera duten espezie edo barietateak edo izurrien ugaltzaile izan daitezkeenak landatu edo lantzea baldintzatu edo galaraztea eremu jakin batzuetan.

b) Landareak eta landare produktuak eta haiekin zerikusia duten materialak desintsektatzea, desinfektatzea, ibilgetzea, birrintzea, eraldatzea, lurperatzea edo haietan beste neurri profilaktiko bat aplikatzeko agintzea, izurriaren ugaltzaile bada edo izan badaiteke.

c) Landareak eta landare produktuak ekoitzi, eskuztatu, eraldatu, bildu eta gordetzeko erabilitako lokal, tresna eta makineria desintsektatu edo desinfektatzea, bai, halaber, horiek garraiatzeko erabili diren ibilgailuak ere, izurrien bizitoki edo ugaltzaile izan daitezkeenak.

d) Landare eta landare produktu batzuk gorde eta kontserbatzeko baldintzak ezartzea, izurriek eragin ditzaketen kalteei eta izurrien hedapenari aurrea hartzeko.

e) Laborantzako lanak hasi eta bukatzeko egunak finkatzea, horien barne izanik uzta biltzekoak eta oihan aprobetxamendukoak, lan horiek egiten ematen den denborak izurri baten garapenean eragina izan badezake.

f) Eskutik utzitako landareak erauztea, ondoan dauden landareentzat edo izurri jakin bat kontrolatzeko arrisku fitosanitarioa dagoenean.

g) Teknikaren edo zientziaren ikuspegitik izurri bat kontrolatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein neurri ezartzea.

16. artikulua. Neurri fitosanitarioak betetzea.

Kontrakoa ezarri ezean, aurreko artikuluan ezarritako neurriak ukitutakoen ardurapean beteko dira, eta sortzen diren gastuak ere haien kontura izanen dira. Neurri horiek izurriaren bilakaera eta ezartzen diren neurrien aplikazioa ikusita eskumena duen departamentuak finkatuko dituen jarraibide teknikoen arabera bete beharko dira.

17. artikulua. Izurri baten kontrako nahitaezko borrokaren mugak.

Izurri baten kontrako borrokan, norbanakoen lanak talde-lanaren eragingarritasuna ahul badezake, neurri bereziak hartu behar badira edo ohiz kanpoko baliabideak erabili, arlo horretan eskumena duen departamentuak lan hori onarpen ofiziala duten erakundeetako lan taldeek egin behar dutela ezar dezake, edo departamentuak berak bere gain hartu. Kasu horretan, ukitutakoek ez dute beren konturako inolako lanik eginen, horrela ezartzen bada.

18. artikulua. Izurrien kontrako borrokan laguntzea.

Izurri baten kontrako borrokaren nahitaezkotasunak ukitzen dituenak ezartzen den laguntza tekniko eta ekonomikoaren onuradun izaten ahalko dira.

19. artikulua. Kalte-ordainak nahitaezko borrokan.

1. Izurri baten adierazpena egin ondoren hartzen diren neurriek ondasun edo jabetza partikular edo publikoak suntsitu, hondatu edo ezin erabiliz uzten dituztenean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, administrazio horrek adierazi badu izurria, behar den ordaina pagatuko die kaltetuei. Haren zenbatekoa ezartzen diren arautegi eta baremoekin bat baloratuko da.

2. Kasu hauetan ez dute inolako ordainik hartuko kaltetuek aurreko idatz-zatian aipatzen diren neurriengatik:

a) Jarduera edo ustiategia landare osasunari buruzko arautegiagatik dagokion erregistro ofizialean inskribatuta ez dagoenean.

b) Berrogeialdipeko izurri bat edo ekonomiaren edo ingurumenaren aldetik garrantzi berezia duen bat gertatu delarik edo gertatu uste delarik Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari berehala jakinarazi ez diotenean.

c) Haien portaeragatik, zerbait egin edo ez egiteagatik, izurria zabaltzen denean edo izurriari zabaltzen laguntzen ahal diotenean.

d) Ustiategia edo instalazioak ikuskatzeari uko eginez gero, bertan daturik ezkutatuz gero edo hari aurre eginez gero.

e) Landare osasunari buruzko arauak edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak ezarririko kautelazko edo behin betiko neurriak bete ezik edo haiei jarraitu ezik.

f) Landare osasunari buruzko agiriak eskuztatzearen arrastorik dagoenean.

g) Emaitzen edo diagnostikoaren proben fidagarritasun maila aldatzen ahal duen

h) Neurriak ezarritako epeetan hartu ez direnean.

i) Landare osasunari buruz indarra duen legerian xedatutakoaren beste edozein urratze gertatu denean, neurriak hartzeko zergatikoa izanez gero.

IV. KAPITULUA

Defentsa fitosanitariorako baliabideak

20. artikulua. Defentsa fitosanitarioan kontuan hartu beharreko printzipioak.

Defentsa fitosanitariorako baliabideen erabilera:

a) Pertsonen eta abereen osasuna babesteko helburuen menpe egonen da.

b) Ingurumena errespetatzen duen nekazaritza iraunkorraren garapenarekin bat etorriko da.

21. artikulua. Merkaturatu eta erabiltzeko baldintza orokorrak.

Defentsa fitosanitariorako baliabideak:

a) Administrazio publiko eskudunak ofizialki baimendu beharko ditu.

b) Merkatuan etiketaturik agertu beharko dute eta bertan haien ezaugarriak, arriskuak, hartu beharreko neurriak eta ongi erabiltzeko behar diren argibideak jasoko dira.

c) Modu egokian erabili beharko dira, praktika fitosanitario egokiak eta, ahal denean, borroka integratuko printzipioak kontuan hartuz.

22. artikulua. Produktu fitosanitarioak ekoitzi eta merkaturatzea.

1. Nafarroako Foru Komunitatean produktu fitosanitarioak ekoizten dituztenek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Instalazio eta laborategi egokiak edukitzea.

b) Lote guztiak ekoizteko eragiketak erregistratu eta haien kalitatea kontrolatzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak baimena emateko kontuan hartu zituen betebeharrak egiaztatu eta bermatzeko jarduerak onartzea, baita ontziratu eta etiketatzekoak ere.

d) Segurtasun datuen fitxa ematea, erregelamendu bidez ezartzen diren betebeharren arabera.

2. Produktu fitosanitario baten baimenaren titularrak ardura hauek izanen ditu:

a) Ekoizleak aurreko idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak egitea.

b) Produktu fitosanitarioak bere baimenean aipatzen diren betebeharrak betetzea, ontziratzeari buruzkoak barne.

c) Produktua ongi etiketaturik egotea. Balizko arriskuez, eskuztatu eta erabiltzeko modu egokiaz eta ontzien husteaz behar diren argibide guztiak bilduko ditu.

d) Gainetik etiketatuz gero, hura arauzko betebeharrekin bat egin beharko da eta c) letran aipatzen diren betebeharrak gainetiketatzea egiten duenari egokituko zaizkio.

3. Banatzaileek, saltzaileek eta produktu fitosanitarioen beste operadore komertzialek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Erabiltzaileak produktu baten egokitasunaz eta eskuztatu eta erabiltzeko modu praktikoaz aholkatzeko gaiturik egotea edo langile gaituak izatea.

b) Bildu eta merkaturatzeko ezarritako betebeharrak betetzea.

c) Produktu fitosanitarioak horrelakoak eduki eta erabiltzeko legez eskatzen diren baldintza eta betebeharrak betetzen dituzten pertsona edo entitate erabiltzaileei baino ez ematea.

4. Produktu fitosanitarioen merkaturatzean parte hartzen duten ekoizle, baimenen titular eta operadoreek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Beren establezimendu eta jarduerak erregistratu eta kontrolatzeko ezartzen diren betebeharrak betetzea.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari estatistikarako behar diren argibideak ematea, arlo horri buruzko legerian ezarri bezala.

c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari berehala jakinaraztea beren produktuek gizakien edo abereen osasunean, uretan edo ingurumenean izan litzaketen ondorio arriskugarriei buruz eta haien ondorio fitotoxikoei buruz lortzen duten informazio berria.

5. Artikulu honetako xedapenek ez dituzte deusetan galarazten ekoitzi eta merkaturatzeari buruzko beste legeak, jarduera horiek uki ditzaketenak.

23. artikulua. Produktu fitosanitarioen erabilera.

1. Erabiltzaileek eta, eskuarki, Nafarroako Foru Komunitatean produktu fitosanitarioak eskuztatzen dituztenek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Etiketen edo aholkuen bidez produktu horiek zaindu, eskuztatu eta erabiltzeko modu on eta egokiari buruzko argibide guztiak jakitea.

b) Praktika fitosanitario egokiak betetzea eta etiketetan ageri diren jarraibide edo oharrei kasu ematea.

c) Erabiltzaile mota edo kategoriei dagokienez ezartzen diren murriztapenak errespetatzea.

d) Borroka integratuaren printzipioak kontuan hartzea, aplikatzekoak badira.

e) Hustutako ontziak desagerrarazteko xedapenak betetzea, etiketen baldintzekin bat, eta Europar Batasuneko zerrendetatik baztertutako gai aktiboak dauzkaten produktu fitosanitarioak kentzekoak ere bai.

f) Indarra duen arautegiak gaitasuna lortzeko ezarritako betebeharrak betetzea, haien arriskuen kategoria edo moten arabera.

2. Produktu fitosanitarioak aplikatzen dihardutenek, artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren eginbehar orokorrez eta aurreko artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen direnez gain, eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Behar den gaitasun maila duten langileak izatea.

b) Aplikatzeko behar diren baliabideak edukitzea eta haien funtzionamendua aldian-aldian berrikusteko araubideari eustea.

c) Aplikazio baliabideak eta produktu fitosanitarioak biltzeko lokal egokiak edukitzea.

d) Kasuan-kasuan kontratu bat izenpetzea, non gutxienez ere egin beharreko aplikazioaren datuak eta, bidezko bada, zerbitzuaren erabiltzaileak ondoren bete behar dituen baldintzak agertuko baitira.

e) Bidezko bada, foru lege honetako 24. artikuluan aipatzen den erregistroan inskribatuta egotea.

f) Ihinztatze tresnak Nekazaritzako Makinen Erregistro Ofizialean inskribatzea.

24. artikulua. Establezimendu eta Zerbitzu Fitosanitarioen Erregistro Ofiziala.

1. Produktu fitosanitarioak ekoitzi, eskuztatu, bildu edo merkaturatzeko Nafarroan kokaturik dauden establezimenduak eta egoitza Nafarroan duten edo tratamendu fitosanitarioak Nafarroan aplikatzen dituzten zerbitzu enpresak Establezimendu eta Zerbitzu Fitosanitarioen Erregistro Ofizialean inskribatu beharko dira.

2. Inskribatzeko prozedura erregelamendu baten bidez ezarriko da.

25. artikulua. Mugimenduen Liburu Ofiziala.

1. Lantegi eskatzaileek eta edozein lagapenen bidez toxikotzat edo oso toxikotzat jotzen diren produktu fitosanitarioak bildu eta banatzen dituzten beste establezimenduek produktu fitosanitarioen mugimenduen liburu ofizial bat edukiko dute gaurkoturik.

Liburu hori edukitzera beharturik egonen dira, halaber, aplikatzaileak eta, gero beste batzuen kontura aplikatzeko asmoz, produktu fitosanitarioak eskuratzen dituzten tratamendu enpresak.

2. Mugimenduen Liburu Ofizialaren ezaugarriak eta hori edukitzeko baldintzak erregelamendu baten bidez ezarriko dira.

26. artikulua. Hondakinen gehieneko mugak.

1. Gizakiak edo abereak elikatzeko erabiltzen diren landare, landare produktu eta landare eraldatuek, uzta bildu ondoren lehenbizikoz merkaturatzen direnetik aurrera edo uztaren ondoren tratatuak izanez gero biltegitik ateratzen direnetik aurrera, ezin izanen dute produktu fitosanitarioen hondakinik eduki erregelamendu baten bidez ezarriko diren gehieneko mugetatik gorako mailetan.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa ez da aplikatzekoa izanen landare, landare produktu eta landare eraldatuetarako, haien xedea gizakiak edo abereak elikatzeko erabiltzen ez diren produktuak landatu edo ereitea edo ekoiztea bada.

3. Hondakinen gehieneko mugen kontrola kontrol plan edo programa nazionalaren barruan Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion laginen bidez eginen da, muga horiek gainditzen dituzten landare produktuak merkaturatzea eragozteko.

4. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak laginak gehitzen ahalko ditu beharrezkotzat jotzen dituen laborantzetan.

27. artikulua. Defentsa fitosanitariorako baliabide biologikoak.

1. Kontrol biologikoko organismo exotikoak sartu, banatu eta askatzea, haien xedea ikertzea, kontrol biologikorako askatzea edo produktu fitosanitario biologiko gisa erabiltzea bada, erregelamendu baten bidez ezarriko den arautegiarekin bat etorriko dira. Haien xedea ikertu eta garatzeko entseguak egitea denean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio.

2. Kontrol biologikorako diren organismo ez exotikoak hezi edo ekoiztea eta banatu, merkaturatu eta askatzea erregelamendu baten bidez ezarriko diren arauei lotuko zaizkie.

28. artikulua. Defentsa fitosanitariorako beste baliabide batzuk.

1. Kapitulu honetan berariaz aipatzen ez diren defentsa fitosanitariorako baliabideek, produktu fitosanitarioak aplikatzeko baliabideen eredu edo prototipoak barne, portaera egokia ziurtatzeko ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte (praktika fitosanitario egokien baldintzetan erabiltzen direnean) eta, beren izaera edo funtzionamendua dela kausa, pertsonen edo abereen osasunean, ingurumenean edo laboreetan edo horien ekoizkinetan sor litzaketen arriskuei aurrea hartu beharko diete.

2. Baliabideak merkaturatu ahal izateko aldez aurretik Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari jakinarazi beharko zaio. Jakinarazpen hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora igorriko da, salbu eta aldez aurreko baimena betebeharra denean.

29. artikulua. Defentsa fitosanitariorako baliabideen erabileraren arrazionalizatzea.

Defentsa fitosanitariorako baliabideak foru lege honetako 20. artikuluan aipatzen diren printzipioak kontuan hartuz erabil ahal daitezen, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak landare ekoizpenerako sistema jakin batzuk sustatuko ditu, hala nola, ekoizpen integratua eta nekazaritza ekologikoa, izurriak kontrolatzeari begira laborantzako praktikak eta berezko erregulaziorako tresnak, baita baliabide kimiko, biologiko, fisiko edo materialak ere, zentzuz darabiltzatenak, emaitza ekonomikoak, etekinak eta kalitatea onartzekoak izan daitezen gizartearendako eta ingurumenaren aldetik.

30. artikulua. Murriztapenak defentsa fitosanitariorako baliabideei dagokionez.

1. Produktu baimendu bat gizakien edo abereen osasunerako edo ingurumenerako arriskugarria izan daitekeela pentsatzekoa denean, arloan eskumena duen departamentuak Estatuko administrazio orokorrari proposatuko dio produktu baimen horri murriztapen batzuk ezar diezazkiola, haren merkaturatzea eta erabilera gutxitu edo debekatzeko.

2. Produktu fitosanitario baten edo defentsa fitosanitariorako beste baliabide baten erabilera gizakien edo abereen osasunerako edo ingurumenerako arriskugarria dela egiaztatu edo arrazoibidez susmatzen bada, hura aldi baterako bertan behera utzi edo haren erabilera arautzen ahalko da.

V. KAPITULUA

Ikuskapenak, arau-hausteak eta zehapenak

1. ATALA

Ikuskapenak eta kontrolak

31. artikulua. Eskumenak.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari dagokio foru lege honetan xedatutakoa betetzeko behar diren kontrol eta ikuskapenak egitea.

32. artikulua. Kontrolak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak kontrol ofizialak ezarriko ditu foru lege honetan xedatutakoa betetzen dela bermatzeko. Kontrolak honelakoak izaten ahalko dira:

a) Sistematikoak, landareak, landa produktuak eta bestelako gauzakiak landu, ekoitzi, bildu edo merkaturatzen diren tokietan.

b) Noizbehinkakoak, produktu horiek eraman edo egon daitezkeen edozein une eta tokitan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak defentsa fitosanitariorako baliabideen fabrikazioa, merkaturatzea eta erabilera zaintzeko ikuskapen eta programa sistematikoak eginen ditu, bereziki praktika fitosanitario egokien betetze maila aztertzekoak, eta landareen, landare produktuen eta landare eraldatuen eta haiekin guztiekin prestatutako elikagaien hondakin mailak ikustekoak ere bai, plan nazionalekin bat, bidezko bada.

33. artikulua. Kontrolatzen laguntzeko tresnak.

Honako hauek izendatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak egin behar dituen kontrolak laguntzeko tresnak:

a) Laborategi fitosanitario bat gutxienez, izurriak eta kontrol biologikoko organismoen diagnostikoak eta identifikazioak egiteko.

b) 32. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren zainketa programak burutzeko harturiko laginen analisi eta saioak egiteko egokiak diren laborategi ofizialak edo ofizialki aitortuak, baita erabili beharreko teknika eta metodoak bateratzeko programa koordinatuetan parte hartzekoak ere.

c) Aplikazio baliabideen ikuskapen teknikorako zentroak, ofizialak edo ofizialki aitortuak, 23. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letran aipatzen diren aldian aldiko berrikuskapenetarako egokiak direnak.

34. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Foru lege hau betearazteko hartzen ahal diren kautelazko neurriak hauexek dira:

a) Landareak, landare produktuak edo bestelako gauzakiak suntsitzea edo, bidezko bada, lurperatzea.

b) Landareak, landare produktuak edo bestelako gauzakiak eskualde batzuetatik beste batzuetara igortzea.

c) Landareak, landare produktuak edo bestelako gauzakiak ibilgetzea eta, bidezko bada, konfinatzea.

d) Tresnak, instalazioak, lokalak edo establezimenduak aldi baterako prezintatu edo ixtea.

e) Bere eskumeneko baimenak edo erregistro ofizialetako inskripzioak aldi baterako bertan behera uztea.

f) Landareen, landare produktuen edo bestelako gauzaki eraldatu eta eraldatu gabeen erabilera edo helmuga aldatu edo murriztea.

g) Desinfektatu edo desintsektatzea.

h) Agiriak bahitzea.

2. Organo eskudunek, alorretarako edo haien ekoizpenetarako, pertsona edo abereen osasunerako edo ingurumenerako egoera arriskugarri bat gertatzen denean, aurreko idatz-zatian aipatzen diren kautelazko neurriak hartuko dituzte, arrazoiak emanda.

3. Kautelazko neurriak, intentsitateari, proportzionaltasunari eta betebehar teknikoei dagokienez, kasu bakoitzean bermatu asmo diren interes publikoen araberakoak izanen dira eta sortu dituen arriskuak edo baimenik ezak baino gehiago ez dute iraunen.

35. artikulua. Ikuskatzaile fitosanitarioen ahalmenak.

1. Foru lege honetan aipatzen diren ikuskapen eginkizunetan diharduten langileak agintaritzat joko dira eta ahalmen hauek izanen dituzte:

a) Titulartasun publiko zein pribatuko edozein toki, instalazio edo bulegotan sartzea. Etxeetan sartu ahal izateko, aldez aurretik titularraren baimena edo epaileen ebazpena beharko da.

b) Argibideak eta egiaztagiriak eskatzea.

c) Laborategi ofizialean edo bestelako zentro espezializatuetan aztertu edo analizatzeko behar diren gutxieneko laginak hartzea.

d) Ikuskapenaren ondorioz, diharduen ikuskatzaileak gizakien, landareen edo abereen osasunerako edo ingurumenerako arrisku larri bat edo berehalakoa dagoela uste badu, 34. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen diren kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, e) idatz-zatian aipatzen dena izan ezik, hori agintari eskudunari har dezala proposatzen ahalko baitio.

2. Ikuskatzaileek hartzen dituzten kautelazko neurriak berehala jakinaraziko dizkiote organo eskudunari, behar diren ondorioak izan ditzan. Organo horrek erabakiko du neurri horiei eutsiko diotenetz, hamabost eguneko epean.

36. artikulua. Ikuskapenaren akta.

1. Ikuskatzaileek beren jarduera bakoitzaren akta eginen dute. Bertan honako datu hauek adieraziko dira:

a) Ikuskatutako pertsona fisiko edo juridikoaren datuak.

b) Noren aurrean egiten den ikuskapena.

c) Jardueraren arrazoien adierazpena.

d) Hauteman diren egitateak, kasuko inguruabar jakingarriak eta ikuskapenean egon direnek egin nahi izan dituzten oharrak.

e) Agindutako neurriak.

2. Aktan jasotzen dituzten gertaerek froga-balioa izanen dute, indarra duen legerian xedatutakoaren arabera, deusetan ukatu gabe interesdunek beren eskubide edo interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.

3. Ikuskapen akta organo eskudunari igorriko zaio bidezko diren jarduerei ekiteko, zehapen prozedura barne, bidezko bada.

37. artikulua. Pertsona ikuskatuen betebeharrak.

Ikuskatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Beren instalazio, produktu edo zerbitzuei buruz argibide guztiak ematea eta ikuskatzaileen egiaztapenak onartzea.

b) Agirien kopiak edo aldakiak egiteko erraztasunak ematea.

c) Produktu edo salgaien doako proba edo laginak behar diren kopuruetan hartzeko baimena ematea.

d) Eta, eskuarki, ikuskapenak onartu eta erraztea.

2. ATALA

Arau-hausteak eta zehapenak

38. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legeko IV. Tituluan tipifikatzen direnak dira landare osasunaren arloko arau-hausteak. Zehapenak, haien mailaketa eta zehapen osagarriak lege horretan ezarrita daudenak dira.

2. Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legean tipifikatuez gain, honako hauek dira arau-hausteak:

a) Kontrol eginkizunez arduratzen diren pertsonak zerbaitera derrigortzea edo haiekin mehatxuak, irainak, errepresaliak, indarkeria edo beste edonolako presiobide erabiltzea, delituak edo hutsegiteak ez badira, kasu horretan oso larritzat joko baitira.

b) Foru lege honetan ezarrita dagoena urratzen duen edozein ekintza edo omisio, 43/2002 Legean tipifikatuta ez badago, arintzat joko baita.

39. artikulua. Erantzukizuna arau-hausteengatik.

1. Ekintzagatik edo omisioagatik egiten dituztenak joko dira foru lege honetan tipifikatzen diren arau-hausteen erantzuletzat, legearen ez-betetze soila bada ere.

2. Produktu ontziratuetan eta behar bezala prezintatuetan egindako arau-hausteengatik, etiketan zer izen edo sozietate ageri den, pertsona fisiko edo juridiko huraxe izanen da erantzulea, salbu eta edukitzaileak faltsifikatu edo produktua gaizki zaindu duela frogatzen bada, zaintze baldintzak ezagunak badira edo ontzian zehazten badira.

3. Solteko produktuekin edo jatorrizko prezintuak ez dauzkatenekin egiten diren arau-hausteengatik haien edukitzailea izanen da erantzulea, salbu eta horrek lehenagoko edukitzaile baten erantzukizuna identifikatu eta frogatzen ahal duenean.

4. Betiere, ustezko erantzuleak frogatzen badu arau-haustea argibide ez egokiengatik gertatu dela edo erregelamenduetan eskatzen diren argibideak falta direlako eta beste pertsona bat, identifikatua, dela argibide horien erantzulea, azken honi egotziko zaio arau-haustea.

5. Arau-hauste bat pertsona juridiko bati egozten bazaio, administratzaileak edo legezko ordezkaritza daukatenak ere jotzen ahalko dira erantzuletzat, aplikatzekoak diren lege edo estatutuekin bat, eginbehar urratuak betetzeko dagozkien ekintzak egiten ez badituzte, ez betetzeak egiteko bide ematen duten erabakiak hartzen badituzte edo beren menpekoenak onartzen badituzte.

40. artikulua. Zehatzeko eskumena.

Arloan eskudun den kontseilariari dagokio zehatzeko eskumena. Hark erregelamendu baten bidez ezarriko den prozedurari jarraituz eginen ditu bere eginkizunak. Hala ere, arloan eskudun den zuzendari nagusiaren esku uzten ahalko da zehatzeko ahalmenaren titulartasuna eta erabilera.

41. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.

1. Landare osasunari buruzko arautegiaren hausteek epe hauetan preskribatzen dute: arinek, urtebeteko epean; larriek, bi urteko epean; eta oso larriek, hiru urteko epean.

2. Arau-hausteek preskribatzeko epea araua hausten den egunetik hasiko da eta zehatzeko prozedura hastearekin batera etenen da, interesdunak jakinik. Epea berriro hasiko da espedientea ustezko erantzuleari ezin egotz dakiokeen zergatiko batengatik hilabete baino gehiago geldirik badago.

3. Jarduera jarraitu baten ondorio diren arau-hausteetan, preskripzio epea kontatzen hasteko eguna jarduera hori bukatzen dena izanen da edo arau-haustea gauzatu duen azken egintzarena.

4. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenek urtebeteko epean preskribatuko dute; larrien ondoriozkoek, bi urteko epean; eta oso larrien ondoriozkoek, hiru urteko epean. Zehapenaren gaineko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea kontatzen.

5. Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak zehapenaren preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

42. artikulua. Bestelako neurriak, zehapenak ez direnak.

1. Ez dira zehapentzat joko:

a) Aginduzko baimen edo erregistroak ez dauzkaten enpresa, instalazio, ustiategi, lokal edo garraiobideak ixtea edo haien funtzionamendua bertan behera uztea akatsak zuzendu arte edo baimena emateko eskatutako betebeharrak bete arte.

b) Landareen, landare produktuen edo bestelako gauzakien lote bat suntsitzea edo beste toki batera igortzea, izurri bereziki arriskugarri batez kutsaturik daudela zentzuz antzeman edo egiaztatzen denean edo landareen, abereen edo gizakien osasunerako edo ingurumenerako arriskugarriak direnean.

2. Arloan eskumena duen kontseilaria da neurri horiek hartzeko organo eskuduna.

3. ATALA

Betearazteko baliabideak

43. artikulua. Hertsatzeko isunak.

1. Ukituek foru lege honetan ezarritako eginbeharrak egin ezik edo 15. eta 34. artikuluetan aipatzen diren neurriak hartu ezik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eskatzen ahalko die aski den epean haiek bete ditzatela eta ohartaraziko ezen, bestela, hertsatzeko isun bat ezarriko diela. Kasuan kasuko zenbatekoa adieraziko da, gehienez ere 3.000 eurokoa.

2. Bete ezik, elkarren ondoko errekerimenduak egiten ahalko dira. Hertsatzeko isuna 100eko 20 handituz joanen da errekerimendu bakoitzean.

3. Ematen diren epeek aski luzeak izan beharko dute kasuan kasuko neurria hartu ahal izateko eta neurria behar den denboran hartu ezik sor litezkeen kalteak saihesteko.

44. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

Ukituek behar den denboran eta moduan foru lege honen arabera egin beharreko neurriak edo eginbeharrak egin ezik edo departamentu eskudunak berehala jardun behar dela uste duenean, bete eginen dira, bere edo beste inoren baliabideekin, behartuaren kontu. Kostua premiamendu bidez kobratzen ahalko zaio, izan litezkeen zehapenak edo hertsatzeko isunak galarazi gabe.

Xedapen gehigarri bakarra. Landare Osasunerako Batzordea.

Foru Komunitateko administrazioak landare osasunaren gaineko batzorde bat eratuko du. Haren osaera eta eginkizunak erregelamendu baten bidez ezarriko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako xedapenak.

Indarrik gabe gelditzen dira foru lege honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehenbizikoa. Erregelamenduetarako baimenak.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamenduzko arau guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indar hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2007ko martxoaren 23an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0705472