39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

36/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, 2007an Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko dirulaguntzen deialdiko arauak onetsi, haien kontzesiorako aurreikusitako gastua baimendu eta arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzen duena.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatu du 2007an Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko dirulaguntzen deialdiko arauak onestea, haien kontzesiorako 60.000,00 euroko gastua baimentzea eta arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Horrek guztiak Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraitzen dio, izan ere, 1. artikuluan xedatzen da foru lege honen xedea dela Nafarroako kultur ondarea babestu eta zaintzea. Halaber, Nafarroako Kultur Ondareko ondasun higigarriak zaindu beharra arautu eta haietan esku hartzeko irizpideak ezartzen dira.

Horrenbestez, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7.3 artikuluak eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen maiatzaren 16ko 73/2005 Foru Dekretuaren 2.1 artikuluak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko dirulaguntzen 2007rako deialdiko arauak onestea. Eranskin gisa ageri dira.

2. 60.000,00 euroko gastua baimentzea 2007ko gastuen aurrekontuko "Jabetza pribatuko ondare higigarria zaharberritzeko" izeneko A20001 A2120 7800 337100 kontusailaren kargura.

3. Honi erantsitako arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko otsailaren 16an._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

ERANSKINA

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak, Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko asmoz, dirulaguntzen deialdi hau egin du, guztira 60.000,00 euroko kontsignazioa duena. Honako hauek dira arauak:

ARAUAK

1._Dirulaguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da, 2007an zehar, dirulaguntzak ematea Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko. Salbuetsirik daude museoetako eta bilduma museografiko iraunkorretako ondasunak Nafarroako museoak eta bilduma museografikoak osatzen dituzten ondasunak zaindu eta zaharberritzeko berariazko deialdian parte hartzen ahal dute eta.

Salbuespen gisa, hasi eta oraindik egiten ari diren jarduketek ere dirulaguntza jasotzen ahalko dute.

Horrek guztiak Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraitzen dio, izan ere, 1. artikuluan xedatzen da foru lege honen xedea dela Nafarroako kultur ondarea babestu eta zaintzea. Halaber, Nafarroako Kultur Ondareko ondasun higigarriak zaindu beharra arautu eta haietan esku hartzeko irizpideak ezartzen dira.

Foru lege horren zioen azalpenean adierazi moduan, "Nafarroako kultur ondarea berebiziko balioa duen ondasuna da, Nafarroako herriaren sustraietan dagoen ondasun bat, hurrengo belaunaldiei ahalik eta hobekien uztea merezi duena".

2._Zenbatekoa.

2.1. Dirulaguntzetarako 60.000,00 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2006ko gastuen aurrekontuko "Jabetza pribatuko ondare higigarria zaharberritzeko" izeneko A20001 A2120 7800 337100 kontusailaren kargura.

2.2. Arau hauen 5. atalean ezarritako irizpideei jarraikiz, dirulaguntza emateko eskumena duen organoak zehaztuko du, kasu bakoitzean, laguntzen zenbatekoa. Edonola ere, ez da inoiz izanen onartutako aurrekontuaren ehuneko 70 baino handiagoa.

3._Onuradunek bete beharreko baldintzak.

3.1. Dirulaguntza hauek eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarrien jabeek, edukitzaileek edo haien gaineko edozein eskubideren titularrek. Pertsona juridikoak direnean, eskabidea aurkezten den egunean legez eratutako entitatea beharko dute izan.

3.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman ondoko kasuren batean sarturik dauden pertsonei edo entitateei:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Lehiaketa baten deklarazioa eskatua izatea, ezein prozeduratan kaudimengabea deklaratua izatea, lehiaketa baten partaide gisa deklaratua izatea, kontu-hartze judizialaren menpe egotea eta, Lehiaketei buruzko Legearen arabera, lehiaketa kalifikatzen duen epaian finkatutako ezgaitasun aldian egoteagatik ezgaitua egotea.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontraturen bukatutzat emana edukitzea, erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza daukatenak indarra duen arautegian ezartzen diren bateraezintasun kasuetariko batean egotea.

e) Zerga guztiak, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak kitatuak ez izatea.

f) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez edukitzea.

g) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan agindutakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako elkarteak ezin izanen dira onuradun izan haien kideetako edozeinek aurreko debekuetakoren bat badu.

h) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. idatz-zatietan aurreikusitako debeku arrazoietakoren batean ez egotea. Erregistroan inskribatzeko administrazio prozeduran etenik daukaten elkarteak ere ezin izanen dira onuraduntzat edo entitate laguntzailetzat jo, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu eta aipatutako lege organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatu zaielako, erregistroan inskribatzea ahalbidetzen dien ebazpen judizial irmoa ematen ez den bitartean.

4._Eskaerak aurkeztea.

4.1. Laguntza eskabideak, arau hauen I. eranskinean heldu den ereduaren arabera bete beharko dira, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren erregistroan aurkeztu (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña, 848424649 telefonoa) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

Eskaera Vianako Printzea Erakundea-Hezkuntza eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari zuzenduko zaio, honako hau adierazita: "2007an Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko dirulaguntzen deialdia". Argi eta garbi adieraziko dira eskatzailea identifikatzen duten datu guztiak, IFZ barne.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.3. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia konpultsatua eta noren edo zeren izenean parte hartzen duen egiaztatzen duten agiriak. Legearen arabera eratutako entitateen kasuan, beren estatutuak aurkeztu beharko dituzte, bai eta dagokion erregistroan inskribatua egotearen agiria ere, baldin eta inskripzioa derrigorrezkoa bada.

b) Ondasunaren titulartasuna frogatzen duen agiria. Jabearen erantzukizunpeko adierazpen batek ordezten ahalko du aurrekoa, betiere, baldintza horiek betetzen dituela frogatzen badu. Eskatutako dirulaguntza emanez gero, laguntza onartzeko epean, ondasunaren titulartasuna frogatzen duen agiri konpultsatua aurkeztuko da.

c) Laguntzaren xedeko esku hartzeari buruzko memoria. Gutxienez honako datu hauek izanen ditu: ondasunaren eta haren kontserbazio egoeraren deskribapena, esku hartze proiektua, esku hartzeko irizpideak, parte hartuko duten langileak, aurrekontua eta egiteko epeak.

d) Txostena, ahalik eta zabalena, laguntza horren beharra azalduz, eta eskatzaileak eskaera arrazoitzeko beharrezkotzat jotzen dituen datu guztiekin, ondasuna dagoen eraikinaren ezaugarriak eta egoera barne.

e) Laguntzaren xede izanen den esku hartzearen finantzazio plana. Espresuki adieraziko dira jasotzen diren bestelako laguntzak edo dirulaguntzak.

4.4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluari jarraikiz, eskatzaileak uste badu errekeritzen zaizkion agirietakoren bat lehendik Foru Administrazioak baduela, horixe bera adieraz dezake bere eskabidean.

4.5. Dirulaguntzaren eskabidean jarri behar diren gauzetakoren bat falta bada, eskatzaileari errekeritzen ahalko zaio zuzendu dezan akatsa, horretarako 10 egun balioduneko epea emanez, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita.

4.6. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian aurreikusitakoaren ondorioetarako, eskabidea aurkezteak berarekin dakar interesatuak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioaren Estatuko Agentzian, Nafarroako Ogasun Publikoan eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian tributu arloko betebeharrak beteak izatearen ziurtagiria eska dezan.

5._Laguntzak emateko irizpideak.

5.1. Funtzionamendurako aurkezten diren eskabideen balorazioa, gehienez ere, 90 puntu izanen da, eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, 1. eta 2. ataletan ezarritakoaren arabera, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

5.1.1) Ondasunaren balio historiko artistikoa: gehienez 20 puntu.

a) Interes kulturaleko ondasuna: gehienez 20 puntu.

b) Ondasun inbentariatua: gehienez 15 puntu.

c) Garrantzi bereziko ondasuna: gehienez 13 puntu.

5.1.2) Kontserbazio egoera: gehienez 40 puntu.

a) Ez da txarra (zikina): gehienez 10 puntu.

b) Hala-holakoa (berriro pintatzea, xilofagoen erasoen kontrako tratam., etab.): gehienez 20 puntu.

c) Txarra (lehenbailehen zaharberritu behar da): gehienez 40 puntu.

5.1.3) Esku hartzearen gaineko memoria, erabili beharreko metodologia, ekipoa, antolakuntza eta lana egiteko aurreikusitako epeak: gehienez 20 puntu.

a) Lan metodologia eta tratamenduen justifikazioa: gehienez 8 puntu.

b) Lanaren antolaketa gehienez 6 puntu.

c) Lan taldea: gehienez 6 puntu.

5.1.4) Bestelako inguruabar berezi batzuk (bisiten xedea den ondasuna, ondasuna Nafarroako Administrazio Publikoek antolatutako erakusketa batera eramatea, ondasuna ibilbide turistiko batean sartzea, oroimenezko ekitaldi bat egitea, aparteko finantzazioa lortzea, eta abar): gehienez 10 puntu.

5.2. Batzordeak, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago edo eskatzailea bertaratzeko eskatzen ahal du.

5.3. Batzordeak, zer eskabide aurkezten diren ikusirik, behar duen aholkularitza teknikoa eskatzen ahalko du, bai Foru Administrazioan bertan bai kanpoko adituena. Hortik hartutako txostenak laguntzak ebazteko espedientean sartuko dira.

5.4. Balorazio Batzordeak egiten duen balorazioan 45 puntu lortzen ez dituzten eskaerek ez dute inola ere dirulaguntzarik jasoko.

5.5. Ondasun higigarrietarako eskaerek ez dute inola ere laguntzarik jasoko, haien kontserbaziorako kaltegarria den eraikin batean dauden bitartean.

6._Tramitazioa eta ebazpena.

6.1. Vianako Printzea Erakundea-Hezkuntza eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak izapidatuko ditu eskaerak.

6.2. Eskaerak ondokoek osatutako Batzordeak baloratuko ditu: María Inés Tabar Sarrías andrea, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lanetan arituko dena; Mercedes Jover Hernando andrea, Ondasun Higigarrien bulegoburua; eta Alicia Ancho Villanueva andrea, Goi mailako teknikari zaharberritzailea.

Behar izanez gero, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren atalburua den Jesús Sesma Sesma jaunak ordezkatuko du; Ondasun Higigarrien bulegoburua Ondarea Babesteko bulegoburua den María Rosario Lazcano Martínez de Morentin andreak; eta Goi mailako teknikari zaharberritzailea Nafarroako Museoaren goi mailako teknikaria den Francisco Javier Zubiaur Carreño jaunak.

6.3. Balorazio Batzordeak proposamena igorriko dio Ondare Historikoaren Zerbitzuari. Honek, onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen duen agiriarekin batera, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari igorriko dio proposamena.

Dirulaguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariaren foru agindu bitartez esleituko dira, eta hark deialdia osorik edo hein batean hutsik gelditu dela deklaratzen ahalko du, eskabiderik aurkezten ez bada edo eskatzaileek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte.

6.4. Dirulaguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, laguntzaren esleipen-hartzaileak idatziz adierazi beharko du zenbatekoarekin eta baldintzekin ados dagoela, jakinarazpena jaso eta hamabost egun naturaleko epean, diferentzia bere kontura ordainduko duela eta proiektua eginen duela onetsi eta diruz lagundua izan den proiektu teknikoari jarraikiz. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da.

6.5. Prozedura honen gaineko ebazpena beranduenik eskabideak aurkezteko epea bete eta handik hiru hilabetera emanen da.

6.6. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak agindua emanen du esleitutako dirulaguntzak argitara emateko. Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean jarriko dira.

7._Onuradunen betebeharrak.

Hauek dira onuradunen beharkizunak:

a) Xedea bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo dirulaguntza horiek emateko oinarri izan den portaera izatea, dirulaguntzak ematerakoan Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak emandako jarraibide teknikoei egokituz.

b) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren aurrean honakook justifikatzea: jarduera egin egin dela eta laguntza hartzeko edo erabiltzeko eskatu diren baldintza guztiak betetzen direla, eta dirulaguntzaren helburua errespetatu dela.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak egiten dituen egiaztapen eta ikuskapen guztiak onartzea, bai eta organo eskudunen, Estatuko zein Europako Batasunekoen, edozein egiaztapen edo kontrol finantzarioa ere. Jarduketa horietan zehar eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute.

d) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera horiek finantzatzeko beste laguntza, dirusarrera edo baliabiderik lortu ote den. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Kultura Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako proiektuko edozein aldaketa, eskabidean adierazitakoaren arabera. Eskatutako esku hartze proiektuei dagokienez, haietako edozein aldaketak, aurretik, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna jaso beharko du.

f) Nafarroako Gobernuaren laguntza aipatzea diruz lagundutako proiektuan, instalazioetan edo ondasunean agerrarazi daitekeen moduan.

g) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea.

h) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

j) Diruz laguntzen den gastuaren zenbatekoa 12.000,00 euro baino gehiagokoa baldin bada, aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela frogatu beharko du. Horretarako, kontratista hautatu aurretik eskuratutako agiriak aurkeztuko ditu.

8._Xedea bete dela justifikatzea eta dirulaguntza ordaintzea.

a) Aurkezten diren ondainagiriek frogatu behar dute diruz lagundutako proiektua oso-osorik burutu dela eta, gutxienez, hartutako dirulaguntzaren zenbateko berekoa izan.

b) Fakturazio betebeharrak arautzen dituen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko diote aurkeztutako fakturek.

c) Halaber, ezinbesteko baldintza izanen da, dirulaguntza kobratu ahal izateko, Kultura Zuzendaritza Nagusian esku hartzeari buruzko memoria aurkeztea.

d) Fakturak aurkezteko epea 2007ko abenduaren 10ean bukatuko da. Behin epe hori bukatuta, fakturarik aurkeztu ez bada, laguntzaren kontzesioa baliogabetua geldituko da.

e) Kultura Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak epe bakar batean ordainduko ditu, kontu-hartzailetza bukatu eta haren gaineko memoria aurkeztu ondoren. Ezinbestekoa izanen da laguntzaren espedientea izapidatu duen organoaren adostasun txostena.

9._Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak edo beste administrazio publiko batzuenak izan, bestelako entitate pribatu edo publikoenak izan edo pertsona partikularrenak izan. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Beste entitateen dirulaguntzak edo laguntzak aldi berean eskuratzeak emandako laguntzaren aldaketa ekartzen ahalko du, baldin eta laguntza guztien zenbatekoa diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa bada.

10._Itzulketa.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa-egunera bitarteko denborari dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

a) Dirulaguntza edo laguntza lortzearren horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esan bada edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatu badira.

b) Helburua, jarduera edo proiektua partez edo osorik bete ez bada, edo dirulaguntza emateko erabakia justifikatzen duen jokabidea hartzen ez bada.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan edo dirulaguntza arautzen duten oinarrietan ezarritako justifikazioa egiten ez bada, edo behar adinako justifikazioa egiten ez bada.

d) Arau hauen 7.f) atalean ezarritako zabaltze neurriak ez betetzea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. eta 12. artikuluetan ezarritako frogapenerako eta finantzen kontrolerako jardueketei aurre egitea, aitzakiak edo oztopoak jartzea edo uko egitea, baita kontabilitateaz, erregistroaz edo agiriak zaintzeaz den bezainbatean diren betebeharrak ez betetzea, hortik etortzen bada hartutako funtsei zer erabilera eman zaien, xedea bete den, eta zein izan den diruz lagundutako jardueraren errealitatea eta erregulartasuna edo xede bererako edozein Administrazio edo entitate publiko zein pribatuk, Estatukoek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko erakundeek emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirusarrerak edo baliabide bateraezinak batera izatea egiaztatzeko ezina.

f) Administrazioak onuradunei ezarritako betebeharrak edo onuradunek dirulaguntza jasotzeagatik beren gain hartutako konpromisoak ez betetzea, betiere xedeak lortzeko, jarduera egiteko edo proiektua betetzeko moduari edo dirulaguntza ematea oinarritzen duen portaerari eragiten badiete eta haiei badagokie.

g) Administrazioak onuradunei ezarritako betebeharrak edo onuradunek dirulaguntza jasotzeagatik beren gain hartutako konpromisoak ez betetzea, hortik etortzen bada hartutako funtsei zer erabilera eman zaien, xedea bete den, eta zein izan den diruz lagundutako jardueraren errealitatea eta erregulartasuna edo xede bererako edozein Administrazio edo entitate publiko zein pribatuk, Estatukoek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko erakundeek emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirusarrerak edo baliabide bateraezinak batera izatea egiaztatzeko ezina.

h) Europar Batasuneko arau aplikagarrietan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza itzuli beharra erabakitzea.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako kasuak.

11._Arau-hausteak eta zehapenak.

Onuradunei zehapena ezartzen ahalko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarritako kasuetan eta horko prozedurari jarraikiz.

12._Errekurtsoak.

Deialdiaren eta hura arautzen duten arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoen kasuan, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, argitaratu eta bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena ................., NAN/IFZa ................., bizitokia ........................, kalea ...................., udalerria .................., telefonoa ..................., bere izenean edo ondoko honen izenean (bidezko ez dena ezabatu) ................... NAN/IFZa: ........, bizitokia ................................, kalea ................., udalerria ................., telefonoa .............. Aurkezten du "Nafarroako Ondare Historikoan sartuak diren ondasun higigarriak zaindu, zaharberritu eta babesteko dirulaguntzetarako" 2007rako eskabidea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak ......../2006 Foru Aginduaren bidez onetsitako arauen arabera (....ko ............aren ......(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, .....zk.).

Eta, arau horietan aurreikusitakoarekin bat:

1. Dirulaguntzen deialdiko 4.3 atalean aipatutako dokumentuak aurkezten ditu:

a)

b)

c)

d)

e)

2. Aditzera ematen du ez dagoela sarturik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko hamahirugarren xedapen gehigarriko hirugarren idatz-zatian xedaturikoarekin bat, eskabide hau aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak organo kudeatzaileari baimena ematea Estatuk Zerga Administrazioko Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egin beharreko ziurtagiriak eskura ditzan, eskatzaileak zergak pagaturik dituela frogatzeko.

4. Eskaera honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak sartu, zuzendu eta ezabatzeko prozedurak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan eginen dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

.....................(e)n, 2007(e)ko ................aren ...........(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: F0703116