39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZARE

Ordenantza. Behin betiko onespena

2006ko 38. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, martxoaren 29an, argitara eman zen udal hilerriko tasa arautzen duen ordenantzaren hasierako onespenaren iragarkia.

Jendaurreko epea iragan baita inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da.

Horrenbestez, oso-osorik ematen da argitara udal hilerriko tasa arautzen duen ordenantza fiskalaren testua.

Zaren, 2007ko otsailaren 16an._Alkatea, Víctor Manuel Iriarte Anaut.

UDAL HILERRIKO TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan, 2/1995 Foru Legea aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean eta 6/1990 Foru Legean xedatzen denaren babesean ezarri da.

Orobat, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4, 25 eta 26. artikuluei, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 4 eta 29. artikuluei jarraikiz, ordenantza honek Udal hilerriko administrazioa, zuzendaritza eta zaintza arautzen ditu; hori guztia, bestelako administrazioen legezko eskumenak ezertan ukatu gabe.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Alde batek eskaturik, Zareko udal hilerrian ehorzteagatik eta hobitik ateratzeagatik sortzen den udal jarduna, horra zergapeko egintza.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, ordenantza fiskal orokorraren 8. artikuluan aipatu pertsona fisiko edo juridikoak nahiz entitateak.

Nola nahi den ere, ordenantza fiskal orokorreko 8. artikuluan aurreikusitakoa da ordezko subjektu pasiboa.

Tarifak

5. artikulua. Udal hilerriko zerbitzuak emateagatik, hona hemen tarifak:

Ehorzketak:

_Lurpean, erroldako pertsonentzat, hil eta biharamunean: 60 euro.

_Lurpean, erroldatu gabeko pertsonentzat, hil eta biharamunean: 120 euro.

_Nitxoan, erroldako pertsonentzat, hil eta biharamunean: 30 euro.

_Nitxoan, erroldatu gabeko pertsonentzat, hil eta biharamunean: 60 euro.

_Errautsak kolunbarioetan: 30 euro.

Sorrarazpena

6. artikulua. Tasa eta ordaintzeko betebeharra sortuko dira zergapeko egintza osatzen duen udal jarduera egiten denean.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Zareko udal hilerria administratu, zuzendu eta zaintzeko, ahalmen hauek behar dira:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lur eta hilobiak antolatu, banatu eta aprobetxatzea.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

8. artikulua. Udal organoen ardura da udal hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua, behar diren langileak prest izatea edo zerbitzuak zeinek eginen dituen erabakitzea.

9. artikulua. Zein den udalerriko biztanleen zentsua, haren araberako hilobi batzuk hutsik egonen dira hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

10. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiek hilobia izanen dute, legezko izapideak bete badira, eta ordenantza honetako 5. artikuluan adierazitako eskubideak ordaindu beharko dira, ehorzteko zerbitzuak erabiltzeagatik.

11. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruzko xedapenetan ezarritakoari jarraituz ikuskatuko dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz. Ehorzketak ondoko baldintzetan egin daitezke; betiere, heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik sortzen ez badu:

_Nitxoetan ehortzitako hilotzak: zinkezko hilkutxarik gabe badaude, bi urte iragan beharko dira, gutxienez, ehorzketa egunetik. Zinkezko hilkutxan badaude, atera eta lekuz aldatzen ahal dira, nahi denean.

_Lurpean ehortzitako hilotzak. Zinkezko hilkutxan badaude, atera eta lekuz aldatzen ahal dira, nahi denean. Zinkezko hilkutxan ez badaude, ezin izanen dira atera gutxienez 5 urte iragan baino lehen.

Horiek baino denbora laburragoko epeetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako, epaile batek agindu ezean.

12. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Udalari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

13. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lurrik okupatuko. Gutxienez ere 10 urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

14. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko litzateke, ongi kontserbaturik ez balego.

15. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuak egietagatik udal tasak ordaindu eta gero, udal hilerriko lur guztiak lagun bakarreko hilobietan hogei urterako ehorzteko erabiliko dira, baina toki eskasiagatik legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak.

16. artikulua. Udal hilerriko lurra ehorzteko eta hilobietako elementuak jartzeko erabiliko da, ez besterako.

Ehorzketa egungo ilaren ordenari jarraikiz eginen da, horretarako prestatzen den hobian. 2,30 metro luze eta 0,90 metro zabal izanen dira. Sakonera, gutxienez 2 metrokoa izanen da.

Hilarriek lerrokaturik egon behar dute eta haien luze-zabalak, gehienez ere, 2,30 metro bider 0,90 metro izanen dira. Hilarriak, gurutzeak edo obrako elementuak ezartzeko, obra lizentzia eskatuko zaio Udalari, zein elementu ezarriko den adierazita.

Hobien artean gutxienez 0,50 metroko tartea egonen da.

17. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak, panteoiak eta nitxoak segur, xahu eta apain edukitzea.

18. artikulua. Hilerriko lurren aprobetxamendua honako hauengatik iraungitzen ahal da:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

19. artikulua. Hilobiak urratu behar direnean, bai alderdi batek ateratzeko eskaera egin duelako bai aurreko artikuluan bildutako arrazoiak daudelako, hobitik atera baino lehen, odolkidetasunezko bigarren gradu bitarteko senitartekoek Udalari adierazi beharko diote apaindurazko elementuekin zer egin; orobat, hilerriko paretaren ondora aldatu daiteke hildakoaren identifikazio elementua, ez beste inora. Familiakoen ardura da lan hori; bestela, Udaleko langileek eginen dute baina kostua ordaindu beharko da.

20. artikulua. Kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, dohainik edo kostubidez, eta hura Udalak emanen du ordenantza honi jarraikiz.

Kostubidezko kontzesioak laurogeita hemeretzi urterako eginen dira, gehienez ere.

Kontzesioetan hilerrian erabiltzen ahal den azaleraren %30 gehienez okupatuko da.

Interesatuek aurretik eskatuta, Udalak osoko bilkuran emanen du hilobien kontzesioa, eskaeren ordenari jarraikiz.

Lagun bateko hilobirako kontzesioaren prezioa 180 eurokoa da, baina urteko K.P.I.aren aldaketaren arabera igoko da.

Lurraren kontzesioak ez dira salmentak. Kontzesioko lurren gainean hilobi-elementuak paratzeak ez dakar haien gaineko xedapen egintzarik.

Panteoietan ehorzteko, hildakoaren senideek baino ez dituzte harlauzak erabiliko; bestela, Udaleko langileek, eta orduan Udalak senideen gain utziko ditu gastuak. Kasu horretan Udalak ez du erantzukizunik harlauzak erabiltzean sortzen ahal diren kalteetan.

21. artikulua. Debekatua dago errautsak hiri lurzoruan botatzea, baita Zareko udal mugape osoan ere, interes kulturala edo turistikoa badute.

Hilerriko hobietan sartzen ahal dira errautsak, edo horretarako prestatutako tokian.

Arau-hausteak eta zehapenak

22. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, martxoaren 2ko 4/199 Foru Legean eta apligarri diren gainerako xedepenetan xedatutakoari ere.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honen aurreko kontzesioak zeuden horretan eta eman ziren bezalaxe errespetatuko dira. Ondokoak, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, ordenantza fiskal orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta gainerako xedapenak aplikatuko dira.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Indarrik gabe uzten dira, baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L0703216