39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OTEITZA

Ordenantza, Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2006ko abenduaren 18an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza.

Hasiera bateko onespenaren erabakia 2007ko 5. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 10ean, eta jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

EREMU PUBLIKOKO ETA HERRILURRETAKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEKO APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 122. artikuluan, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduko 93. artikuluan eta hurrengoetan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea tasa, prezio publiko eta enbargaezintasun gaietan aldatzen dituen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean xedatutakoaren babesean.

2. artikulua. Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupean ondoko aprobetxamendu edo erabilera pribatiboetarik edozein egitea da zergapeko egintza:

1. Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo gisako muntaduren bidez okupatzea.

2. Eremu publikoan aldamioak eta horrelatsukoak, salmenta automatirako aparatuak eta gisakoak jartzea.

3. Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak, kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa jartzea.

3. artikulua. Ondoko hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera:

a) Udal lizentzien edo kontzesioen titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak jasotzen dituztenak.

c) Aprobetxamenduaz gehiago baliatu gabe toki entitatean haren baja aurkezten ez dutenak.

d) Eremu publikoan ezartzen diren edukiontzi, garabi, aldamio eta abarren kasutan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaz baliatzen direnak. Zergadunaren ordezkotzat edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira.

4. artikulua. Ordenantza honetako tasaren zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko da kontuan, honen eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

5. artikulua. Toki mailako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira tasen ordainarazpenetik.

6. artikulua. 1. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

2. Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan entitateari.

Toki entitateak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.

7. artikulua. Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua onartzen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.

8. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe aprobetxamendua hasten bada, behar den tasa pagatzeak ez ditu egindako aprobetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

9. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduak behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira.

10. artikulua. Udalak saltoki finkoak ezar ditzake azokan. Aprobetxamendu etengabea eskatu nahi dutenek, betiere JEZean alta emanak badira eta saltoki librerik bada, horretarako eskabidea aurkezten ahal dute, Udalak eskainiko baitu, eta horretaz gain 20 euro ordaindu beharko dute, eskabidea tramitatzeko tasa gisa.

Saltoki zehatz baterako merkatari bat baino gehiago izan daiteke eskatzaile, baina ez egun bereko.

Saltoki finko baterako eskabideak urtebeteko iraunaldia izanen du, bertzerik gabe bertze urte baterako luzatuko dena eskatzaileak hura uzteko asmoa agertzen ez badu. Udalak baliorik gabe uzten ahal du saltoki finkorako eskabidea, eskatzaileak ordenantza hau betetzen ez duela uste badu.

Goizeko 8:30etatik aitzina saltoki finkoak baldin badira, alegia, oraindik hartarako ziren merkatariek okupatu gabe, libre geldituko dira eta Udalak esleitzeko ardura hartuko du hartarako asmoa dutenen artean, betiere okupatu nahi diren metroen arabera eta eskaera egiten den ordenari jarraikiz.

Saltoki finkoa esleitua duten merkatariek aldiro agertu beharko dute, erran nahi baita, gehienez ere seihileko batean 4 aldiz egin dezakete huts, bertzenaz, saltoki finkoa galduko dute.

Saltoki finkoaren aprobetxamenduaren tasa egunero ordaindu beharko da.

11. artikulua. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den lizentziarik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bestelako arau-hausteei dagokienean eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, Ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko muntadurak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta muntadura hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den beste edozergatik sortutako gastuak jabearen kargu geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordezko gisa, honako hauek aplikatuko dira: Ordenantza fiskal orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea tasei, prezio publikoei eta enbargaezintasunari buruzko gaietan aldatzen baititu.

Bigarrena._Ordenantza honetan sartutako aldaketek indar hartuko dute eta ondorio juridiko osoak sortuko, testua osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean.

ERANSKINA

Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantzako zenbatekoak

1._Azoka ttikia:

_5 m² bitarte, horiek barne: 2,10 euro egunean, saltoki bakoitzeko.

_5etik 10 m² bitarte, horiek barne: 4,20 euro egunean, saltoki bakoitzeko.

_10 m² baino gehiago: 6,30 euro egunean, saltoki bakoitzeko.

2._Postuak, barrrakak, jolaskizunak eta horrelatsukoak:

_0,30 euro metro karratu eta egun bakoitzeko.

3._Txurro dendak eta gisakoak:

_0,60 euro metro karratu eta egun bakoitzeko.

4._Lurzorua obretarako okupatzea:

a)._Trafikoa galarazi gabe:

_Aurrekontua gehienez ere 12.000 eurokoa: 0,60 euro egunean.

_12.000,01etik 60.100 euro bitarte: 0,75 euro egunean.

_60.100,01 euro baino gehiago:. 0,90 euro egunean.

b)._Trafikoa galarazita:

_%100eko errekargua, arestiko tarifen gainean.

5._Salmenta automatikorako aparatuak eta horrelatsukoak:

_30 euro urtean.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Oteitzan, 2006ko otsailaren 21ean._Alkatea, Angel Martínez López.

Iragarkiaren kodea: L0703217