39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

539/2007 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, eremu publikoetan Merkataritza Berpizteko Proiektuak garatzen laguntzeko programaren dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, 2007rako.

Merkataritzaren garapen orekatua Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren ildo estrategikoetariko bat da eta Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko 2005-2007 Planaren programetako bat merkataritzako hirigintzari buruzkoa da.

Programa horren bidez, sustapen politiketan toki administrazioen arteko lankidetza lortu eta hiri merkataritza hobetzea lortu nahi da, merkataritzaren sektorea udal politikak ezartzeko funtsezko faktore gisa hartuz eta merkataritza garatzeko behar den hirigintza ingurunea erraztuz.

Merkataritzaren sektoreari laguntzeko neurriak arautzen dituen maiatzaren 19ko 125/2003 Foru Dekretuak eremu publikoetan Merkataritza Berpizteko Proiektuak garatzen laguntzeko programa aurreikusten du.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Eremu publikoetan Merkataritza Berpizteko Proiektuak garatzen laguntzeko programaren dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 215.000,00 euroko gastua onestea, 2007ko gastuen aurrekontuetako 850002 81410 7609 431400 "Toki entitateentzako transferentziak" kontusailaren kontura.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen hauen kontra interesatuek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 28an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

ARAUAK

1. araua. Xedea.

Arau hauen xedea eremu publikoetan Merkataritza Berpizteko Proiektuak garatzen laguntzeko programaren dirulaguntzak arautzea da.

Programa horren bidez, sustapen politiketan toki administrazioen arteko lankidetza lortu eta hiri merkataritza hobetzea lortu nahi da, merkataritzaren sektorea udal politikak ezartzeko funtsezko faktore gisa hartuz eta merkataritza garatzeko behar den hirigintza ingurunea erraztuz.

2. araua. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntzaren xede diren gastuak.

Ekintza hauek izaten ahalko dira dirulaguntzen xede, 2006ko abenduaren 1etik 2007ko azaroaren 30era bitarte egiten badira.

_Burutu beharreko estrategia eta inbertsioak aztertu, diagnostikatu eta zehazteko ikerlanak.

Ekintza honi dagokion dirulaguntza kanpo kostuaren %60 izanen da.

_Hirigintza eta merkataritza azpiegituretako inbertsioak, hiri ekipamendua edo hornigarriak handitu edo berritzeko helburua dutenak, merkataritza eremuak hobetu eta egokitzearren. Udalaren hornidura azoketako jarduketak sartuko dira.

Diruz lagunduko da 0 kotako obren exekuzio materiala egitea: zolaketa, hiri hornigarriak, argiztapena, lorezaintza, etab. Honako lan hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko: lur-mugimenduak, eraispenak eta 0 kotaren azpiko azpiegiturak.

Ekintza honi dagokion dirulaguntza kanpo kostuaren %60 izanen da.

3. araua. Onuradun izateko baldintzak.

Saltokien batasunak dituzten eta, merkataritza zentroak garatzeko ahalmenaren gaineko azterlanaren arabera, talde estrategia bat jarraitzen ahal duten udalak izaten ahalko dira deialdi honen xede den dirulaguntzaren onuradun, betiere merkataritzako eragin eremu hauek badituzte:

_Erreferentziako merkataritzaguneak, eskualdekoak: Iruña.

_Erreferentziako merkataritzaguneak, tarteko eremuaren lurraldea gainditzen dutenak: Tutera eta Lizarra.

_Erreferentziako merkataritzaguneak, tarteko eremuaren lurraldekoak: Altsasu, Tafalla eta Zangoza.

4. araua. Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

1._Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2._Eskabideak aurkeztuko dira Toki Administrazioko Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 3105 posta kodean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

3._Eskabideak, alkate udalburuak sinatuak, Fc7.06.13 inprimakian aurkeztuko dira. Inprimaki hori Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Turismo Departamentuan eta Nafarroako Gobernuaren atarian. Haiekin batera proiektu bakoitzaren memoria aurkeztuko da, honako kontu hauek adieraziko dituena:

_Erdietsi nahi diren xedeak.

_Garatuko diren ekintza zehatzak.

_Aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu emana.

_Merkataritzaren sektorea ordezkatzen duten beste entitate batzuen arteko lankidetza

_Aurreikusitako exekuzio epea eta zer fasetan dagoen.

4. Eskaerak aurreko atalean finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, Merkataritza Zerbitzuak interesatuari eskatuko dio epe batean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela. Azken gorabehera horren berri emanen zaio interesatuari.

5. araua. Dirulaguntza emateko irizpide objektiboak.

Dirulaguntzak banatzeko erabiliko diren irizpide objektiboak hauexek dira:

1._Aurreikusitako ekintza bakoitza faktore hauen arabera baloratuko da:

_Herriguneetan merkataritza zentroak garatzeko ahalmena. %50 baloratuko da.

_Jarduketak egitea hautemandako merkaritza eremuetan. %30 baloratuko da.

_Jarduketak Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko 2005-2007 Planaren proposamenetara egokitzea. %10 baloratuko da.

_Jarduketen eta merkataritza eremuko merkatarien elkarteen arteko lankidetza eta koordinazioa. %10 baloratuko da.

2._Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, udal bakoitzeko 90.000 euroko dirulaguntza ezarriko da gehienez.

Hala ere, muga hori aplikatuz aurrekontuetan dirurik sobratzen bada, diru hori murrizketaren xede izan diren eskabideen artean banatuko da proportzionalki, ekintza bakoitzerako onarturiko aurrekontuaren arabera.

6. araua. Ebazteko organo eskudunak eta epeak.

Merkataritza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena beranduenez ere eskaera aurkezten den datatik hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesatuek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

7. araua. Eginbeharrak eta ez-betetzearen ondorioak.

1._Ondasun inbentariagarrien kasuan, dirulaguntza zein helburu konkretutarako eman zitzaion, hartantxe erabili beharko ditu ondasunok onuradunak, gutxienez bost urtez edo haien bizitza erabilgarri osoan, hau laburragoa bada. Ondasun horiek erregistro publiko batean inskribatu beharrekoak badira, epe hori gutxienez zazpi urtekoa izanen da.

Halaber, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

2._Dirulaguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horretako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

8. araua. Hornitzaileak.

Dirulaguntzak jasotzen dituzten toki entitateek jardueraren %100 azpikontratatzen ahalko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarri bezala.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu beharko dira, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean.

Onuraduna aurreko idatz-zatian xedaturik dagoenetik salbuetsiko da, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

Kasu hauek guztiek behar bezala arrazoiturik egon beharko dute hurrengo arauan aipatzen den txostenean eta kontratazioak, betiere, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

9. araua. Frogagiriak.

1._Entitate onuradunek ekintzen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, 2007ko abenduaren 31 baino lehen.

2._Aurkeztu beharreko agiriak:

_Honakoa jaso beharko duen txosten tekniko xehea: egindako jardueren azalpena, aurreikusitako helburuen betetze maila, aurreko arauan hornitzaileei buruz ezarritako baldintzak betetzen direnaren froga.

_Fakturen eta ordainketa frogatzen duten kontabilitate agirien kopiak.

_Azterlanak egiteko laguntzen kasuan, haien kopia aurkeztuko da.

3._Dirua jaso dezaketen ekintzak justifikatzerakoan dokumenturen bat aurkeztu ezin bada, eskatzaileak gertaera horren arrazoiak eman beharko ditu eta epea luzatzeko eskatu, eta departamentua beharturik dago luzapen hori ematera.

10. araua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Aurreko arauan aipatzen diren agiriak, proiektuko ekintzak frogatzen dituztenak, aztertu ondoren ordainduko da dirulaguntza.

Gero, Merkataritza Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Dirulaguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuz pagatu lekioke dirulaguntza, Dirulaguntzei buruzko 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

11. araua. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza bateragarria da Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek prestakuntzarako emandako bestelakoekin.

Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua.

12. araua. Errekurtsoak.

Arau hauen kontra interesatuek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

13. araua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0703581