39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

506/2007 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, unibertsitateko fundazioei enplegua sustatzeko berariazko programetarako laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Enplegurako 3. Planaren (2005-2007) xedea Nafarroan kalitatezko enplegua sustatzea da gizonen zein emakumeen enplegu betea bermatu arte, baita Foru Komunitatean kohesioa eta gizarteratzea indartzea ere.

Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da aipatu Planean ezarri diren jarduketa ildoak gauzatzea sustatzen duten hainbat ekintza eta neurri garatzea. Horren ardura bereziki dagokie Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eta gizarteko agenteei.

Horretarako, komenigarritzat jotzen da Foru Komunitateko unibertsitate-fundazioekin koordinaturiko hainbat ekintza abiaraztea. Xedea da ekimenaren eta enpresa espirituaren berariazko proiektuak, eta bereziki emakumeak eta gazteak bezalako taldeei zuzentzen zaizkienak, sustatu eta finkatzera zuzenduta dauden jarduerak garatzea, talde horiek tratamendu positiboagoa eta espezifikoagoa behar baitute. Era berean, hainbat entitate eta sozietate publiko sustapen eta promozio arloetan garatzen ari diren esku-hartzeen garapena eta ezarpena hobetu nahi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta haren oinarriak ezarri behar dira.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Batzorde Iraunkorraren adostasun txostena izanik, apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Estatutuen 10. artikuluak ematen dizkidan eskurantzez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Onestea 2007an unibertsitate-fundazioei enplegua sustatzeko berariazko programetarako dirulaguntzak emateko deialdia.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 150.000 euroko gastua baimentzea, "Unibertsitate-fundazioei enplegua sustatzeko berariazko programetarako dirulaguntzak" izeneko 880000 -84000 -4819 -241306 kontusailaren kargura, 2007ko gastuen aurrekontuan.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko otsailaren 27an._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Susana Labiano Bastero.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

Lehenbizikoa._Xedea.

Deialdi honen xedea Nafarroako Enplegurako III. Planaren (2005-2007) barnean kokatzen da, eta ekimenaren eta enpresa espirituaren berariazko proiektuak, eta bereziki emakumeak eta gazteak bezalako taldeei zuzentzen zaizkienak, sustatu eta finkatzera zuzenduta dauden jarduerak garatu nahi ditu, talde horiek tratamendu positiboagoa eta espezifikoagoa behar baitute. Era berean, Foru Komunitateko unibertsitate-fundazioak sustapen eta promozio arloetan garatzen ari diren esku-hartzeen garapena eta ezarpena hobetu nahi dira.

Bestetik, deialdi honen xedea da Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Nafarroako unibertsitate-fundazioei emanen dizkien laguntzak arautzea, 2007. urtean hurrengo xedeak lortu nahi dituzten berariazko enplegu programak burutzeko:

_Enpresa espiritua sustatzea, enpresa bokazio berriak, batez ere emakumezkoenak, onartu eta sendotzeko funtsezko elementu gisa.

_Enpresa inguru lagungarria indartu eta sustatzea, laguntza, baliabide eta interesen sareko edo komunitateko laguntza moduen bidez.

_Lan-merkatua sustatu, horrekin sentikor bihurtu eta horretara hurbiltzea unibertsitateko tituludunak laneratzeko, hezkuntza-sistemaren prestakuntza osagarrietarako eta enpresaren eta autoenpleguaren mundura hurbiltzeko esku-hartze antolatuen bidez.

Bigarrena._Jarduerak burutzeko eremua.

Laguntza har dezaketen ekintzak honakoak izanen dira: unibertsitateko ikasleak enpresetan lanean has daitezen sustatzeko programak garatzearekin zuzenean lotzen diren jarduerak (informazioa, lanerako orientazioa eta praktikak), enplegu-topaketak eta bestelako edozein, lan merkatuan sar daitezen erraztea bilatzen badu.

Hirugarrena._Onuradunak.

Enpleguaren arloan esperientzia egiaztatua duten unibertsitate-fundazioek dirulaguntza eskatzen ahalko dute, beren jarduera-eremua Nafarroako Foru Komunitate osoa bada.

Jarduera 2007. urteko urtarriletik abendura bitartean egin beharko da.

Entitateek proiektuaren edo ekintzaren arduradun bat izendatuko dute administrazioarekin harremanak izateko.

Dirulaguntza eskatzeak deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea dakar berarekin.

Laugarrena._Laguntza emateko prozedura.

Deialdi honetako dirulaguntzak lehia bidez tramitatuko dira, zazpigarren oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

Bosgarrena._Eskaerak eta dokumentazioa.

Eskatzaileek Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Erregistroan, Iruñeko Arcadio María Larraona kaleko 1ean, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulegoetan aurkeztuko dituzte eskaerak, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautu zen. Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluaren 4. idatz-zatian aipatzen diren beste tokietan ere aurkezten ahalko dira. Eskaerarekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera orria, entitate eskatzailearen lege ordezkariak sinatua.

b) Entitatearen eraketa-eskritura.

c) Egindako edo egin beharreko jarduerari buruzko memoria zehaztua. Ondokoak barne hartuko ditu:

_Berariazko helburuak, eta ekintza zein pertsonari zuzentzen zaion.

_Ekintzen zehaztasunak eta egutegia.

_Dirusarrera eta gastuen aurrekontu banakatua.

_Ekintzak kanpora atera eta esleitu beharra, behar bezala justifikatuta, horrelakorik egotekotan.

_Ekintza edo proiektuen xede eta neurrien jarraipen eta ebaluaziorako sistema eta prozedura.

d) Eskatzailearen erantzukizunpeko deklarazioa, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

Ebazpen hau argitaratu aurretik 2007an aurkeztutako laguntza eskaerak eta burutuak dauden jarduerak deialdi honen barrenean sar daitezke, baina deialdiko baldintza guztiak bete beharko dituzte.

Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, organo eskudunak interesatuari eskatuko dio epe jakin batean zuzentzeko. Horretarako 30 egun emanen dizkio gehienez. Akatsak ezartzen den epean zuzendu ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da eta espedientea artxibatuko da.

Seigarrena._Instrukzioa eta balorazioa.

1. Enplegua Sustatzeko Zerbitzua izanen da laguntza hauek emateko prozedura instruitzeko organo eskuduna.

2. Balorazio batzorde tekniko batek eskaerak aztertuko ditu eta irizpen loteslea igorriko dio organo instruktoreari. Azken horrek proposamena igorriko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari.

Aurreko lerroaldean aipatutako batzordea ondokoek osatuko dute:

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko zuzendaria.

_Enplegua Sustatzeko Zerbitzuko Enpleguaren Behatokiko Ataleko burua.

_Lana Aurkitzeko Zerbitzuko Orientazio Ataleko burua.

Zazpigarren araua._Balorazio irizpideak.

Deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi nahitaez laguntza emanen denik.

Laguntzak emateko proposamenek, gehienez ere, 100 puntu bilduko dituzte, ondoko balorazio irizpide hauei jarraikiz:

_Programatutako jarduera edo proiektuaren interesa eta berezitasuna: gehienez 45 puntu.

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, bai zuzenean, bai bere zentro laguntzaileen bidez, egindako beste ekintza eta programa batzuekiko osagarritasuna: gehienez 30 puntu.

_Entitate batzuek baterako proposamenak aurkeztea edo entitate batzuen artean jarduketa koordinatuak egitea: gehienez 15 puntu.

_Jarduera burutu behar duten pertsonen edo entitateen berme profesionala, ibilbidea eta esperientzia: gehienez 10 puntu.

65 puntura iristen ez diren eskaerak baztertu eginen dira.

Zortzigarrena._Errekurtsoak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak onartuko ditu laguntzak, ebazpen baten bidez, Enplegua Sustatzeko Zerbitzuak proposatu ondoren.

Ebazpenean azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaera batzuk ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hiru hilabeteko epean horretarako ebazpenik jakinarazten ez bada, ezetsi direla ulertuko da.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrera aterako ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Enplegu Atarian (www.empleo.navarra.es), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Bederatzigarrena._Laguntzen zenbatekoa eta ordainketa.

Balorazio Batzordeak laguntzetarako portzentajeak eta/edo zenbatekoak zehaztuko ditu ondoko hauei kasu eginez: aurkeztu diren eskaeren kopurua, eskatutako diru zenbatekoa, dagoen aurrekontua, entitate eskatzaileek finantzaketa eskuratzeko gaitasuna, diruz lagundu behar den jarduerarendako bestelako finantzabideak, eta irizpenean paratzen ahal diren beste batzuk.

Laguntza jaso dezaketen gastuak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko edo xedea lortzeko beharrezkoak diren guztiak izanen dira.

Egin beharreko jardueraren edo ekintzaren antolaketarekin edo garapenarekin lotura zuzen eta propotzionala ez duten gastuetarako ez da laguntzarik emanen inola ere.

Laguntzen ordainketa honela eginen da:

_Emandako laguntzaren %70 ordainduko da kontzesioaren unean bertan.

Gainerako %30, 2007ko abenduan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurreratutako zenbatekoaren gastua frogatu ondoren. 2007ko azaroaren 1a baino lehen frogatu beharko da.

Entitateak aurkeztu beharko du funtzionamenduaren eta dirulaguntzaren xede diren jarduketen gaineko memoria, 2007ko abenduaren 31 baino lehen.

Halaber, entitateak aurkeztuko du memoria ekonomikoa, bertan sarturik fakturak eta oraindik frogatu ez den zenbatekoari dagozkion frogagiriak, 2008ko otsailaren 28a baino lehen.

Diraulaguntza jaso dezaketen gastuen inguruan deialdi honetan jasotzen ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Hamargarrena._Onuradunen betebehar orokorrak.

a) Onuradunek onesten den proiektuan egin nahi duten edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko dute. Aldaketa horrek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena izan beharko du.

b) Diruz lagundutako ekintzaren informazioa hedatzean, berariaz eta nabarmenki azalduko da Nafarroako Gobernuaren laguntza eta behar diren logotipoak paratuko dira.

c) Diruz lagundutako proiekturako beste dirusarreraren edo laguntzaren bat erdietsiz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, eta honek emandako dirulaguntza aldatu edo deuseztatzen ahalko du dirusarrera guztien batura lagundu den jardueraren kostua baino altuagoa baldin bada.

d) Laguntza horiek bateraezinak izanen dira jarduera berak egiteko beste edozeinekin.

e) Dirulaguntza emateko arrazoitzat jo den jarduera egitea.

f) Laguntza emateko oinarri izan den jarduera egin dela frogatzea, eta, orobat, laguntza hartzeko edo baliatzeko eskatu diren baldintza eta beharkizunak betetzen dituela. Diruz lagundutako jarduera bukatu eta hurrengo hilabetean, laguntza jaso duen entitate onuradunak jardueraren azken memoria aurkeztuko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Memoriarekin batera diruak nola aplikatu diren frogatzeko fakturak edo balio bereko agiriak aurkeztuko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatzen den moduan beteak. Halaber, aurkeztu diren fakturen ordainagiriak ere aurkeztuko dira.

Jardueraren gaineko dokumentazioa aurkeztu ezean, laguntza emateko ebazpena bertan behera uzten ahalko da.

g) Eskumena duten organoek, eman edo jaso diren dirulaguntzen inguruan, egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

h) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea dagozkien agirien bidez.

i) Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei aplikatzen ahal zaizkien merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

j) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Hamaikagarrena._Gastuak frogatzea.

Entitate onuradunek organo emaileari frogatu beharko diote ezarri zaizkien baldintzak bete egin dituztela, diruz lagundu den jarduera egin egin dela eta aurreikusiriko helburuak lortu egin direla.

Horretarako, hurrengo agiriak aurkeztu beharko ditu bederatzigarren oinarrian aipatu egunaren aurretik:

_Dirulaguntza jaso duen jardueraren bukaerako memoria, aurreikusitako helburuen betetze-maila baloratuko duena.

_Gastua frogatzen duen kontua, dirulaguntzaz finantzaturik egin diren jardueren eta haien kostuaren adierazpena barne, eginiko gastu guztiak zehazturik, eta horrekin batera fakturak edo trafiko juridikoan frogatako balio bera duten agiria, betiere jatorrizkoak, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Frogagiriak egin diren gastuen aplikazioaren gainekoak eta haien ordainketen gainekoak izanen dira.

Diruz lagundutako jarduera berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantziatua izan bada, justifikazioan hauek adierazi beharko dira: diru-funtsen zenbatekoa, jatorria eta jardueran nola aplikatu diren.

Hamabigarrena._Dirulaguntzaren itzulketa eta zehapenak.

Jasotako dirua itzultzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa izanen da.

Ondorio horietarako, bidezkoa izanen da emandako dirulaguntza osoa itzultzea, erakunde onuradunak diruz lagundutako jardueran funtsezko aldaketak burutu baditu aurretik administrazio baimena lortu gabe.

Emandako dirulaguntza zati batean itzultzekotan, itzulketaren zenbatekoa diruz lagundutako jardueraren aurrekontu osoaren eta egindako aldaketaren artean dagoen erlazioa kontuan hartuta kalkulatuko da.

Hamahirugarrena._Arautegia.

Oinarri hauetan ezarririk ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala eginen da.

Hamalaugarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0703671