39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

42/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, unibertsitate-tituludunak prestatzeko lau beka emateko deialdia egiten duena, Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusian aritzeko.

Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiak Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuan unibertsitate-tituludunentzako lau beka sortu eta haietarako deialdia egiteko proposamena egin du, tituludun gazteen prestakuntza modu eragingarrian sustatzeko lagungarria izan daitekeelakoan.

a) Komunikazioan lizentziadunentzako beka bat.

b) Gizarte laneko diplomadunentzako beka bat.

c) Enpresa zientzietako diplomadunentzako bi beka.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa onesten duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena._Unibertsitate-tituludunak prestatzeko lau beka emateko deialdiko arauak onestea, Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusian aritzeko.

Bigarrena._45.036 euroko gastua baimentzea, deialdia finantzatu ahal izateko, honelaxe banaturik: 26.271 euro 2007rako gastu aurrekontuko "Bekak, prestakuntza, ikerketa eta laguntza teknikoa" izeneko 900000-91200-4819-143106 kontusailetik eta 18.765 euro 2008rako gastu aurrekontuan bidezko den kontusailetik.

Hirugarrena._Foru agindu hau Gizarte Ongizate Zuzendaritza Nagusiko Afera Ekonomikoen eta Inbertsioen Zerbitzuari jakinaraztea.

Laugarrena._Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 16an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

1. ERANSKINA

Unibertsitate-tituludunak prestatzeko lau beka emateko deialdko arauak, Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuko Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusian aritzeko

1._Xedea.

Deialdi honen xedea da unibertsitate-tituludunak prestatzeko lau beka ematea, lehia irekian, Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuko Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusian aritzeko.

a) Komunikazioan lizentziadunentzako beka bat.

b) Gizarte laneko diplomadunentzako beka bat.

c) Enpresa zientzietako diplomadunentzako bi beka.

Deialdiaren xedea unibertsitate-tituludunen prestakuntza bultzatzea da, departamentuan gauzatzen diren garapenerako nazioarteko lankidetzako jarduerak zuzenean ezagutu ditzaten.

2._Aurrekontuko dirua

Deialdi honetarako 45.036 euro aurreikusi dira. Horietarik 43.198 euro 2007rako gastuen aurrekontuko "Bekak, prestakuntza, ikerketa eta laguntza teknikoa" izeneko 900000 91200 4819 143106 kontusailetik finantzatuko dira eta beste 18.765 euro 2008ko gastuen aurrekontuko kasuan kasuko kontusailetik.

3._Iraupena.

Bekek hamabi hiru urte iraunen dute. Epe hori bukatutakoan, hamabi hilabeteko luzapenak egiten ahalko dira, hasierako aldia eta luzapenak harturik, hiru urte bete arte gehienez. Beka luzatu ahal izateko tutoreek aldez aurretik eskatu beharko dute.

4._Zenbatekoa eta bekaren ordainketa.

Komunikazioko lizentziadunarentzako beka 12.960 eurokoa izanen da eta beste bekadunentzako bekak 32.076 eurokoak. Hilabetero 1.080 euros eta 891 euro pagatuko dira, hurrenez hurren, edo haien zati proportzionala, bidezko bada.

5._Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da Administrazio beraren eta beste Administrazio Publiko batzuen bekekin.

6._Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dituzte bekak soil-soilik:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2. artikuluarekin bat.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo arauan azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urteetan lortu izana.

f) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

7._Balorazio baremoa.

Eskaerekin batera aurkeztutako merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:

a) Ikasketa espedientea.

Espedienteko batez besteko nota gehienez ere 3 puntuz baloratuko da.

b) Informatika jakitea.

0,25 puntu emanen dira 20 ikastorduko, gehienez ere 1,5 puntu egin arte.

c) Ingelesez eta frantsesez jakitea.

Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukitzeagatik, 1,5 puntu (0,75 puntu hizkuntza bakoitzarengatik).

d) Garapenerako nazioarteko lankidetzari loturiko prestakuntza ikastaroak: gehienez 2 puntu.

20 ordukoak baino laburragoak diren ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

e) Beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: gehienez 0'5 puntu

20 ordukoak baino laburragoak diren ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

f) Langile edo boluntario gisa izaniko esperientzia, garapenerako nazioarteko lankidetzari lotutako gaietan: gehienez ere 0,5 puntu.

Hiru hilabetetik gorako aldiak baloratuko dira.

g) Buruz buruko elkarrizketa. Bi puntu emanen dira. Honako kontu hauek baloratuko dira: garapenerako nazioarteko lankidetzari buruzko ezagutza, motibazioa, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantalderako gaitasuna eta bestelako gizarte gaitasunak.

8._Eskabideak

8.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesatuek eskabidea aurkeztu beharko dute Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Erregistroan, Iruñeko Yanguas y Miranda kaleko 27ko behean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, 30 egun naturaleko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Prestakuntza bekaren eskaria inprimaki normalizatua erabiliz aurkeztuko da, eta inprimakia lortu ahalko da Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27 behea),

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak bai eta dagozkien frogagiriak ere.

c) Espediente akademikoaren ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.

d) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.

e) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

f) Nafarroako erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

g) Alegatutako gainerako merezimenduak (ziurtagiri originala edo fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dira).

h) Eskatzailearen erantzukizuneko adierazpena, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

8.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskabideak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesatuari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera horren berri emanen zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko dokumentuak aurkeztu ez badira, ezin izanen da hori zuzendu.

8.4. Prestakuntza bekak jasotzeko eskabidea aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren arauak onartzea.

9._Ebaluazio Batzordeen osaera eta bekak emateko prozedura.

9.1. Ebaluazio Batzordeak arduratuko dira betebeharrak egiaztatzen, bekak eskatzen dituztenek alegaturiko merezimenduak ebaluatzen eta ebazpen proposamena prestatzen, non izangai onartu bakoitzari guztira emaniko puntuak adieraziko baitira.

Komunikazioko lizentziadunentzako bekarako Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

_Batzordeburua: Andrés Carbonero Martinez, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuko zuzendaria.

_Mahaikidea: María José Vidal de Grado, Administrazio Publikoko teknikaria, arlo juridikokoa.

_Idazkaria: Ana Martinez Cía, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuko teknikaria.

Enpresa Zientzietako diplomadunentzako eta Gizarte Laneko diplomatuentzako beketarako Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

_Batzordeburua: María Elena Choperena Legasa, Garapenerako Lankidetza Ataleko burua.

_Mahaikidea: Mercedes Rubio Unzué, Gobernuz Kanpoko Erakundeekiko Harremanen Bulegoko burua.

_Idazkaria: Raquel Larrasoaña Zunzarren, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuko teknikaria.

9.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesatuaren eskabidea jasotakoan.

9.3. Ebaluazio Batzordeak instrukzio organoak dira eta ebaluatuko dituzte eskabideak ofizioz, deialdian ezarritako irizpideen arabera.

Hori baino lehen, eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txosten bat prestatuko dute. 6. arauan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskariak ez dira baloratuko.

9.4. Ebaluazio Batzordeek aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko dituzte; gero, puntuazioaren arabera dagokien izangaiei beka emateko proposamena eginen dute eta haien zerrenda jendaurrean paratuko.

9.5. Bekak Gizarte Ongizatearen zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez banatuko dira, organo instruktoreak proposamena egin ondotik. Ebazpena Departamentuko iragarki oholean jarriko da (Yanguas y Miranda 27, behea), organo instruktoreak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.

Ebazpenean aipatu beharrekoa da beka jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta espresuki agerraraziko da, halakorik baldin bada, zein eskaerari esan zaion ezetz.

Banaketaren gaineko ebazpena puntuaziorik altuena lortu eta beka jasoko duten interesatuei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean horretarako ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.

10._Tutoretzak.

10.1. Kasuan kasuko administrazio unitateak tutore bat, eskatutako titulazioa edo goragokoa duena, izendatuko du bekadunen jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.

10.2. Tutoreak egin beharreko lanak agindu eta ordutegiak finkatuko ditu, eta bekadunek beren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituzten begiratuko du.

11._Esleitzeko prozedura eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabetean, onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du.

Tutoreak adostasuna eman beharko dio memoriari, eta beka emateko baldintzak eta bertan aurreikusitako helburuak nola bete diren baloratu beharko du.

12._Onuradunen betebeharrak.

a) Beka emateak ezartzen duen prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari erakustea betekizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren inguruan egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

f) Organo eskudunari jakinaraztea harturiko bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Beka dela-eta eginiko jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekadun direla adieraztea.

h) Isilpekotzat jo behar diren eta prestakuntza jardueran ezagutu diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.

13._Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka organo instruktoreak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, ezertan ukitu gabe onuradunak uko egin arte bete beharreko baldintzak.

14._Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunak Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan ariko dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

15._Jabetza intelektuala.

Jabetza intelektualerako bekadunek dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratu direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten arau estataletan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira, eta Administrazio Publikoak ez ditu bazter utziko legozkiekeen agiriak, azterlanak, ikerlanak, lanak, eskubideak, emaitza zientifikoak eta izan litezkeen asmakuntzak.

16._Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremana, administratiboa edo estatutupekoa sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak, kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17._Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari direneko Administrazio Publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18._Ez-betetzeak.

Jasotako dirua itzultzeko prozedurak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituko dio. Zehazki, honakoak izanen dira jasotako dirua itzultzeko arrazoiak:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Azken memoria ez aurkeztea edota tutorearen adostasuna ez jasotzea.

c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe, eta aldi berean jasotzea horrekin ezin bateratu den beste beka edo dirulaguntzarik.

19._Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendu beharko zaio.

Bi kasuetan jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontaturik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

GARAPENERAKO NAZIOARTEKO LANKIDETZARAKO PRESTAKUNTZA ETA IKERKETA BEKEN DEIALDIA. 2007

(e)ko tituludunentzako beka

Iruñean,........2007ko .........................aren ............(e)an.

Norberaren datuak.

Lehen deitura ............................. Bigarren deitura

Izena ...................................... NANa

Jaioteguna ............................ Tokia

Helbidea (kalea, zenbakia, solairua).

Herria ................. P.K. ................... Probintzia

Telefonoa ................. Faxa ...................... Helbide elektronikoa

Ikasketen gaineko datuak.

Titulazioak

Ikasketak hasi zituen urtea ................... Ikasketak bukatu zituen urtea

Espedienteko batez-besteko nota

Fakultatea edo Eskola .................................. Unibertsitatea

Lankidetzari lotutako prestakuntza ikastaroak, bestelako ikastaroak edo tituluak.

Izena Ordu kopurua

Lankidetzan langile edo boluntario gisa izaniko esperientzia.

Erakundea edo entitatea Postua Noiz

Informatika badakizu? BAI f EZ f

Ingelesez badakizu? BAI f EZ f

Frantsesez badakizu? BAI f EZ f

Eskatzailearen sinadura

Iragarkiaren kodea: F0703500