39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

7/2007 FORU AGINDUA, urtarrilaren 8koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Industrien Jarduerak Ingurumenaren aldetik Ikuskatzeko Plana eta 2007ko Ikuskapen programa onesten dituena.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, 2001eko apirilaren 4an, gomendio bat eman zuten (2001/331/EK) estatu kideetan ingurumen aldeko ikuskapenak egiteko gutxieneko irizpideei buruz; gomendio horretan ezartzen da, ikuskapenen plangintzari dagokionez, ingurumen aldeko ikuskapenak aldez aurretik planifikatu behar direla, eta horretarako ingurumen aldeko ikuskapenen programa bat edo batzuk ezarri behar direla, estatu kide osoa eta bertan dauden instalazio kontrolatu guztiak barne hartzen dituztenak.

Nafarroako Foru Komunitatean, ingurumen arloko ikuskapen-lanak planifikatu eta antolatzea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eginkizuna da.

Foru agindu honen xedea da Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2001eko apirilaren 4an emandako gomendioa, estatu kideetan ingurumen aldeko ikuskapenak egiteko gutxieneko irizpideei buruzkoa, (2001/331/EK), praktikan jartzea.

Horrenbestez, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak proposaturiko txostena ikusirik eta Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko 2007ko Ingurumen Ikuskapen Programa onestea. Haren testua ebazpenaren eranskinean dago.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

4. Foru agindu hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 8an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

I. ERANSKINA

Industria Jardueren Ingurumen arloko 2007ko Ikuskapen Programa

1._Eremu geografikoa.

Programa Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko da.

2._Indarraldia.

Programaren indarraldia 2007. urtea da.

3._Instalazio kontrolatuak.

3.1. Ohiko ikuskapenak

3.1.1. IPPC jarduerak: Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko 16/2002 Legearen aplikazio esparruan eta Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2. eranskinean jasotako instalazioak.

Aplikatzekoa den legeria betetzen dela egiaztatzeko ikuskapenak irekitzeko baimenak eman baino lehenagoko ikuskapenekin batera eginen dira.

16/2000 Legeak ukitzen dituen jardueretako ikuskapenak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko langileek eginen dituzte beti. Instalazio bakoitza urtean behin ikuskatu nahi da eta guztira 90 ikuskapen eginen dira.

3.1.2. Hondakinak kudeatzeko instalazioak

INSTALAZIO MOTA KOPURUA

Hondakin arriskutsuen kudeatzaileak. 14

Hondakin arriskugabeen kudeatzaileak. 7

INSTALAZIOAK, GUZTIRA 21

Hondakinen kudeaketako jardueretako ikuskapenak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko langileek eginen dituzte. Hondakin arriskutsuak kudeatzen dituzten instalazioak urtero bisitatuko dira eta hondakin arriskugabeak kudeatzen dituzten instalazioak bi urtean behin.

3.1.3. Eraikuntza eta eraispenetako hondakinak kudeatzeko instalazioeak.

Eraikuntza eta eraispenetako hondakinak tratatu eta botatzeko plantak dira, programan lehenbizikoz sartzen direnak.

14 ikuskapen izanen dira. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko langileek eginen dituzte denak.

3.1.4. Hondakin arriskutsuak sortzen dituzten instalazioak.

Sarturik daude hondakin kopuru gehien sortzen duten hondakin arriskutsuen sortzaileak, IPPC jarduera eta hondakin kudeatzaileak ez direnak.

INSTALAZIO MOTA KOPURUA

Hondakin arriskutsuen sortzaileak. 18

GUZTIRA 18

Jarduera horien ikuskapenak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko langileek eginen dituzte.

3.1.5. Hondakin urak isurtzea.

INSTALAZIO MOTA KOPURUA

Hondakin uren isuriak. 146

GUZTIRA 146

Saneamenduko kolektore publikoetara eta emari publikoetara hondakin urak isurtzen dituzten 146 enpresa ikuskatuko dira. Kasu batzuetan, hondakin urak sortzen dituen jarduera ikuskatuko da eta beste batzuetan laginak, bakunak edo konposatuak, hartuko dira.

Navarra de Medio Ambiente Industrial, S.A. enpresako langileek eginen dituzte ikuskapenak. Ikuskapen entitate bat da, ENACek ur arloan kreditatu duena.

3.1.6. Aireratzeak.

INSTALAZIO MOTA KOPURUA

Aireratzeak 9

GUZTIRA 9

Aireratzeak egiten dituzten 9 enpresa ikuskatuko dira, aireratzeen gehieneko mugak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Navarra de Medio Ambiente Industrial, S.A. enpresako langileek eginen dituzte ikuskapenak.

3.2. Ohiz kanpoko ikuskapenak

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak indarra hartu ondoren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eskumena da Ingurumen arloko baimen osatua behar duten jarduerak irekitzeko baimena ematea. Horren arabera, egin beharreko ohiz kanpoko ikuskapenen kopurua kalkulatzen da, bai salaketei edo gorabeherei erantzunez bai abian jarri edo baimendu aurretik egin beharrekoena.

IKUSKAPEN MOTA KOPURUA

Abiarazi edo baimendu aurrekoak 50

Salaketak eta gorabeherak 15

GUZTIRA 65

Iragarkiaren kodea: F0703534