II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
FUNES
Etxebizitzak zaharberritu eta eraikitzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Funesko Udalak, 2006ko azaroaren 30eko bilkuran, hasiera batean onestea erabaki zuen etxebizitzak zaharberritu eta eraikitzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza. Iragarki oholean eta 2006ko 155. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abenduaren 27an, argitaratzearekin batera jendaurreko epea ireki zen. Aldi hori iraganik, ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betetzeko, osorik argitaratzen da haren testua.
Funesen, 2007ko otsailaren 5ean._Alkate udalburua, Antonio Ulzurrun Jiménez.
FUNESKO UDALERRIAN ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITU ETA ERAIKITZEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea.
Funesko udalerrian etxebizitzen zaharberritzea eta eraikitzea bultzatzea du xede ordenantza honek, Udalaren zerga batzuetarako dirulaguntzak emanez.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Funesko udal mugapeko arau subsidiarioetako 0 unitatea (alde zaharra) da ordenantza honen aplikazio eremua. (Ordenantza honi erantsitako planoaren arabera).
3. artikulua. Dirulaguntzak har ditzaketen etxebizitzak
Ordenantza honen ondorioetarako, etxeen bizigarritasuna bermatzeko teknikari aditu baten esku hartzea behar duen obrari esaten zaio zaharberritzea, urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretuan eta Funesko udal planeko hirigintza arauetako 2.1 artikuluan zehaztu bezala. Aipatu foru dekretuan martxoaren 22ko 5/20004 Foru Dekretua aldatzen da, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena, alegia.
4. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
a) Familia unitateko kide guztiek (6. artikuluan zehazten baitira) Udalarekin inolako zorrik ez izatea, zergei dagokienez.
b) Familia unitateko kide guztiak udalerrian erroldatuak izatea, edo etxebizitzarekin batera bertan erroldatzea.
c) Zein etxe zaharberritu gogo den, eskatzailea haren titularra izatea.
5. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.
Dirulaguntzen zenbatekoak etxebizitza motaren araberakoak izanen dira:
a) Etxebizitzarako eraikina zaharberritzea: E.I.O.Z.ren %50.
b) Etxebizitza berriak: E.I.O.Z.ren %50.
6. artikulua. Familia unitatearen kontzeptua.
Ordenantza honen ondorioetarako, familia unitatetzat hartuko da higiezin berean bizi diren pertsonak, erroldako orri berean daudenak, alegia.
7. artikulua. Eskabideen tramitazioa eta laguntzen kobrantza.
Eskatzaileak bere eskabidea egin beharko du eta proiektu teknikoarekin batera aurkeztu, teknikari eskudun batek sinatu eta ikus-onetsita. Ondotik obra lizentzia emanen zaio, betiere Udal Planari egokitua bada.
8. artikulua. Dirulaguntza behin-behinekoz onartzeko baldintzak.
Dirulaguntza behin-behinekoz onartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Ordenantza honen bidez diruz laguntzen diren jarduketa guztiek hirigintzako lizentzia izan beharko dute aldez aurretik.
b) Legeak ezartzen duen kasuetan, higiezina lehen aldiz okupatzeko lizentzia eskuratu beharko da.
c) Gainerakoetan, idatziz jakinaraziko da obren bukaera. Jakinarazpena hartuta, Udalaren zerbitzu teknikoek ikustaldia eginen dute obrak egiaztatzeko eta txosten bat prestatuko da, obrak lizentziarekin bat datozela eta ordenantza honetako 3. artikuluan ezarritako ildotik diruz lagundu daitekeen hirigintzako jarduketa dela dioena, hala baldin bada.
9. artikulua. Dirulaguntzaren behin-behineko onarpena.
Aurreko baldintzak beteta, dirulaguntzarako eskubidea eta haren zenbatekoa onartuko dira, alkatearen ebazpen arrazoituaren bidez, 5. artikuluan ezarritako ildotik. Onarpen hori behin-behinekoa izanen da. Behin betiko onarpena eta dirulaguntzen ordainketa urtebetea igaro ondoren etorriko dira, hartan aipatzen diren baldintzak betetakoan.
10. artikulua. Epea.
Dirulaguntzak ordaintzeko epea urtebetekoa izanen da eta honela kontatuko da:
_Eskaerak onartzeko lehen erabileraren lizentzia behar bada, hura ematen denetik.
_Gainerakoetan, hau da, lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren ordez 8. artikuluan aipatzen den bezalako txostena behar baldin bada, epea txosten hori ematen denetik hasiko da kontatzen.
11. artikulua. Agirien aurkezpena.
Dirulaguntza kobratzeko eskubidea izateko, ordenantzaren 10. artikuluak aipatzen duen urtebeteko epea igarota, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
_Familia unitateko kide guztien erroldako ziurtagiria, dirulaguntza eskabidea aurkeztu denetik Udal Erroldan modu jarraian egon direla erakusten duena.
_Dirulaguntzaren xede den higiezinaren titularra dela erakusten duen agiria.
12. artikulua. Inguruabarren aldaketa.
Dirulaguntza kobratzeko epean familia unitateko kideen kopuruan gorabeherarik baldin bada edo beste edozein aldaketa ordenantza honetako 4. artikuluan aipatu diren inguruabarretan, onuradunak haien berri eman beharko du.
13. artikulua. Dirulaguntza bat baino gehiago eskuratzeko debekua.
Titularra ezin izanen da, ordenantza honen ondorioz, dirulaguntzako espediente bat baino gehiagoren onuradun izan, ez titular gisa ez familia unitateko kide gisa.
14. artikulua. Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.
Ordenantza honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste foru dekretu batzuek arautzen dituztenekin eta, zehazki, etxebizitzak zaharberritzeko laguntzei buruzkoekin.
15. artikulua. Eskualdatzea debekaturik.
Dirulaguntzaren onuradunak etxebizitza eskualdatzen badu dirulaguntza kobratzeko epean, hura gabe geldituko da.
16. artikulua. Egiaztatzeko eta ikertzeko ahalmena.
Dirulaguntza behin betikoz ordaindu arte, laguntzaren onuradun den familia unitateak memento horretan 4. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen ote dituen aztertuko du Udalak, edota 11. artikuluan eskatutako agirien balioa urteak iragan ahala bere horretan dagoen. Horrela ez bada, kobratzeko dagoen dirulaguntza ez da ordainduko.
17. artikulua. Behin betiko onarpena.
Aurkeztutako agiriak azterturik eta behar diren egiaztapenak eginik, Udalbatzak behin betiko onartuko du dirulaguntza, eta hura ordaintzeko erabakia hartuko osoko bilkuran.
18. artikulua. Araubide juridikoa.
Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere, toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun izaten ahal dira ordenantza honek indarra hartzen duenetik aitzina tramitatzen diren hirigintzako espedienteen titularrak.
AZKEN XEDAPENA
1. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
2. Ordenantza honen indarraldiak ez du mugarik.
Iragarkiaren kodea: L0702041