II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
ERROIBAR
Erroko udalerriko armazoi eta bestelakoetako kanpo publizitatea arautzen duen ordenantza
Erroibarko Udalak, 2006ko azaroaren 8an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Erroko udalerriko armazoi eta bestelakoetako kanpo publizitatea arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia 2006ko 147. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abenduaren 8an, eta jendaurreko epean inork ez baitu alegaziorik aurkeztu, bidezko da ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik ematea argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
ERROKO UDALERRIKO ARMAZOI ETA BESTELAKOETAKO KANPO PUBLIZITATEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA
1._Xedea.
Eremu publikotik agerian diren publizitateko instalazioek bete beharreko baldintzak ezartzea du xede kanpo publizitatea arautzen duen ordenantzak, horrelako elementu ugariek, batez ere tamaina handiko kartelek, paisaian duten eragin larria galaraztearren. Orobat, diziplina eta udal lizentzia eskuratzeko jarraitu beharreko prozedura.
Publizitateko karteldegi edo hesitzat hartuko dira hesi geometriko batez osaturiko instalazioak, beren baitan neurri normalizatuko elementu lauak dituztenak, material iraunkorrez eginak eta estetikoki egokiak, bertan publizitateko kartelak finkatzeko balio dutenak.
Publizitatetzat hartzen da jendearen artean jarduera politiko, sindikal, profesional, kultural, kirol arloko edo ekonomikoren bat edo kontsumorako produktu edo zerbitzuren bat ezagutarazteko egiten den guztia.
2._Kokaera.
Udalaren lizentziak zehaztutako tokian ezarriko dira publizitateko elementu lauak edo hesiak; honako leku hauetan, hain zuzen:
a) Orubeen barrenean, haietan eraiki ahal izan edo ez.
b) Eraikitzen edo zaharberritzen ari diren eraikinetan.
c) Eraikinen babes-hesietan edo aldamioetan, eraispen kasuan.
d) Mehelinetan, eraikuntza intentsiboko bi finka mugakideren kasuan, ez bazaie fatxada nagusiaren tratamendua ematen.
e) Erabilera publikoko hiri-lurzorua denean, Udalak esaten duen tokian.
f) Lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean.
g) Bide sarearen inguruan.
Eraikuntzari modu iraunkorrean lotutako guneak ixteko fatxada eta hormetan, bertan egiten diren industria jarduerak, merkataritzakoak edo zerbitzuetakoak aurkitzeko lagungarri diren errotuluen instalazioa baino ez da baimenduko.
3. artikulua._Debekuak.
Ez da baimenik emanen kasu eta toki hauetan publizitateko hesi edo errotuluak jartzeko:
a) Parke publiko baten sistema orokorrean edo lokalean.
b) Bereziki babestutako lurzoruan, bertan ematen diren zerbitzuen antolaketari lotutako publizitatea bakarrik ezarri ahalko da.
c) "Elementu babestuak" izenez bereizitako hiriko guneetan.
d) Fatxada nagusiaren modu berean tratatzen diren eraikinen mehelinetan.
e) Fatxadetan, horman pintatutako publizitatea egiten ahalko da, eraikinaren barreneko jarduera baino ez bada iragartzen.
f) Erabilera publikoko eremuetan, ohiko iragaitza edo trafikoa zaildu edo galarazten denean edo beste batzuei kalte egiten zaienean edo gogaitzen direnean, nahiz erabilera publikoko lorategiak, balio historiko artistikoko multzo edo eraikinak edo paisaia interesgarrien ikuspegiak galarazten direnean.
g) Guztiz debekatua dago publizitatea eta, oro har, kartelak edo pintaketak, Udalak aldez aurretik baimendu ez baditu.
h) Betiere, debekatua dago publizitateko hesi alokatuak jartzea udalerri guztian, hau da beste batzuen iragarkiak jartzeko errentan hartzen direnak.
Debeku horietatik salbu da lur horietako hiri altzarietan ezarritako publizitatea, baita Udalak erabilera publikoko eremuetan ezartzen dituen hesiak ere, Udalaren informazioa edo argibide sozialak, kulturalak eta abar emateko balio dutenak.
4._Hesi eta errotuluen formatua eta ezaugarriak.
Publizitateko hesi eta errotuluen euskarriek, haien elementuek eta eusteko egiturek, eta haien itxura orokorrak, behar adina segurtasun eta kalitate baldintza bete beharko dituzte, apaingarri publiko izateaz gain. Euskarriak hesiaren egonkortasuna bermatu beharko du, baita baldintza atmosferiko txarrenetan ere.
5._Udalaren lizentzia.
Beharrezkoa da aldez aurretik Udalaren lizentzia eskuratzea publizitateko kartel edo hesiak instalatu nahi badira, ordenantza honetan ezarritako baldintzak eta prozedura kontuan hartuz, eta titularrak beharturik daude ordenantza honen eranskinean ezarritako eskubide eta tasak ordaintzera.
Eskaeretan kokaera zehaztu beharko da, tokiaren planoa, forma eta neurriak, ezaugarriak eta publizitatearen edukia aurkeztuta.
6._Eskatzailearen betebeharrak.
Udalaren lizentziaz gain, publizitatearen eskatzaileak edo sustatzaileak gainerako baimenen jabe izan beharko du.
Kartela ezin hobe eduki beharko du; bestela, Erroibarko Udalak kentzen ahalko du eta sortutako gastuak kobratuko ditu; gainera, kostu horien adinako zehapena jarriko dio.
7._Zehapen prozedura.
Udal lizentziarik izan gabe edo horretarako behar diren baldintzak edo ordenantza honetako aginduak bete gabe egiten den publizitateak edo instalazioak berarekin ekarriko du zehapen espedienteari hasiera ematea, kontuan hartuz egitate hori hirigintza arloko arau-haustea dela.
TARIFEN ERANSKINA
Erroibarko Udalak urteko aurrekontuetan ezartzen duen tasa ordainduko da; 2007ko ekitaldirako 20 eurokoa izanen da jabetza partikularraren gainean ezarritako kartelaren m² bakoitzeko.
Eremu publikoan edo Udalaren eremu publikoa osatzen duten beste elementuetan ezarriz gero, tasa 40 eurokoa izanen da kartelaren m² bakoitzeko.
Ez dute Udalaren tasarik ordainduko 1,50 m²-tik beherako kartelek, nonahi kokatuta daudela ere. Orobat, tasa hau ordaintzetik salbuetsita daude ibarreko kontzeju, mankomunitate eta partzuergoak, haien partaiteetako bat Udala bada, eta Nafarroako Gobernua.
Honen gainean Erroibarko Udalak beste erabakirik hartu ezean, diru kopuru horiek urtero eguneratuko dira, organo eskudun ofizialak Nafarroarako onesten duen KPIren arabera.
Erron, 2007ko urtarrilaren 26an._Alkatea, Enrique Garralda Erro.
Iragarkiaren kodea: L0702042