II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
AIEGI
Bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Aiegiko udal mugapeko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantzaren behin-behineko onespena 2006ko 151. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abenduaren 18an, astelehenarekin, hala erabakia baitzuen Udalak, 2006ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran.
Jendaurrean egoteko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu aipatu ordenantza horren edukiaren aurka.
Aitzineko informazioa ikusirik, Aiegiko Udalak, 2007ko otsailaren 6an egin osoko bilkura arruntean, hartu zuen, legeak eskatzen duen quoruma zuela, ondotik osorik ematen den erabakia:
1._Behin betikoz onestea Aiegiko udal mugapeko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
2._Ordenantzaren 5. artikuluko lehen lerroaldea aldatzea, arazorik gabe baimen daitezen nekazaritzako ibilgailuen joan-etorriak bideetan barna. Lerroaldea honela gelditu da zuzendurik: "Lehen bide motan (bi metro baino gehiagoko zabalera dutenak), baimena ematen da motozikletak eta 12 tona baino pisu gutiagoko ibilgailu motordunak ibiltzeko."
3._Ordenantza horren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, 6/90 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4._Ordenantzak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, bere azken xedapenean aurreikusia dagoen bezalaxe.
Aiegin, 2007ko otsailaren 8an._Alkate udalburua, José Artiz Segura.
AIEGIKO UDAL MUGAPEKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Aiegiko bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak hiru dira: Aiegiko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.
Helburua horixe dela, Aiegiko Udalak ordenantza hau onetsi du:
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Aiegiko mendiko bide publikoen sarearen erabilera arautuko du.
2. artikulua. Aiegiko bide publikoen kategoriak.
Aiegiko bide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:
2.1. 2 metro zabal edo gehiago duten bideak.
2.2. Bide meharrak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, barne direla lasterbideak eta turismorako bidexka bi metro zabal baino tikiagokoak.
3. artikulua. Kontserbazioa.
Aiegiko Udalak begiratuko du bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bertzelako bideak (bertzeen adar direnak, bidexkak).
4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.
Debeku da bideetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita 2 metro zabal baino meharrago diren pistetan barna ere, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, oihangintzarekin edo behar bezala baimendu bertzelako jarduerekin ikusteko duten ibilgailuak. Debeku da, baita ere, ibilgailua aparkatzea pistetatik eta behar bezala seinalatu tokietatik kanpora.
5. artikulua. Bideetan ibiltzeko baimen orokorra.
Lehen bide motan (bi metro baino gehiagoko zabalera dutenak), baimena ematen da motozikletak eta 12 tona baino pisu gutiagoko ibilgailu motordunak ibiltzeko.
3,5 baino pisu handiagoko ibilgailuak ibiltzen ahalko dira bide tarte eta inguruabar hauetan:
5.1. NA-1110 errepidea (lehengo N-111) eta igeltsua ustiatzeko harrobi zaharrak lotzen dituen bide asfaltatua, helburua baldin bada obra-hondakinak horietara botatzea edo horien lehengoratzea.
5.2. NA-122 errepidea Lizarrako udal mugapean Muebles Bordonabe enpresarekin Aiegin lotzen duen bide asfaltatua, A12 autobia bidezubi goititu baten bidez gurutzatuta.
5.3. Aiegiko Udalak baimentzen dituen bideak edo bide tarteak, beharrezko ikusten duenetan eta horretarako arrazoiek komenigarri egiten dutenetan.
6. artikulua. Bideetan ibiltzeko debekua.
1. eranskinean zehazten diren bideetan, Jurramendi aldean baitaude denak, debeku da ibilgailu motordunak ibiltzea, non ez duten ikusteko nekazaritza, abeltzaintza edo oihangintza lanekin edo baimendu diren bertze batzuekin.
7. artikulua. Baimena emateko eskumena.
Udalak emanen du Aiegiko bideetan barna ibiltzeko baimena. Aiegiko bizilagunek eta beren ibilgailuak erabiltzeko beharra arrazoitzen duten bertze lagun batzuek eskatzen ahalko dute, betiere Udalak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz.
Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo aldi eta tarte jakin batzuetarako.
Bada baimena Jurramendiko San Ziprianoren ermitara erromeriak egiten diren egunetan bideak erabiltzeko.
Halaber, baimena ematen zaie ehiza-barrutiko txartela indarrean duten ehiztariei, debekualdiei buruzko Nafarroako Gobernuaren lege orokorrean espezie bakoitzerako aipatzen diren egun baliodunetan erabiltzeko.
8. artikulua. Zerbitzu publikoak.
Ordenantza honen debekuetatik salbuesten dira erakunde eta ente publikoen ibilgailuen ibilia beren egitekoan ari direnean, hala nola: polizia, suhiltzaile, mendizain etab.
Inguruabar berezietan, eskaera arrazoitua aitzinetik eginda eta kasu zehatzetarako, aitzineko lerroaldean aipatu ez bezalako egoerak ere hartzen ahalko dira kontuan.
9. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.
Aiegiko mendiko pista guztietan abiadura handiena 15 kilometro orduko izanen da.
10. artikulua. Bideen egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.
Istripu arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil eta libre dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.
11. artikulua. Jarduera debekatuak.
Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen bertzela gidatzeko manera guztiak ere. Salbuespen modura, Udalak baimena ematen ahalko du taldean antolatzen diren ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.
12. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.
Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.
13. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustetzat joko da.
14. artikulua. Zehapenak.
Arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; hura 300,51 euro izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen dirubilketa.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
1. ERANSKINA
Los Cañones bidea.
Las Cruces bidea.
Los Presos bidea, "La Pila bidea" ere zaiona.
"Hoya de la Cal" bidea.
Donejakue bidea (Jurramendiko artadian barna doan bidea).
Iragarkiaren kodea: L0702384