36. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

118/2007 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak emana, abeltzaintzako produktu eraldatuei lotutako produkzio integratuaren logotipoa erabiltzeko beste arau bat onesten duena.

Abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretuak abere produkzio integratua arautzen du. Bertan xedatzen denez, ohar, marka, ikur edo logotipo batekin bereizi eta etiketatzen ahalko da. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsiko du eta, gutxi gora-behera, nekazaritza integraturako ezarri dena bezalakoa izanen da.

2000ko uztailaren 17ko Foru Aginduaren bidez, Nafarroako produzkio integratuaren bidez ekoitziriko produktuak etiketatzeko ikur edo logotipoa onetsi zen, bereiziak izan ahal izateko. Foru agindu horretan, logotipoa onesteaz gain, diseinuaren zehaztapenak ezarri ere egin ziren:

Bestetik, foru dekretu horretan berean Abeltzaintzako Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordea sortzen da, eta 10. artikuluko 2. puntuan batzordearen eginkizunak zehazten dira; eginkizunen artean dago foru dekretu horren inguruan interesgarriak diren gai guztien berri ematearena, bereziki bere ustez produkzio integratuaren erregulazio, praktika eta sustapena hobe dezaketen neurriena.

2001eko ekainaren 25eko Ebazpenaren bidez, logotipoaren erabilerak onetsi ziren, produkzio integratua bereizi ahal izateko. 1. puntuaren g) atalean aurreikusten zenez, Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordearen adostasun txostena hartzen duten bestelako erabilerak onesten ahal dira.

Nekazaritzako industriaren arloko ekoizpen prozesuen ezaugarriak eta horiei buruzko arauak ikusirik, bidezkotzat jo da sistemari arintasunik kentzen ez dioten logotipo erabilerak aintzakotzat hartzea, ezarririko arautegia beteko dela bermatuz, azken produktuaren kalitate parametroak ziurtatzeko.

Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena ikusirik, Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordeak adostasun txostena eman eta logotipoaren beste erabilera bat proposatu du, abere produktu eraldatuen produkzioari lotua.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22. artikuluak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 48/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako abere produkzio integratuaren logotipoaren erabilera berria onestea, azken produktu eraldatuaren ontziaren etiketari loturiko bereizgarri gisa.

Betiere, erabilera horretarako baimenek bat etorri beharko dute 253/2002 Foru Dekretuko 9. artikuluan xedaturikoarekin, eta 2001eko ekainaren 25eko Ebazpenaren bidez onetsiriko motei gehitzen zaie.

2. Logotipoaren behealdean argigarri bat sartu beharko da, beltzez, milimetro bat baino txikiagoak ez diren letretan, Nafarroako Abere Produkzio Integratuaren Erregistro Ofizialean emaniko inskripzio zenbakia edukiko duena. Formatu hau izanen du: API erregistro zenbakia: ......... (zenbakia) .........

3. Logotipoaren erabilera baimendu aitzin, nahitaez etiketaren behin betiko diseinua Abeltzaintza Zerbitzuan aurkeztu beharko da.

4. Ebazpen hau Abere Ekoizpenaren Atalari eta Nafarroako Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordeko kide guztiei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko otsailaren 2an._Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0702104