36. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

131/2007 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, "Tafalla-Lizarra aireko linea elektrikoa, 66 kV-ekoa: Tafalla-Artaxoa tarteko bariantea, eta 13,2 kV-eko linea berria, Tafalla-Artaxoa" instalatzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala dela-eta Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatu du proiektua.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, proiektu sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago.

Nafarroako Gobernuak 2006ko irailaren 4an onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean 2006ko irailaren 25ean (115. zenbakia) argitaratu zen erabakiaren bidez, goian aipatutako proiektua Udalez gaindiko Proiektu Sektorial izendatu zen eta jendaurrean azaldu zen, Ingurumen ondorioen azterlanarekin batera.

Jendaurreko aldian Tafallako Udalak alegazio idazkia aurkeztu zuen. Adierazi zuen ez zela behar adina azaldu nola ezarriko zen lur azpiko linearen traza hiri lurzoruan. Sustatzaileak hauxe adierazi du: a) Tafalla ondoan eraginak gutxitu eginen dira, ipar-mendebaldetik Tafallako STR-ra datorren 13,2 kV-eko aireko linea kenduko baita; b) lur azpiko linearen trazak lehendik dauden edo egitekoak diren bideei jarraituko die, jada eginda dauden hodiak aprobetxatuko dira eta ez dira ukituko ez sistema orokorrak ez aurreikusitako urbanizazio unitateak.

2006ko abenduaren 30ean, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k honako hauek dituen dokumentazioa aurkeztu du: a) Nafarroako Gobernuak 2006ko irailaren 4an hartutako erabakia aintzat hartzea eta horren edukiari men egitea; b) Tafallako Udalak aurkeztutako alegazioak eta dagozkien argibideak; c) aipatutako erabakiaren testuan dauden zehaztapenak betetzeko konpromisoa; d) aipatutako espedientea behin betiko onesteko eskaera.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenak dioenez, proiektua gauzatzerakoan ebazpen honetako baldintzak bete beharko dira, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan ageri diren zuzenketa neurri guztiak hartzeaz gainera. Bestalde, txosten horrek ontzat ematen du hasierakoaren osagarri den dokumentazioa, Tafallako Udalaren alegazioari erantzuten diona.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez nire esku utzi dituen ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpen hau egitea: ingurumenaren aldetik egokia da onestea "Tafalla-Lizarra aireko linea elektrikoa, 66 kV-ekoa: Tafalla-Artaxoa tarteko bariantea, eta 13,2 kV-eko linea berria, Tafalla-Artaxoa" instalatzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatua. Hasierako espedientean ageri diren zuzenketa neurriez gain honako baldintza hauek bete behar dira:

_Euskarri berrien kokapen zehatza jakiten denean: a) Teknikari eskudunak, aldez aurretik eta obra lekuan bertan, egiaztatu eginen du ez dagoela aztarna arkeologikorik euskarriek hartzen duten tokian, ez aldatutako inguruan. b) Linearen eraginpeko zerrendan azterketa eginen da, inguruabarren arabera hondatu gabe uzten ahal diren landaretza guneak seinalatzeko. c) Zehatz azalduko da nola iritsiko diren ibilgailuak toki horietaraino eta zer eginen den zimenduak zulatzean eta makina eta ibilgailuetarako sarbideak irekitzean ateratzen diren materialekin. d) Landu gabeko lurretan, zehatz azalduko da nola lehengoratuko diren aldatutako guneak; betiere zuhaitz, zuhaixka edo belar autoktonoekin landareztatu behar dira, edo inguruko landareen antzeko espezieekin.

_66 kV-eko linea berriaren traza hobeki zehaztuta, Batasunaren intereseko habitat hauen gaineko eragina saihestuko da: landaredi igeltsuzale iberiarra, Thero-Brachypodietako gramineoen eta urteko landareen eremu subestepikoak, Juniperusaren sastrakadi zuhaizkarak, harizti iberiarrak (Q. faginea) eta artadiak (Q. rotundifolia), eta sakanetan, Molinion-Holoschoenioneko belar garaien belardi heze mediterraneoak eta larre halofilo mediterraneoak (Juncetalia maritimi).

_Kendu behar diren lineetan: a) Jarduketa programa finkatuko da. b) Euskarri bakoitzeraino ibilgailuak nola iritsiko diren zehaztuko da. c) Zimenduetako hormigoi blokeak nola mugitu eta haiekin zer eginen den zehaztuko da. d) Landu gabeko lurretan, zehaztu eginen da nola landareztatuko diren aldatutako guneak eta linearen eraginpeko zerrenda, edo bestela konpentsaziozko baso-berritzeak egin daitezke ukitutako udalerrietako herrilurretan.

_Ingurumen eraginen azterlanean ezarritako neurriek eta hemen adierazitakoek ekarriko duten gastuaren balorazio ekonomikoa eginen da. Neurri horiek hartuko direla bermatzeko, exekuzio proiektuan jaso beharko dira.

_Baliteke aldaketak egin behar izatea agiriaren tramitazioan ezar litezkeen baldintzak betetzeko, edo ingurumeneko balioak hobeki ezagutzen direnean, edo azterketa arkeologikoa egindakoan, edo proiektua egin eta gero hark ukitzen dituen lurretan egin litezkeen jarduketen ondorioz. Sustatzaileak aldaketa horiek onartu beharko ditu eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak haiei buruzko txostena eginen du.

_Ingurumena zaindu eta kontrolatzeko planean, sustatzaileak prebentzio, zuzenketa eta lehengoratze neurriak ezarriko ditu, ukitutako eremuaren ingurumen kalitateari eusteko bai obren aurreko zuinketa fasean bai obretan; eta ondoren ingurumen-egokitzapena bermatuko du funtzionamendu fasean. Antzematen diren eraginak gutxitu edo ezabatu egin nahi dira, landare eta animalien komunitateen bilakaera behatu ondoren. Hori dela eta, baliteke zuzenketa neurri gehiago hartu behar izatea, hasieran ezarritako neurriak behar bezain eraginkorrak ez direla ikusten bada.

_Inguruabar berezirik ezean, ingurumena zaindu eta kontrolatzeko planak hiru urte iraunen du, instalazioak egiten hasten direnetik aurrera.

Hiru hilean behin lehenbiziko urtean, zuinketa eta eraikuntza fasean, eta sei hilean behin hurrengo bi urteetan, funtzionamendu fasean, ingurumen ikuskapenak eginen dira. Ikuskapena egin eta bi hilabeteko epean txosten teknikoa eginen da eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari aurkeztuko zaio. Honako edukia izanen du: onetsitako dokumentazioan ingurumenari buruz dauden zehaztapenak bete izanaren emaitza, lortutako eraginkortasuna, eta ezabatu ez diren eragin kaltegarriak gutxitzeko hartu beharreko neurri berriak.

Nolanahi ere, ingurumena zaindu eta kontrolatzeko plana amaitu eginen da Nafarroako Gobernuak derrigorrezko azken txostena onesten duenean.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Tafallako Udalari, Artaxoako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 2an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

I. ERANSKINA

Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren deskripzioa

Proposamena da Artaxoa energiaz hornitzeko bi linea elektriko izatea, bata 13,2 kV-ekoa eta bestea 66 kV-ekoa, behar adinako zerbitzu ahalmena izan dezaten, gaur egun herriaren energia iturri bakarra Mendigorritik datorren 13,2 kV-eko linea baita.

Horretarako, lehendik dagoen 66 kV-eko linea 13,2 kV-ko bilakatuko da, hori zerbitzuan jartzeko behar diren konexio-tarteak eginen dira, eta 66 kV-eko linea berria jarriko da. Tafallako eta Artaxoako udal mugarteak ukituko dira.

66 kV-eko Tafalla-Artaxoa linea berria jarriko da. Tafalla-Lizarra lineako 18. euskarrian hasi eta linea bereko 78. euskarrian amaituko da. Guztira 9.450 metro inguru luze izanen da, eta 9 lerrokadura izanen ditu.

13,2 kV-eko Tafalla-Artaxoa linea Tafallako STRtik abiatuko da. Lehenbiziko 729 metroetan lurpetik joanen da, hiri lurzorua zeharkatuko baitu. Hortik hasita aireko tarte berria jarriko da, 2.050 metrokoa (hiru lerrokadura), lehendik dagoen 66 kV-eko linearekin 64. euskarrian bat egin arte. Lehendik dagoen linea horri eutsiko zaio 6.136 metroko tartean (13,2 kV-era aldatuta) eta Artaxoara iritsi baino lehen aireko tarte berri bat hasiko da, 2.582 metrokoa (bost lerrokadura), Mendigorritik datorren 13,2 kV-eko linearekin lotuko dena. Zerbitzua berrezartzeko bi adar eginen dira, 333 metrokoa eta 460 metrokoa, biak ere Artaxoa inguruan.

Aldez aurretik lurraldearen azterketa egin da trazadura egokienak hautatzeko, ingurumenaren gaineko eragina ahalik txikiena izan dadin, bereziki floraren eta faunaren gainekoa, eta, halaber, egungo eta etorkizuneko hirigintza-planeamenduarekin eta azpiegiturekin bateraezintasunik sor ez dadin. Gutxi gorabehera kilometro bateko zabalera duen pasabide handi bat definitu da eta horren barnean zehaztu da 66 kV-eko linearako aukeratutako trazadura. Bestalde, 13,2 kV-eko linearen trazadurari dagokionez, hauxe hautatu da, aukera onena delakoan: 66 kV-eko linearen egungo trazadura ahalik gehien aprobetxatzea.

Bederatzi eredu desberdinetako euskarriak jarriko dira. Denak metalikoak izanen dira, altzairu galbanizatuzkoak, eta sareta-profilak izanen dituzte. 15 eta 18 metro bitarteko garaierak izanen dituzte.

Ingurumen azterlanean aipatu diren alderdi hauei arreta berezia eman behar zaie:

Instalazio berriak beste hauekin gurutzatuko diren guneak:

_Nafarroako Ubidea.

_Abiadura Handiko Trena.

_Calahorra-Iruña gasbidea.

_San Adrian-Iruña oliobidea.

_66 kV-eko linea elektrikoa, Tafalla-Cordovilla.

_220 kV-eko linea elektrikoa, Tafalla-Cordovilla.

_400 kV-eko linea, Castejon-Muru Artederreta.

_NA-6020 errepidea, Artederreta-Martzilla.

_Altxonbidea: 6. iraganbidea.

_Sakanak: Artadia, Zumadia, Saragorria eta Kortetxikieta.

Horietako bakoitzari buruz, indarra duen araudian eskatutako atalak aurkeztuko dira behin betiko dokumentazioan.

Obrek ez dute ukituko Natura 2000 Sareko intereseko tokirik. Ukitutako bi udalerrien arteko mugan, lineek bi esparru txiki zeharkatuko dituzte Batasunaren intereseko habitat gisa inbentariatuta daudenak (UE 5210 kodea, "Juniperusaren zuhaixkadi eta zuhaiztiak").

Artadiek eta erkameztiek osatzen dute inguruko landaredi potentziala. Inguruan ez dago baso handirik, baina ugariak dira pinudi landatuak, bestelako zuhaizti txikiak eta heskaiak, eta horiek guztiek paisaiari balio natural handia ematen diote.

Trazaduraren zatirik handienean lineak soroetan zehar joanen dira. Tarteka ezpondaren bat eta landaredi naturaleko guneren bat zeharkatuko dute. Gune horietan landare ugarienak belarrak eta zuhaixkak dira (albitz-belarra, elorri-triska, ezkaia, abaritza, ipurua). Han eta hemen badaude arteak eta erkametzak. Landatutako pinudi gazteren bat ere zeharkatuko dute, eta landaretza urria (sarritan lezkadia) duten sakana txiki batzuk, aldian behingo suteen ondorioz guztiz degradatuak.

Lineen inguruetan hainbat hegazti harrapari aurki daitezke, adibidez: belatz handia, miru gorria eta beltza, belatz gorria, zingira-mirotza eta mirotz zuria, arrano beltza eta saia. Beste hegazti batzuk ikus daitezke, adibidez: pagausoa, galeperra, eper gorria edo estepako hegaztiak, hala nola basoilo txikia eta atalarra.

Inguruko paisaiaren balio handiari ez zaio kalte larririk eginen instalazio elektrikoen ohiko elementuak jarrita, ez baitira oso nabarmenak izanen.

Proposamena garatzeko denbora honela zehaztu da:

_2004-2006 urteak: aldez aurreko azterlanak egin, proiektua idazteko kontratua egin, UPSa tramitatzeko dokumentazioa prestatu, exekuzio proiektua egin eta baimenak tramitatu.

_2007. urtea: obrak egin, probak egin eta ustiapena hasi.

Erantsi den ingurumen azterlanean, ohiko metodologiari jarraituz, proiektuko ekintzak deskribatzen dira, inguruneko faktoreak aztertzen dira, proiektuko ekintzek faktore horietan izanen duten eragina aztertzen da eta eraginak baloratzen dira, balorazio orokorra edo azken sailkapena lortzeko.

Prebentzio, babes eta zuzenketa neurriak ezartzen dira ingurumen balioak proposaturiko instalazioen ondorioekin bateragarriak izan daitezen, eta eraginak bateragarritzat sailkatzeko bide ematen da, salbu eta hegaztien gaineko ukipenei dagokienez, hegaztien gaineko eragina moderatutzat jotzen baita.

Iragarkiaren kodea: F0701953