36. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

121/2007 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Mendabiako udal mugapean legarra ateratzeko "Las Minas" izeneko proiektua dela-eta Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Proiektuaren sustatzailea Hormigones Lodosa, S.A. da.

Ingurumen gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak eta hura betearazteko Erregelamenduak (irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak onetsia) ezartzen dutenaren arabera, xedapen horietako eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da.

2005eko urriaren 21ean, Hormigones Lodosa, S.A.k Mendabiako udal mugapean legarra ateratzeko "Las Minas" izeneko proiektua aurkeztu zuen, tramitatu zedin. Dokumentazioan, ustiapen proiektuaz gain, honako agiriak aurkeztu zituen: ingurumen inbentarioa, eraginen identifikazioa eta balorazioa, zuzenketa neurriak, ingurumena zaintzeko programa, eta ukitutako naturgunea lehengoratzeko plana.

Ebazpen honen I. eranskinean ustiapen proiektuaren deskribapena dago, eta II. eranskinean Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena jaso da.

2005eko azaroaren 30ean, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak sustatzaileari dokumentazioaren alderdi hauek osatzeko eskatu zion:

_Erauzte eremuen eta lehengoratze eremuen ezarpena. Eremu bakoitza ustiatu eta lehengoratzeko lanen kronograma, lau urtekoa gehienez (lehengoratzea barne), eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena, errepidearen gaineko ukipenei eta legar-hobiko sarbidea egiteko proposaturiko aukerari buruzkoa. Ustiapenean eta ondorengo lehengoratze lanetan zenbait aldaketa egin behar zirela adierazi zion.

2006ko ekainaren 8an sustatzaileak agiri hauek aurkeztu zituen:

_"Mendabiako Las Minas legar-hobitik ateratako legarra NA-134 errepidetik garraiatzeko baimenaren eskaera"rekin batera Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari aurkeztutako eskabidearen kopia.

_Legar ustiategiaren planoa, ustiapena erdiko fasean dagoela. Aurreko errekerimenduan eskatutako zehaztasunak ageri ziren bertan (ustiapena fasez fase, kronograma, kabailoia etab.).

Ingurumen zuzendari nagusiak abuztuaren 17an emandako 244/2006 Ebazpenaren bidez (2006ko 106. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, irailaren 4koa) espedientea jendaurrean azaldu zen, Ingurumen Eragina Ebaluatzeko Erregelamendua onesten duen 1131/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan xedatutakoa betez. Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi du espedientea osorik dagoela eta gauzatu egin daitekeela, babes neurri guztiak betetzen badira.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren uztailaren 24ko 1054/2003 Foru Aginduak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea Mendabiako udal mugapean legarra ateratzeko "Las Minas" proiektuari buruz. Hormigones Lodosa, S.A.k sustatu du proiektu hori. Aurkeztu den proposamenari ingurumenaren aldetik bideragarria irizten zaio, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

_Mendabiako 2. poligonoko 549. lurzatitik bakarrik aterako da legarra, eta lurzati horren barnean ez da legarrik aterako NA-134 errepidearen ondoko 30 metroko zerrendan eta finka mugakideen ondoko bi metroko zerrendetan. Horrenbestez, erauzketa eremuak 53.344 m² izanen ditu gehienez.

_Ustiapena maila bakarrean eginen da eta zuloa gehienez 5 metro sakon izanen da. Maila freatikora iristen bada, hondeaketa lanak maila hori baino metro bat gorago geldituko dira.

_Guztira 188.753 m³ legar aterako dira. Bolumen hori 3 urteko epea iragan aurretik aterako da, horixe izanen baita ustiategiaren gehieneko bizitza erabilgarria.

_Legarra ateratzen hasi aurretik landare-lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko geruza, eta egoera onean pilatuko da legar-hobiaren eta NA-134 errepidearen arteko 30 m-ko zerrendan, kabailoi eran, errepidetik legar-hobia ikus ez dadin. Azaleko beste lur mota batzuk ere, erabilgarriak ez direnak, kabailoi horretan pilatuko dira, baina landare-lurretik bereizita eta hura kutsatu gabe.

_Lehengoratze lanak urratsez urrats eginen dira legarra ateratzen den bitartean, 2006ko ekainaren 8an aurkeztu zen dokumentazio grafikoan ageri den fasekako planari jarraituz. Ustiapena hasten denetik 4 urteko epea egonen da lehengoratze lanak amaitzeko. Amaierako ezpondek 2H:1Vko malda izanen dute gehienez, eta zuloa ahalik gehien beteko da.

_Obrak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, Vianako Printzea Erakundeko Ondare Arkeologikoaren Bulegoari jakinarazi beharko zaio. Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2005eko maiatzaren 19an emandako txostenak dioen bezala, Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak erabaki beharko du zer egin aztarna horiekin eta beraren baimena beharko da obrari berriro ekiteko, zehazten diren moduan eta baldintzetan.

_Lehengoratze plana beteko dela bermatzeko, urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretuak agintzen duenez, sustatzaileak abal solidarioa aurkeztu behar du, uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuari jarraituz, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan. Abalaren zenbatekoa 119.034,16 euro izanen da. Sustatzaileak abala jarri izana frogatu behar dio Udalari, irekitzeko baimena jasotzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumen eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ingurumen eraginaren adierazpen honek ez du loturarik jarduera sailkaturako lizentzia lortzeko egin behar den tramitazioarekin.

4. Ebazpen hau Ingurumen Zaintzari, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Mendabiako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 31n._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektua gauzatzeko Mendabiako udal mugapeko 2. poligonoko 549. lurzatia hartuko da, hirigunetik 4,9 km-ra. Ustiategiko sarbidea lurzati berrantolamenduko bide bat izanen da, NA-134 errepideko 85,646 KPan hasten dena. Ustiatuko den lurzatiaren iparraldeko muga errepidea da.

Lurzatiak guztira 63.041,86 m² ditu. Ez da legarrik aterako NA-134 errepidearen ondoko 30 m-ko zerrendatik, ezta finka mugakideen ondoko bi metroko zerrendatik ere. Ondorioz, erauzketa eremua 53.344 m²-ra murriztuko da. 5 metro sakon hondeatuko da eta 236.387 m³ material aterako dira. Material horietatik kendu behar dira azaleko 0,5 m-ko geruza eta %10eko erreusa. Beraz, azkenean gutxi gorabehera 188.753 m³ legar lortuko dira. Urtean 65.000 m³-ko produkzioa kalkulatu denez, ustiategiak hiru urteko bizitza baliagarria izanen du gehienez ere.

Atzerakako ustiapen metodoa erabiliko da. Lurzatia mendebaldetik ekialderako zerrendetan zatituko da eta zerrenda horiek hurrenez hurren zulatuko dira. Horrela, lehenbiziko zerrendak uzten direnean, lurzatiko ustiapen eta trafiko guneetatik bereizita geratuko dira eta lehengoratu ahal izanen dira.

Ustiategiaren mugak ezarri ondoren, landare-lurra kendu eta pilatu eginen da. Gutxi gorabehera 15 cm-ko geruza dela kalkulatu da. Landare-lurreko pilak gehienez 2,5 metro garai izanen dira, eta legar geruzara iristeko azaletik kendu behar diren beste material batzuetatik bereizita egonen dira. Materialak hondeamakina hidraulikoaren bidez erauziko dira, maila bakarrean, eta zuloa 5 sakon izanen da. Maila freatikora iristen bada, hondeaketa lanak maila hori baino metro bat gorago geldituko dira. Materialak erauzten dituen hondeamakinak berak brozel kamioietara botako ditu. Kamioi horiek Hormigones Lodosa enpresaren tratamendu lantegira eramanen dute erauzitako materiala. Beraz, ez da legarra tratatzeko instalaziorik izanen legar-hobian.

II. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Ingurumen eraginaren azterlanean ondokoak sartzen dira: ingurumen inbentarioa, ingurumenaren eta ekonomiaren gaineko eragin nagusien azalpena, eraginen identifikazioa eta balorazioa, zuzenketa neurriak, laburpen agiria, lehengoratze plana eta ingurumena zaintzeko programa.

"Aukeren azterketa" izenburuko atalean ohartarazten da badirela aztertutako lurzatiaren antzeko beste hainbat: ingurumenaren aldetik balio azpimarragarririk ez duten nekazaritza lurrak, Ebro ibarreko behe edo erdi mailako terrazetan. Finka honek sarbide erraza du eta horregatik hautatu da, proiektuak inguruko jardueretan ahalik eragin txikiena izan dezan. Ustiapenerako atzerakako metodoa aukeratu da, materialak arinago ateratzeko eta aldi berean lehengoratze lanak egin ahal izateko urratsez urrats.

Ingurumen inbentarioan inguruko elementu nagusiak jaso dira, hala nola klima, geologia, hidrologia, landaredia, flora, fauna, paisaia eta naturgune babestuak.

Ingurumenaren eraginaren azterlanean, ingurunearen gainean ustiapenaren ondorioz izanen diren eraginak baloratzen dira. Ez da eragin kritikorik aipatzen. Geologiaren, orografiaren eta paisaiaren gaineko eraginak moderatutzat jotzen dira. Eragin horiek zuzentzeko neurri hauek jaso dira, besteak beste: landare-lurra metatzea gero berriz jartzeko, eta amaierako topografia leuna eratzea, gehienez 2H:1Vko malda izanen duten ezpondekin. Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, 2005eko azaroaren 30ean eman zuen txostenean, landare-lurra legar-hobiaren eta errepidearen arteko zerrendan pilatzeko eskatu zuen, legar-hobia NA-134 errepidetik ikus ez dadin. Hala, bada, landare-lurrarekin kabailoia eginen da eta errepidetik ez da ikusiko erauzketa eremua.

Landarediaren eta habitaten gaineko eragina bateragarritzat jotzen da, landaredi natural garrantzitsurik gabeko soroak baizik ez baitira ukituko. Ez da naturgune babesturik ukituko, ezta Natura 2000 sarean sartuta dagoen Batasunaren Intereseko Lekurik ere.

Era berean bateragarritzat jotzen dira airearen kalitatearen gaineko eragina, soinu ingurunearen gainekoa, faunaren gainekoa, ingurune sozioekonomikoaren gainekoa eta garraioaren gainekoa. Zuzenketa neurri batzuk jaso dira karga eta garraio lanetan ahalik hauts gutxien altxatzeko, eta ustiategiaren inguruan hesia jarriko da pertsona edo animaliak zulora erortzeko arriskurik izan ez dadin.

Kultur ondarea batere ukituko ez dela adierazten da. Vianako Printzea Erakundeak 2005eko maiatzaren 19an emandako txostena erantsi da, eta horrek baztertu egiten du aztarnategi arkeologikoen gaineko eraginik izan daitekeenik. Eragin sozioekonomikoa positibotzat jotzen da, lanpostuak sortuko baitira.

Labur azalduta, eragin motetatik 3 ez direla batere azalduko, 11 bateragarriak izanen direla eta beste 3 moderatuak izanen direla adierazten da, eta azken balorazioan, berriz, eragina bateragarritzat jotzen da.

Lehengoratze proiektuak dioenez, lehengoratze lan nagusiak hauek izanen dira: ezpondei 2H:1Vko malda ematea, metaturiko landare-lurra zabaltzea eta lurraren azaleko tratamendua egitea. Lurzatiko alde lauan nekazaritzako erabilera berreskuratuko da, eta ezpondetan bazkalekua ezarri nahi da, bi ereinaldiko ereite hidraulikoaren bidez. Jarduketaren epeak bi landareztatze-aldi igaro arte iraunen du. Epe osoa, erauzketa eta urratsez urratseko lehengoratzea barne, lau urtekoa izanen da.

Sustatzaileak 2006ko ekainaren 8an aurkeztutako agiri grafikoetan, hurrenez hurreneko hiru fase ezarri ziren erauzketa/lehengoratze lanetarako, lurzatiko sektore zehatzei dagozkienak. Lehengoratzea pixkanaka eginen da. Hala, fase bateko erauzketa ez da hasiko harik eta aurreko faseko lehengoratzea egin arte.

Proiektuko Ingurumena Zaintzeko Programari jarraituz, prebentzio eta zuzenketa neurriak hartuko dira, eragin nagusiak egiaztatu eta neurtu eginen dira, eta azterlanean iragarri gabeko beste eragin batzuk detektatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F0701831