I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
94/2007 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Etxague Olorizko lurzati berrantolamenduari dagokion ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatua, egiten duena.
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, 3C eranskinaren D atalean, ezartzen du 300 hektareatik goitiko lurzati berrantolamendu publikoetan ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana egin behar dela.
Etxagueko lurzati berrantolamenduari dagokion ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedurari hasiera emateko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, 2005eko ekainaren 23an, proiektuaren laburpen-memoria aurkeztu zion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2005eko abuztuan, aurretiazko kontsulten izapidea egin zen, aurreko artikuluan xedatu bezala. Kontsulta egin zitzaien 24 entitateetatik lauk erantzun zuten, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean kontuan hartu beharreko alderdi batzuk aipatuz. Kontsultatuen zerrenda eta eman zituzten erantzunen laburpenak ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenaren I. eranskinean daude. Aurretiazko kontsulten izapidearen emaitzak eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren irismenari buruz Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak egindako txostena sustatzaileari igorri zitzaizkion 2005eko urriaren 6an.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, 2005eko abenduaren 22an, "Etxagueko lurzati berrantolamenduari dagokion ingurumenaren gaineko eraginaren Azterlana" aurkeztu zuen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, oinarrizko proiektuarekin batera, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedaturikoaren arabera tramitatua izateko.
Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanen azalpena eraginaren adierazpenaren II. eranskinean azaldu dira. ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarienak egokiro aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.
Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak, martxoaren 8ko 84/2006 Ebazpenaren bidez, ingurumenaren gaineko eraginaren Azterlana, oinarrizko proiektuarekin batera, jendaurrean jarri zuen hogeita hamar egun baliodunetarako. Ebazpen hori 2006ko 40. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 3an. Aipatutako epe horretan ez zen alegaziorik aurkeztu.
Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak jakinarazi duenez, espedientea osorik dago.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Etxague Olorizko lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egitea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustaturik. Ingurumenaren aldetik bideragarria da, baina baldintza hauek bete beharko ditu:
_Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean kartografiatu eta balio handikotzat hartu diren ingurumen unitateek bere horretan iraunen dute oso-osorik. "Sakan", "hemengo zuhaizti", "sasi", "zuhaizti sasidun" eta "naturgunea dibertsifikatzen duten osagai" gisa ageri diren guneak dira. Ordezkapen finka berrietan sartzen badira, lur-erauzketak egitea baimenduko da, bakar-bakarrik, finkaren barnean hesiak edo zuhaitzek bereizten duten eremu batetik bestera pasatzeko bidea egiteko.
_2. poligonoko bazkalekua eta sasi eremua, Iparragerria sakanaren goiko tartean, Lo del Rey alderdian, 6. gunearen iparraldea (7. gunearen inguruan) eta 9. gune osoa, Europar Batasunaren interesekotzat jo diren habitatat dira, zabal samarrak, eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean oso kalitate handiko paisaia unitatean ageri dira. Abeltzaintza estentsiboarekin kudeatu beharko da. Beharrezkoak izanen balira, sasi garbiketa selektiboak egin litezke, baina ez da luberrituko larre artifiziala paratzeko edo berriro landatzeko.
_2. poligonoko 6. gunean, 12. gunearen inguruan, bazkalekuko zuhaiztia errespetatuko da.
_3. poligonoan, 39. gunearen barruan, alorrean, eta 44. gunearen ertzean, Elkarbeko sakaneko ibaibidea balio handikotzat hartu beharko da.
_7. poligonoko 165. gunean, alorrean, ezpondarik handiena errespetatuko da, higaduraren kontra balio handia du eta.
_ingurumenaren gaineko eraginaren azterlaneko 2. poligonoko 21. guneko mapan, balio handiko sasia agertzen da, bazkaleku gisa agertu beharko lukeena. Beraz, haren balorazioa arrunta izaten ahalko da, zuhaizti sakabanatua balio handikotzat jotzen baita, hemendik aurrera osagai dibertsifikatzailea izanen baita.
_Bide sareari dagokionez, kontuan hartuko dira ondoko oharrak:
."De las bordas de las vacas" izeneko A bidean, ibaibide mugakidea errespetatu beharko da Elkarbeko sakanean. A3 bideko gurutzetik gertu dagoen tarteko ezponda eta hasierako tartean izan litekeen harri-lubeta paisaiarekin integratu beharko dira. Azkenik, gaur egungo ateka aziendarendako itxita eduki beharra adieraziko da, mendietan bestelako erabilerak saihesteko.
.A-5 bidearen errodadura zabalera 3,5 m-era gutxituko da, azkeneko tartean, 17. gunetik aurrera.
.C4 bideak 202. gunearen ukipena saihestu beharko du, kanpoko ertzetik joanez. C4 bidearen hasierako harresi zaharra berrituko da. 100 metro luze da, Olorizko bidearekiko mugan. Oinarrizko proiektuan xedatu bezala, elkarzut geldituko da, oinezkoendako.
.C6 bidea (Bariaingo bidea) azken nekazaritza finkara (176. gunean) ailegatzen den tokian bukatuko da edo bestela azkeneko tartearen errodadura zabalera 3,5 m-ra gutxituko da, finka horretatik aurrera.
_Dokumentatu diren aztarnategi arkeologikoak eta obrak egin bitartean aurkitu litezkeenak zaindu eta babestu egin behar dira, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanari erantsi zaion txosten arkeologikoan dauden zehaztapenak betez.
_Bideen eta drainatzeen sareko obrak bukatutakoan eta ordezkapen finka berriak emandakoan, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorriko dira obra garaian ingurumenean egindako jarraipenari buruzko txostena eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoko hondarreko ingurumen-eraginen balorazioa.
2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.
3. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Olorizko Udalari, Etxagueko Kontzejuari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari igortzea.
Iruñean, 2007ko urtarrilaren 29an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.
I. ERANSKINA
Aurretiazko kontsulten izapidearen emaitza Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman dituzten erantzunen laburpena
Olorizko Udala. -
Eloko Udala -
Untzueko Udala -
Olorizko Kontzejua -
Etxagueko Kontzejua -
Kultur Ondarearen zuzendari nagusia -
Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendaria X
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria: X
Herri Lan Zuzendaritza Nagusia X
Ebroko Ur Konfederazioa X
LAB -
UGT -
Nafarroako Unibertsitatea -
ELA -
Unión de Agricultores y Ganaderos -
Nafarroako Unibertsitate Publikoa -
EHNE -
Gorosti -
Gurelur -
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa -
Nafarroako Ehiza Federazioa -
ANEL -
CCOO -
Aurretiazko kontsulten aldian jasotako erantzunek ondoko eduki hau dute ingurumenaren aldetik:
1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurralde eta Hirigintzaren Antolamendu Zerbitzua. Haren erantzunean Alaizko parke eolikoa aipatzen da.
2. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusia. Haren erantzunean aditzera ematen da ez dela beharrezkoa oharrik edo iradokizunik egitea zuzendaritza nagusi honek bere dituen eskumenei dagokienez.
3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua. Aditzera eman du, besteak beste, proiektuaren jarduketa eremuko latsetan egon daitekeen fauna katalogatua aintzakotzat hartu beharko dela eta, beraz, hura zaindu eta ibaiertzetako landaredia hobetzeko neurriak hartuko direla. Lurzati berrantolamenduak abereendako putzuak egitea badakar berarekin, eraginaren azterlanean neurriak aipatuko dira haren diseinua bateragarria izan dadin anfibioekin eta fauna eremuan erori eta itotzeagatik ez kalitzeko.
4. Ebroko Ur Konfederazioa. Erantzun du ez dela eragin negatibo larririk ikusten proiektua gauzatzeari dagokionez. Nolanahi ere, gomendatzen du ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean ur jabari publikoa babesteari garrantzi berezia ematea, eta, halaber, azterlan hori egiteko balio duten jarraibide batzuk ematen ditu.
II. ERANSKINA
Proiektuaren laburpena
Etxagueko Kontzejua Olorizko udalerrian dago eta Alaitz mendi lerroaz hegoaldean. Berrantolatu beharreko eremuak 904 ha ditu (horietarik 549 ha herrilurrak dira), eta 28 jabe, 342 lurzatitan. Lurzatien batez besteko eremua 2,6 ha-koa da. Herrilurrak kenduta, lurzatien bataz besteko eremua 1,5 ha-koa da.
Lurzati berramentolamendurako planak 71,5ko berrantolamendu indizea eta 2,9 murrizketa indizea ezartzen ditu.
Oinarrizko proiektuaren arabera, 11 bide egin nahi dira, guztira 10.080 m. Denak trazadura zaharrekoak dira, bi izan ezik: C bidea, herriguneko saihesbidetako balioko duena, eta C4 bidea. Horrenbestez, 8.745 m trazadura zaharretatik doaz eta 1.335 m trazadura berrikoak dira.
Errodadura zabalera 4 metrokoa da, B bidearena izan ezik, harena 3,5 metrokoa baita.
Drainatze gisa, bideetan arekak egin, ur horiek husteko behar diren fabrika-lanak gauzatu eta bideekin moztutako ibaibide naturalak lehengoratuko dira sakanguneen, esparru aurrefabrikatuen nahiz metro bateko diametroa duten kainuen bitartez.
Oinarrizko proiektuaren exekuzio materialaren aurrekontua (lurren mugimenduak, zola ematea, fabrikako obrak, seinaleak eta neurri zuzentzaileak barne) 600.000 eurokoa da.
III. ERANSKINA
Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren laburpena
Etxagueko kontzejua toki malkartsua da, Zidakos ibaiaren iturburu. Abeltzaintza da nagusi bertan. Nekazaritza haren menpe dago. Bi artegi daude, 1.100 bat abelburu dauzkatenak, bi behitegi, 60 bat abelburu dauzkatenak, eta abeltegi nahasi bat, ardiak eta hamabost behor dauzkana.
Ikuspegi geologikotik, materialak, hareharriak, buztinak eta jatorri kontinentaleko margak dira. Iparraldean itsasaldeko jalkinak azaleratzen dira, Alaitz mendilerroa osatzen dutenak. Tertziarioko lurzoruak ez dira batere sakonak, harri gutxi dituzte eta mazela ezegonkorrak dira. Holozenoko lurzoruak jalkinak eta buztinak dira eta harea erztunak ere bai.
Lurzoruaren erabilera eta aprobetxamenduei dagokienez, aipatzekoa da 497 ha bazkalekuetarako eta zuhaixketarako erabiltzen direla, 210 ha ametz ilaundunetarako eta erkametzetarako, 91 alorretarako, 42 ha larizio pinuetarako eta basoberritzeko eta 30 ha zuhaitzak dituzten bazkalekuetarako, 13 ha pagadietarako eta 2 ha karraskadietarako.
Berezko landare gehienek Europar Batasunarendako intereseko habitatak osatzen dituzte, Habitaten Inbentario Nazionalean sartu direnak.
Eremu horretan hiru giro bereizten dira, fauna komunitate bana biltzen dutenak: basoa, mosaikoan (alorrek eta larrek osatzen dutena, sasiekin eta berezko landaredia duten ezpondekin nahasiak) eta sakan eta erreketako ibai giroa eta ibaiertzak.
Paisaiari dagokionez, zortzi unitate zehaztu dira, ezaugarrien arabera lau kategoria hauetan sailkatu direnak:
_Oso kalitate handia: Lo del Rey, Ajuriz eta Sorgiñaran alderdiak.
_Kalitate handia: herriaz hegoaldeko alorra eta Elkarbe alderdia.
_Erdi mailako kalitatea: Alaitz mendilerroko gandorra eta Buruxuri alderdia.
_Kalitate arrunta: Etxaguemendia eta Artsasu alderdiak.
Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren oinarria hasierako fase batean egindako landa-lana da, non egitura eta funtzionamendu aldetik homogeneoak ziren 238 gunetan eskualdearen azterketa egin baitzen, 1:5.000 eskalan. Gune horiek, ondoren, zortzi ingurumen-unitatetan sailkatu dira. Era berean, ingurumen-unitateetan dauden osagai nabarmenak inbentariatu eta karakterizatu dira. Unitateak mugatu ondoren, bakoitzaren balorazioa egin da, era honetan:
_Ingurumen-balio handia dutenak: "Sakan", "hemengo zuhaizti", "sasi", "zuhaizti sasidun" eta "naturgunea dibertsifikatzen duten osagai" gisa ageri diren guneak dira.
_Ingurumen-balio ertaina dutenak: bazkalekuak eta basoberritzeak.
_Ingurumen-balio arrunta dutenak: alorrak.
Ondare arkeologikoari dagokionez, Runa S.L. kabinete arkeologikoak azterlan bat egin du. Indusketa arkeologikoaren ondorioz balio kulturala izan dezaketen 15 aztarna azaldu dira. Haietarik, 3 inbentariatu beharreko aztarnategiak dira, 5 aurkikuntza solteak eta 7 ondasun etnografikoak. Horietarako guztietarako balio handiko kategoria ezarri da.
Eraginak banan-banan aztertu dira, prozesuaren fasearen arabera eta kaltea eragin lezaketen ekintzen arabera.
_Obrak egiteko fasean:
Ingurumenaren gaineko eraginik handienak sortzen dira fase honetan. Alde batetik, azpiegituren proiektua eginen da, eta, bestetik, finka berrien jabetza hartu ondotik, haiek egokituko dira.
Eragina dago berezko landaredian, faunan eta paisaian. Eragin moderatuak dira.
_Ustiapen fasean:
Fase honetan obrak egiteko faseko eragin berak daude. Lurzati berrantolamenduaren ondorio positiboak ere badaude fase honetan (bideen sare berria, finketarako sarbide erraza eta hobekuntza sozioekonomikoak).
Prozesua aztertu ondoren, irizpide, zuzentarau eta babes eta zuzenketa neurri batzuk proposatu dira. Horiek aplikatuz gero, oro har, bateragarriak izanen dira lurzati berrantolamenduaren prozesua eta naturgunea babestea.
Neurri horiek honako bost taldetan sailkatu dira:
1) Berrantolatu beharreko perimetroaren gaineko aginduak.
2) Ordezpen finkak diseinatu eta banatzearen gaineko aginduak, garrantzi bereziko osagaien babesa ziurtatzeko, kontserbatu nahi diren bestelako osagaiak mantentzeko eta dibertsitate mailari eusteko. Horretarako, ondoko hauek proposatu dira, laburbildurik:
_Lurzatien geometria aurretik dauden osagaien arabera moldatzea.
_Babestu beharreko eremuak herrilurrei eta egungo jabeei esleitzea.
_Landare-hesien sare osoa mantentzeko lanak ziurtatzea.
3) Bide berrien trazadura ezartzeko neurriak.
_Trazadura egungo bide sareari egokituko da.
_Bideen zabalera ahal den guztia malgutuko da.
_Ura bideetan barna igarotzeko bide emanen da.
_Lurrak ahalik eta gutxien mugituko dira.
_Bideen ondo-ondoko aldea zainduko da: ezpondak eta mugak.
_Bide-bazterrak lehengoratuko dira.
4) Obrak egiten direnerako aurreneurriak.
_Zarataren kontrola.
_Hauts gutxiago botatzeko ureztaketak.
_Euri garaian lan mekanikorik ez egitea.
_Makinak eremu babestuetara sartzeko murriztapenak ezartzea.
_Aldian behin makinak aztertzea.
_Lurrerauzketetan gaineko landare-geruza gordetzea gero erabiltzeko.
_Jalkinetarako dekantazio putzuak egitea.
_Materialak pilatzeko guneak toki egokietan paratzea.
_Mailegu eremuak, hustuketakoak, hondakinak biltzekoak eta makinen parkea kontrolatzea.
_Landareak babesteko seinaleak jartzea.
_Ekintzak faunarentzat arriskua duten garaietan ez egitea.
_Ekintzen berri ematea hedabideetan, gardentasunez.
_Ager litezkeen aztarna arkeologikoak kontrolatzea.
5) Obrak burutu eta mantentzeko neurri zuzentzaileak.
_Obren ondoren lurra destrinkotzea.
_Aurretik gordetako gaineko landare-geruza hedatzea.
_Obraren instalazio osagarrien eremua lehengoratzea ingurumenaren aldetik.
_Landaketak egitea.
Azkenik, Ingurumena Zaintzeko Plana proposatu da, berrantolamenduak ukituko dituen natur osagaietan aplikatzeko.
Bukaera gisa, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean adierazten da Etxagueko udalerriko lurzati berrantolamenduak ingurumenean eraginen dituen kalteak apalak izanen direla, betiere aurreikusitako babes neurriak hartzen badira. Ingurumenari dagokionez, eremurik ahulenak, bereziki ibaiertzetako landaredia, zuhaiztia eta naturgunearen osagai dibertsifikatzaileak dituztenak, ez dira sobera aldatuko lurzati berrantolamenduaren ondorioz.
Iragarkiaren kodea: F0701704