I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
29/2007 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Nafarroako Ubideko Billabetako presako balbulen galeriarako behin betiko sarbidearen proiekturako, alegia, Ingurumen zuzendari nagusiak urtarrilaren 5eko 17/2005 Ebazpenaren bitartez baimendutako obra-bidea behin betiko egiteko.
Proiektu osagarrien mota hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Legearen 2.C eranskineko O) atalean sarturik dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, 28. artikuluan, ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emango duela ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko, eskaria aurkezten denetik lau hilabeteko epean.
Aipatutako 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Aipatutako foru legea betetzeko, txosten bat eskatu zaio Longidako Udalari; gainera, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak adostasun txostena eman du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoa betetzeko.
Espedientean Plangintza eta Laguntza Atalaren txostena sartu da. Bertan abelbideei egin dakizkiekeen ukipenak aztertzen dira, izan ere, sarbideak Milagrotik Aezkoara doan Errege Altxonbidea gurutzatzen baitu. Kontuan harturik jarduketak ez duela abereen bidea oztopatuko, txostenak adostasuna adierazten du. Gainera, txostenaren arabera, altxonbidearen jabetza ez da ezertan aldatuko eta sustatzailea izanen da bertatik doan bidearen mantentze-lanen arduraduna.
Ingurumenaren gaineko Eraginaren Bulegoak aditzera eman du proiektua egokia izanen dela ingurumenaren eta paisaiaren aldetik, baldin eta bertan aipatutako neurri zuzentzaileak hartzen badira: okupazioa murriztea, bidearen bazterrak landareztatu eta lehengoratzea, altxonbidean sartutako lubetetara eta bazterretara lurrak ekarriz eta urez ereinez, hala nola lur-erauzketako eremuetan urez ereinez.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Nafarroako Ubideko Billabetako presako balbulen galeriarako behin betiko sarbidearen proiekturako, alegia, Ingurumen zuzendari nagusiak urtarrilaren 5eko 17/2005 Ebazpenaren bitartez baimendutako obra-bidea behin betiko egiteko, uste baita proiektua lurraldearen, ingurumenaren eta paisaiaren aldetik bideragarria dela, baldin eta ondoko zehaztapen hauek kontuan hartzen badira:
_Proiektuan adierazten den bezala, egun dagoen behin-behineko sarbideak zabalera handiagoa duen tarteetan, bidearen zabalera txikituko da, eta, ondorioz, okupazioa 6 m-koa izanen da eta zolaberritzea 4 m-koa.
_Aurkeztutako ukipenen azterlanean proposatutako neurri zuzentzaileak eta lehengoratzekoak garatuko dira, eta arreta berezia jarriko da bidearen bazterrak hasierako tartean lehengoratzeko, Milagrotik Aezkoara doan Errege Altxonbidearen parez pare eta harekin gurutzatzen den tokian, oso egoera txarrean baitaude alde horretan.
_Abelbideen babesari eta jabetzari dagokienez, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalaren txostenean ezarritako baldintzei jarraikiko zaie.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Ebazpen hau sustatzaileari, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari eta Longidako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2007ko urtarrilaren 29an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F0701646