I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.2. Kontratazio administratiboa
47/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 5ekoa, tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoa kudeatzeko lau kontzesio administratibo esleitzen dituena, Tuterako, Lizarrako, Tafallako eta Zangozako eskualdeetan.
Ekonomia eta Ogasun kontseilariak abenduaren 27an emandako 404/2005 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoa kudeatzeko lau kontzesio administratibo kontratatzeko espedientea onetsi zen. Era berean, xedatu zen esleipena lehiaketa irekiaren bidez egitea.
Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, otsailaren 16ko 55/2006 Foru Aginduaren bidez, Kontratazio Mahaia izendatu zuen. 2006ko abuztuaren 18an, aipatutako mahaiak lau kontzesio Televisión Popular de Navarra, S.A.ri esleitzeko behin-behineko proposamena egin zuen. Proposamena onesterakoan, Kontratazio Mahaiak kontuan hartu zuen Doxa Consulting aholkularitza enpresak egindako txostena, horretarako kontratatu baitzen, Kontratazio Mahaiak berak eskatuta.
Nafarroako Gobernuaren 2006ko irailaren 4ko Erabakiaren bidez, Kontratazio Mahaiak erabakitako esleipen proposamena egin zen eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren txostenaren zain gelditu zen, uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen 26. artikuluko 1.d) idatz-zatian agindutako izapidaketari jarraikiz. Lege horrek Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen.
Organo horrek 2005eko abenduaren 14an igorri zuen aginduzko txostena. Bertan, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, esleipen-hartzaileak Telebista Pribatua arautzen duen 10/1988 Legearen 19. artikuluko betebeharrak betetzen zituela adierazi ondoren, adostasun txostena eman zion Tuterako, Lizarrako, Tafallako eta Zangozako eskualdeetan tokiko telebista digitalaren zerbitzua kudeatzeko lau kontzesio administratibo esleitzeko behin-behineko proposamenari, Kontratazio Mahaiak egindakoari alegia. Nafarroako Gobernuak aintzat hartu du txosten hori, 2007ko urtarrilaren 22ko Erabakiaren bidez.
Azkenik, Kontratazio Mahaiak, 2007ko urtarrilaren 24an, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aldeko txostena ikusi ondoren, Tuterako, Lizarrako, Tafallako eta Zangozako eskualdeetan tokiko telebista digitalaren zerbitzua kudeatzeko lau kontzesio administratibo Televisión Popular de Navarra, S.A. enpresari esleitzeko behin betiko proposamena onestea erabaki du.
Hori guztia kontuan harturik, bidezkoa da Tuterako, Lizarrako, Tafallako eta Zangozako eskualdeetan tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoa kudeatzeko lau kontzesio administratibo Televisión Popular de Navarra, S.A. enpresari esleitzea.
Horrenbestez, Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Foru Legeak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Tuterako, Lizarrako, Tafallako eta Zangozako eskualdeetan tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoa kudeatzeko lau kontzesio administratibo hamar urterako Televisión Popular de Navarra, S.A. enpresari esleitzea.
2. Foru agindu hau igortzea Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzura (Kontabilitate Atala eta Kontu-hartzailetza Atala), Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzura, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilura, Telekomunikazioetarako Estatuko Idazkaritzara, Producción Integrada Local, S.L.ra eta Televisión Popular Navarra, S.A.ra.
3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.
Iruñean, 2007ko otsailaren 5ean._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.
Iragarkiaren kodea: F0702255