I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza
53/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana. Haren bidez behin betikoz onesten da Fustiñanako Udal Plana aldatzeko espedientea, AR3-S2 industrialdea zabaltzeko La Granja mugapean, bertako Udalak sustatua.
Fustiñanako Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, behin betikoz onets dadin.
Ikusirik aurkezturiko agiriak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena, bidezko da behin betikoz onestea.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Behin betikoz onestea Fustiñanako Udal Plana aldatzeko espedientea, AR3-S2 industrialdea zabaltzeko La Granja mugapean, bertako Udalak sustatua.
2. Udalari adieraztea departamentu honetara bidali behar duela, hiru hilabeteko gehieneko epean, aldaketa honen Testu Bategina, ondoan zehazten diren akatsak zuzendatuta:
a) Lurzati bakoitzerako proposaturiko aprobetxamenduen batuketak zertxobait gainditzen du banaketa eremuan baimen daitekeen gehieneko aprobetxamendua, beraz, doitu beharko da.
Dotazioetarako lurzatiak erabilera publikokoak izanen dira, ez zaielako aprobetxamendurik esleitzen.
b) Eraikitzeko ordenantza, agiri horretako 3. puntuan ezarritakoa, nahasgarria da eraikigarritasuna modu generikoan deskribatzen duelako, eta lurzati bakoitzari berea esleitzen zaio. Beraz, puntu hori ezabatu ala lurzati mota bakoitzerako ordenantza garatu beharko da.
c) Agiriko orrialdeak 5. zenbakitik 7.era jauzi egiten dute. Hartaz, lurzati bakoitzaren Hirigintzako fitxen zerrenda laburtua, azalera, gehieneko okupazioa, eraikitzeko altuera, eraikigarritasuna eta aprobetxamendua dituena, osatu gabe dago.
d) AR1-S2 izeneko industrialdea zabaltzeko abuztuaren 22ko 283/2006 Foru Aginduaren bidez onetsitako xehetasunak jartzen dituen agiriaren 9.3 puntuko hirigintzako fitxa "indarrean" agertu beharko da, "indargabetua" agertu beharrean, erabat aplikatu beharrekoa baita.
Era berean, "indargabeturiko hirigintzako fitxak" izeneko titulu orokorra aldatu behar da nahasgarria izan ez dadin.
3. Foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen adieraztea. Interesatuek, administrazio publikoek izan ezik, legezkotasuna kontrolatzea helburu duen egintza honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Eta onetsitako hirigintza araudiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
4. Foru agindu hau Fustiñanako Udalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2007ko otsailaren 7an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.
Iragarkiaren kodea: F0702249