36. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

811/2007 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozain izateko 28 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren II. eranskineko (merezimenduen baremoa) 1.a) atalaren idazketa osatu eta atzemandako bi akats zuzentzen dituena. Deialdi hori otsailaren 19ko 504/2007 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ekainaren 19ko 504/2007 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozain izateko 28 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zuen. Deialdi hori 2006ko 29. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 7an.

Merezimenduen baremoan, hizkuntzak jakiteagatik erantsitako puntuazioari dagokion atalean, ez da agertzen hizkuntza bakoitzari ematen zaion puntuazioa ezartzeko modua. Beraz, osatu behar da, adieraziko den moduan.

Bestaldetik, deialdiaren 6.4.1 oinarrian, hirugarren ariketa deskribatzen denean, soberan dago, haren izaeraren aurkakoa baita, "erantzun okerrak zehatu eginen dira" adierazpena, eta kendu behar da.

Azkenik, 2.1.1 oinarriaren f) letran, soberan dago ondoko adierazpena: "betebehar hori duen lanpostua eskuratu gogo denean", guztiek baitute betebehar hori.

Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozain izateko 28 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren merezimenduen baremoan, hizkuntzak jakiteagatik erantsitako puntuazioari dagokion atalaren idazketa osatzea. Deialdi hori 2007ko 29. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, martxoaren 7an argitaratu zen. Hona hemen idazketa berria:

"Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

_Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 1'5 puntu gehienez.

_Euskara jakiteagatik: destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetarako 1,65 puntu gehienez, plantilla organikoan euskara jakitea beharrezkotzat hartu ez bada, eta destinoa eremu mistoan dutenetarako 1,58 puntu gehienez, betiere, plantilla organikoaren arabera, lanpostu horretan aritzeko euskara jakitea merezimendu gisa baloratzen baldin bada.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak hiru hizkuntza horietatik zenbat dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal ditu; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 bat emanen zaio maila bakoitzari.

2. Aipatu deialdiaren 6.4.1 oinarriaren idazketa, oposizioko hirugarren ariketari buruzkoa baita, honela finkatzea:

"6.4.1.

Hirugarrena: teoriko-praktikoa, erantzun motzeko 50 galdera erantzun beharko dira. Epaimahaiak ariketa hori egiteko zenbat denbora dagoen adieraziko du haren hasieran."

3. Aipatu deialdiaren 2.1.1 oinarriaren f) letraren idazketa, honela finkatzea:

"2.1.1.

f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea."

4. Ebazpen hau epaimahakideei igortzea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu ahal da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedaturikoarekin bat. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen.

Iruñean, 2007ko martxoaren 12an._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Alberto Andérez González.

Iragarkiaren kodea: F0704621