34. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuko zuzenbideko 5 lizentziadun lanpostu oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2007ko martxoaren 6an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen arauak:

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek Iruñeko Udalaren zerbitzuko zuzenbideko 5 lizentziadun lanpostu oposizio bidez betetzea du xede. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera Iruñeko Udalaren zerbitzuko zuzenbideko 5 lizentziadun lanpostu oposizioz betetzeko deialdi hau, lanpostuak txanda hauetan banatuta:

_2 lanpostu, txanda irekian.

_2 lanpostu, igoera txandan.

_lanpostu bat, erreserba txandan, %33ko edo hortik gorako ezgaitasuna onartzen zaien pertsonentzat.

1.2. Deialdiko lanpostuak hauek dira:

_Lanpostu 1 Ekonomiako Alorrean, zenbaki hau duena plantilla organikoan: 100505-1.

_1, Lehendakaritza Alorrean, plantilla organikoan zenbaki hau duena: 100505-7.

_2, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorrean; plantilla organikoan zenbaki hauek dituzte: 100505-2 eta 100505-5.

_1, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorrean, plantilla organikoan zenbaki hau duena: 100505-4.

Hala ere, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak 2006ko urriaren 5eko ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketatik aterako dira deialdiaren 8. oinarrian aipatu ekitaldian eskainiko diren lanpostu hutsak.

1.3. Igoera txandan, izangaiek hautaprobak gainditzeko gutxieneko puntuazioa ez erdiesteagatik, lanposturen bat bete gabe gelditzen bada, txanda irekikoei gehituko zaie.

Era berean, ezgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostuak, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, beste txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako ordenaren arabera.

Orobat, igoera txandan edo/eta ezgaitasuna dutenentzako txandan eskaintzen diren lanpostuak baino izangai gehiagok aprobatzen badute, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa bereganatzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Gisa berean, txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezarri epea bukatzen denean txanda horretan parte hartzeko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.4. Lanpostua lortzen duten izangaiek funtzionario bilakatuko dira, Iruñeko Udaleko langileentzat egungo xedapenetan zehaztutako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek A mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako lansarien behin-behineko erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.6. Izangaiak, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Iruñeko Udalean sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea hautatzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Izendatutako izangaiek lanlekua duten herrian bizi beharra dute, eta hori betetzeko Iruñeko udalerrian finkatuko dute bizilekua.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda osatu nahi da, deialdi honen 3, 10, eta 11. arauetan xedaturikoarekin bat.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira; edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Zuzenbideko lizentziadunaren titulua izatea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean hura lortzeko baldintza guztiak betetzea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintzak.

Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita deialdi honetako 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

2.1.3. %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaien betebeharrak.

Ezgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute %33ko edo gehiagoko ezgaitasuna.

2.2. Hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik, betebehar horiek hautaprobak gainditu eta lanpostu horretarako izendatzeko proposamenean azaltzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, deialdi honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako epean eta moduan.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetako batean aurkeztu beharko dira (Merkatuko kalea, 7-9; Zapateria kalea, 40; San Saturnino kalea, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke, edo interneten, www.pamplona.es webgunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Ezgaitasuna onartua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaituak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Iruñeko Udalari 25 euro ordaindu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio eskabideari, espedientea formalizatzeko tasaren eta azterketa eskubideen ordain. Zuzenean ordaintzen ahalko da edo bestela transferentzia eginda; betiere, Iruñeko Udalak finantza entitate hauetan dituen kontuetan: Nafarroako Kutxan (2054 0152 31 1100003684), Euskadiko Kutxan (3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxan (3008 0001 14 1103447429) edo Udalaren diruzaintzan (Merkatuko kalea, 7-9, 2. solairua); kasu horretan ordainagirian agertuko dira, nahitaez, honako datu hauek:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_NAN/IFZ.

_Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

_Kontzeptua: oposizioak.

_Deialdiaren xede den lanpostua.

_Tasa ez bada ordaintzen, izangaia bazterturik geldituko da.

3.4. Deialdian igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Iruñeko Udalekoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, deialdi honetako 2.1.2. ataleko a), b) eta c) letretan jasotzen diren eskakizunak betetzen direla frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari.

3.5. Deialdian igoera txandaren bidez parte hartzen duten izangaiek, horretaz gain, deialdiko 2.1.2.c) atalean adierazitako baldintzen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Batzordeburua: José Iribas Sánchez de Boado jauna, Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatua.

_Ordezkoa: Juan José Unzue Gaztelu, Funtzio Publikoaren zinegotzi berezia.

_Mahaikidea: Iruñerriko Mankomunitatearen aholkulari juridiko bat.

_Ordezkoa: Iruñerriko Mankomunitatearen aholkulari juridiko bat.

Mahaikidea: Gonzalo Pérez Remondegui jauna, Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.

Ordezkoa: Juan Luis Guijarro Salvador jauna, Iruñeko Udaleko Ekonomia alorreko letradua.

_Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Mahaikide idazkaria: Miguel Angel Cuesta Jorquera jauna, Iruñeko Udalaren Gobernu Batzarraren Laguntzarako Organoko titularra.

_Ordezkoa: María Pilar Gay-Pobes Vitoria andrea, Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza Alorreko letradua.

Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2007ko urrian hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da probak hasteko lekua, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauzko moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: praktikoa, epaimahaiak oposizioko gaiekin lotuta zehazten dituen kasuei buruzko bi irizpen edo txosten juridiko idatzi beharko dituzte, bost orduz gehienez.

Bigarren ariketa: teorikoa. Gehienez ere 5 orduz hiru gai idatziz azaldu beharko dira. Zozketaz aukeratuko dira gai zerrendako hiru zatietatik bana.

Hirugarren ariketa: teorikoa eta praktikoa. Pliken sistema erabiliko da. Gehienez lau orduz, zerrendako gaiei buruzko 50 galdera erantzun beharko dira idatziz. Horietatik 25etan erantzuna aukeratu egin beharko da eta beste 25etan erantzun irekia eman. Denak izan daitezke teorikoak edo praktikoak. Praktikoak badira, galderak planteatzen duenaren balorazio juridikoa egin beharko da.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehen ariketa: gehienez 30 puntu. Kasu bakoitzak 15 puntu izanen ditu gehienez.

Bigarren ariketa: gehienez 30 puntu. Gai bakoitzean gehienez 10 puntuko balorazioa ematen ahal da.

Hirugarren ariketa: gehienez 40 puntu. Epaimahaiak gehienez 0,80 puntu emanen dio galdera bakoitzari.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Kanporaturik geldituko dira ariketa horietako batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Nolanahi ere eta ariketa guztietan, bazterturik geldituko da edozein gai edo probatan 0 puntuko kalifikazioa duen izangaia.

6.5. Oposizioko lehen eta bigarren ariketak idatziz eginen dira eta izangaiek irakurriko dizkiote epaimahaiari jendaurreko ekitaldi batean.

6.6. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak. Epaimahaiak ariketen irakurketara ezartzen duen egunean agertzen ez diren hautagaiak ere baztertuak izanen dira.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta haiek egin diren tokian probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin. Gero, zerrenda hori Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari igorriko dio, deialdiko lanpostuen kopuruaren barrenean sartzen diren eta probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.

Hautaproben azken emaitzan berdinketarik izaten bada, oposizioaldiko ariketetan _hurrenez hurren eta ordena berean_ puntuaziorik altuena lortu dutenen alde ebatziko da.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Lehendakaritzako Alorrean:

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo bere erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna frogatzen duen agiria, baldin eta erreserba txandan haren aldeko izendapen proposamena egin bada eta agiria lehenago aurkeztu ez badu.

d) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Ezgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

e) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

f) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena.

i) Familia liburua, 2.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo bere erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1.2 oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren agiriarena.

b) %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna frogatzen duen agiria, baldin eta erreserba txandan haren aldeko izendapen proposamena egin bada eta agiria lehenago aurkeztu ez badu.

c) Iruñeko Udalaren zerbitzuko zuzenbideko lizentziadun lanposturako izendatua izateko Lehendakaritzako Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Tokiko Gobernu Batzarrak 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko du utzitako hutsunea eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Lehendakaritza Alorrak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostu hutsetatik zein hautatzen duten. Bestela, zerbitzuaren beharrak eraginda haien ordezkoak direnak, jakinaren gainean jarri ondotik.

8.2. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda horretakoak ez diren izangaien aurrean.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, %33ko ezgaitasuna edo handiagoa onartua duten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten izangaiak, zuzenbideko lizentziadun lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie ebazpen baten bidez.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Iruñeko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira, Iruñeko Udaleko alor eta erakunde autonomo guztietarako balioko dutenak:

_Probak gainditu eta lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

_Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

10.2. Probak gainditu eta lanpostua lortu ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiekin Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honetako 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Halaber, zerrenda hori erakunde autonomoetako organo eskudunei igorriko zaie, aplikatzekoak diren arauei jarraikiz kudea dezaten.

10.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz, Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak, aldi baterako kontratupean lan egiteko izangaien zerrenda osatuko du deialdi honetako azkenaurreko ariketa gainditu duten izangaiekin.

11. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

11.1. Epaimahaiaren espedientea jasota, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azkenaurreko ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

_Deialdiaren 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hori, ukitutako langileen zerrendekin batera, argitara emanen da Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

11.2. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

11.3. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, kasua bada, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea):

a) Probak gainditu eta lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren azkenaurreko ariketa gainditu eta lanposturik gabeko aprobatuen artean ez daudenen zerrenda.

11.4. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu eta lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

12._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2007ko martxoaren 6an._Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

1. ERANSKINA

Jauna/andrea: .................., adinez nagusia, NAN/nortasun agiria: .............. jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............. jaioterria (udalerria, probintzia): .............. naziotasuna: ..................... egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............. telefonoa: ............. laneko telefonoa: ...............

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Iruñeko Udalaren zerbitzuko zuzenbideko 5 lizentziadun lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian, ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ........................... egunean argitaratu zen hartan. Txanda:

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Minusbaliatuendako txanda murriztua*

(*) Deialdiak jasotzen duenean soilik.

Datuen babesa._Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla baliatuko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko kalea, 7-9, 31001, Iruña).

Iruñean, 20..ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. ZATIA

Zuzenbide Konstituzionala eta Europar Batasunekoa. Nafarroako zuzenbide pribatua. Merkataritzako eta sozietateen gaineko zuzenbidea

1._Espainiako zuzenbide publikoaren iturburuak: osatzen duten legeak, haien antolamendua eta printzipioak. Konstituzioa arau juridiko gisa.

2._Legea. Kontzeptua eta motak. Lege erreserba. Lege dekretuak eta legegintzako dekretuak.

3._Zuzenbidearen beste iturburu batzuk: nazioarteko itunak. Zuzenbidearen printzipio orokorrak. Jurisprudentzia. Usadioa Zuzenbide Publikoan.

4._Espainiako 1978ko Konstituzioa: hura prestatzeko prozesua. Ezaugarriak. Egitura. Konstituzioaren printzipioak. Espainiako Konstituzioaren balio nagusiak eta 9. artikuluko printzipioak. Konstituzioaren erreforma. Zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoaren esanahia.

5._Espainiako hauteskunde-sistema. Hauteskunde auzia. Zuzeneko demokraziaren erakundeak. Erdi zuzeneko demokraziaren erakundeak: herri ekimena eta erreferenduma Espainiako Konstituzio Zuzenbidean. Azken bi figura horien azterketa Nafarroako Foru Zuzenbidean.

6._Aniztasun politikoa. Alderdi politikoak. Aniztasun sindikala. Sindikatuak. Aniztasun soziala eta ekonomikoa Espainiako Konstituzioan onartzeko beste modu batzuk.

7._Estatuaren lurralde antolamendua. Autonomia erkidegoak. Autonomia erkidegoen ekimena. Autonomia erkidegoak sortu, aldatu eta desegiteko modua.

8._Autonomia estatutuak. Izaera. Ezaugarriak. Edukia. Berrikuntzarako prozedura. Eskumenen banaketa Estatuaren eta autonomia erkidegoen artean. Estatuak autonomia erkidegoen gainean duen kontrola.

9._Estatuaren eta autonomia erkidegoen legegintza ahalmena. Estatuko antolamenduaren eta antolamendu autonomikoaren arteko harreman sistemak. Lege Oinarrizkoak, lege markoak, transferentzia edo eskuordetze legeak eta harmonizazio legeak. Autonomia erkidegoen legeak.

10._Konstituzio Auzitegia. Osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Eskumenak. Lege mailako arauen konstituzionaltasuna kontrolatzea: konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa eta konstituziokontrakotasuneko auzia. Nazioarteko itunen aldez aurreko kontrola.

11._Konstituzio arloko gatazkak Estatuko organoen artean. Eskumenaren gaineko gatazka konstituzionalak Estatuko organo zentralen eta autonomia erkidegoen artean eta erkidegoen artean. Autonomia erkidegoen xedapen eta ebazpenak inpugnatzea. Tokiko autonomia defendatzeko gatazkak.

12._Botere Judiziala. Funtzio judiziala 1978ko Konstituzioan. Botere eta funtzio judizialaren antolakuntza eta funtzionamendurako konstituzio printzipioak. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia. Ministerio Fiskala.

13._Herritarren eskubide eta betebeharrak Konstituzioan. Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak Espainiako Konstituzioan. Eskubide eta betebehar arruntak. Politika ekonomiko eta sozialaren printzipio gidariak.

14._Eskubideen babesa Konstituzioan. Bide judiziala. "Habeas corpus"-a. Konstituzioaren babes-errekurtsoa.

15._Arartekoa. Eskumenak eta jarduteko modua.

16. gaia._Europar Batasunaren prozesua. Batasuneko antolamenduaren aurrekariak, helburuak eta izaera juridikoa. Batasuneko hasierako zuzenbidea: itun eratzaileak. Batasuneko zuzenbide eratorria: erregelamenduak, zuzentarauak eta bestelako iturriak.

17._Europar Batasunaren antolamendua. Parlamentua. Europako Kontseilua. Europar Batzordea. (Ministroen) kontseilua. Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko beste erakunde batzuk.

18._Europar Batasuneko herritarren eskubide eta askatasunak. Europako hiritartasuna.

19._Europar Batasunaren finantzabideak. Europar Batasunaren finantzabidea: Batasunaren aurrekontua. Estatuaren laguntzak eta haien kontrola Europar Batasunaren eskutik. Batasunaren funtsak: motak eta helburuak.

20._Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa edo Nafarroako Foru Berria. Elaborazioa eta erreformatzeko prozedura. Nafarroako Zuzenbide zibilaren iturriak. Nafar izaera zibil forala: kontzeptua eta ondorioak, izaera hori eskuratu, mantendu, galdu eta berreskuratzea. Pertsona juridikoen nafar izaera.

21._Fundazioak: kontzeptua. Nafarroaren eskumena fundazioen alorrean. Zuzenbide nafarreko fundazioen funtsezko elementuak. Fundazioaren organoak. Organoak: patronatua eta babesletza.

22._Jabetza eta edukitza. Jabetzaren mugak zuzenbide nafarrean. Ondasun eta eskubideen komunitateak. Pro indivisoko komunitatea. Zuzenbide nafarreko zortasunak. Lurrazal_ eskubidea. Atzera-eskuratzeak eta lehentasunez eskuratzeko beste eskubide batzuk.

23._Nafarroako eskumenak elkarte eta sozietateen arloan. Elkarteen araubide juridikoa. Sozietate kooperatiboak Nafarroan.

24._Merkataritzako sozietatea, oro har. Merkataritzako sozietatearen legezko kontzeptua. Sozietate zibilarekiko aldeak. Motak. Sozietate irregularrak eta formaziokoak. Merkataritzako Erregistroa.

25._Sozietate anonimoa. Europako sozietate anonimoa.

26._Erantzukizun mugatuko sozietatea. Enpresa Berria sozietate mugatua. Pertsona bakarreko sozietatea.

II. ZATIA

Zuzenbide Administratibo Orokorra

1._Administrazio Publikoa Espainiako 1978ko Konstituzioan. Haren parte hartzea botere exekutiboan. Konstituzioko printzipioak antolakuntzari eta funtzionamenduari dagokienez.

2._Administrazio Publikoa eta Zuzenbidea. Legezkotasunaren printzipioa. Araututako ahalmenak eta zuhurtziarakoak.

3._Administrazio publikoa eta jurisdikzioa: autotutoretzaren printzipioa.

4._Administrazio publikoaren ahalmen arau-emailea. Erregelamendua. Kontzeptua eta motak. Legearen eta Erregelamenduaren arteko loturak. Erregelamendu-ahalmenaren mugak. Legez kanpoko erregelemanduen kontrako defentsa juridikoa: zigor bidea eta administrazioarekiko auziena eta salbuespen judiziala.

5._Pertsona juridiko publikoak. Ente publikoen tipologia Espainiako antolamendu juridikoan. Ente publikoen ahalmena.

6._Erlazio juridiko administratiboa. Kontzeptua eta ezaugarriak. Erlazio juridiko administratiboen sorrera, aldaketa eta iraungipena. Erlazio juridiko administratiboaren elementuak.

7._Egoera juridiko subjektiboak Administrazio Zuzenbidean. Egoera aktiboak, ahala, zuzenbide subjektiboa eta bidezko interesa. Egoera pasiboak eta mistoak.

8._Administratua. Kontzeptua eta motak. Administratuaren gaitasuna eta horren aldaketaren zioak. Herritarren eskubideak administrazio publikoekiko harremanetan. Herritarren parte hartzea administrazioan.

9._Administrazio egintza. Kontzeptua. Administrazio egintzen motak. Administrazio egintzaren elementuak.

10._Administrazio prozedura: kontzeptua eta izaera. Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea: aplikazio esparrua eta haren printzipioak. Interesatuak. Baldintzak eta epeak.

11._Administrazio prozedura: hasiera, antolaketa, instrukzioa eta amaiera.

12._Administrazio prozedura bereziak: xedapen orokorrak prestatzeko prozedura. Ekintza zibilak eta lan-ekintzak erabili aurreko erreklamazioak.

13._Administrazio egintzen eraginkortasuna. Baliozkotasunaren ustea. Eraginkortasunerako baldintzak. Isiltasun administratiboa. Bete beharra eta etendura. Egintza administratiboak betetzea.

14._Egintza administratiboaren baliogabetasunaren teoria. Egintza deusezak eta deuseztagarriak. Egintza administratiboa baliozkotzea. Ofiziozko berrikuspena.

15._Administrazio ekintzaren formak. Sustapena eta bere bitartekoak. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua.

16._Mugapenaren jarduera administratiboa. Kontzeptuaren bilakaera. Dituen oinarriak. Mugatzeko jardueraren adierazpideak. Baimenak. Kontzesioak.

17._Administrazioaren zehapen ahalmena. Printzipio orokorrak. Zehapen prozedura.

18._Espainiarren eskubideen gaineko administrazio baldintzak. Hiritarren Segurtasunari buruzko Lege Organikoa. Eskubideen etendura eta salbuespen egoerak.

19._Zerbitzu publikoa. Kontzeptuaren bilakaera. Zerbitzu publikoa eta administrazio prestazioak.

20._Zerbitzu publikoa kudeatzeko moduak. Zuzeneko kudeaketa. Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua. Enpresa publikoak eta enpresa mistoak.

21._Jabari publikoa. Kontzeptua eta izaera. Elementuak. Araubide juridikoa.

22._Administrazio publikoaren ondareko erantzukizuna. Bilakaera eta gaur egungo araubidea.

23._Administrazio errekurtsoak. Gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa. Berrikusteko errekurtso berezia.

24._Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa. Bilakaera historikoa eta Espainiako araubide indarduna. Izaera. Hedapena eta mugak.

25._Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Alderdiak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren xedea. Administrazioarekiko auzien prozedura: lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean eta laburtua. Epaia eta horren betearaztea.

26._Antolaketa administratiboa. Konstituzio printzipioak. Administrazio organoak: kontzeptua eta motak. Eskumenak eta haien eskualdaketa. Hierarkia. Deskontzentrazioa. Administrazioaren zentralizazioa eta deszentralizazioa. Koordinazioa eta kontrola.

27._Administrazio publikoen arteko harremanak. Printzipio orokorrak. Administrazioen arteko lankidetza, kooperazioa eta koordinazioa. Sektorekako konferentziak eta bestelako kooperazio organoak. Lankidetza hitzarmenak eta baterako plan eta programak.

28._Udal administrazioa. Lanbideko elkargoak eta ganbera ofizialak Nafarroan. Erakundeen Administrazioa. Erakunde autonomoak. Enpresa-entitate publikoak. Nafarroako araubidearen aipamen berezia.

29._Biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea: aplikazio eremua; osoko bilkuraren antolaketa eta eskurantzak; alkatea eta alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarraren antolaketa eta eskurantzak, aholkularitza juridikoa.

30._Iruñeko Udalaren Erregelamendu Organikoa.

31._Udalbatzako kide egitea, izaera hori eten eta galtzea. Eskubide eta betebeharrak. Talde politikoak. Interesen erregistroa. Udalbatzaren agintaldia eratu, mantendu eta bukatzea.

32._Agirien erregistroa. Espedienteak. Egintzen eta erabakien publizitatea. Akta eta ziurtagirien formalizazioa. Udalbatzen egintza eta erabakien aurkako erreklamazio eta errekurtsoak.

33._Biztanleak eta udal errolda. Udal errolda kudeatu, egiaztatu, kontrolatu eta berrikustea. Erroldatze Kontseilua. Atzerrian bizi diren espainiarren errolda. Zehapen administratiboak.

34._Martxoaren 5eko 1/2004 Legegintzako Errege Dekretua, higiezinen katastroari buruzko legearen testu bategina onesten duena: edukiaren azterketa.

III. ZATIA

Legeria administratiboa eta aurrekontuetakoa, lan-zuzenbidea

1._Datu pertsonalen babesa Europan eta Espainian. Datu pertsonalak babesteari buruzko lege organikoa.

2._Nahitaezko desjabetzapena. Bilakaera historikoa. Kontzeptua. Izaera eta justifikazioa. Osagaiak: subjektuak, xedea, arrazoia eta edukia.

3._Desjabetzeko prozedura. Prozedura bereziei buruzko aipamena. Partikularraren bermeak.

4._Estatuko Administrazio Orokorraren antolamendua. Organo gorenak. Gobernuko burua eta buruordea. Ministroen Kontseilua eta Gobernuaren Batzorde Delegatuak. Ministroak. Bestelako organoen aipamena.

5._Estatuko Administrazio Orokorraren lurralde organoak. Gobernuaren delegatuak autonomia erkidegoetan. Gobernuaren azpidelegatuak probintzietan.

6._Aurrekontua: kontzeptua, izaera eta motak. Espainiako aurrekontua, haren antolamendu juridikoaren iturriak, edukia eta egituraren oinarrizko printzipioak.

7._Gastu publikoa: gaiari buruzko printzipio konstituzionalak. Gastuetarako aurrekontu kredituen mugak. Gastu publikoaren exekuziorako prozedura.

8._Dirusarrera publikoak: sailkapena. Zor publikoa: kontzeptua, motak eta araubide juridikoa.

9._Tributuak: kontzeptua, izaera eta motak. Zergari buruzko azterlan berezia. Espainiako tributu arloko antolamendua: printzipio orokorrak.

10._Tributuen kudeaketa, likidazioa, dirubilketa eta ikuskapena. Tributu egintzen berrikuspena bide administratiboan. Tributu arloko arau-hauste eta zehapenak. Delitu fiskala.

11._Lan arloko zuzenbidea. Izaera eta ezaugarriak. Lan harremana arautzen duten oinarrizko printzipioak.

12._Lan arloko zuzenbidearen iturriak. Langileen Estatutua. Hitzarmen kolektiboak.

13._Lan kontratua: kontzeptua, izaera eta motak. Lan kontratazioa administrazio publikoetan.

14._Kontratua etetea eta amaitzea: arrazoiak. Lanetik bidaltzea.

15._Gizarte Segurantza. Arau orokorrak eta aplikazio esparrua. Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak, ororendako zerbitzuak, entitate laguntzaileak eta erakunde autonomoak.

16._Gizarte Segurantzaren araubide orokorra. Aplikazio esparrua. Afiliazioa eta kotizazioa. Babes jarduna: babesten diren egoerak eta prestazioen araubidea.

IV. ZATIA

Nafarroako Zuzenbide Publikoa

1._Nafarroako Foru Eraentza. Bilakaera (1512-1982): Nafarroa, Erresumatik Foru Komunitatera. Foruen Legeen aipamen berezia; batez ere, 1841eko Lege Itundua.

2._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Atariko titulua. Erreforma.

3._Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Osaera, antolakuntza eta eginkizunak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna.

4._Legegintzako ekimena. Foru legeak. Izaera eta motak. Legegintzaren prozedura. Herriaren legegintzako ekimena. Udalen legegintzako ekimena.

5._Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Lehendakaria. Haren hautapena. Kontseilariak. Foru Komunitateko Administrazioa. Foru dekretuak eta foru aginduak. Egintzak eta errekutsoak.

6._Nafarroako Justizia Administrazioa. Antolaketa. Nafarroako Auzitegi Nagusia. Nafarroako Foru Komunitateak Estatuarekin eta autonomia erkidegoekin dituen harremanak.

7._Nafarroako Comptos Ganbera. Antolakuntza eta eskumenak. Erresumako Kontuen Auzitegiarekin dituen harremanak.

8._Euskararen Foru Legea eta haren erregelamenduak. Euskarak Nafarroako Administrazio Publikoetan duen erabilera. Iruñeko Udalean euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. Nafarroako sinboloei buruzko Foru Legea.

9._Hitzarmen ekonomikoaren araubidea. Hitzarmen ekonomikoak: historia eta izaera juridikoa. Nafarroako zerga autonomiaren printzipioak. Egun Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean dagoen Hitzarmen Ekonomikoa.

10._Nafarroako Kontseilua. Sorrera eta justifikazioa. Izaera eta ezaugarriak. Osaera. Antolakuntza. Eskumenak. Funtzionamendua.

11._Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa. Sorrera eta justifikazioa. Erakundearen izaera. hautatzea, kargu-uztea eta hutsuneak betetzea. Prerrogatibak eta bateraezintasunak. Eskumenak. Erakundearen funtzionamendua. Parlamentuarekin eta Gorte Nagusiek izendatutako arartekoarekin dituen harremanak.

12._Nafarroako toki entitateen ondasunak (I): kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Aldatzea. Atxikitzea. Eskuratzea. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea.

13._Nafarroako toki entitateen ondasunak (II): ondasunen inbentarioa eta erregistroa. Erabilera eta aprobetxamendua; bereziki, administrazio kontzesioak. Besterentzea eta karga ezartzea.

14._Nafarroaren eskumenak. Haien antolamendua Foruaren Hobekuntzan: sailkapena eta printzipioak. Transferentzien Batzarra.

15._Ingurumenaren babesa: Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenak. Zer jarduera sailkatuk behar duten Udalaren lizentzia. Irekitzeko udal lizentzia. Ingurumen arloko esku hartzea behar duten jardueren ikuskapena. Ingurumenaren legezkotasuna berrezartzea. Udalen osasun arloko eskumenak.

16._Etxebizitzaren babes publikoa Nafarroan: babesaren kontzeptua, esparrua eta deskribapena, jarduera babestuen motak. Babes ofizialeko etxebizitzen araubide juridikoa. Etxebizitzen zaharberritzea. Iruñeko Udalaren sustatze lana etxebizitzak zaharberritzeko: bere ordenantzaren ildo orokorrak.

17._Funtzio publikoa: funtzionarioekiko harreman juridikoen izaera eta edukia. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua.

18._Nafarroako Toki Administrazioa (I). Nafarroaren eskumenak hura arautzeko. Nafarroako Udalak: kontzeptua, elementuak, sinboloak, antolaketa eta eskumenak. Administrazioarteko harremanak.

19._Nafarroako Toki Administrazioa (II). Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien partaidetza.

20._Nafarroako Toki Administrazioa (III). Esku-hartze administratiboa jarduera pribatuan. Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak. Zerbitzu ekonomikoak. Partzuergoak. Ekintza sozioekonomikoa.

21._Toki entitateen erregelamendu ahalmena: erregelamendu eta ordenantzak. Haiek prestatzeko prozedura. Erregelamendu organikoa. Bandoak.

22._Nafarroako toki entitateen jarduketen prozedura eta araubide juridikoa. Toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

23._Toki Ogasunei buruzko Foru Legea. Nafarroako toki ogasunen baliabideak eta haien araubidea. Udal zergak. Nafarroako toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan duten parte hartzea.

24._Nafarroako toki entitateen aurrekontuak: edukia eta onespena. Aurrekontuko kreditu eta aldaketak. Exekuzioa eta likidazioa. Kontrola eta fiskalizazioa.

25._Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (I): aplikaziorako arau orokorrak eta eremua. Lan-kudeatzaileak. Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. Esleipena egin aurreko jarduketak.

26._Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (II): esleitzeko prozedura eta irizpideak. Kontratazioaren kudeaketa hobetzeko sistemak. Publizitate arauak eta epeak. Esleipena, hobekuntza eta formalizazioa.

27._Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (III): kontratuak gauzatzea. Ordaintzea eta prezioak berrikustea. Kontratuen amaiera eta baliogabetasuna. Erreklamazioak eta beste kontrol-neurri batzuk. Nafarroako toki entitateen kontratazioko espezialitateak.

28._Udalaren hirigintzako planeamendua (I). Udal Plan Orokorraren kontzeptua eta konfigurazioa. Xedea, edukia eta tipologia. Prestatzeko eta onesteko prozedura. Udal Plan Orokorraren ondorioak, indarraldia eta aldaketa.

29._Udalaren hirigintzako planeamendua (II). Hura garatzeko planeamendua. Edukia. Haren prestaketa. Aplikazioa eta ondorioak.

30._Lurzoruaren hirigintzako araubidea. Lurzoruaren hirigintzako araubidearen printzipio orokorrak. Lurzoruaren jabetzaren legezko estatutua. Lur eta eraikinen jabeen hirigintzako betebehar orokorrak edozein lurzoru motatan: erabilera, kontserbazioa eta zaharberrikuntza. Lurzoruaren sailkapena. Hiri lurzoruaren, lurzoru urbanizagarriaren eta urbanizaezinaren araubidea: jabeen eskubide eta betebeharrak.

31._Planeamendua gauzatzea (I). Hirigintza gauzatzeko aurrekontuak. Hirigintzaren gauzatzea. Hirigintza kudeatzeko proiektu teknikoa. Urbanizatzeko proiektua. Lurrak eskuratzea sistema orokorretarako, sistema lokaletarako eta udalez gaindiko dotazioetarako.

32._Planeamendua gauzatzea (II). Jarduketa pribatuen sistemak. Ohar orokorrak. Konpentsazio sistema. Borondatezko birzatiketaren sistema. Eragile urbanizatzailearen sistema.

33._Planeamendua gauzatzea (III). Jarduketa publikoaren sistemak. Kooperazio sistema. Nahitaezko betearazpenaren sistema. Desjabetze sistema.

34._Esku-hartze publikoa eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan: hirigintzako lizentziak. Betearazpen aginduak. Aurri egoeraren deklarazioa. Hirigintzako legezkotasunaren babesa. Zehapenen araubidea.

35._Esku-hartze publikoa lurzoruaren merkatuan. Lurzoruko ondare publikoak. Lurrazal-eskubidea. Lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubideak.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onetsitako arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L0704147