34. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

73/2007 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren giroan" izeneko programa onesten duena.

EGFko 3. helburuaren programa eragilearen esparruan eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 14an emaniko 63/2005 Ebazpenaren bidez, "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren herrian edo eskualdean" izeneko programa onetsi zen 2005ean, herrietan bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko neurriak sustatu eta koordinatzeko xedearekin. Urte horretan tokian tokiko 14 itun sinatu ziren. Programak 2006an segitu zuen, tokian tokiko bi itun mankomunitateetan sinatu zirenean. Sinatu diren 16 itunek gaur egun 31 herri biltzen dituzte, 145.641 bizilagun, 72.885 gizonezko eta 72.756 emakumezko.

Programa hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ahaleginetatik sortu zen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekiko elkarlanean, herrietan lankidetza formulak bilatzeko emeki-emeki konpromiso handiagoa errazteko, gizonek eta emakumeek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratu ahal ditzaten. Horretarako aitzindaritza politikoa eta herritarren partaidetza bultzatu eta herrietako bizitza antolatu, kudeatu edo osatzen dutenei esku harrarazi behar zaie, zerbitzu, baliabide eta ideia guztiak eta gure giroko erantzukizun guztia eskuratzeko, bateratzea errazteko.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako 2006-2010 urteetarako I. planeko zeharkako arloan, toki administrazioko berdintasunerako politikei buruz atal bat biltzen da. Haren helburu nagusia da "Nafarroako toki entitateen konpromisoa bultzatzea emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren arloan". Izan ere, haiek sortu eta sustatzen ahal dituzte hobekien gizon eta emakumeendako egiazko berdintasunerantz aurreratzeko baldintzak. Halaber, "Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzea; erantzunkidetasuna" izeneko 7. arloan, 7.3.6 ekintza hau biltzen da: "Udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, bateratzearen aldeko neurriak har ditzaten lagundu eta sustatzea. "

"Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren giroan" izeneko programaren helburua da toki entitateei eta herrietako bestelako eragileei laguntzea konponbide partekatuak bilatzeko, emakumeak lan munduan sartzean bateratze arloan erronka eta beharrei aurre egiteko, eta pertsona guztien bizitza pribatuaren eta familiako bizitzaren ondoriozko eginkizunen aurrean erantzukizun partekatuaren kontzientzia garatzen laguntzea. Programa horren xedea tokian tokiko itun bat sinatzea da, banan-banan edo mankomunitateetan, toki entitate partaide bakoitzean bateratzea sustatzeko. Izenpetzen den agiria toki partaidetza eta konpromisotik formulatu beharko da.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak oso interesgarri deritzo burutu den esperientziari eta programaren barruan itun bat prestatu eta garatzeko ereduen balioa eta egokitasuna ikusirik, beharrezkoa da gizon eta emakumeendako bizitza, lana eta familiako eginkizunak udalerrietan eta eskualdeetan, banan-banan edo mankomunitateen bidez, bateratzeko tokian tokiko itunak prestatu eta sinatzeko programan parte hartzeko prozedura eta urteroko oinarrizko baldintzak onestea.

Horrenbestez, Informazio eta Lankidetza Atalaren txostena ikusirik eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko estatutuak onesten dituen abenduaren 18ko 90/2006 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren giroan" izeneko programa onestea, I. eranskinean ageri diren prozedura eta baldintzei jarraituz.

2. Parte hartzeko eskabidea aurkezteko epea irekitzea, urte natural bakoitzeko martxoaren 20tik apirilaren 20ra bitarte.

Argibideak eskatzeko eta eskabidea aurkezteko ereduak Nafarroako Berdintasunerako Institutuan aurkitzen ahal dira, Iruñeko Lizarra kaleko 7ko ezkerreko beheregainean, 31002 posta kodean, eta www.cfnavarra.es/INAM webgunean ere bai.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, bertan argitara dadin, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Ebaluazio eta Azterlan Atalera eta Unitate Administratibora, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen kontra bidezko da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hortik aparte, aldez aurretik, errekerimendua aurkezten ahalko zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 44. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2007ko martxoaren 5ean._Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Lehenbizikoa._Xedea.

Eranskin honen xedea da "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren giroan" izeneko programa abian jartzeko eduki eta baldintzak finkatzea.

Bigarrena._Helburua.

Programa honen xedea da toki entitateei eta herrietako bestelako eragileei laguntzea konponbide partekatuak bilatzeko, emakumeak lan munduan sartzean bateratze arloan erronka eta beharrei aurre egiteko, eta pertsona guztien bizitza pribatuaren eta familiako bizitzaren ondoriozko eginkizunen aurrean erantzukizun partekatuaren kontzientzia garatzen laguntzea.

Programa ezartzen da bateratzeko tokian tokiko itun bat izenpetzeko, non urtero neurriak, horietan diharduten pertsona eta erakundeak eta bidezko aurrekontuak zehaztuko baitira.

Itunek udalerriko baliabideak eta Foru Komunitateak bere dituenak hartuko dituzte kontuan eta ahalik eta hobekien erabiliko.

Hirugarrena._Toki entitate onuradunak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean araututako Nafarroako toki entitate guztiek eskatzen ahalko dute programan parte hartzea.

Toki entitateek tokian tokiko itun bat sinatzeko aukera izanen dute herri bakar batean garatu eta ezartzeko edo toki, populazio edo bestelako arrazoiengatik mankomunitatea edo eskualdea osatzen duten herriak biltzen dituzten tokian tokiko itunak sinatzen ahalko dituzte.

Tokian tokiko itunetan udala joko da toki entitate koordinatzailetzat eta bertako alkatea edo alkate udalburua izanen da haren ordezkaria.

Eskualde edo mankomunitateetako itunetan mankomunitatea joko da toki entitate koordinatzailetzat eta bertan lehendakari lanetan ari den alkatea izanen da haren ordezkaria.

Entitate koordinatzaileak izanen dira solaskide Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin itunari dagokionez eta herri bakoitzean erreferentzia izanen dira kontsentsuz tokian tokiko ituna prestatuko duten entitate eta pertsona guztiei dei egiteko.

Laugarrena._Programazioa.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak urtero prozedurak ezarri eta programako ekintzak programatu, koordinatu eta antolatuko ditu. Programa hori azkenean laguntza teknikoak eta toki entitate partaideek adostuko dute, hauen beharren eta kokagunearen arabera.

Lan planak funtsezko urrats hauek bilduko ditu:

1._Herrietako entitate, eragile eta entzute handiko pertsonei dei egitea itunerako.

2._Itunean parte hartzen duten entitate guztien antolatzea eta antolamenduaren egitura ezartzea.

3._Ituna diseinatu eta prestatzea.

_Abiapuntuko diagnostikoa.

_Itunaren helburuak.

_Ekintzen definizioa.

_Egutegia.

_Baliabideak.

4._Bateratzeko tokian tokiko ituneko konpromisoa sinatzea.

5._Hedapena.

8._Abian jartzeko antolatzea.

Bosgarrena._Laguntza teknikoa.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak behar duten sostengu teknikoa emanen die toki entitateei, itunak garatzeko prozesua kudeatzeko eta huraxe arduratuko da komunikazio planaz eta argibideak eta dibulgazioko agiriak editatzen.

Toki entitatea, bere langileekin eta bere baliabideekin, arduratuko da programa kontsentsu bidez laguntza teknikoarekin ezarriz joanen diren baldintza eta jarraibideen arabera programa bultzatzen, dinamizatzen eta errazten, urte bakoitzerako behin betikoz onesten den egutegiaren arabera.

Saioak izan litezkeen egokitzapenen, toki entitateen azken eskariaren eta bestelako gorabeheren arabera alda litezke. Programaren garapena eragozten ahal duten egoerak gertatuz gero, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak izanen du azken hitza programa bertan behera utzi edo horri eusteko.

Seigarrena._Parte hartzeko eskabideak.

Toki entitate bakoitzak ezarriko den ereduaren arabera hartzen ahalko du parte programan. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuak banatuko du eta haren webgunean eskuratzen ahal da.

Urtero, programaren garapenaren eta aurrekontuetako diruaren arabera, programan parte hartzen ahal duten toki entitateen gehieneko kopurua ezarriko da, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean argitaratuko dena.

Parte hartzeko eskabideak urte natural bakoitzeko martxoaren 20tik apirilaren 20ra bitarte izanen dira.

Zazpigarrena._Parte hartzen dituen toki entitateak hautatzea.

Baremo bat ezarriko da, kontu hauek hartuko dituena aintzakotzat:

a) Bizilagun kopurua. Gehienez ere 10 puntu.

b) Mankomunitateak izanez gero, osatzen dituzten herriak, gehienez ere 20 puntu.

c) Toki entitatearen berdintasunarekiko konpromisoa: berdintasunerako plana, plantillako berdintasunerako teknikaria, berdintasunaren edo emakumearen zinegotzia eta berdintasun gaietarako aurrekontua edukitzea. Gehienez 50 puntu.

d) Parte hartzeko eskabidearen eta herritarrek parte hartzeko hasierako proposamenaren sostengu politikoa (dei nahi zaien entitate eta pertsonak): gehienez 20 puntu.

Onartzeko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean argitaratuko da. Onartuak izan direla entitate interesatuei jakinarazi ondoren, argibide zehatzak emanen zaizkie laguntza teknikoaz eta espresuki onartu beharko dituzten konpromisoez.

Zortzigarrena._Lankidetza eta informazioarekiko konpromisoa.

Toki entitate koordinatzaileak elkarlanean aritu beharko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin, tokian tokiko ituna ongi garatu eta eskatzen diren argibideak oro emateko, erakunde autonomoari jarduketaren jarraipena errazteko.

Tokian tokiko ituna sinatu ondoren, entitate sinatzaile edo koordinatzaileek Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak "bateratzeko tokian tokiko itunak" izeneko programaren barruan ezartzen dituen finantzaketa, dirulaguntza, sostengu, sentiberatze, prestakuntza eta abarretarako programetan parte hartzen ahalko dute.

Iragarkiaren kodea: F0704062