34. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

56/2007 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Aresoko Eluseder industrialdeko urbanizazio obretako soberakinetarako zabortegia egiteko. Sustatzailea Aresoko Udala da.

Goian aipatutako espedientea 2006ko azaroaren 6an sartu zen Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan. Proiektua Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2.C eranskineko O) atalean sailkatuta dago. Beraz, ingurumen ukipenetarako baimenen araubidea aplikatu behar zaio.

Urtzuriango erreka zuloa bete nahi da 430 kotatik 482 kotaraino, Aresoko udal mugapeko 1. poligonoko 92., 93. eta 97. lurzatietan. Material betegarriak Eluseder 2 eta Eluseder 3 sektoreetako lurrak berdintzeko obretako soberakinak izanen dira. Guztira 451.445 m³ botako dira. Sakana horren goialdean ere betelana egin zen, A-15 errepidea egiteko obretan lur mugimenduak egin zirenean, eta bertan kokatu zen Eluseder 1 industrialdea.

Betelanerako metodoa Eluseder industrialdea handitzeko urbanizazio proiektuan deskribatzen da. Erreka zulora behetik goranzko geruzak botako dira eta behar bezala trinkotuko dira. Industrialdea dagoen arroko ura 1.000 mm diametroko hodi biltzaile batek jasoko du eta zabortegi zaharraren azpitik bideratuko du. Urtzuriango errekako ardatzean drain frantsesa eginen da eta perimetroko areketako hodiarekin lotuko da.

Sakanan haritz kandudunaren hariztia dago, eta erdiko ardatzean haltzadia. Ingurumen balioa ez da oso handia, kontserbazio egoera erdi mailakoa baita. Ur emaria urria baina etengabea da. Nolanahi ere, paisaiaren aldetik hauskortasun handiko eremua da, A-15etik oso ongi ikusten delako.

Arestian aipatutako foru legeak 28. artikuluan dioenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatuz, eskabidea aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lur urbanizaezinetan baimentzen ahal diren jardueretarako baimena integratuko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Aresoko Eluseder industrialdea urbanizatzeko eginen diren obretako soberakinen zabortegia egiteko. Sustatzailea Aresoko Udala da.

Baimen honek ondoko ingurumen-baldintzak izanen ditu:

.Zabortegian, hau da, Aresoko udal mugapeko 1. poligonoko 92., 93. eta 97. lurzatietan, "Aresoko Arau Subsidiarioetako aldaketa Eluseder industrialdea handitzeko" izeneko obretako soberakinak bakarrik botako dira. Hondeaketa lanetan ateratako lurra eta harriak izanen dira, substantzia arriskutsuekin kutsatu gabeak. Botatzen diren materialak zorrotz kontrolatuko dira eta ez da botako proiektuan adierazitako bolumena baino gehiago (586.878 m³, behin materiala harrotuta).

.Zabortegiaren mugak 2007ko urtarrilaren 15eko "Eluseder industrialdea handitzeko antolamendu proposamen berria" agiriko 2. planoan ezarritakoak izanen dira. Obrako soberakinak botatzeko beste edozein zabortegi iraunkor egin aurretik ingurumen organo honek txostena eta baimena eman beharko ditu. Zehazki, beste zabortegi baten beharra izanez gero, gomendatzen da zabortegia handitzea Urtzuriango erreka zuloaren ezkerralderantz, Eluseder 1eko plataformapean dagoen 456,45 m-ko muinorantz. Dena dela, botatzen den lurrak ez ditu ukitu behar 450 m-ko kotaren azpitik dauden haritz kandudunak. Lur soberakinak Eluseder 3 sektoreko plataforma handitzeko erabili ahalko dira baldin eta 490 m-ko kota gainditzen ez bada, 2002ko maiatzaren 3ko 0704 Ebazpenean kota hori ezarri baita hariztia babesteko mugatzat.

.Zabortegia lehengoratzeko proiektua aurkeztuko da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, gainbegiratu eta onartu dadin. Bertan, industrialdea handitzeko proiektuaren aurrekontuko I.8 kapituluan ageri diren obra unitateez gain, beherago zehazten diren jarduketak jasoko dira. Agiri horrek memoria, baldintza-agiria eta aurrekontua eduki beharko ditu.

.Landare lurra kentzea. Landare lurra behar bezala bildu eta zainduko da lehengoratze lanetan erabili ahal izateko. Ez da bestelako materialekin nahasi behar. Beraz, landare lurra pilatzeko tokia aukeratzen denean kontuan hartu behar da zabortegia norantz hedatuko den.

.Inguruaren integrazio geomorfologikoari begira, eta zabortegia lehengoratzeko lanak errazteko, behin betiko ezponden gehieneko malda 2H:1V izanen da.

.Amaierako topografietan lerro zuzenegiak saihestuko dira. Ertzak leundu eginen dira, eta gainazal berrien eta inguruko lurzatietako gainazal naturalen arteko batasun fisiografikoa lortzeko ahaleginak eginen dira.

.Kalitateko landare lurra botako da, gutxienez 30 cm-ko geruza, eta gero xehetasunak atonduko dira. Landare lurra betelana egin den tokian bildutakoa eta Eluseder 2 eta 3 sektoreetako lur berdinketatik ateratakoa izanen da. Zuhaitzak eta zuhaixkak landatu behar diren aldeetan, gutxienez 50 cm-ko geruza jarriko da.

.Lurra landu, harrotu eta fintzeko lanak eginen dira, ereite hidraulikorako behar bezala prestatzeko.

.Zabortegiko ezpondak landareztatu eginen dira. Belar eta zuhaixken hazien ereite hidraulikoa eginen da eta zuhaitzak landatuko dira, basoen galera konpentsatzeko eta zabortegia paisaiari errazago egokitzeko. Ildo horretan, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 43. artikuluan eta hura garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa beteko da. Erregelamenduak dio onura publikoko azpiegituraren bat egiten denean ukitutako eremua baso-berritzeko proiektua aurkeztu behar dela, eta ukitutako eremua, gutxienez, azpiegiturak okupatzen duenaren adinakoa izanen dela.

.Hauek dira landaketarako espezie egokienak: Betula celtiberica, Quercus pyrenaica, Quercus robur, Fraxinus excelsior, Castanea sativa, Corylus avellana, Cornus sanguinea, Salix atrocinerea, Crataegus monogyna. Landareak behar bezala zurkaiztatuko dira eta landaketa irregularra eginen da 5 m-ko tarteak utziz. Zuhaitzak gutxienez 1,60 m garai izanen dira eta zuhaixkak 1,00 m garai. Landareek oinean babesa izanen dute (belarren kontrako xafla edo babes hodia), eta landaketan ongarri organikoa erabiliko da. Landaketa azarotik otsailera bitartean eginen da.

.Landaketa egiten denetik 2 hazkunde aldi igaro arte, gutxienez, mantentze-lanak eginen dira proiektuaren eta aurrekontuaren barnean, landaretza berria ongi sustraituko dela bermatzeko.

.Zuhaitzak bota eta zuhaitz eta zuhaixken gaineko gainerako jarduketak egin aurretik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Oihanak Kudeatzeko Atalera jo beharko da (tel: 848 426671) eta mozketarako administrazio baimena eskuratu, zuhaitzak markatzeko.

.Ustiapenaren egutegiak industrialdea handitzeko obren egutegiak baino 3 hilabete gehiago iraun dezake, gehienez ere.

.Ingurumena zaintzeko plana eginen da, eta gutxienez bi alderdi hauek bilduko ditu:

_Betelanaren ondorengo topografiaren kontrola. Proiektaturiko azken topografia lortu behar da, eta helburu hori aintzat hartuko da zabortegia ustiatzen hasten denetik bertatik. Horretarako hertsiki jarraitu beharko zaio proiektuan deskribaturiko ustiapen metodoari. Jarduketa amaitutakoan, azken topografia erakusten duen planoa aurkeztuko da, desbideratzerik izan ez dela egiaztatzeko. Zabortegia betetzeko lanak egiten diren bitartean, behin betiko ezpondetako lehengoratze lanak ere eginen dira.

.Zabortegiaren perimetroan euri ura jasotzen duten areken egoera eta hondoko drainaren irteeraren egoera kontrolatuko dira, uneoro garbi egon daitezen eta beren funtzioa bete dezaten.

_Obrak amaitutakoan Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari "Obra amaierako txostena" igorriko zaio. Bertan adieraziko da nola bete diren eraginen prebentziorako neurriak eta ingurumena lehengoratzekoak, batez ere honako hauek: betelurra egonkortzeko lanak, euri ura jasotzen duen sistemaren funtzionamendua, landareztatzea, eta materialaren harrotze indizeak (116.700 m³) aurreikusten ez duen lur soberakinari emanen zaion irtenbidea. "Obra amaierako txosten" horri argazkiak erantsi behar zaizkio, hartu diren neurrien emaitzak eta ukitutako eremuen azken egoera erakusten dituena.

_Eremu osoa garbi utzi behar da, obretako hondarrik gabe. Zarata eta ke mailak kontrolatu eta ahalik gehien murriztu behar dira, eta inguruan ez da obretako zabor, isurkin eta hondakinik bota behar.

2. Baimen honek, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak otsailaren 7an emandako txostenaren arabera, barnean hartzen du Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan aipatutako baimena.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta administrazioak ez diren interesatuek haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita, Nafarroako Gobernuari zuzendua.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, Ingurumen ukipenetarako baimenak ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari eta Aresoko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 19an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0703052