34. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

53/2007 Ebazpena, urtarrilaren 26koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetako ikasleen guraso elkarteei (GE) laguntzak emateko prozedurari dagokion deialdia onesten duena, 2007ko urtarriletik ekainera bitartean lanaldi bakarreko egunetan Jantoki Zerbitzuaren kudeaketa osagarria egiteko.

Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetan lanaldi bakarreko egunetan jantoki zerbitzua berregituratzeko xedez dirulaguntza ematea onesteko. Laguntza hauen xedea da proposaturiko zerbitzuaren zabaltzearekin, ikasturtean zehar egunerokoa bermatzea oso espazio egituratuetan, langileen parte-hartze eta laguntza egonkorra izanik.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea ikusirik.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetako ikasleen guraso elkarteei (GE) laguntzak emateko prozedurari dagokion deialdia onestea, 2007ko urtarriletik ekainera bitartean lanaldi bakarreko egunetan Jantoki Zerbitzuaren kudeaketa osagarria egiteko.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdia ebazten duen ebazpenean emango diren laguntzak ordaintzeko, baimentzea 27.442,65 euroko gastua (BEZa barne), 2007ko gastuen aurrekontutik, "Hezkuntza Berezirako Bekak eta dirulaguntzak" izeneko 423001-41610-4809-322400 kontusailaren kargura. Diru kopuru hori handitu ahalko da kontusailaren aurrekontua handituz gero.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetako ikasleen guraso elkarteei (GE) jakinaraztea.

5. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Nafarroako Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetara eta beren ikasleen guraso elkarteei (GE), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 26an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

ERANSKINA

Arauak

1._Helburua eta aplikazio eremua.

Deialdi honen xedea da Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetako ikasleen gurasoen elkarteei dirulaguntza ematea 2007ko urtarriletik ekainera bitarterako. Dirulaguntza horren bidez Jantoki Zerbitzuaren kudeaketa osagarria ordainduko da zati batean aipatu Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan jardun bakarreko egunetan (2007ko ekaineko eskola egunetan eta urtarriletik maiatzera bitarteko asteazken guztietan) Nafarroako Foru Komunitateko erroldan diren ikasleendako.

2._Entitateek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honen ondorioetarako, Hezkuntza Bereziko Ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteek (GE) honako baldintzak bete behako dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistroan inskribatua egotea:

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Egoitza izatea Nafarroako Foru Komunitatean. Artikulu honetako a) atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez egiaztatu beharko da hori.

d) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide nahikoak izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

e) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuak izatea.

f) Aldez aurretik helburu berberako dirulaguntzarik jaso badu, erakundeak egiaztatu egin beharko du betetzen dituela proiektuarendako dirulaguntzak eman zituzten ebazpenetan ezarritako beharkizunak.

3._Jantokiko zerbitzua zabaltzeko dirulaguntzetarako eskaerak egiteko betebeharrak.

3.1. Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Deialdi honen lehenbiziko oinarriaren printzipioetara egokitzea.

b) Gurasoen Elkarteak erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea jantokiko zerbitzuaren berregituraketaren ondorioz ikasle guztiak ikastetxeetan diren orduetarako.

c) Familiek onartzea jantokiko zerbitzuaren berregituraketaren ondorioz izango den garraioaren ordutegiaren aldaketa, zerbitzu hori ez bikoizteko xedez.

d) Dirulaguntzek zati batean ordainduko dituzte jantoki zerbitzuari dagozkion menuetarako eta langileendako (arduradunak, administraria eta zaintzaileak) gastuak.

e) Lanaldi bakarreko egunetan jantoki zerbitzua Hezkuntza Bereziko ikastegien baliabideekin eta lanaldi zatikatuko gainerako egunetan menuez hornitzen duten enpresen baliabideekin egingo da. Horrela, lanaldi bakarreko egunetako jantoki zerbitzua gainerako egunetako baldintza berdinetan eskainiko dela bermatuko da.

4._Eskaerak aurkezteko epea.

4.1. Hezkuntza Bereziko ikastegi publikoetako ikasleen gurasoen elkarteek eskaera aurkezteko duten epea 10 egun naturalekoa da, gurasoen elkarteei deialdi honen berri eman eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo kalea, 8), edo bestela Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren tokietako edozeinetan.

5._Aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Eskabide orokorraren inprimakia, gurasoen elkartea legez ordezkatzen duen pertsonak sinatua eta honako agiriekin batera:

5.1.1. Elkarteari buruzko dokumentazio orokorra (Hezkuntza Departamentuaren esku ez balego edo dokumentazioaren edukia aldatuko balitz):

a) Elkarte edo entitatearen estatutuak.

b) Legezko helbidea.

c) Legezko ordezkariaren kredentzialak.

d) Inskripzioen ziurtagiriak:

_Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

_Nafarroako Gobernuko Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntza Bereziko Zentroen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

_Izaera juridikoa dela medio, dagokion beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

e) Identifikazio fiskaleko txartela.

5.1.2. Entitate edo elkartearen jarduera orokorraren gaineko agiriak:

Jardun bakarreko egunetan jantoki zerbitzua zabaltzeko proiektu orokorra, oinarri hauetako 1. puntuan adierazitako aldiari dagozkion dirusarrera eta gastuen aurrekontu osoarekin batera.

5.1.3. Dirulaguntza eskatzen den jantokiko zerbitzuari buruzko dokumentazioa.

a) Dirulaguntza eskatzen den jantokiko zerbitzuaren deskribapena.

_Izena.

_Helburuak.

_Egingo diren jarduerak.

_Egutegia.

_Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuak, _arduraduna, administraria eta zaintzaileak_ edo boluntarioak...).

_Finantza baliabideak (dirusarreren eta gastuen aurrekontua, aurreikusitako finantzabideak ...).

_Hezkuntza Departamentuari eskaturiko zenbatekoa.

_Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak ....).

b) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

5.1.4. Onuradun izateko baldintzak betetzen direla frogatzeko behar den dokumentazioa.

_Elkartearen legezko ordezkariaren aitorpen idazkia, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko beharkizun orokorrak betetzen dituela azalduz.

_Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren dirulaguntzei buruzko aitorpena.

6._Balorazioa.

6.1. Eskabideen tramitazioa Hezkunta Departamentuan egingo da, Hezkuntza Premia Berezien Atalean, eta hark aztertuko du aurreko artikuluetan aipatutako baldintzak betetzen direla.

a) Eskabideak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, Hezkuntza Premia Berezien Atalak entitate interesatuari hots egingo dio hamabost egun balioduneko epean okerra zuzendu dezan, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

b) Ez da dirulaguntza eskabiderik tramitatuko baldin eta txosten teknikoak eta ekonomikoak aurkeztu ez badira eta, halakorik balego, aurreko aldiko dirulaguntzaren gastuaren fakturak ekarri ez badira.

c) Batzorde tekniko batek balioetsiko ditu eskabideak eta honakoek osatuko dute batzordea: Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuko zuzendaria, Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua, Programa Berariazkoen Bulegoko burua eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari atxikitako teknikari bat. Batzorde horrek laguntzak eman behar dituen organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio.

7._Balorazio irizpideak.

7.1. Hautatzeko irizpideak ondoko hauek izango dira:

a) Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

b) Jantokiko zerbitzuaren berregituraketa dela eta, Klaustroak eta Eskola Kontseiluak irakasleen eta langileen ordutegian egin lezaketen berrantolaketa onartzea, orain arteko baldintza berdinetan egin dadin.

c) Eskatzailearen ibilbidea dirulaguntza jaso nahi duten programetan.

d) Aurreko aldietan egindako programen eraginkortasuna, hala bada.

e) Aurkezten diren eskabideen kopurua.

7.2. Eskabide guztiak arestian aipatu irizpideei jarraikiz balioetsiko dira.

7.2.1. Zerbitzuaren egilea den aldetik, gurasoen elkartean honakoak aztertuko dira: bere egitura, curriculuma, kaudimena, kudeaketarako gaitasuna eta Hezkuntza Bereziko Ikastegiarekin duen koordinazioa.

7.2.2. Eskainitako zerbitzua:

Zerbitzuaren alderdi teknikoak balioetsiko dira, hots, oinarrien, helburuen, jardueren, espero diren emaitzen, baliabideen, kalitatearen adierazleen eta egiaztatzeko aldagarrien arteko egokitzapen zuzena eta koherentzia. Halaber, aurkezpena, idazkera eta aurrekontuen xehetasunak ere balioetsiko dira.

8._Instrukzioa.

8.1. Batzorde teknikoak ofizioz ebaluatuko ditu eskabideak deialdian baloratzeko ezarritako irizpideei, moduei eta lehentasunei jarraikiz, eta behin-behineko ebazpen proposamena prestatuko du. Interesdunei jakinaraziko zaie eta 10 eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko.

8.2. Batzorde teknikoak interesatuek ateratako alegazioak aztertu eta ondotik, behin betiko ebazpenaren proposamena egingo du.

8.3. Behin-behineko ebazpenak ez du eskubiderik sortzen onuradunaren alde administrazioarekiko, harik eta behin betiko ebazpena jakinarazten zaion arte.

9._Ebazpenak.

9.1. Aurkeztutako eskabideen ebazpena Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari dagokio, eta, laguntzarik badago, bertan zehaztuko da xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta laguntza noiz eta nola justifikatu.

9.2. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik 6 hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

9.3. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izango da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

10._Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, lehenbizikoa jarduera hastean, bi hilabeteko jarduna garatzeko lehen bi hilabeteetako gastuei dagokien zenbatekoarekin eta bigarrena, epe hori bukatzean, gainerako zenbatekoarekin eta beharrezkoa izango da jasotako zatiaren %100eko gastuen agiri ekonomikoak justifikatzea dirulaguntzaren hurrengo ordainketa egiteko.

11._Gastuen egiaztagiriak.

11.1. Diruz lagundutako jarduera bukatzean, jasotako dirulaguntzari ezarritako gastu guztiak justifikatu egin beharko dira, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuz. Zerrenda horrekin batera frogagiriak joango dira eta banku jardueraren laburpenen kopien, ordainagirien eta fakturen fotokopiak behar bezala konpultsatuak izango dira eta haietan zehazturik agertuko dira emailearen datuak, jasotzailearenak, eguna, azalpena eta prezioa.

11.2. Diruz lagundutako jarduera bukatu ondoren Zerbitzuaren betetzeari buruzko txostena aurkeztuko da eta honako dokumentazioa azaldu beharko da:

a) Elkartearen jantoki zerbitzuaren gaineko txostena, eta azken ekitaldiko dirusarreren eta gastuen balantze orokorra.

b) Lanaldi bakarreko egunetan jantokiko zerbitzuari buruzko txosten teknikoa, honako xehetasunak azalduz:

_Zerbitzuaren eraginkortasuna. Zerbitzua zabaltzeko programan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea.

_Eragingarritasuna. Lortutako emaitzen ebaluazioa, erabilitako baliabide tekniko eta ekonomikoak kontuan hartuz.

_Jantokiko zerbitzua zabaltzeak ikastegian, ikasleengan eta familiengan izandako eragina aztertzea.

_Jantokiko zerbitzuaren estrategiak balioestea ikuspuntu edo erantzun egokiena hautatu ote den balioesteko.

c) Jardun bakarreko egunetara jantokiko zerbitzua zabaltzeari buruzko balantze ekonomikoa, dirusarrera guztiak zehazturik (batez ere honako hauek emandakoak: Nafarroako Gobernua, Nafarroako Udalak, Autonomia Erkidegoak eta beste udal batzuk, Gizarte Gaietarako Ministerioa, Europar Batasuna, eta abar, familiek ordaindutako kuoten ekarpena, elkartearen beraren funtsak eta dirulaguntza pribatuak); eta gastu guztiak, kontzeptu hauetan banaturik:

_Langileak (arduraduna, administraria eta zaindariak).

_Menuak.

d) Egindako jantokiko zerbitzuaren zabaltzearen dirusarreren eta gastuen zerrenda Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzari aplikatua, agiri zenbakia, emailea, azalpena, eguna eta zenbatekoa zehazturik. Zerrenda horren froga gisa dagozkion egiaztagiriak izango dira, hau da, faktura adostuen eta bankuko kontu-laburpenen fotokopia konpultsatuak eta, betiere, emailearen eta jasotzailearen datuak, eguna, kontzeptua eta prezioa.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako zerbitzuaren exekuzioa edo martxa onaren berri emateko.

12._Betebeharrak eta ez-betetzeak.

12.1. Jardun bakarreko egunetan Hezkuntza Bereziko ikastegi publikoetan jantokiko zerbitzu osagarria kudeatzeko dirulaguntza ematen zaien erakundeek honako betebeharrak izango dituzte:

a) Zerbitzua dirulaguntza ematean ezarritako baldintzetan gauzatzea.

b) Deialdi honen 10. oinarriak aipatzen dituen txostenak aurkeztea, proiektua burutu bitartekoak eta bukaerakoa.

c) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

d) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea.

e) Programaren publizitatea eta hedatze guztietan dirulaguntza norena den adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten baldin bada Hezkuntza Departamentuaren logotipoa paratu behar da, eta dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berdinetan.

f) Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren ezaugarri, beharkizun eta baldintzetan egindako aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinaraztea eta horiek egiteko baimena eskatzea. Halaber, beste edozein organismok edo erakunde pribatuk zein publikok, dirulaguntza geroago emanez gero, laguntza horien zenbatekoa jakinarazi beharko dio.

g) Programa gauzatu ezin bada edo dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete ezin badira, jasotako dirua itzultzera, edo dena justifikatu ezin bada, justifikatu ezina itzultzera; horrekin batera, berandutzagatiko korritua, dirulaguntza ordaintzen denetik eskatuko zaio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

13._Azpikontratazioa.

Laguntza jasotzen duten gurasoen elkarteek lagunduriko jarduera osoa betetzeko azpikontratazioa egin ahalko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako baldintzak aintzat hartuz.

14._Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka eta bere aplikazio egintzen aurka gora jotzeko helegitea jarrri ahalko da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 114. eta 115. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz.

15._Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen duenari loturik eman da.

16._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Inmigraziorako Zerbitzuak Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programa eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0701781