34. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

44/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateek 2007an kirol jarduerak bultzatzeko dirulaguntzen deialdiaren arauak onesten dituena.

Nafarroan kirol jarduerek duten garrantziagatik eta jarduera horretan toki entitateek duten paperagatik, Nafarroako Gobernuak neurriak eskaini nahi izan ditu toki entitateen arteko egitura diferentziak berdintzeko, bi helburu gogoan:

_Aukera ematea Nafarroako populazio osoari kirola egiteko.

_Laguntza ematea toki entitateek beren eskumenak hartu eta beren kirol antolamendua garatu ditzaten.

Hori horrela, Kirolari buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutik kirol jarduera toki entitateetan sustatzeko bideratzen diren baliabideak beste modu batean egituratu behar dira; izan ere, tamaina ertain edo txikiko toki entitateetara bideratu behar dira, oinarrizko kirol antolamendua finkatu edo sortu beharra dutenetara hain zuzen, herritarrei beharrezko diren kirol zerbitzuak eskaini ahal izateko eta, kasu guztietan, prestazioen maila hobetzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2007rako Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzen deialdia onestea, kirol jarduerak bultzatu eta sustatzeko, foru agindu honen I. eranskinean ageri diren arauen arabera.

2. Deialdi horretara aurkezten diren Nafarroako toki entitateen eskabideak baloratzeko baremoa onestea. Foru agindu honen II. eranskin gisa ageri da.

3. Deialdi hau aurrera eramateko, 320.000 (hirurehun eta hogei mila) euroko gastua baimentzea. Nafarroako 2007ko aurrekontu orokorretan "Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko 940002-95110-4609-336100 kontusailaren kargura ordainduko da diru hori.

4. Foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2007ko otsailaren 16an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Arauak

1._Xedea.

Deialdi honen helburua da toki entitateei lehia bidez dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, 2007rako. Laguntza hauek izanen dira:

1.1. Kirol sistema berriak ezartzeko laguntzak, kirol antolaketarik ez duten toki entitateetarako, eta Kirol Zuzendariordetzaren iritziz kirol sistema egonkor gisa eratzeko modurik ez duten beste kirol programa batzuetarako. Dirulaguntza berariazko eta egoki bat emanen da, toki entitateari bide emateko bere kirol sistema lortu eta bertako herritarrei kirol zerbitzua bermatzeko.

1.2. Herrietan egun diren kirol sistemen funtzionamendua eta garapena hobetzeko eta sistema horiek indartu eta berritzeko laguntzak, betiere Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak halakotzat hartzen baditu. Hauek izanen dira laguntzak:

1.2.1. Kirol teknikariak kontratatzeko laguntza:

Kirol teknikari bat urtean zehar kontratatzen duten edo azken bi urteetan kontratatu duten udalek eta kirol mankomunitateek izanen dute zilegi laguntza honetara jotzea.

a) Lanpostu sortu berria.

Lanpostu sortu berria izendapenarekin esan nahi da entitatearen plantilla organikoan lehen aldiz agertzen dela.

b) Lanpostua hobetzea.

Izendapen horrekin esan nahi da lanpostuaren lanaldia edo maila aldatu dela eta, horren ondorioz, aurrekontua handitu. Osagarriei ez zaie aplikatuko.

a) eta b) ataletako laguntza hauek eskuratuko badira, lanpostuak honako baldintza hauek bete behar ditu:

_Plantilla organikoan egotea.

_A edo B mailetako lanpostu sortu berriak izatea, Gorputz Jardueretako eta Kirolaren Zientzietako eta Gorputz Hezkuntzako lizentzia edo diploma edukitzea eskatzen dutenak.

_Lanaldi osokoa (lanpostu berrien kasuan).

_Finkoa izatea.

Laguntza hau hartzen ahalko dute, orobat, kontratatzen den kirol teknikariaren kudeaketa aldia beste arlo batzuekin banatzen denean, baldin eta kirol arloan aritzen bada kudeaketa aldiaren 100eko 50 edo gehiago. Kasu horretan, kirol arloan zenbat denboran aritzen den, hainbestekoa izanen da laguntza.

Toki entitateek bigarren kirol teknikari bat kontratatzeko dirulaguntza emanen da.

Laguntza lanpostuarekin lotuta dago (lanpostua sortu edo hobetzea) eta ez langilearekin.

Laguntza hauek kontratazio urte bakoitzerako II. eranskinean ezarritako ehunekoen araberakoa izanen dira, jabetza hartzeko egunetik kontatzen hasita.

1.2.2. Azterketa teknikoak egiteko laguntza.

Kirol kontuei buruzko azterketa teknikoetarako laguntzak emanen dira, horiek herrietako kirolaren arlo zehatzen gainekoak badira eta, hortaz, herriko kirol sistema hobeki kudeatzeko balio badute. Bideragarritasunari buruzko azterlan guztiak hemendik kanpo daude.

1.2.3. Kirol federazioekin izenpetutako hitzarmenen ondoriozko laguntza.

Dirulaguntzak emanen dira herrietan kirol berriak ezartzeko, baldin eta kasuan kasuko kirol federazioarekin garatzen bada, bi urte badirau eta kirol horretarako klub bat sortu nahi bada.

1.2.4. Kalitate sistemak ezartzeko laguntza.

Kasuan kasuko herriko kirol esparruan zerbitzu kartak edo kalitatea kudeatzeko beste edozein sistema ezartzeko dirulaguntza eskatzen ahalko da.

1.2.5. Sustapen programa berariazkoetarako laguntza.

Udalerri bat Nafarroan indar gutxi duen kirol mota batekin lotzeko ekintzak lagunduko dira. Toki entitate eskatzaileak, herriko kirol klubak, Nafarroako Federazioak eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak interesatuak egon eta parte hartu beharko dute proposamenean. Kasuan kasuko kirolaren edo kiroldegiaren berezitasuna dela-eta, ez da nahitaezkoa izanen kirol klubak parte hartzea.

Aurkeztutako eskaerak ikusi eta erabakiko da horietatik zeinen bideragarritasun azterlana eginen den. Entitate horietako ordezkariek osatutako talde batek eginen du azterlana.

Azterlan hori izanen da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak laguntza zeini eman erabakitzeko oinarria. Atal hori dela-eta eskuratzen ahal den diru kopurua, gehienez, Udalak programarako ematen duen zenbatekoaren antzekoa izanen da.

1.2.6. Jarduera arrunten programa.

Atal honetan kirol teknikaria duten kirol mankomunitateei emanen zaie laguntza, kirol mankomunitatearen programazioan modu egonkor eta etengabean gauzatzen diren kirol jarduera guztietarako, betiere herritar guztiendako badira.

1.2.7. Kirol ikuskizunak.

Aurkeztutako eskaeren artean zeini laguntza eman erabakitzeko, kontuan izanen dira Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren ustez duen interesa, ikuskizunaren kirol maila eta eragin ekonomikoa.

Nafarroako toki entitate guztiek eskatzen ahalko dute atal honetako laguntza.

Foru Komunitatearendako garrantzitsuak izateagatik, edukiagatik, egokitasunagatik edo hedabideetan oihartzuna izateagatik Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarendako interesgarriak diren eskabideak hartuko dira bereziki kontuan. Kasu honetan laguntza hitzarmenen bidez eman ahalko dira berariaz.

1.2.8. Hirugarren adinekoendako gorputz-ariketa.

Hirugarren adinekoen kirola sustatzeko, aurkeztutako eskaeren artean laguntza emanen zaie toki entitateek bakarrik 65 urtetik gorakoendako gorputz-ariketak gauzatzeko sustatzen dituzten proposamenei, foru agindu honen II. eranskineko 3.9 arauan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

1.2.9. Emakumearen gorputz-ariketa.

Emakumearen kirola sustatzeko, aurkeztutako eskaeren artean laguntza emanen zaie zenbait proposameni, Nafarroako Emakumearen Institutuak eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak izenpetutako hitzarmenean oinarriturik. Toki entitateen proposamen horiek berariazko kirol programak garatu beharko dituzte, eta ezarritako xedeekin bat etorriko dira proposamen hauek, eta populazioaren zati honi laguntza ematen dioten toki entitatearen beste arlo tekniko batzuekin koordinatuko dira.

1.2.10. Integrazio programak.

Horien xedea izanen da kirol programa guztiak kirolik egiten ez duten pertsona edo taldeak herriko kiroletara erakartzen laguntzeko helburu zehatzarekin bete daitezen sustatzea.

1.2.11. Kiroltasunaren sustapena.

Toki entitateei erraztasunak emanen zaizkie kiroltasuna sustatzeko "Tranki, kiroltasunez bizi" kanpainian parte har dezaten. Horretarako, herrietan kiroltasuna zabaltzeko bultzatzen diren ekitaldi guztiak hartuko dira kontuan.

Laguntza hauek onura publikokoak dira Nafarroako biztanleen kirol jarduera sustatzen dutelako.

2._Helburua.

2.1. Dirulaguntzak 1. arauan jasotzen diren ekintzak burutzean sortutako gastuak hein batean berdintzeko erabiliko dira, baldin eta titulartasuna toki entitateari badagokio eta 2006ko irailaren 1etik 2007ko irailaren 30era bitarte egiten badira.

Ez da zilegi izanen material inbentariagarria erosteko erabiltzea.

3._Onuradunak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean osaturik dauden eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak aitorturiko kirol sistema daukaten udalek eta kirol mankomunitateek hartzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak.

Zilegi izango dute deialdi honetako helburu diren banakako laguntzetara jotzea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak aitortutako kirol sistema duten eta mankomunitate baten barruan dauden udalek, nahiz eta mankomunitateek ere laguntza jaso.

Aldi batez, kirol mankomunitate bihurtzeko tramiteak egiten ari diren entitate edo elkarteen eskabideak kontuan hartuko dira, baina jarduera arruntetarako laguntzak hartzen ahalko dituzte bakarrik.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira berariazkoagoko deialdien helburu diren kirol jarduerako eta kirol ikuskizunetako programak.

4._Aurkezteko epea eta lekua.

Dirulaguntzarako eskabideak eta agiriak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aipatzen diren baliabideen bidez.

2007ko dirulaguntzetarako eskabideak eta agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Foru agindu hau argitaratu baino lehen aurkeztutako dirulaguntza eskabideei hemen ezarritako administrazio prozedura aplikatuko zaie.

5._Agiriak.

5.1. Eskaerak alkateak edo kirol mankomunitateko lehendakariak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari igorritako eskabide baten bidez aurkeztuko dira, erakunde horretan eskuratuko diren inprimakiak erabiliz eta ondoko agiriekin batera:

a) Kirol sistema berriak ezartzeko, A inprimakia erabiliko da eta bertan zehaztuko dira garatuko den edukia, justifikazioa eta harremanetarako pertsona.

b) Toki entitateetan kirol teknikariak lanpostu sortu berrietarako kontratatzeko edo orain diren kirol teknikarien lanpostuak hobetzeko kasuetan, behin betiko dokumentazio gisa edo urtean zehar bukatu beharreko prozedura hasteko abisu gisa, B inprimakia erabiliko da, eta harekin batera beste agiri hauek aurkeztuko dira:

_Lanpostuaren ezaugarriak azaltzen dituen agiri ofiziala.

_Lanpostuaren kontratua edo lanpostuaren jabetza hartzearen eginbidea.

_Zenbateko ekonomikoaren ziurtagiria.

c) Azterlan teknikoak egiteko, C inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira edukia, aplikazio esparrua, azterlanaren iraupena, zer enpresak eginen duen eta esleipenaren zenbatekoa.

d) Federazioekiko hitzarmenetarako D inprimakia erabiliko da, eta hitzarmenaren kopia bat erantsiko zaio.

e) Kalitate sistemak ezartzeko, E inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira edukia, aplikazio esparrua, noiz hasi eta noiz bukatuko den, enpresa aholku-emailea, esleipenaren zenbatekoa eta beste laguntza batzuen xehetasunak, baldin eta horrelakorik badago.

f) Sustapeneko programa berezirako F inprimakia erabiliko da, eta bertan eskaera arrazoitu eginen da, eta horretan dirauten aldeen asmoen adierazpena eta harremanetarako pertsonak zein diren aipatuko.

g) Jarduera arrunten programarako, G inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira herria, kirol jarduera, mota, adina, sexua, noiz hasi eta noiz bukatuko den, parte hartzaileak, dirusarrerak eta gastuak.

h) Kirol ikuskizunetarako, H inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira izena, arrazoia eta deskribapena, kirol mota, datak, parte-hartzaileak, dirusarrerak eta gastuak.

i) Hirugarren adinekoen gorputz-ariketarako, I inprimakia erabiliko da, eta bertan deskribatuko dira jarduera eta parte hartzaileak.

j) Emakumearen gorputz-ariketarako, J inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira programaren xedeak, jarduerak, zer arlok lagunduko duten, dirusarrerak eta gastuak.

k) Integrazio programetarako, K inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira programaren xedeak, jarduerak, dirusarrerak eta gastuak eta lagunduko duten entitateak, halakoak egonez gero.

l) Kiroltasuna sustatzeko L ereduko inprimakia erabiliko da. Bertan sustapenaren helburuak, jarduerak eta gastuak zehaztuko dira.

m) Oro har, kirol gaietarako gastu eta dirusarreren aurrekontuen gaineko informazioa aurkeztuko da, kapituluka xehetua (M inprimakia).

n) Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak dituela dioen erantzukizuneko aitorpena.

5.2. Kirol ekintzak frogatzen dituzten agiriak.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aipatzen diren baliabideen bidez, urte bakoitzeko urriaren 31ra bitarte.

Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

a) Idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkatearen ikus-onespenarekin, zeinetan jasoko baita gastu eta sarreren balantze ekonomikoa, ezarritako ereduaren arabera.

b) Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa denean, onuradunak erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean.

c) Ikuskizun bakoitzaren fitxa betea eta harekin batera idazkariak emandako gastu-sarreren balantze ekonomikoaren gaineko ziurtagiria.

Aurkeztutako dokumentazioa aski izan ez edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, entitateari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak dioen bezala.

6._Antolamendua eta izapidaketa.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kirol Zuzendarordetza izanen da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta izapidatzeko organo eskuduna.

7._Balorazioa.

7.1. Eskaeren gaineko ebazpen proposamena egiteko, balorazio batzorde bat eratuko da eta honako kide hauek izanen ditu: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kirol zuzendariordea, Federazioen eta Kirol Jokoen Ataleko burua, Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Entitate eta Toki Entitateen Bulegoko burua eta kirol teknikari bat.

7.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, baremoa aplikatu ondoren ateratzen diren zenbatekoak eta aurkeztutako eskabideen kopurua ikusi eta, deialdi honetarako finkatutako dirua nahikoa ez bada aurreikusitako gehieneko dirulaguntzak emateko, diru hori dirulaguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murriztuko dira.

8._Ebazpena.

8.1. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du eta interesatuei jakinaraziko zaie, justifikziorako epea bukatzen den egunetik lau hilabeteko epean gehienez.

Ezarritako epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaerak ukatutzat hartuko dira.

Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaien ezetz, halakorik baldin bada.

8.2. Ematen den dirulaguntza hau bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

8.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa betez, deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko eta Kirol Etxeko iragarki oholetan jarriko dira.

9._Betebeharrak.

9.1. Dirulaguntza hartzaileek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute eta hala egin dela dokumentuen bidez justifikatu. Gainera, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen konprobazio guztiak onartu eta aisatu beharko dituzte, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuak eskatzen dituenak ere bai.

9.2. Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideen berri eman beharko dute dirulaguntza hartzaileek. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

9.3. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte.

9.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, indarra duten legeetan xedatu bezala.

9.5. Toki entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo ezartzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 89/2004 Foru Dekretua betetzeko; halaber, Nafarroako Gobernuak jarduera lagundu duela adieraziko dute.

9.6. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

9.7. Toki entitateek berek eginen dute kirol teknikarien lan kontratazioa, eta Nafarroako Gobernuak ez du kontratazio horretan erantzukizun subsidiariorik izanen.

10._Zorrak kitatzea.

Dirulaguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuta ordaindu lekioke dirulaguntza.

11._Dirulaguntza nola eta noiz pagatuko den.

Emandako dirulaguntza transferentzia bidez pagatuko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

12._Ez-betetzeak.

Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ukatzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko idatz-zatian aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

13._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra eta hau betetzeko egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salara igorria, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

14._Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Baremoa

1._Xedea.

Eranskin honetan ezarri da Nafarroako toki entitateek, kirol jarduerak bultzatu eta sustatzeko dirulaguntza deialdia dela-eta, aurkeztutako eskabideak baloratzeko baremoa.

2._Irizpide orokorrak.

2.1. Diruz lagunduko dira toki entitate eskatzaileak berak egiten dituen jarduketak.

2.2. 2006ko irailaren 30etik laguntzen deialdia egiten den urte naturaleko irailaren 30era bitarte gauzatutako ekintzak.

2.3. Laguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen, eta jardueraren gastuaren %75ekoa izanen da gehienez.

3._Dirulaguntzaren atalen eta esparruen ezaugarriak kontuan hartuta, ondoko ataletako baldintza zehatz eta berariazkoak ezarri dira.

3.1. Kirol sistema berriak eta kirol sistema egonkorrak izateko modurik ez duten beste kirol programa batzuk ezartzea.

1. Egin gogo diren jarduketen izaera eta garrantzia (30 puntu)

_Proiektuko helburuak aurreikusitako helburuarekin bat etortzea eta koherenteak izatea, gehienez 15 puntu.

_Proiektua behar bezain landua izatea eta behar adinako kalitateaz eta aurretiko prestakuntzaz egina, 15 puntu gehienez.

2. Teknikariak eta ekintzen eragina kirol sistemaren sorreran eta jarraipenean (40 puntu)

_Titulazioa (10 puntu gehienez).

_Titulazio egokia izatea proiekturako (10 puntu gehienez).

_Proiektuan partaide diren kirol elkarte eta entitateak (gehienez ere 10 puntu).

_Proiektuaren xede diren toki entitateak eta populazioguneak (10 puntu gehienez).

3. Finantzaketa irizpideak (30 puntu)

_Bideragarritasun ekonomikoa, 10 puntu gehienez.

_Baliabide publikoak eta pribatuak sortzeko gaitasuna, 10 puntu gehienez.

_Proiektuaren eragin ekonomikoa, 10 puntu gehienez.

Ataletako puntuak batuta, dirulaguntza honela kalkulatuko da: puntu kopurua bider 100 euro, horixe baita puntu baten balioa.

Dirulaguntzetarako honako muga hauek egonen dira:

_Ezarri behar den kirol sistema berrirako aurreikusi eta onetsitako zenbatekoaren %50 bitarte.

_Kirol mankomunitate bat eratzen ari diren toki entitateetan dirulaguntza gehienez ere 18.000 eurokoa izanen da eta puntuaren balioa 200 eurokoa.

3.2. Kirol teknikarien kontratazioa.

Lanpostu sortu berria: laguntza kalkulatuko da oinarrizko soldataren eta gizarte segurantzaren batuketari kontratazio urteari dagokion ehunekoa aplikatuta, taula honi jarraikiz:

URTEA % GEHIENEZ

Lehena %60 15.000 euro

Bigarrena %45 12.000 euro

Hirugarrena %30 6.000 euro

Lanpostua hobetzea: laguntza soldata igoeraren arabera kalkulatuko da, lanaldiaren luzapenetik edo/eta mailaren igoeratik abiatuta. Horri aplikatuko zaio hobekuntza hasi zeneko urteari dagokion ehunekoa, koadro honen araberakoa:

URTEA % GEHIENEZ

Lehena %60 6.000 euro

Bigarrena %45 4.200 euro

Hirugarrena %30 2.400 euro

3.3. Azterlan teknikoak.

Dirulaguntza enpresari esleitzeko zenbatekoaren arabera kalkulatuko da. Honako ehunekoak aplikatuko dira:

_%25 bitarte: eduki berariazkoa eta eragina eta aplikagarritasuna ikerketa egin den inguruan baino ez duten ikerketak.

_%26-50: eduki berariazkoa edo orokorra duten eta eragina eta aplikagarritasuna beste herri batzuetarako edo kirol mankomunitate baterako izan dezaketen ikerketak.

_%51-75: eduki orokorra duten eta eragina eta aplikagarritasuna herri askotan duten ikerketak.

Proposamen bakoitzerako gehieneko laguntza 6.000 eurokoa izanen da.

3.4. Kirol Federazioekiko hitzarmenak.

Atal honetako helburua herrian berria den kirol modalitate berri bateko kirol talde bat sortzea denez gero, laguntzak ezarriko dira baldin eta hitzarmenean proposatutako jarduketak xedearekin bat badatoz.

_%25 bitarte: lotura gutxi duten jarduketak.

_%26-50: argi eta garbi lotuak dauden jarduerak.

Hitzarmen bakoitzeko gehienez 3.000 euro emanen dira edo toki entitate batek aurkeztutako hitzarmen multzoko 9.000 euro.

3.5. Kalitate sistemen ezarpena.

Laguntza enpresari esleitzeko zenbatekoaren arabera kalkulatuko da, bakar-bakarrik kirol esparruan ezartzekoa bada. Honako ehunekoak aplikatuko dira:

_%25 bitarte: ezarpenak laguntzarik jasotzen badu Nafarroako Gobernuko beste entitate batzuengandik.

_%26-50: ezarpenak bestelako laguntzarik jasotzen ez badu.

Emanen den laguntza 6.000 eurokoa izanen da gehienez.

3.6. Sustapenerako berariazko programak.

Laguntza programaren bideragarritasuna adierazi ondoren emanen da. Laguntzak ez du 12.000 euro baino gehiago eginen, horixe baita muga.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren laguntza ez da entitateak emandakoa baino handiagoa izanen.

3.7. Jarduera arruntak.

Kirol mankomunitateetako jarduera arrunten programak baizik ez dira lagunduko, gehienez 30.000 euro.

Atal honetako laguntzen %60 ondoko baldintza hauen arabera kalkulatuko da:

a) Herri batzuetan egitea

b) Adin guztietako lagunentzat izatea

c) Kirol mankomunitatearen kirol garapena bultzatzea

Honako portzentaje hauen arabera:

_8.000 euro bitarte: baldintzetako bat betez gero.

_12.000 euro bitarte: baldintzetako bi betez gero.

_18.000 euro bitarte: hiru baldintza betez gero.

Atal honetako laguntzen gainerako %40 aurkeztutako defizitaren eta ondoko indize hauen arabera kalkulatuko da:

_8.000 euro bitarte: defizita gastuaren %50etik gorakoa denean.

_10.000 euro bitarte: defizita gastuaren %40tik %50era bitartekoa denean.

_12.000 euro bitarte: defizita gastuaren %40tik beherakoa denean.

3.8. Kirol ikuskizunak.

Eskaerak diruz laguntzen ahal diren kirol ikuskizuntzat hartuko dira, baldin eta ezaugarri hauek badituzte:

_Kirol federazioetako kirol modalitateekin zerikusia izatea.

_Espainiako edo Nafarroako goi mailako taldeek edo kirolariek parte hartzea.

_Ekonomia aldetik, eragin handia izatea.

_Entitate eskatzaileak antolatuak izatea.

Halaber, ondoko eskaerek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

_Herri probak.

_Toki entitateak edo dirulaguntzetarako beste deialdi batzuek lagundutako ekintzak.

_Jarduera arrunten programazioarekin bat datozen ekintzak, nahiz eta parte hartze handia izan.

Dirulaguntza defizitaren arabera kalkulatuko da. Horri, oro har, %25 aplikatuko zaio, baina 100eko 10 handitzen ahalko da ikuskizunaren mailak hala eskatzen badu.

Laguntzak, gehienez, ondokoak izanen dira:

a) 1.000 eurokoak oro har; kopuru hori handitzen ahalko da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak interesgarritzat jotzen dituen jarduera berezietarako.

b) 600 euro, profesionalen pilota festibaletako partidetarako. Salbuespen gisa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak zehazten dituen txapelketa ofizialak ere kontuan hartuko dira.

c) 300 euro, pilotari ez-profesionalen festibaletako partidetarako. Txapelketa izanez gero, festibal bakartzat hartuko da.

3.9. Hirugarren adinekoendako gorputz-ariketa.

Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz, baldin eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren adostasuna lortzen badute ondoko puntu hauei dagokienez:

_Taldeak 25 pertsonakoak izanen dira gehienez, eta horietako hamar, gutxienez, 59 urtetik gorakoak izanen dira. Kasu berezietan, laguntza emanen zaie bestelako taldeei.

_Programa zazpi hilabete eta erdiz luzatuko da gutxienez. Astean bi orduz arituko da gutxienez, ahal dela egun desberdinetan banatuak.

_Parte-hartzaile guztiek balorazio arrunt bat eginen dute kirol jardueran hasi baino lehen, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren jarraibideen arabera. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak emanen du aurretiko balorazio horretarako eredua, eta balorazioa medikuntzako edo kirurgiako lizentziatuaren nahiz erizaintzako unibertsitate diplomatuaren titulua duten osasun arloko langileek eginen dute.

_Jarduera ongi egiteko behar den azpiegitura izan beharko da (lokal estalia, bi mankuerna, 2 eta 3 kilokoak, zinta metrikoa, 4 kono eta erregela zurruna, 50 cm-koa).

_Jarduera fisikoaren ardura duten begiraleek "Hirugarren adinekoentzako jarduera fisikoari buruzko prestakuntza orokorreko ikastaroa" gainditua izan beharko dute 2008ko abenduaren 31 baino lehen; ikastaroa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak ematen du, eta NKGIak zilegi izanen du balio bereko edo handiagoko beste batekin baliozkotzea.

_Jardueraren ardura duten begiraleek konpromisoa hartuko dute Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak aldian behin antolatzen dituen "Hirugarren adinekoentzako gorputz-ariketaren gaineko eguneratze-jardunaldietan" parte hartzeko.

_Taldeak Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak programaren jarraipena egin eta jarduerak ebaluatzeko programan parte hartzeko konpromisoa hartuko du.

_Begiraleek konpromisoa hartuko dute Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari ariketa fisikorako programa honetan parte hartzen duten hirugarren adineko taldeei buruzko informazioa igortzeko (joatea eta irautea, egoera fisikoaren ebaluazioaren emaitzak, iradokizunak etab.). Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak informazio hori jasotzeko eredua prestatu eta igorriko die programa honen onuradun diren toki entitateei.

_2006-2007 ikasturterako laguntza eskatu nahi dutenek deialdi honetan ezarritako epean aurkeztu beharko dute inprimakia.

_2007-2008 ikasturterako laguntza eskatu nahi dutenek hirugarren adinekoentzako gorputz-ariketaren ikastaro-programak egiteko eskabidea aurkeztu beharko dute 2007ko abenduaren 31 baino lehen, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan.

Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren adostasuna lortzen duten taldeek 1000na euroko laguntza jaso ahalko dute, gehienez.

3.10. Emakumearen gorputz-ariketa.

Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz.

Atal honetarako dirua hein berean banatuko da onartutako jarduera guztien eta jarduera horietako parte hartzaileen artean. Dena den, bi kontzeptu horiei dagokien laguntza, guztira, ez da izanen toki entitate bakoitzaren programaren defizita baino handiagoa.

3.11. Integrazio programa.

Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz.

Atal honetarako dirua hein berean banatuko da onartutako jarduera guztien eta jarduera horietako parte hartzaileen artean. Dena den, bi kontzeptu horiei dagokien laguntza, guztira, ez da izanen toki entitate bakoitzaren programaren defizita baino handiagoa.

3.12. Kiroltasunaren sustapena.

Atal honetako jardueretatik, "Tranki, kiroltasunez bizi" kanpainiaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz.

Atal honetarako dagoen dirua onartzen diren jarduera guztiekin zatituko da hein berean, programaren garapenaren defizitaren arabera.

4._Foru agindu honetako I. eranskineko 1. arauan ezarritako ataletarako laguntza eskabideak kontuan hartzeko lehentasun hurrenkera eta bakoitzari dagokion diru kopurua hauexek dira:

1._Kirol sistema berrien ezarpena, %3 gehienez.

2._Kirol teknikarien kontratazioa, %3 gehienez.

3._Sustapenerako berariazko programak, %14 gehienez.

4._Kirol Federazioekiko hitzarmenak, %1,5 gehienez.

5._Hirugarren adinekoendako gorputz-ariketa, %1,5 gehienez.

6._Jarduera arrunten programa, %54 gehienez.

7._Kirol ikuskizunak, %18 gehienez.

8._Kiroltasunaren sustapena, %1 gehienez.

9._Integraziorako programak, %1 gehienez.

10._Emakumearen gorputz-ariketa, %1 gehienez.

11._Azterlan teknikoak egitea, %1 gehienez.

12._Kalitate sistemen ezarpena, %1 gehienez.

Atal baten kargura emandako dirulaguntzen kopurua atal horrek atxikia duena baino txikiagoa balitz, soberakoa beste atal batean erabil liteke, Kirol Zuzendariordetzak hala erabakita.

Iragarkiaren kodea: F0703501