34. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

30/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, establezimendu turistikoek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko laguntzen deialdia, 2007koa, onesten duena.

Turismoaren sektoreak aldaketa sakonak bizi ditu gaur egun, turismoko zerbitzuen eskaintza eskariari egokitzeko xedez eta zerbitzuen kalitatea nabarmen hobetzeko asmoz.

Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitatearen helburu nagusietako bat da sektoreko enpresaburuek kalitateari begira hartuko dituzten neurriak ahalbidetu eta bultzatzea. Kultura eta Turismo Departamentuak enpresaburuek arlo horretan egin dituzten jarduketetarako dirulaguntzak eman ditu azken urteetan, bai inbertsioak egiteko, bai ziurtagiriak eman edo sustapena egiteko.

Jarduketa ildo hori bat dator Turismo Idazkaritza Nagusiarenarekin. Era berean, ikusi da laguntza hori idazkaritzaren aldetik ere; idazkaritzak markaren jabetza erosi du, eta horrek asko errazten du sustapen lana, baina Espainiako KalitateTuristikoaren Institutuaren esku utzi ditu markaren erabilera eta kudeaketa. Guztira 18 "Q" arau UNE arau bilakatzea aurreikusten da, Aenor-en sortuko diren 8 normalizazio-batzordeen bidez. Horietako bat, hotel eta apartamentuena, 182001:2005 UNE arau gisa argitaratu zen; jatetxeena, 16700:2006 UNE gisa eta bidaia agentziena 189001:2006 UNE gisa.

Ikusirik, bada, Q markari ematen ari zaion bidea eta bultzada, begi-bistan dago haren ezarpena laguntzen jarraitu behar dela. Bestalde, kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko nahitaezkoa den auditoretzak kostu handia duenez, horrek prozesua bukatzea eragozten dio sektoreari eta, beraz, oraindik ere gutxi dira ziurtagiria duten establezimenduak, nahiz eta gero eta gehiago izan. Kontuan harturik ziurtagiria mantentzea ere garestia dela, horretarako laguntza eman nahi zaie denboran zehar eginahalak etengabe egiten ari diren establezimenduei.

Hortaz, deialdi honen bidez ziurtagiriak lortzea sustatzen jarraitu nahi da, baita marka mantendu dadila sustatu ere. 2007ko urriaren 31 baino lehen ziurtagiria lortzen edo luzatzeko auditoretza aurkezten duten establezimenduei zuzendurik dago. Horrela bide emanen zaie Turismo Zuzendaritza Nagusiaren sustapen planetan sartzeko eta, horren ondorioz, Nafarroak kalitateko turismo leku gisa duen irudi orokorra hobetzeko; aldi berean, enpresak kudeatzerakoan kalitateari begiratzen dioten ereduak eratu nahi dira, gure turismo sektoreko gainerakoek bide horri hel diezaioten.

Deialdi hau lehiarik gabeko konkurrentzia bidez ebatziko da, izan ere, eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskabidek betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez. Gero, dirulaguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da. Horren xedea da ahalik eta enpresa kopuru handienak burutzea ziurtagiria lortzeko prozesua eta, ziurtagiria behin lortu ondoren, horri eustea aurrerago ere. Orain arteko esperientziak erakutsi digu badirela oraindik enpresa batzuk lan ildo horren alde egin, kudeaketa hobetzeko bide den aldetik, baina prozesua burutzera iristen ez direnak. Laguntza honek, hainbanaketa txiki bat egon ala ez, hasitako prozesua burutzeko pizgarria da.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen maiatzaren 16ko 73/2005 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Turismoaren arloko ETEek Nafarroan dituzten establezimenduetarako kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortu eta mantentzeko laguntzen deialdia onestea. Deialdiaren arauak foru agindu honen eranskinean daude.

2. Dirulaguntza horietarako gehienez ere 16.400 euroko gastua baimentzea, 2007ko gastu aurrekontuko A10001 A1120 4709 432302 izeneko "Kalitatearen Qa lortzeko ETEentzako laguntzak" kontusailetik.

3. Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko otsailaren 16an._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

TURISMOAREN ARLOKO ETEEK NAFARROAN DITUZTEN ESTABLEZIMENDUETARAKO KALITATE TURISTIKOAREN "Q" ZIURTAGIRIA LORTU ETA MANTENTZEKO LAGUNTZEN DEIALDIKO ARAUAK, 2007RAKO

1._Xedea.

Deialdi honen bidez kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiriak lortu eta mantentzea bultzatu nahi da.

2._Onuradunak.

Deialdi honetara eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean Nafarroako Turismo Erregistroan erregelamenduaren arabera erregistratutako turismoko ETEak, baldin eta 2006ko azaroaren 1etik 2007ko urriaren 31ra bitarteko denboraldian kalitatearen lehenbiziko auditoretza egin eta Nafarroan dituzten establezimenduetan kalitearen ziurtagiria lortzen badute, edo luzatzeko auditoretza gainditzen badute bigarren aldiz ("jarraipen" tartea urtebetekoa duten arauak), edo hirugarren aldiz ("jarraipen" tartea bi urtekoa duten arauak), edo arau berri baten arabera auditoretza berria egiten badute. Enpresa horiek inskribaturik egon beharko dute, gutxienez, deialdi honek indarra duen epean.

3._Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzak itzuli beharrik gabe emanen dira, hain zuzen ere lehenbiziko auditoretzaren gastuaren %70 eta bigarren nahiz hirugarren luzapenekoaren %50, eta lehendik ziurtagiria duten establezimenduei buruzko arau berriaren araberako ziurtagiriak. Laguntza hauek ez dituzte hartzen uditorearen egonaldi, mantenu eta joan-etorriko dieten gastuak. Dirulaguntza kalkulatzerakoan Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da.

2007ko gastuen aurrekontuan xede horretarako kontusail bat dago, 10.000 eurokoa, "Kalitatearen Qa lortzeko ETEentzako laguntzak" izenekoa (A10001 A1120 4709 432302 kontusaila).

Dirulaguntza eskaerek deialdi honi esleitutako kontusaileko dirua gainditzen badute, dirulaguntza kopuruak hainbanatu eginen dira, dagoen diruari egokitzeko.

4._Epeak, eskaerak eta agiriak aurkeztea.

Eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 32/192 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako moduan aurkeztu beharko dira.

Mezularitza zerbitzu pribatuak eta atzerriko posta zerbitzuak eskabideak aurkezteko onartuko dira agiriak deialdietan ezarririko epean eta moduan erregistratzen direnean eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko erregistro osagarrian edo Nafarroako Gobernuko beste edozein erregistrotan erregistratzen direnean.

Laguntza eskatzeko hilabeteko epea dago, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Identifikazio fiskaleko kodea.

b) Entitatearen legezko ordezkariaren aitorpen idazkia, azkeneko hiru urteetan _aurtengoa barne_ Administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko "de mínimis" arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

c) Aitorpen idazki bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.7 artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

d) Elkartearen ziurtagiria, eskatzailea kalitate sistemari lotuta dagoela adierazten duena, ondokoak zehaztuta: zein fasetan dagoen eta aurten auditoretza gainditu eta ziurtagiria lortzeko duen aukera.

e) uditoretzaren aurrekontua.

Agiriak aurkeztea, gomeni da ingurumenaren arloko praktika egokiak kontuan hartzea, besteak beste paperaren erabilera zentzuzkoa, esate baterako paper birtziklatu eta klororik gabe zuritua erabiltzea eta orriak bi aldeetatik inprimatu edo fotokopiatzea.

5._Eskaeren tramitazioa.

Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesatuari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskaerak azterturik, dirulaguntzaren zenbatekoak zehaztuko dira eta Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko du Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak deialdiaren ebazpena eman dezan; ebazpena interesatuari jakinaraziko zaio Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoarekin bat.

Eman beharreko laguntza guztien diru-zenbatekoa aurrekontuko kredituak baino handiagoa bada, laguntzen hainbanatze lineala eginen da.

Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori betetzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertu beharko da.

6._Laguntzen ordainketa.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak onetsitako dirulaguntza ordainketa bakar batean emanen da, luzatzeko lehenbiziko auditoretzari edo kasuan kasukoari dagokion faktura aurkeztu eta gero, eta Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE) ematen duen kalitatearen "Q" ezaugarria lortu izanaren ziurtagiria aurkeztuta.

7._Onuradunen betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) 2007ko azaroaren 30a baino lehen egindako gastuak justifikatzea fakturak aurkeztuz (jatorrizkoa eta kopia edo kopia konpultsatua) eta horien ordainketa frogatzen duten agiriak, Fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak.

b) Idatzizko kontratua aurkeztea azpikontrataturiko jarduera 60.000 eurotik gorakoa denean.

c) Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskabide-orriaren bidez egin beharko dira eta Erregistro Publikoan aurkeztu.

d) Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekiko betebeharrak ordainduta izatea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aipatutako gainerako betebeharrak.

8._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honen bidez emandako dirulaguntzak eta haien onuradunak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren web-orrian eta departamentuak argitaratzen diren buletin turistikoetan agertuko dira.

9._Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan aurreikusitako kasuetan itzuli beharko dira jasotako dirulaguntzak.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara eman eta hilabeteko epean.

11._Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Administrazio honek edo besteren batek emaniko laguntzek ez dute, inola ere, lagunduriko jardueraren kostua baino gehiago eginen. Kostu hori gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.

Foru agindu honetan jasotako laguntzak Europako "de minimis" arauaren pean daude; arau horren arabera, "de minimis" laguntza guztiek, guztira, ezin dute egin, hiru urteko epean, 200.000,00 euro baino gehiago, "de minimis" izaerako lehenbiziko laguntza eman zenetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F0702946