34. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

16/2007 FORU DEKRETUA, otsailaren 26koa, Indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena.

Emakumeen aurka modu ezberdinetan burutzen den indarkeria emakumeen duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren kontrako eraso larria da, eta horren ondorioz, giza eskubideen urratze larria eta onartezina. Bere eragina eta ondorioak direla eta, gizarte eta famili arazo handia da, eta kostu sozial eta ekonomiko garrantzizkoa dakar gizarte osorako.

Indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legearen bidez, Nafarroako Parlamentuak Indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzea onetsi zuen. Martxoaren 7ko 12/2003 Foru Legeak aldatu zuen foru lege hori. Arau testuak Nafarroako Foru Komunitateak dagoeneko mota horretako indarkeriaren biktimentzat ezarriak dituen neurri zehatz batzuk biltzen ditu, eta bestelako neurri batzuk gehitu, hala nola hezkuntza-arloko prebentzioa, etxebizitzari buruzko laguntzak, eta larrialdiko laguntza ekonomikoak.

Genero-indarkeriaren aurkako neurri integralei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak indarra hartzeak prebentzio eta jarduketa neurri integral batzuk hartzea ekarri du. Neurri horien alderdi batzuek Indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legearen edukiari eragiten diote, eta beste batzuek, berriz, foru arauetan aurreikusitako neurriak osatzen dituzte, adibidez, hainbat arrazoirengatik lan merkatura sartu ezin diren emakumeek jasotzen dituzten laguntza ekonomikoak; neurri hori abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretuaren bidez garatu da.

Foru dekretu honen jarduketa eremua indarkeria sexistaren biktima guztiak direla adierazi behar da, Indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legearen 2. artikuluan jasotzen den bezala, indarkeria sexistaren edo genero-indarkeriaren biktimaren kontzeptua bi sexuetara zabaltzeko. Horrela, aipatu foru legean egon daitezkeen kontraesanak saihestu nahi dira, kasu batzuetan sexuari lotutako neurri espezifikoak eta beste batzuetan bi sexuetara zuzendutakoak ezartzen baititu.

Foru Gobernua erregelamenduaren aldetik behar beste neurri zehaztu eta antolatzeko gaitzea martxoaren 7ko 12/2003 Foru Legeak aldatu zuen indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legearen azken xedapenetako lehenbizikoan ezarrita dago.

Foru dekretu honek Nafarroako gizarteak egindako eskaerari erantzun nahi dio, eta bere helburua aipatu foru legea garatzeko erregelamendua onestea da.

Erregelamendua bost kapitulutan egituratzen da. Lehenengoan xedapen orokorrak, helburua eta arauaren aplikazioa aginduko duten jarduteko printzipioak arautzen dira.

Sentsibilizazio, informazio eta prebentzio neurriei buruzkoa da bigarren kapitulua, eta bertan neurri batzuk zehazten dira, desagerrarazi behar diren zenbait jokaeraren agerpenaz gizartea kontzientziatzera zuzenduta daudenak.

Bestalde, arreta, babes, laguntza eta aholkularitzako neurriei buruzko hirugarren kapitulua sei ataletan egituratzen da. Lehenengo atalak gaur egun Nafarroako Foru Komunitateak eskaintzen dituen bi zerbitzu biltzen ditu, genero-indarkeriako egoera baten aurrean dauden pertsona guztiei hasierako laguntza ematen dietenak. Bigarren atalak Foru Legearen 9. artikulua garatzen du, polizi laguntzari, polizien espezializazio eta prestakuntzari eta Nafarroako Foru Komunitatean Babes Agindu bat daukaten genero-indarkeriaren biktimentzako telelaguntza-sistema bat abian jartzeari dagokienez. Hirugarren atalak aholkularitza eta laguntza juridikoko neurriak aipatzen ditu: etengabeko zaintza zerbitzua, eta beren egoera pertsonala, lanekoa eta familiakoa kontuan hartuta biktimei informazioa eta aholkularitza emateko ezarritako zerbitzu juridikoa. Laugarren atalak genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza psikologikoko zerbitzua aipatzen du, larrialdiko laguntza psikologikoko zerbitzu baten bidez eta banakako edo/eta taldeko terapiako programetan parte hartuz eskainiko dena. Bosgarren atalak harrera-baliabideak arautzen ditu, eta seigarren atalak, aldiz, biktimek etxebizitza eskuratzeko bi bideak, alegia genero-indarkeriaren biktimen aldi baterako ostatua finantzatzeko laguntzak ematea, eta babeseko etxebizitzak jabetzan eta alokairuan eskuratzea.

Laugarren kapituluak, foru legean aurreikusitako prestazio ekonomikoei buruzkoak, Oinarrizko Errenta onartzeko prozedura laburtua arautzen du, eta kasu zehatz bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuta biktimei emanen zaizkien larrialdiko laguntzak garatzen ditu. Azkenik, bosgarren kapituluak indarkeriazko jokaera kontrolatzeko arazoak dituzten pertsonentzako laguntza arautzen du, bere edukia argitu eta zehaztuta.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseiluarekin bat, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko otsailaren 26ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Erregelamendua onestea.

Indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi da. Testua foru dekretu honen ondotik ageri da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Diziplina anitzeko laguntza-taldeen ezarpena.

Diziplina anitzeko laguntza-taldeak ezartzen ez diren bitartean, horiei dagozkien eginkizunak oinarrizko gizarte zerbitzuen sareak beteko ditu, Emakumeei Laguntzeko Zerbitzuaren laguntzarekin.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Erregelamenduzko garabidea.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularrari, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentukoari, Toki Administrazioko Departamentukoari, Osasun Departamentukoari, Hezkuntza Departamentukoari, Kultura eta Turismo Departamentukoari, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko titularrari ahalmena ematen zaie foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten xedapenak emateko.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko otsailaren 26an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

INDARKERIA SEXISTAREN AURKAKO NEURRI INTEGRALAK HARTZEARI BURUZKO UZTAILAREN 2KO 22/2002 FORU LEGEA GARATZEKO ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea garatzea.

2. artikulua. Jarduketaren printzipioak.

Arau hau aplikatzean, honako printzipio hauek aplikatuko dira:

a) Genero-indarkeriaren aurkako neurri integralak hartzeko prozesuan esku hartzen duten instantzia guztien koordinazioa eta lankidetza erraztea.

b) Nafarroako gizarteari zuzendutako prebentzio ekintzak sustatzea, hezkuntza sisteman eta komunikabideetan neurriak bultzatuz.

c) Genero-indarkeriaren edozein biktimari informazioa eta baliabideak eskura jartzea, bere intimitatea eta pribatutasuna errespetaturik.

d) Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonak gizarteratzea eta laneratzea errazten duten neurriak sustatzea, bereziki etxebizitzaren eta enpleguaren arloetan.

e) Esku hartzen duten arlo guztietan jarduketa protokoloak egin eta zabal daitezen bultzatzea indartzea, eta jada daudenak indartu eta hobetzea.

f) Foru dekretu honetan araututako indarkeriarekin lotutako egoera guztiei erantzuteko erabilgarri dauden baliabideak optimizatzea, zerbitzu edo prestazioak errepikatzea saihesturik.

g) Integrazio eta normalizazio irizpideak ezartzea, genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen bizi-proiektuak berregitea lortzeko, ahal den neurrian ohiko baliabideak erabiliz.

II. KAPITULUA

Sentsibilizazio, informazio eta prebentzio neurriak

3. artikulua. Ikerketa.

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero-indarkeriari buruzko ikerketa bultzatuko du, hauen bidez:

a) Graduondokoentzako bekak.

b) Doktoretza tesietarako laguntzak.

c) Ikerketa proiektuetarako dirulaguntzak.

d) Erakunde publiko edo pribatu, GKE edo bestelako erakundeetarako laguntzak, genero-indarkeriari buruzko azterlanak egiteko.

Era berean, erakunde autonomo horrek interesgarritzat jotzen diren ikerketak hedatzea sustatuko du.

2. Ikerketarekin lotutako ekintzei dagokienez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak fenomeno hori hobeki ezagutu eta beste autonomi erkidego batzuekin eta Europar Batasuneko zein horretatik kanpoko beste herrialde batzuekin alderatzeko aukera ematen duten adierazleekin lotutako gaiak ezarriko ditu.

Aipatu adierazleak bost eremu handitan kokatuko dira:

a) Lege garapena eta esparru politikoa.

b) Prebentzio neurriak.

b.1._Sentsibilizazioa.

b.2._Hezkuntza/ Osasuna (Goiz antzematea).

b.3._Esku hartzen duten profesionalentzako prestakuntza.

b.4._Tratu txarren emaileak berriro heztea. Esku hartzeko modu guztiak aztertzea.

c) Babes neurriak.

c.1._Laguntza-baliabideak: sozialak, osasun arlokoak, psikologikoak eta zuzenbidekoak.

c.2._Laneratzeko neurriak.

c.3._Etxebizitza arloko neurriak.

c.4._Neurri ekonomikoak.

d) Informazioa biltzeko sistemak eta estatistika sistema. Irizpideak bateratzea zerbitzuen datuak biltzeko fitxak egiteko (osasun, zuzenbide, polizia eta gizarte arlokoak).

e) Ebaluazioa.

e.1._Genero-indarkeriak osasunean eta horri aurre egiteko mota guztietako baliabideen erabileran dituen efektuak eta ondorioak ebaluatzea.

e.2._Indarkeria desagerrarazteko asmoz biktimentzat zein erasotzaileentzat ezarritako neurriak ebaluatzea.

4. artikulua. Informazioa eta gizarte-sentsibilizazioa.

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak herritarrei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio kanpainak burutuko ditu urtero. Kanpaina guztietan hurrengo aldeak hartuko dira kontuan:

a) Ezartzen diren komunikabideei eta horretarako erabiltzen diren baliabide ezberdinei dagokienean mezu bereiziak erabiltzea, komunikatzeko sistema alternatiboak eta handigarriak erabiliz irisgarritasun irizpideak beteta.

b) Gizon eta emakumeen arteko erantzukidetasuna sustatzeko asmoz portaera-ereduak aldatu beharra, eta pertsona guztien giza eskubideak erabat errespetatzeko eskakizuna.

Nolanahi ere, kanpaina horiek egitura ezberdintasunaren kontzeptuzko esparruan kokatu behar dira, ezberdintasun hori agertzen den guztietan bidegabekeria soziala, zuzentasunik eza eta indarkeriako egoerak sortzen direlako.

2. Lan eremuan, lanaren arloan eskumena duen departamentuak honakoak sustatuko ditu:

a) Enpresako zuzendaritzako langileei zein langileen ordezkariei zuzendutako sentsibilizazio kanpainak egitea, genero-indarkeria desagerrarazteko prozesuan aurrera egiteko esku hartu behar dutela konturarazteko.

b) Enpresetako langileen arduradun eta ordezkari sindikalentzako sentsibilizazio eta prestakuntza programak garatzea, balizko biktimak identifikatzea erraztu eta egoera horri nola heldu jakiteko, horretarako lantokian laguntza eskainiz eta mota horretako indarkeriaren biktimek dituzten laguntza-zerbitzuei buruzko informazioa eta orientazioa emanez.

3. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Gobernuko komunikazio arduradunekin batera lan eginen du, komunikazio kanpainei buruzko informazioa emateko irizpide egokiak ezartzeko xedeaz. Kontuan hartuko da hizkuntza ez-sexista ez errabiltzea eta zabaldu nahi diren mezuetarako egokiak diren beste adierazpen-bitarteko batzuez baliatzea.

5. artikulua. Hedabideak.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sustatuko du Nafarroako Foru Komunitatean aritzen diren komunikabideetako arduradunen jarduera profesionala bat etor dadin kazetaritza eta generoari buruzko ikerketa ezberdinetan ezarri diren gomendioekin, bereziki genero-indarkeriaren tratamenduari buruzkoekin.

6. artikulua. Elkarte mugimendurako laguntza.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero-indarkeriaren arloko sentsibilizazioa, prebentzioa eta desagerpena helburu duten proiektuak garatzen lagunduko du, Nafarroako Foru Komunitateko elkarteei laguntzak emanez.

7. artikulua. Ekimen kulturalak eta artistikoak.

Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunarekin eta genero-indarkeriaren arloko prebentzio eta sentsibilizazioarekin lotutako ekimen kultural eta artistikoak bultzatuko ditu, Nafarroako gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatzeko helburuarekin.

8. artikulua. Hezkidetza eta planifikazio neurriak hezkuntza-eremuan.

1. Hezkuntzaren arloan eskumena duen departamentuak Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza barne hartuko dituen hezkidetza programa bat ezarriko du, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzaz.

Hezkidetza programa horrek hurrengo helburuak izanen ditu, besteak beste:

a) Zeharkako gai gisa, zenbait eduki ezartzea gai hauei buruz: pertsona guztien errespetua, gatazkak elkarrizketaren bidez bideratzea, komunikazioaren erabilera egokia, eguneroko bizitzaren jardueretako erantzukidetasuna, diziplina eta irakasgai guztien tratamendu egokia, emakumeen zein gizonezkoen erreferentziak barne.

b) Komunikazioa eta komunikatzeko gaitasunak bereziki sustatzea, hizkuntza-gaitasuna eta ahozko zein idatzizko hizkuntzaren erabilera komunikatzeko eta gatazkak konpontzeko bide gisa sustatuta.

c) Eskola-kirola indartzea, bizi-ohitura osasungarriak sortu, taldeko harremanak sustatu eta, batez ere nerabezaroan, agresibitatea bideratzeko modu gisa.

Halaber, etapa horietan hezkuntza afektiboko programa bat ezarriko da, sexu-hezkuntzako eta portaeren erantzukizuneko kontuak barne hartuko dituena; horrez gain, hezkuntza afektibo eta emozionaleko programa bat ezarriko da, sentimenduak, emozioak eta beharrizanak zehaztu, baloratu eta adierazteko bide emanen duena.

2. Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Helduentzako Irakaskuntzan berdintasunarekin, erantzukidetasunarekin, gatazkak modu baketsuan konpontzearekin eta sexu-hezkuntza eta hezkuntza afektiboarekin lotutako edukiei eutsiko zaie.

3. Eskola Orientazioko Programek ikasketak eta lanbideak aukeratzerakoan emakumeen bereizketa horizontalari eusten dioten oztopoak eta trabak ezabatzea barne hartuko dute beren helburuen artean. Ikasketa eta lanbideetarako orientazioa pertsonen trebetasunetan eta gaitasunetan oinarrituko da, eta ez norberaren sexuan.

4. Urteko Hezkuntza planean, ikastetxe bakoitzak genero-indarkeriari aurrea hartzearekin lotutako irizpideak, balioak edo proiektuak hautatuko ditu, arlo horri modu errealistan eta mailaka heltzeko asmoz. Urteko Memoriak burutu diren jarduerak bilduko ditu.

Urteko planifikazio horretan jasoko da eskola-elkarteak ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluaren bidez daukan parte-hartzea.

9. artikulua. Profesionalen prestakuntza.

1. Genero-indarkeriaren arloan prebentzioan, babesean, laguntzan eta desagerrarazteko lanetan esku hartzen duten profesionalen prestakuntza eta espezializazioa jardunaldi, mintegi eta hasierako eta etengabeko prestakuntza-ikastaroen bidez garatuko dira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sustaturik.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak langile publikoen prestakuntza eta espezializazioa sustatuko ditu, aurreko paragrafoak aipatzen dituen alderdietan.

2. Bereziki hezkuntza-eremuan, irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzak gai hauei buruzko eduki zehatzak hartuko ditu bere baitan: gatazkei irtenbide ematea elkarrizketaren bidez, komunikatzeko gaitasunak indartzea, eginkizun estrategikoa duten aldetik, pertsona guztien eskubideak eta aniztasunaren errespetua.

Etengabeko prestakuntza ikastetxeetan bertan eginen da, norberaren irakaslanari buruzko gogoetatik eta hezkidetzan adituak diren pertsonen aholkuetatik abiatuta.

10. artikulua. Elkarguneak.

Elkarguneak familiaren arloan eskumena duen departamentuaren mendeko zentroak dira, eta baliabide sozial ezin hobea dira, balizko indarkeria-egoerak antzeman eta saihesteko. Beren esku-hartzeetan jada ezarrita dauden edo etorkizunean ezartzen diren zentroei atxikitako profesionalek bisiten edukiaren konfidentzialtasuna eta baliabide hori eskuratzen duten pertsona guztien segurtasuna bermatuko dituzte, bereziki genero-indarkeriaren aurrekariak daudenean.

11. artikulua. Familia bitartekotza.

Familia bitartekotzako programa gizarte zerbitzu espezializatua da, eta oraindik genero-indarkeria jasan ez duten famili gatazketako egoeretan garatuko da, gatazka egoerei hasierako fasean aurrea hartu eta bideratzeko asmoz. Alde horretatik, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak, genero-indarkeriako egoera egon daitekeela hautematen duenean, programan sartzeko eskabideak atzera botako ditu, behar bezala arrazoituriko ebazpen bidez.

III. KAPITULUA

Arreta, babes, laguntza eta aholkularitzako neurriak

12. artikulua. Jarduketa planak.

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak urte askotako ekintza plan integralak eginen ditu, lau urtean behin.

2. Planekin batera, planen betetze-maila, arloko aurrerapenak eta dauden baliabideak egokitu beharra baloratzeko bidea ematen duten adierazle batzuk agertuko dira, bai prebentzioari, bai biktimak babestu eta bizkortzeari begira.

1. ATALA

Hasierako laguntza

13. artikulua. Informazioa eskuratzea.

012-Infolocal telefono bidezko Arreta Zerbitzuak erabilgarri dauden baliabideen eta genero-indarkeriako egoeretan horiek eskuratzeko jarraitu beharreko prozeduren berri emanen du.

14. artikulua. Larrialdietako Zerbitzua.

1. Ekintza Koordinaziorako Zentroaren bidez, (112 SOS Navarra) eguneko hogeita lau orduetan arreta integrala eta koordinatua eskainiko da, genero-indarkeriako egoera batean egon daitezkeen pertsonen edo bere ardurapean egonda presako esku-hartzea behar duten pertsonen larritasun handiko edo hurbileko arriskuko egoerei erantzuteko.

2. Genero-indarkeria izan daitezkeen gertaeren berri daukan edozein pertsonak presako arreta eskatu ahal izanen du Larrialdietako Zerbitzura deituz.

2. ATALA

Polizia laguntza

15. artikulua. Nafarroako polizia kidegoak.

1. Barneko gaien arloan eskumena duen departamentuak Nafarroako Foru Komunitatean jarduten duten segurtasun kidego eta indar ezberdinen arteko koordinazioa eta lankidetza indartuko ditu, babestu beharreko egoera ezberdinetan jokatzeko moduari buruzko irizpide homogeneoak ezartzeko xedearekin. Garatu beharreko jarduerak jarduteko protokolo batean gauzatuko dira, bertan hurrengo esku-hartzeak barne hartuko direla, gutxienez:

a) Larrialdiko arreta, hala eskatzen zaienean etxera joanda eta hor egoera bere onera etorri arte behar den denboran egonda.

b) Beharrezkoa izanez gero, biktimarekin larrialdietako osasun zerbitzura joatea, osasun laguntza ematen dioten bitartean bere segurtasuna bermatzea eta erasotzailearekin edozein harreman saihestea, harik eta etxera itzuli arte, dela bertan geratzeko, dela bere gauzak biltzeko.

c) Biktimarekin laguntza-zentroetara joatea.

d) Lehentasunezko tratua, bereizia eta errespetuzkoa.

e) Laguntza, Nafarroako Larrialdietako Agentziara deituta, beharrezkoa izatekotan Larrialdiko Laguntza Psikologikoko Zerbitzuko edo/eta Emakumeentzako Laguntza Juridikoko Zerbitzuko langileak berehala ager daitezen eskatzeko.

f) Erabilgarri dauden baliabideei buruzko informazio orokorra.

2. Barneko eta Justiziako gaien arloan eskumena duen departamentuak genero-indarkeriaren biktimen segurtasuna zainduko du, beharrezkoak diren babes sistemak ezarriz kasu bakoitzean dagoen arriskuaren banakako ebaluazioaren arabera. Era berean, lankidetza ezarriko da Nafarroan jarduten duten polizia kidegoak dituzten administrazio publikoen artean, beharrezkoak diren akordioak, protokoloak eta prozedurak hartuz.

3. ATALA

Aholkularitza eta laguntza juridikoak

16. artikulua. Aholkularitza eta laguntza juridikoak

1. Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza eta aholkularitza juridikoak Laguntza Juridikoko Zerbitzu espezializatu baten bidez emanen dira; zerbitzu horretan sartuta egonen da genero-indarkeria jasan izanaren edo hori jasateko arrazoizko eta hurbileko arriskuan egotearen ondorioz zerbitzu hori eskatzen duten pertsonentzako berehalako laguntza, eta etengabeko zaintza lokalizatuko zerbitzu baten bidez emanen da, Nafarroako Larrialdietako Agentziarekin koordinaturik.

2. Genero-indarkeriako egoera bat agerian jartzen duten zantzuak daudenean, Laguntza Juridiko Espezializatuko zerbitzuak hurrengo jarduerak burutuko ditu:

a) Laguntza, salaketa aurkeztu aurretik, dauzkan eskubideen zein salaketa aurkeztearen ondorioen berri emateko.

b) Hala denean, agintari polizial, judizial eta fiskalei indarkeria edo arrisku-egoeraren berri emateko egin beharreko tramite guztietan biktimarekin joan eta horri laguntzea, emakumeak ados dagoela espresuki adierazi ondoren.

c) Doako laguntza juridikoa eskuratzeko eskubidea aintzatesteko orientazioa eta laguntza.

d) Biktimarentzako aholkularitza juridikoa, bere ezkontza, famili edo lan egoera kontuan hartuta zer aukera dauden jakin dezan.

e) Laguntza juridikoa genero-indarkeriako egoeren ondorioz hasten diren prozesu judizialetan.

f) Laguntza juridikoa ematea prozeduraren helburua Administrazioari genero-indarkeriaren ondorioz legez onartutako eskubideak eskatzea denean.

17. artikulua. Prozesu judizialetako laguntza juridikorako dirulaguntza.

1. Justiziaren arloan eskumena duen departamentuak diruz lagunduko ditu genero-indarkeriari lotutako delituengatik bideratzen diren prozedura guztietako akusazio ekintza betetzeko defentsa eta ordezkaritza juridikorako zein falta-epaiketetan abokatu laguntzarako beharrezko gastuak, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean ezarri bezala doako justiziaren onuraren balizko hartzekodunen kalterik gabe.

2. Artikulu honen aurreko idatz-zatiak aipatutako dirulaguntzak bateraezinak izanen dira Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean xedatutakoaren arabera sor daitezkeen laguntza juridikoarengatiko ordain profesionalekin.

Halaber, laguntza horrengatiko dirulaguntzen zenbatekoa ezin izanen da Nafarroako Foru Komunitatean aplikagarria den Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua aldatzen duen abenduaren 22ko 707/2003 Foru Dekretuan prozedura moten arabera ezarri tarifetatik gorakoa izan.

3. Prozesua amaitzen duen epaian biktimaren edo akusazio ekintza betetzen duen pertsonaren aldeko kostuei buruzko erabakia egotekotan, beste aldeak hura defendatzeko sortu diren kostuak ordaindu beharko ditu.

Biktimaren interesak defendatzeko hautatutako profesionalek ordainketa jaso ondoren, prozesuan esku hartzeagatik funts publikoen kontura jaso dituzten diru-kopuruak itzuli beharko dituzte.

18. artikulua. Dirulaguntzaren norainokoa.

1. Aurreko artikuluan aipatu dirulaguntzak prozesuaren aurreko doako aholkularitza eta orientazioa barne hartuko ditu, baita, egoki denean, prozedura judizialeko abokatu eta prokuradorearen doako defentsa eta ordezkaritza ere, alderdientzat prozesuko berdintasuna eta abokatu laguntza bermatzeko. asmoz.

2. Era berean, dirulaguntzak banandu, ezkontza deuseztatu edo dibortziatzeko demanda zibilaren aurreko behin-behineko neurriak eskatzea barne hartuko du, baita kautelazko neurriak _izatezko bikoteak izatekotan_ eta babes neurriak ere.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa artikulu honen 1. eta 2. idatz-zatietan aurreikusi jarduera profesionalak ordaintzeko aplikatuko da, betiere jardueren hartzaileak mota horretako delituen, biktima hiltzekotan kaltetutako oinordekoak edo biktima ezgaia izatekotan legezko ordezkaria direnean.

4. Biktimaren interesak defendatzeko hautatutako abokatu eta prokuradoreek beren jarduerari dagokion dirulaguntza sortuko dute ezarritako ehunekoetan, erakunde eskudunaren aurrean egindako esku-hartze profesionala agirien bidez frogatu ondoren.

19. artikulua. Herri akzioa.

1. Herri akzioa prozesuari buruzko legeriak ezarri bezala bultzatuko da genero-indarkeriako kasu larrienetan, biktimak horrela eskatzen badu edo familia ados badago _delituzko egintzak biktima hiltzea eragin duenean-.

2. Nafarroako Berdintasunerako Institutua arlo penalean arduradunak diren pertsonen aurkako auzietan agertuko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuaren bidez.

4. ATALA

Laguntza psikologikoa

20. artikulua. Laguntza Psikologikoko Zerbitzua

1. Justiziaren arloan eskumena duen departamentuak genero-indarkeriaren biktimei laguntza psikologikoa ematea zainduko du, Laguntza Psikologikoko Zerbitzuaren bidez; zerbitzu horrek bi esku-hartze mota barne hartzen ditu: presakoa eta presako ez dena.

2. Larrialdiko Laguntza Psikologikoko Zerbitzuaren bidez, genero-indarkeriako egoera batean egon daitekeen edozein pertsonari hasierako laguntza ematea bermatuko da, delitua gertatu den lekuan, segurtasun kidego eta indarren bulegoetan, osasun-zentroetan, gizarte zerbitzuetan, epaitegietan edo biktima doan Larrialdietako Zentroan hasierako laguntza emanda, eta hala denean, bere ardurapean dauden pertsonei ere bai, beren segurtasuna bermatzeko asmoz. Aipatu instantzietako langileek bideratuko dituzte biktimak baliabide horretara, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren bidez.

3. Presakoak ez diren genero-indarkeriako egoeretan zerbitzua eskatzen duten biktimei laguntza psikologikoa emanen zaie, langile eskudunek kasua baloratu ondoren; beharrezkoa izatekotan, biktimen eta beren ardurapean dauden pertsonen osasun psikologikoa sendatzeko programak ezarriko dira.

5. ATALA

Laguntza-zentroak

21. artikulua. Ohar orokorrak

1. Gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak edo erakundeak larrialdietako laguntza-zentroak, abegi-etxeak edota ostatu-etxeak jarriko ditu genero-indarkeriaren biktimen eta beren seme-alaben, edo biktimak tutoretzan, kuratelan edo harreran dituen pertsonen eskura, nolanahi ere beren kokapenaren konfidentzialtasuna bermatuta.

2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako laguntza-baliabide guztiek beren artean eta dauden gainerako zentro eta zerbitzuekin koordinatuta lan eginen dute, beste administrazio publiko, erakunde eta entitate batzuekin beren jarduteko eremuan lankidetza-hitzarmenak gauzatuta.

3. Genero-indarkeriaren biktimei abegi-baliabide horiek eskuratzea ukatu ahal izanen zaie beren beharrizanetarako egokiagoak diren tratamendu espezifikoak behar badituzte.

22. artikulua. Larrialdietako zentroa.

1. Larrialdietako zentroaren helburu nagusia genero-indarkeriaren biktimei eta beren seme-alabei, edo biktimak tutoretzan, kuratelan edo harreran dituen pertsonei aldi mugatu batean berehalako eta baldintzarik gabeko ostatu, abegia eta mantenua eskaintzea da, beharrizan egoeran badaude edo ohiko etxebizitzatik berehala irten behar badira.

2. Gainera, zentro horrek laguntza psikosoziala, informazio eta orientazio zerbitzuak eskainiko ditu sare publikoan edo sare publiko/itunduan dauden baliabideei buruz (sozialak, juridikoak, psikologikoak, lan, etxebizitza eta osasun arlokoak).

3. Larrialdietako Zentroko egonaldiak zazpi eguneko iraupena izanen du, eta kasu zehatzaren inguruabarrak kontuan hartuta hilabete batera arte luzatu ahal izanen da.

23. artikulua. Abegi-Etxea.

1. Abegi-etxeak aldi baterako ostatua eta mantenua emanen dizkie genero-indarkeriaren biktimei eta beren seme-alabei, edo biktimak tutoretzan, kuratelan edo harreran dituen pertsonei, langile profesionalek pertsona horiei gizarteratzeko laguntza integrala eta pertsonalizatua eman diezaieten. Baliabide hori eskuratu ahal izanen da, Larrialdietako Zentroko egonaldia amaituta edo gizarte zerbitzuak txostena egin ondoren, eta gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentu edo erakundeari eskabidea aurkeztuz.

2. Abegi-etxeak laguntza, konpainia eta banakako jarraipeneko programak eskainiko ditu, genero-indarkeriaren biktimen eta beren ardurapean dauden pertsonen familia egoera normalizatzea lortzeko helburua duen esku-hartzeko plan baten barnean.

3. Abegi-etxeko egonaldia sei hilabetera mugatuta dago, baina genero-indarkeriaren biktimari laguntzen dioten profesionalek eskatuz gero luzatu ahal da.

24. artikulua. Etxebizitza babestuak

1. Ostatu-etxeak laguntza, babes eta sustapeneko gizarte-baliabidea dira, eta genero-indarkeriaren biktimekin eta beren seme-alabekin, edo biktimak tutoretzan, kuratelan edo harreran dituen pertsonekin gauzatuko den esku-hartze integraleko planaren luzapentzat jotzen dira, horiek babesgabetasun-egoeran badaude, Abegi-etxeko egonaldia amaitu ondoren bitartekorik eta etxebizitzarik ez badute, eta aipatutako baliabidea eskuratzea egokia dela baloratzen denean.

2. Ostatu-etxeen helburu nagusia ostatua ematea da, biktimen egoerari (pertsonala, ekonomikoa, soziala eta lan arlokoa) eremu normalizatuan heltzeko eta gizarteratzea lortzeko asmoz.

3. Etxe babestuetako egonaldia urtebetekoa izanen da. Hala eta guztiz ere, esku-hartzeko planaren arabera egoera pertsonala normalizatzera eta gizarteratzera/laneratzera bideratutako jarduerei jarraiki, kasu zehatz batzuetan epe hori sei hilabete gehiagoz luzatu ahal izanen da irizpide teknikoa oinarri hartuta, eta gehienez ere bi urte emanen dira bertan.

4. Etxe babestuetako egonaldian profesionalek gainerako zerbitzuekin koordinatuta lan eginen dute, bereziki etxebizitza eta enplegu arloetan.

25. artikulua. Laguntza integraleko talde espezializatuak

1. Gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak tratu txarrak jasan dituzten emakumeei lagundu, bizkortu eta gizarteratzeko taldeak sortuko ditu, aurreikusitako gizarte zerbitzuen sarearen barnean. Talde horiek Nafarroako Foru Komunitatearen barnean emakumeei berariaz zuzentzen zaien Oinarrizko Laguntzako Sarearen zati dira.

2. Laguntza eta bizkortze taldeek biktimen beharrizanei erantzuteko beharrezko baliabideak izanen dituzte, haien bidez informazioa emateko, beste zerbitzu batzuetara bidaltzeko, eta, egoki denean, laguntza ekonomikoa, lanekoa eta psikologikoa emateko. Talde horiek bermatuko dute biktimentzako edo/eta haien ardurapean dauden famili unitateentzako laguntza integrala eta garapen pertsonala eta soziala abegi-etxeetatik edo/eta etxe babestuetatik irten ondoren, bai eta baliabideen erabiltzaile izan gabe horiek eskatzen dituzten pertsonentzat ere, haien aldeko Babes Agindua eman den ala ez kontuan hartu gabe.

6. ATALA

Bestelako neurriak

26. artikulua. Etxebizitza eskuratzea

1. Genero-indarkeriaren biktimek, abegi-etxetik joan ondoren, beren egoera sozioekonomikoa dela-eta beharra badute, lehentasunezko eskubidea izanen dute behin-behineko ostatua hartzeko laguntzak jasotzeko, Gizarte Zerbitzuen arloan banakoentzako eta familientzako prestazioak eta laguntzak arautzen dituen ekainaren 28ko 168/1990 Foru Dekretuaren II. kapituluan ezarri bezala, betiere behin-behineko ostatua dohainik emanen dien beste baliabiderik eskura ez badago.

2. Genero-indarkeriako biktimek Nafarroan etxebizitza publikoari babesa emateari buruzko araudian ezarri bezala eskuratuko dituzte sustapen publikoko etxebizitzak, jabetzan nahiz alokairuan. Alde horretatik, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak etxea alokatu edo erostea diruz lagundu beharreko kopuruak ezarriko ditu.

IV. KAPITULUA

Dirulaguntzak

27. artikulua. Oinarrizko Errenta lortzeko prozedura laburtua.

1. Genero-indarkeriaren biktimek, Oinarrizko Errenta jasotzeko lege betekizunak betetzen badituzte, eskabideak Oinarrizko Gizarte zerbitzuetan edo administrazio prozedura erkidea ezartzen duen legedian ezarritako edozein bide erabiliz aurkeztuko dituzte.

2. Eskabidea oinarrizko gizarte zerbitzuan sartzen denetik 5 egun naturaleko gehieneko epean, zerbitzuak dagozkion agiriak osatuko ditu, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutura bidaliko ditu.

3. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak eskabidea baloratu eta ebatziko du, espedientea erakundean sartu denetik 15 egun naturaleko epean.

4. Prestazioa atzerako eraginez emanen da, eskabidea Oinarrizko Gizarte zerbitzuan behar bezala beteta eta Oinarrizko errenta arautzen duen apirilaren 19ko 120/1999 Foru Dekretuan eskatzen diren agiriekin batera aurkeztu den egunetik aurrera.

5. Eskabidea aurkezten denetik prestazioa onartu eta ordaindu arte hilabete igaroko da, gehienez.

28. artikulua. Larrialdiko laguntzak.

1. Larrialdiko laguntzak dira, genero-indarkeriaren biktimak izan eta baliabide ekonomikorik ez duten edo, Emakumeei Laguntzeko Zentro, abegi-etxe edo larrialdietako zentro edo zerbitzuetan arreta ematen dieten langileen irizpide profesionalaren arabera laguntzak behar dituzten pertsonek jasan dezaketen arrisku pertsonal larriko egoerei berehala aurre egiteko erabiltzen direnak.

2. Laguntza horien bidez, aurreko idatz-zatian aipatutako langileek zehaztuko dituzten biktimen beharrizan espezifikoei erantzunen zaie. Bereziki emakumearen eta bere ardurapean dauden pertsonen oinarrizko beharrizanak ordainduko dira, hala nola elikadura, higienea, osasuna, jantziak, ostatua eta garraioa.

3. Behin bakarrik jaso beharreko laguntzen kopurua kasuan kasuko inguruabarren arabera zehaztuko da. Horretarako, sortutako beharrizan mota, beharrizanaren presa eta salbuespen izaera kontuan hartuko dira, zehazten den gastu osoa muga izanen dela.

4. Lehenengo lerroaldeak adierazi larrialdiko egoera gertatu ondoren, eta betiere emakumeei laguntzeko zentroetan, abegi-etxeetan edo larrialdietako zentro edo zerbitzuetan biktimei arreta ematen dieten langileek haien segurtasuna bermatzeko beharrezkotzat jotzen badute, zentro horietako arduradunek zuzenean eman eta ordaindu ahal izanen dute laguntza.

5. Larrialdiko neurria hartu eta haren beharra Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari justifikatu ondoren, horrek laguntza onartuko du, eta dirua eman duen zentroari kopurua itzuliko dio.

V. KAPITULUA

Indarkeriazko jokaera kontrolatzeko arazoak dituzten pertsonentzako laguntza

29. artikulua. Psikiatria eta Jokaeraren arloko Laguntza eta Arretako Programak.

1. Indarkeriazko jokaera kontrolatzeko arazoak dituzten pertsonentzako laguntza psikologikoa justiziaren arloko eskumena duen departamentuak ezarritako programa espezifikoen bidez emanen da.

Programa horiek indarkeria fisikoko fenomenoak zein indarkeria psikologikokoak edo antzekoak desagerraraztera joko dute.

2. Bere eskumenaren eremuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak arreta emanen die indarkeriazko jokaera kontrolatzeko arazoak eta desoreka psikiatrikoak dituzten pertsonei.

3. Artikulu honek aipatutako programak beren artean, larrialdiko laguntza psikologikoko programekin eta biktimei laguntzeko programekin koordinatuta garatuko dira.

30. artikulua. Esparru subjektiboa.

1. Kapitulu honen ondorioetarako, indarkeriazko jokaera kontrolatzeko arazoak dituzten pertsonak dira genero-indarkeria dela eta salaketa jaso, atxilotu eta prozesu judiziala izan dutenak.

2. Programa horietan indarkeriazko jokaera kontrolatzeko arazoak dituzten pertsonak sartzeko, kontuan hartuko dira erasotzailearen arriskugarritasuna, borondatezkotasuna eta programa terapeutikoa onartzeko barneko edo kanpoko motibazioa.

3. Programa horietatik kanpo gelditzeko arrazoiak izan daitezke elkartutako psikopatologiak egotea, gai sorgorgarrien edo alkoholaren adikzioa, ebaluatzeko proba psikologikoak ez gainditzea eta genero-indarkeria dela eta bideratutako prozesuan terapeutek biktima aztertu izana.

4. Indarkeriazko jokaera kontrolatzeko arazoak dituzten pertsona horiek programetan sartzea onartu ondoren, Foru Komunitatean dauden organo judizial eskudunek bidaliko dituzte zuzenean programa horien erakunde arduradunera.

Iragarkiaren kodea: F0703495