30. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

EZKAROZE

Lizentziak eman eta hirigintzan bestelako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Ezkarozeko Udalak, 2006ko abenduaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lizentziak eman eta hirigintzan bestelako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2007ko 4. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 8an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ezkarozen, 2007ko otsailaren 12an._Alkatea, Araceli Eseverri Barber.

LIZENTZIAK EMAN ETA HIRIGINTZAN BESTELAKO JARDUKETAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza, etxegintzari eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei egokitu ahal izateko.

3. artikulua. Udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

_Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan 1976ko Lurzoruaren Araubideari eta Hirigintza Antolamenduari buruzko Legearen testu bateginaren 178.1 artikuluarekin bat eginik zehaztutako hirigintzako jarduerak, adibide gisa, honako hauek:

_Lurzatiketa egiteko lizentziak.

_Honako obra lizentzia hauek: etxe berriak egitekoak, etxeak eraberritzekoak, tramitazio laburrekoak, obra txikiak, etxeak mantendu eta apaintzekoak eta eraikuntza txikietakoak.

_Lehen erabilerako lizentziak edo, oro har, eraikinak eta instalazioak okupatzekoak.

_Lizentziak, eraikinak eraisteko, eta bota, hustu eta apeoa egiteko obretarako.

_Lurrak mugitu, zelaitu eta lurrerauzteko lizentziak.

_Emandako lizentzien aldaketak.

_Eraikinen erabilera erabat edo hein batean aldatzea.

_Lurzoruaren Araubideari eta Hirigintza Antolamenduari buruzko Legearen testu bateginaren 136. artikuluaren babesean emandako behin-behineko lizentziak.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Lizentzia noiz eskatzen den, orduan sortuko da tasa. Ez da ordaindu beharko, interesatuak eskabideari uko egiten badio, Udaleko teknikariak hirigintzako txostena eman baino lehen.

5. artikulua. Tasa hauek direla medio Telefónica de España, S.A.U. enpresari egokitu lekiokeen ordainketa dirutan egin beharreko urteko ordainaz ordezkatzen da, Nafarroako Foru Erkidegoan Espainiako Telefono Konpainia Nazionalak behar duen tributu araubidea ezarri zuen abenduaren 29ko 11/1987 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.

Subjektu pasiboa

6. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin egindako hirigintzako jarduketengatik edo emandako lizentziengandik eragina edo onura hartzen badute.

Zergadunaren ordezkoak izanen dira, zoruari eta hiri-antolamenduari buruzko arauetan hirigintza lizentziak emateko aurreikusi diren tasetan, eraikitzaileak eta obra kontratistak.

Zerga-oinarria, tasa eta kuota

7. artikulua. Tasa hau kobratzeko, ondorengo zenbatekoak igorpenduko dira, kasuan kasuko kontzeptua kontuan izanik (tarifen eranskinean ere agertzen dira horiek guztiak):

_Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeko 189. artikuluko hirigintzako lizentziak eskatzeagatik (obra lizentzia, lehen erabilerakoa, etab.), Udalaren hirigintza zerbitzuek obra handitzat jotzen badituzte: Hirigintzako lehen txostena dohainik izanen da eta lizentzia dela-eta ematen diren gainerako txostenengatik hau kobratuko da:

_232 euro bakoitza, hirigintza saileko langileak obra handien sailean sartzen badu.

_81,20 euro bakoitza, obra txikitzat joz gero.

_Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeko 189. artikuluko hirigintzako lizentziak eskatzeagatik (obra lizentzia, lehen erabilerakoa, etab.), Udalaren hirigintza zerbitzuek obra txikitzat jotzen badituzte: Hirigintzako lehen txostena dohainik izanen da eta lizentzia dela-eta ematen diren gainerako txostenengatik 81,20 euro kobratuko da, bakoitzeko.

_Hirigintzako txostenak emateagatik, partikularrek eskaturik, obra lizentzietan erabiltzen den irizpide berarekin: Lehena dohainik eta gainerakoak 232 edo 81,20 euro bakoitza, segun eta hirigintzako langileak obra handitzat edo txikitzat jotzen dituen.

Lizentzien tramitazioa eta horien ondorioak

8. artikulua. Hirigintza jarduketari buruzko edozein eskabide, Hirigintza Planeamenduko arauetan eta aplikagarri diren gainerakoetan ezarritako moduan bete beharko da.

9. artikulua. Lizentziak iraungitzeaz den bezainbatean, Hirigintza Planeamenduko arauetan eta aplikagarri diren gainerakoetan zer xedatzen den, huraxe eginen da.

Kudeaketa arauak

10. artikulua. Lizentziak emateagatik ordaindu beharreko tasak behin-behinekoz likidatuko dira ezarritako tarifen arabera.

Aginduzko lizentzia ematen denean behin-behineko likidazioa eginen da.

Lizentzia eman ondoren hasierako proiektua aldatzen bada, likidazio osagarria eginen da, baldin eta aldaketa dela-eta hirigintzako beste txosten batzuk eman badira.

11. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesatuari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean ordain ditzan.

12. artikulua. "Tramitazio laburreko" lizentzien kasuan, eskatzaileak Udal Diruzaintzako Departamentutik hartuko du baimenaren agiria. Horrela geratuko da lizentziaz eta haren aplikazioaz jabeturik.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

Indarra hartzea

14. artikulua. Testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

ORDENANTZA FISKALA, LIZENTZIAK EMAN ETA HIRIGINTZAN BESTELAKO JARDUKETAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Tarifen eranskina

1. epigrafea._Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legearen 189. artikuluaren babesean emandako lizentziak.

_Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeko 189. artikuluko hirigintzako lizentziak eskatzeagatik (obra lizentzia, lehen erabilerakoa, etab.), Udalaren hirigintza zerbitzuek obra handitzat jotzen badituzte: Hirigintzako lehen txostena dohainik izanen da eta lizentzia dela eta ematen diren gainerako txostenengatik hau kobratuko da:

_232 euro bakoitza, hirigintza saileko langileak obra handien sailean sartzen badu.

_81,20 euro bakoitza, obra txikitzat joz gero.

_Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeko 189. artikuluko hirigintzako lizentziak eskatzeagatik (obra lizentzia, lehen erabilerakoa, etab.), Udalaren hirigintza zerbitzuek obra txikitzat jotzen badituzte: Hirigintzako lehen txostena dohainik izanen da eta lizentzia dela-eta ematen diren gainerako txostenengatik 81,20 euro kobratuko da, bakoitzeko.

_Hirigintzako txostenak emateagatik, partikularrek eskaturik, obra lizentzien irizpide berarekin: Lehena dohainik eta gainerakoak 232 edo 81,20 euro bakoitza, segun eta hirigintzako langileak obra handitzat edo txikitzat jotzen dituen.

Iragarkiaren kodea: L0702720