30. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

140/2007 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Lan zuzendari nagusiarena. Haren bidez onesten da aukera berdintasuna sustatzen duten inbertsioetarako dirulaguntzak emateko deialdia.

Gizonek, emakumeek eta ezintasunak dituzten pertsonek lana lortzeko eta egiteko aukera berberak izan ditzaten, komenigarri jotzen da enpresei dirulaguntzak ematea, emakumeen eta ezindutako pertsonen kontratazioa galarazten edo zailtzen dituzten oztopoak kentzeko helburuz ekintza positiboak egin ditzaten.

Nafarroako Gobernuak 2006ko martxoaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 17. artikuluan xedaturikoarekin bat, dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emateko baimena eman zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Onestea aukera berdintasuna sustatzen duten 2007ko inbertsioetarako dirulaguntzak emateko deialdia.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 90.000 euroko gastua baimentzea, ebazpen honetatik sortutako konpromisoetarako, 2007ko Gastuen Aurrekontuko 870000-83110-7709- 494102 kontusailaren kontura ("Aukera berdintasuna sustatzeko inbertsioetarako laguntzak").

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko otsailaren 20an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

I. ERANSKINA

Enpresei dirulaguntzak emateko arauak, 2007an lanean aukera berdintasuna sustatzen duten inbertsioetarako

1. araua. Dirulaguntzaren xedea.

Dirulaguntza honen onura publikoko xedea da gizonek, emakumeek eta ezintasunak dituzten pertsonek lana lortzeko eta egiteko aukera berberak izan ditzaten eta, horretarako, enpresei dirulaguntzak ematea sustatu nahi da, emakumeen eta ezindutako pertsonen kontratazioa galarazten edo zailtzen dituzten oztopoak kentzeko helburuz ekintza positiboak egin ditzaten.

2. araua. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.

Dirulaguntzak jasotzen ahal dituzten kontzeptuak aktibo finko materialen inbertsioetakoak izanen dira, honetarako egiten baldin badira: gizon eta emakumeentzat bereizitako komun, aldagela edo antzekoak eraikitzeko, edo pertsona ezinduentzat lanpostuak nahiz laneko ekipoak egokitzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko edo babes pertsonalerako neurriak hartzeko.

Onuradunei ematen ahal zaien dirulaguntzaren zenbatekoa egiten den inbertsioaren %30 izanen da, oinarri honetan ezarritakoaren arabera. Dirulaguntza inolaz ere ez da 9.000 euro baino gehiagokoa izanen.

3. araua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza hau jaso nahi duten enpresek Nafarroako Foru Komunitatean dituzten lantokietan 2007. urtean kapital finkoko inbertsioak egin beharko dituzte (arau honetan arautuak). Halaber, eskaera egiteko datan baldintza hauek bete behar dituzte:

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan ezarri debekuetan ez egotea.

2. 100 langile baino gutxiago izatea.

3. Zehapen irmorik jaso ez izana, lan-harremanetan bi urraketa larri edo oso larri bat egiteagatik, deialdi hau argitaratzeko egunaren aurreko bi urteetan.

Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, norberaren erantzukizuneko aitorpena eman dezake eskatzaileak. Halere, administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

4. araua. Eskabideak eta auzkeztu beharreko agiriak aurkeztea.

Deialdian parte hartu nahi duten enpresek inbertsioak egiten hasi aurretik, betiere 2007ko urriaren 16a baino lehen, aurkeztu beharko dute eskaera Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistroan, Tomás Caballero parkeko 1ean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38.4 artikuluan ezarritako edozein tokitan.

2007. urtean deialdi hau argitaratu aurretik egiten diren inbertsioetarako, eskaerak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko egunetik aurrera zenbatuta.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Egin nahi den obraren edo inbertsioaren proiektua eta aurrekontua. Lanpostuak edo laneko ekipoak egokitu edo oztopoak kendu behar direnean pertsona ezinduak kontratatu ahal izateko, proiektua justifikatzen duen memoria ere aurkeztu beharko da.

2. Gizon eta emakumeentzako instalazio bereizirik ez dagoela esaten duen erantzukizuneko aitorpena; halaber, beste sexuko pertsonen edo pertsona ezinduen kontratazioari buruzko frogagiriak.

3. 3. arauan eskatzen diren betebehar guztiak betetzen dituelako erantzukizuneko aitorpena.

4. Enpresak aurreko hiru zerga ekitaldietan lortutako " de minimis" laguntzen aitorpena.

3. eta 4. ataletako aitorpenak arau hauetako II. eranskineko eredua erabiliz egin daitezke.

Aurkezten diren agiriak jatorrizkoak ez direnean, betiere konpultsatuak izan beharko dute. Era berean, aurkezten diren erantzukizuneko aitorpen guztietan sinatzaileek erabat identifikatuak izan beharko dute.

5. araua. Laguntzak emateko irizpideak.

Eskaerak 2. eta 4. arauetan ezarri irizpideen arabera baloratuko dira, eta jasotzen diren ordena berean tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen neurrian.

6. araua. Eskumena duten organoak eta ebazteko epea.

Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak arau hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskabideak, eta organo eskundunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Lan zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaera aurkezten denetik gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen eta jakinaraziko da ebazpena.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, guztiendako administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritakoari jarraikiz.

7. araua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

Dirulaguntza jasotzen dutenek ondoko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak 2007ko abenduaren 15a baino lehen egitea.

b) Kontratatutako langileak gutxienez bi urtez mantentzea, ebazpena ematen denetik aurrera.

c) Administrazioak arau hauei buruz eskatzen dien informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako inbertsioen finantzazioa publikoa izan dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

e) Lan Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea inbertsioak egiteari uko egiten diola eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

Halaber, onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko, aitorpenean berean (eredua arau hauen II. eranskinean dago) baimena eman beharko zaio departamentuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko zorrik ez duela egiaztatzeko.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

Deialdi hau Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidearen menpe dago.

8. araua. Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

Inbertsioak eginik daudenean, onuradunek dirulaguntza ordaintzeko eskatu beharko dute eta, horretarako, 2007ko abenduaren 15eko 14:30 baino lehen, egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Ezarririko epean hala justifikatu ezik dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Egiaztagiriak azterturik, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Lan zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

9. araua. "De minimis" laguntzak.

Dirulaguntza hau "de minimis" laguntzen erakoa da, Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 EB Erregelamenduan ezarritakoaren arabera; hots, onuradunek "de minimis" eran guztira jasotzen dituzten laguntzak ezin dira 200.000 eurotik gorakoak izan aurreko 3 zerga ekitaldietan.

Ondorio horrekin, enpresak behartuta daude araubide horri jarraituz aurreko hiru zerga ekitaldietan hartutako dirulaguntzak adieraztera, eskaera aurkezten dutenean. "De minimis" laguntzen baturak, dirulaguntza hau barne, gehieneko muga gainditzen badu, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da, muga hori ez gainditzeko.

10. araua. Bateraezintasunak.

Aukera berdinak izateko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak bateraezinak dira Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren inbertsiorako eta enplegurako laguntzekin.

11. araua. Gora jotzeko errekurtsoa.

Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. araua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lan Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

II. ERANSKINA

Erantzukizuneko aitorpena

Izena: ............................, NAN/IFZ ........, bizilekua .................., nire izenean edo ondokoaren izenean (ezabatu behar ez dena, izena: ............. NAN/IFZ ..........., bizilekua ................, eskaturiko dirulaguntzari dagokionez, adierazten dut: ........................

1._Adierazpena 3. arauan ezarritako baldintzei buruz.

3. arauan ezarritako baldintzak betetzeari dagokionez, adierazten dut:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan ezarri debekuetan ez nagoela.

b) 100 langile baino gutxiago ditudala.

c) Enpresak ez duela zehapen irmorik jaso, lan segurtasun eta osasun arloan urraketa larriak edo oso larriak egiteagatik, deialdi hau argitaratu den egunaren aurreko bi urteetan.

2._Lorturiko beste dirulaguntza batzuen adierazpena

Eskaturiko dirulaguntzaren xedeari dagokionez, adierazten dut:

f Ez dudala eskuratu Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo partikularren dirulaguntza bat ere.

f Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo partikularren dirulaguntza hauek eskuratu ditudala:

(milaka eurotan)

"De minimis" araubideko laguntzei dagokienez, adierazten dut:

f Hiru zerga ekitalditan ez dudala eskuratu Espainiako edo atzerriko administrazio edo entitate publiko baten "de minimis" araubideko dirulaguntzarik.

f Hiru zerga ekitalditan ondoko "de minimis" araubideko dirulaguntzak eskuratu ditudala:

Datuen gaurkotzeari buruz, adierazten dut:

Hitz ematen dut adierazpen honetan zehazten diren dirulaguntzetan gertatzen ahal diren aldaketen berri idatziz jakinaraziko diodala Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari, 15 eguneko epean gehienez ere.

3._Baimena

Baimena ematen diot Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari dirulaguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean egiazta dezan zerga guztiak ordainduta eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuak dauzkadala.

............, ...........(e)ko ..................aren ............(e)an.

Sinatua:

Kargua:

Eskatzailearentzako argibide interesagarriak:

1. Eskaera honekin batera emandako datuen eta erantzukizuneko aitorpenaren tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak sartu, zuzendu eta ezabatzeko prozedurak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan eginen dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

2. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak ikertzen ahalko du ea adieraziriko datuak egiazkoak diren eta, gezurrezkoak badira, eskatzen ahalko du emaniko dirulaguntza eta kasuan kasuko berandutze korrituak itzul daitezela eta arau-haustea oso larria bada zehapen espedientea irekitzen ahalko du.

Iragarkiaren kodea: F0703307