30. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

139/2007 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Lan zuzendari nagusiarena. Haren bidez onesten da laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako dirulaguntzak emateko deialdia.

2005/2007 Enplegu Planean, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko prebentzio programetan eta Gobernuak onetsitako Osasun Planean ezarritakoari jarraikiz, langileen osasuna eta segurtasuna sustatu eta bultzatu behar da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, ezinbestekoa da enpresetan dauden laneko ekipoen baldintza materialak hobetzea.

Nafarroako Gobernuak 2006ko martxoaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 17. artikuluan xedaturikoarekin bat, dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emateko baimena eman zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2007. urtean laneko ekipoak egokitzeko inbertsioak egiteko.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 703.184 euroko gastua baimentzea, ebazpen honetatik sortutako konpromisoetarako, 2007ko Gastuen Aurrekontuko 870000-83110-7709- 494100 kontusailaren kontura.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko martxoaren 20an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

I. ERANSKINA

Laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako 2007ko dirulaguntzak emateko arauak

1. araua. Dirulaguntzaren xedea.

Dirulaguntza honen xedea langileen osasuna eta segurtasuna sustatzea eta bultzatzea da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, beharrezkoa da enpresetan dauden laneko ekipoen baldintza materialak hobetzea, laneko baldintzetatik sortzen diren arriskuen aurrean babes-maila egokia lortze aldera.

2. araua. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.

Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira, betiere enpresak berak erabiltzeko badira, saldu edo errentan emateko eskuratutakoak bazter utzita, eta haien beharra enpresaren arriskuen ebaluazioan adierazten bada eta azaroaren 8ko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legeak aipatzen duen plangintza prebentiboan jasotzen bada. Kontu hauek hartuko dira aintzakotzat bakar-bakarrik:

a) Enpresan 1995eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik martxan dauden laneko ekipoak edo makinak uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapenei egokitzea. Errege Dekretu hartan laneko ekipoak erabiltzerakoan langileen segurtasuna eta osasuna babesteko gutxieneko xedapenak ezarri ziren.

b) 1995eko urtarrilaren 1a baino lehen enpresan martxan jarri ziren makinen ordez makina baliokideak jartzea, EB-ren markatuarekin, baldin eta zailtasun tekniko bereziengatik ezin bazaizkio 1215/1997 Errege Dekretuari egokitu. Aukera horrek makina nahitaez kentzea ekarriko du.

c) 1215/1997 Errege Dekretuari fisikoki egokitu ezin diren laneko ekipoak UNE arau zehatzak betetzen dituzten beste batzuekin ordezkatzea (UNE-EN 1263 araua segurtasun sareentzat; UNE-EN 12810 eta UNE-EN 12811 arauak modulu-aldamioentzat; UNE-EN 60439-4 araua obra-multzoentzat etab.) Aukera honek ekarriko du enpresan normalizatu gabe dagoen ekipo osoa kentzea. Dirulaguntza, gehienez ere, enpresak eskabidearen unean duen kopuruari mugatuko zaio.

d) Estalki hauskorren ordez estalki ez-hauskorrak paratzea, betiere haien azalera eta bolumena handitzen ez baldin badira horren ondorioz.

e) Pertsonentzako igogailuak eskuratzea, Makinei buruzko azaroaren 27ko 1435/1992 Errege Dekretuaren IV. eranskinean daudenetakoak badira.

f) Lanpostuak egokitzea, irizpide ergonomikoak kontuan harturik, muskulu-hezurretako arazoen prebentziorako.

Onuradunei ematen ahal zaien dirulaguntzaren zenbatekoa egiten den kapital finkoko inbertsioaren %25 izanen da, arau honetan ezarritakoaren arabera. Dirulaguntza inolaz ere ez da 13.000 euro baino gehiagokoa izanen.

3. araua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza hau jaso nahi duten enpresek Nafarroan dituzten lantokietan 2007. urtean kapital finkoko inbertsioak egin beharko dituzte (deialdi honetan ezarritakoak). Halaber, eskaera egiteko datan baldintza hauek bete behar dituzte:

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan ezarri debekuetan ez egotea.

2. 100 langile baino gutxiago izatea.

3. Zehapen irmorik jaso ez izana, laneko segurtasun eta osasunaren arloan urraketa larri edo oso larriak egiteagatik, deialdi hau argitaratzeko egunaren aurreko bi urteetan.

Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, norberaren erantzukizuneko aitorpena eman dezake eskatzaileak. Halere, administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

4. araua. Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

Enpresak inbertsioak egiten hasi aurretik, betiere 2007ko urriaren 16a baino lehen, aurkeztu beharko dute eskaera Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkea, 1), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38.4 artikuluan ezarritako edozein tokitan.

2007. urtean deialdi hau argitaratu aurretik egiten diren inbertsioetarako, eskaerak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko egunetik aurrera zenbatuta.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1) a) Inbertsio-proiektua justifikatzen duen memoria. Bertan zehatz-mehatz azaldu behar dira oraingo egoera eta nolako aldaketak egin nahi diren. Egokitu beharreko ekipoen argazkiak, aldamioen krokisak, ekipoen edo ezaugarri teknikoen deskribapen-liburuxkak etab., sartu behar dira, eta egin beharreko inbertsioa erabat erakusten duen beste edozein informazio ere bai

b) Inbertsioa zein arautegirekin datorren bat, arautegi horren aipamen zehatza.

c) Erosi beharreko makina edo ekipoak EB-ren adostasun adierazpen baten beharra badauka, haren kopia bat aurkeztuko da, fabrikatzaileak emana.

d) Modulu-aldamioen kasuan, ziurtagiri bat aurkeztu behar da, aldamioak UNE-EN 12811-1 arauko 4., 5. edo 6. motetako baldintza teknikoak betetzen dituela frogatzeko. Aurrekontuak edo proformako fakturak osagai bakoitzaren marka, modeloa eta mota zehaztuko ditu.

e) Ekipoak 1215/97 ED-ari egokitzeko egiten bada eskaera, ekipoa arau horri egokitzeko azterlana ere aurkeztu behar da eskaerarekin batera.

2) Proiektuaren kostuaren aurrekontua edo proformako faktura xehea. Aurrekontuko kontusailetan, eskuratu beharreko objektua identifikatu behar da; ezinbestekoa izanen da baldin eta objektu horrek UNE araua edo EB markatua bete behar baditu.

Jardueraren aurrekontuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen duenean, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideak kontuan hartuz hautatu dela. Horretarako, eskaturiko eskaintzak eta hautaturiko eskaintzarako arrazoiak aurkeztu beharko ditu.

3) Arriskuen ebaluazioan, diruz lagunduko den ekintza zuzentzailea proposatzen den zatiaren kopia, eta enpresaren prebentzioko jardueraren urteko plangintzaren kopia osoa.

4) Estalki hauskorrak kendu behar badira, ondoko hau ere aurkeztu behar da:

_Egin beharreko obraren plano edo krokisak.

_Estalki berria hauskorra ez dela dioen ziurtagiri teknikoa edo, zapaldu behar ez den eremuren bat baldin badago, bertatik goitik behera erortzeko arriskuari aurrea hartzeko neurri teknikoak adieraztea.

_Estalkietara iristerakoan eta muntatzeko eta desmuntatzeko lanak egiterakoan goitik behera erortzeko arriskuari aurrea hartzeko eta horretatik babesteko neurrien plangintza zehaztua.

_Aldatu beharreko estalkia fibroporlanezkoa bada, amiantoa manipulatu behar duten enpresak identifikatuko dira, amianto arriskua duten enpresen erregistroan duten zenbakia barne, edo bertan izena emanda frogatzen duen agiriaren fotokopia. Laguntza kobratzeko beharrezkoa izanen da aurretik amiantoa kentzeko lan plan espezifikoa onestea, martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan araututakoa.

5) 2. arauan aurreikusitako makinak eta ekipoak ordezten direnean, eskabidean deskribatu beharko da horiek suntsitzeko erabiliko den prozedura, enpresaren bitartekoak erabiliz eginen den ala hondakin ez arriskutsuak kudeatzen dituen enpresa batek, zizaila edo zatitzaile duenak. Dirulaguntza kobratzeko enpresak suntsipena frogatu beharko du.

6) Lanpostuetan egokitzapen ergonomikoak egin behar badira, ondokoak aurkeztu beharko dira:

a) Lanpostuaren azterketa ergonomikoa, gutxienez atal hauek dituena:

_Inbertsioa zer lanetan eginen den, horren deskribaketa xehea.

_Muskulu-hezurretako arriskuaren ebaluazioa, metodologia berariazko onartua aplikatuz (Niosh, I.N.S.H.T.n gida, Rula, Owas, IBV etab.) Ebaluazio horretan agertuko da noiz egin den eta zein teknikari eskudunek egin duen.

_Arrisku hori kontrolatzeko aplikatu beharreko neurri tekniko berariazko eta zehatzak.

b) Muskulu-hezurretako arazoei aurrea hartzeko enpresak ezarrita daukan plan integrala, besteak beste sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak biltzen dituena. Plan horretarako ezin da dirulaguntzarik jaso.

7) 3. arauan eskatzen diren betebehar guztiak betetzen dituelako erantzukizuneko aitorpena.

8) Enpresak aurreko hiru zerga ekitaldietan lortutako "de minimis" laguntzen aitorpena.

Aitorpenak arau hauetako II. eranskineko eredua erabiliz egin daitezke.

Aurkezten diren agiriak jatorrizkoak ez direnean, betiere konpultsatuak izan beharko dute. Era berean, aurkezten diren erantzukizuneko aitorpen guztietan sinatzaileek erabat identifikatuak izan beharko dute.

5. araua. Laguntzak emateko irizpideak.

Eskabideak 2. arauan eta 4. ean ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira, eta jasotzen diren ordenari jarraituta tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

6. araua. Eskumena duten organoak eta ebazteko epea.

Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak txostena eman ondoren, arau hauetan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskabideak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Lan zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaera aurkezten denetik gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Aurkeztutako eskaera espresuki edo presuntzioz ezestearen aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

7. araua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

Dirulaguntza jasotzen dutenek ondoko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak 2007ko abenduaren 15a baino lehen egitea.

b) Eskuratutako ekipoak, dirulaguntzaren xede direnak, bi urtez gutxienez mantendu beharko dituzte, hura ematen duen ebazpenaren egunetik aurrera.

c) Administrazioak arau hauei buruz eskatzen dien informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako inbertsioen finantzazioa publikoa izan dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

e) Lan Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea inbertsioak egiteari uko egiten diola eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

Halaber, onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko, aitorpenean berean (eredua arau hauen II. eranskinean dago) baimena eman beharko zaio departamentuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko zorrik ez duela egiaztatzeko.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean ez badira betetzen, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala bada, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

8. araua. Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

Inbertsioak eginik daudenean, onuradunek dirulaguntza ordaintzeko eskatu beharko dute eta, horretarako, 2007ko abenduaren 15eko 14:30 baino lehen, egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2 d) arauan ezarritako kasuan, 4.4 arauan aipatzen den lan planaren baimena ere aurkeztu beharko da.

Era berean, gastuaren eta ordainketaren justifikazioarekin batera, 4.2) arauan aurreikusitako kasuan, interesdunak eskaturiko eskaintzak eta eragingarritasun eta ekonomia irizpideekin bat hautaturiko eskaintzarako arrazoiak aurkeztu beharko ditu.

Ezarririko epean hala justifikatu ezik dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Egiaztagiriak azterturik, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Lan zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

9. araua. "De minimis" laguntzak.

Dirulaguntza hau "de minimis" laguntzen erakoa da, Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 EB Erregelamenduan ezarritakoaren arabera; hots, onuradunek "de minimis" eran guztira jasotzen dituzten laguntzak ezin dira 200.000 eurotik gorakoak izan aurreko 3 zerga ekitaldietan.

Ondorio horrekin, enpresak behartuta daude araubide horri jarraituz aurreko hiru zerga ekitaldietan hartutako dirulaguntzak adieraztera, eskaera aurkezten dutenean. "De minimis" laguntzen baturak, dirulaguntza hau barne, gehieneko muga gainditzen badu, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da, muga hori ez gainditzeko.

10. araua. Bateraezintasunak.

Lan ekipoak egokitzeko inbertsioetarako ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak Inbertsio eta Lanerako ematen dituen laguntzekin; laguntza horiek alternatiba gisa eska ditzakete enpresek ordea.

11. araua. Gora jotzeko errekurtsoa.

Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. araua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lan Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

II. ERANSKINA

Erantzukizuneko aitorpena

Izena: .........................; NAN/IFZ ..........; bizilekua .......................; nire izenean edo ondokoaren izenean (ezabatu behar ez dena, izena: .............. NAN/IFZ ...........; bizilekua ................; eskaturiko dirulaguntzari dagokionez, adierazten dut: .............................

1._Adierazpena 3. arauan ezarritako baldintzei buruz.

3. arauan ezarritako baldintzak betetzeari dagokionez, adierazten dut:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan ezarri debekuetan ez nagoela.

b) 100 langile baino gutxiago ditudala.

c) Enpresak ez duela zehapen irmorik jaso, lan segurtasun eta osasun arloan urraketa larriak edo oso larriak egiteagatik, deialdi hau argitaratu den egunaren aurreko bi urteetan.

2._Lorturiko beste dirulaguntza batzuen adierazpena

Eskaturiko dirulaguntzaren xedeari dagokionez, adierazten dut:

f Ez dudala eskuratu Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo partikularren dirulaguntza bat ere.

f Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo partikularren dirulaguntza hauek eskuratu ditudala:

(milaka eurotan)

"De minimis" araubideko laguntzei dagokienez, adierazten dut:

f Hiru zerga ekitalditan ez dudala eskuratu Espainiako edo atzerriko administrazio edo entitate publiko baten "de minimis" araubideko dirulaguntzarik.

f Hiru zerga ekitalditan ondoko "de minimis" araubideko dirulaguntzak eskuratu ditudala:

Datuen gaurkotzeari buruz, adierazten dut:

Hitz ematen dut adierazpen honetan zehazten diren dirulaguntzetan gertatzen ahal diren aldaketen berri idatziz jakinaraziko diodala Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari, 15 eguneko epean gehienez ere.

3._Baimena.

Baimena ematen diot Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari dirulaguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean egiazta dezan zerga guztiak ordainduta eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuak dauzkadala.

..................., ................(e)ko .............aren ........(e)an

Sinatua

Kargua

Eskatzailearentzako argibide interesagarriak:

1. Eskaera honekin batera emandako datuen eta ardurapeko adierazpenaren tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak sartu, zuzendu eta ezabatzeko prozedurak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan eginen dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

2. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak ikertzen ahalko du ea adieraziriko datuak egiazkoak diren eta, gezurrezkoak badira, eskatzen ahalko du emaniko dirulaguntza eta kasuan kasuko berandutze korrituak itzul daitezela eta arau-haustea oso larria bada zehapen espedientea irekitzen ahalko du.

Iragarkiaren kodea: F0703309