30. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

20/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 9koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana. Honen bidez arte-ikasketetan sakontzeko laguntzen deialdia arautzen duten oinarriak onesten dira, eta baimena ematen da laguntza horietarako aurreikusitako gastua egiteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak, 2007ko urtarrilaren 23an egindako txostenean, arte-ikasketetan sakontzeko 2007ko laguntzen deialdiko oinarriak onesteko baimena eskatu du, baita deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dezatela eta 150.000 euroko gastua baimen dezatela ere, "Prestakuntza artistikorako beka eta laguntzak" izeneko kontusailaren kargura, honela banatua:

_2007ko ekitaldia: 85.000 euro "Prestakuntza artistikorako beka eta laguntzak" izeneko A20002-A2510-4809-335104 kontusailaren kargura.

_2008ko ekitaldia: 65.000 euro, horretarako sortzen den kontusailaren kargura, betiere aurrekontuetan behar adina diru badago.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen maiatzaren 16ko 73/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Arte-ikasketetan sakontzeko laguntzen 2007ko deialdiko oinarriak onestea.

2. 150.000 euroko gastua baimentzea "Prestakuntza artistikorako beka eta laguntzak" izeneko kontusailaren kargura, honela banaturik:

_2007ko ekitaldia: 85.000 euro "Prestakuntza artistikorako beka eta laguntzak" izeneko A20002-A2510-4809-335104 kontusailaren kargura.

_2008ko ekitaldia: 65.000 euro, horretarako sortzen den kontusailaren kargura, betiere aurrekontuetan behar adina diru badago.

3. Oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko otsailaren 9an._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

ARTE-IKASKETETAN SAKONTZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA-2007

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak, nafar ikasleen prestakuntza artistikoa hobetzeko asmotan, hamar beka emateko deia egiten du: 2 arte plastikoetarako, 2 ikus-entzunezko arteetarako, 3 arte eszenikoetarako eta 3 musikarako. Laguntzak ikastetxe nazional nahiz atzerrikoetan arte-ikasketetako sakontze-ikastaroak egiteko izanen dira eta guztira 150.000 euro banatuko dira. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1._Xedea.

1.1. Deialdi honen bidez arauturiko beken xedea da nafarrei aukera ematea ikastetxe nazionaletan nahiz atzerrikoetan arte-ikasketetako sakontze-ikastaroak egiteko.

1.2. Hezkuntza Ministerioaren edo Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren beken deialdi orokorraren xede izan daitezkeen eskabideak baztertuko dira.

2._Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Nafarroan sortua izatea edo 2007ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroan erroldaturik egotea. Inguruabar hori erroldatze-agiriaren bidez justifikatu beharko da eta bekak irauten duen bitartean horri eutsi beharko zaio.

2.2. Beka zein ikasketa zabaltzeko eskatzen den, haiexen izaerari dagokion ikasketa-titulu ofizialaren jabe izatea.

2.3. Helburu berberetarako beste bekarik ez izatea aldi berean.

2.4. Atzerriko prestakuntza programa bat proposatzen denean, Hizkuntza Eskola Ofizialak luzatutako ziurtagiriaren jabe izan beharra dago, oinarrizko zikloarena alegia, edo legez baliokidea den beste bat, ikastetxea dagoen herriko hizkuntzarena edo zentroak ikastaroa ongi aprobetxatzeko eskatzen duen hizkuntzarena.

3._Iraupena.

Beka hauek 2007-2008 ikasturterako ematen dira.

4._Laguntzen zenbatekoa.

4.1. Beka hauek, gehienez ere 150.000 euro, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2007ko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza artistikorako beka eta laguntzak" izeneko A20002 A2510 4809 335104 kontusailaren kargura finantzatuko dira.

4.2. Bekaren diru-zenbateko osoa kontzeptu hauen batuketa izanen da: matrikula gastuak, joan-etorrietakoak, ostatukoak eta aseguru-polizakoak.

4.3. Matrikula deritzon kontzeptuaren barrenean haren kostuaren %100 emanen da, baina gehienez 4.000 euro.

4.4. Bekadunak joan-etorrietarako dirulaguntza jasoko du, gastu horiek justifikatu ondoren, eta behin baizik ez, hain zuzen, ohiko bizilekutik bekaren xede diren ikasketak eginen dituen ikastetxera joan eta etortzeko gastuen %100.

4.5. Egonaldiagatik eta ikasketak egiazki egiten dituen bitartean, bekadunak aurrekontu onartuaren %100 jasoko du (gehienez 720 euro hilabetean ikasketak Espainian egiten baditu, eta 900 euro, aldiz, atzerrian egiten baditu).

Kontzeptu honi dagokion diru-kopurua fakturen bidez justifikatu beharko da gastuak 600 eurotik gorakoak badira, Espainiako egonaldien kasuan, eta 730 eurotik gorakoak, atzerriko egonaldien kasuan.

Bekadunak egonaldiko laguntza lau hilabetetik behin jasoko du. Hilabete horietarako dirua aurreratu eginen zaio, ikastetxeak edo irakasleak egiaztatzen badu ikasleak ikastaroa behar bezala hasi eta segitzen duela.

4.6. Bekadunak, aseguru-polizaren gastuetarako emandako diru kopurua jasoko du, haiek justifikatu ondoren. Gehienez ere 60 euro jasoko ditu 10.1 puntuan aurreikusitako egoeran baldin badago, eta gehienez 540 euro 10.2 puntuan aurreikusitakoa aplikatzekoa baldin bada.

5._Eskaerak nola egin.

5.1. Eskaerak 2007ko maiatzaren 10etik ekainaren 9ra bitarte aurkeztu beharko dira.

5.2. Eskaerak, arau hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an (31001 posta kodea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

5.3. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da:

5.3.1. Beka eskatzeko orria; eredua Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultur Jardueren Atalean jaso daiteke (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña).

5.3.2. Nafarroan 2005eko urtarrilaren lehena baino lehenagotik erroldaturik dagoela frogatzea udal erroldako ziurtagiriaren bidez, alta hartutako eguna adieraziz.

5.3.3. Ikasketak zabaltzeko programak dauzkan laguntza edo dirulaguntzak espresuki adieraziko ditu edo, halakorik ezean, adierazi beharko du ez duela bat ere. Halaber, lehenagotik laguntzarik eskatu baldin badu eta deialdi honetako eskabidea aurkeztutako momentuan oraindik erabaki gabe baldin bada, hori ere adierazi beharko du.

5.3.4. Ikasketen ziurtagiri zehatz eta osoa (jatorrizkoa edo bestela horren fotokopia konpultsatua), lortu zituen kalifikazioak eta noiz atera zituen adierazten dituena.

5.3.5. Curriculum vitae-a, alegatzen dituen merezimenduen egiaztagiri eta guzti.

5.3.6. Oroit-idazkia, gehienez ere bost orrialdekoa, egin beharreko ikasketen programa deskribatzen duena, ikasturte eta ikasgaiak (lehen urtekoak bederen), hasiera eta bukaera datak eta eskatzaileak interesgarritzat jotzen dituen beste datu batzuk adieraziz.

Oroit-idazkia bekaren eskabide-ereduarekin batera emanen den ereduan eginen da eta bost orri izanen ditu gehienez. Ikasketen programari buruzko dokumentazio ofiziala erantsiko zaio (ikastaroaren egutegi ofiziala, liburuxkak, argitaratutako inprimakiak, etab.).

5.3.7. Eskatu duen programan onartua izan dela frogatzen duen dokumentazioa, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua. Deialdiaren 5.1 puntuan adierazitako epean dokumentazio hori eduki ezean, ikastetxean onartzeko eskaeraren fotokopia erantsiko da.

5.3.8. Egonaldiaren (ostatua eta mantenua), joan-etorrien, matrikularen eta aseguru-polizaren gastuen aurrekontu xehekatua, 10. oinarrian ezarritakoaren arabera.

5.3.9. Hizkuntzetako gaitasuna egiaztatzeko agiriak, deialdiko 2.4 puntuan ezarritakoari jarraikiz. Helburuko herrialdeko hizkuntza ez badaki, ikastetxearen agiri bat aurkeztu beharko da, ikasketak beste hizkuntza batean eginen direla adierazteko.

5.3.10. Eskatzaileak zergen ordainketa eguneraturik duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (organo eskudunek luzatuak).

5.3.11. Eskatzailearen lan egoeraren berri ematen duen aitorpena.

5.3.12. Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

5.3.13. Bost minutuko bideo grabazio bat, zeinetan eskatzaileak beka zein espezializazio artistikorako eskatzen duen, horren inguruko interpretazio edo aurkezpena eginen baitu. Arte plastikoetako espezialitateen kasuan, argazki bilduma bat aurkeztu beharko du.

6._Esleitzeko proposamena.

6.1. Kultura zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da eta deialdiko 6.2.7 atalean aipatutako entzunaldia eta/edo elkarrizketa egiteko tokia adieraziko.

2007ko uztailaren 2an Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki-oholean jarriko da jendaurrean ebazpen hori.

6.2. Izangaien merezimenduak Kultura zuzendari nagusiak izendatuko duen batzorde batek baloratuko ditu. Batzordeko burua zuzendaria bera izanen da eta, horrekin batera, Kultur Jardueren Ataleko burua, Laguntza Bulegoko burua, atal horretako teknikari bat eta bost aditu arituko dira batzordean (hauetako espezialitate bakoitzetik bat: arte plastikoak, ikus-entzunezko arteak, musika, dantza eta antzerkia). Merezimenduak baloratzeko, irizpide hauek erabiliko dituzte:

6.2.1. Merezimendu akademikoak, 15 puntu gehienez, behean adierazten den baremoari jarraikiz, laburpen taula hau aintzat harturik:

.Espediente akademikoan aplikatu beharreko batez besteko aritmetikoa lortzeko puntuazioa:

Nahikoa: puntu bat.

Oso ongi: 2 puntu

Bikain: 3 puntu

Ohorezko matrikula: 4 puntu

.Baremoa

1,50 baino gutxiago: 5 puntu

1,5etik 2,00ra bitarte: 10 puntu

2,01etik 2,50era bitarte: 12,5 puntu

2,51tik goiti: 15 puntu

Goi mailako titulua ematen duten ikasketetan, emaitzari 1 koefizientea aplikatuko zaio.

Erdi mailako titulua ematen duten ikasketetan, emaitzari 0,75 koefizientea aplikatuko zaio.

6.2.2. Graduaren bukaerako sari bereziak: gehienez ere, 10 puntu. Goi mailako titulua ematen duten ikasketetan, emaitzari 1 koefizientea aplikatuko zaio. Erdi mailako titulua ematen duten ikasketetan, emaitzari 0,75 koefizientea aplikatuko zaio.

6.2.3. Curriculum vitae-a (sariak, sariketak, erakusketak, lehiaketak, antzezpenak, ikastaroak, etab.), 15 puntu arte, honela banatuak: 3 puntu bitarte, gutxienez ere 10 orduko ikastaroengatik eta 12 puntu beste kontzeptuengatik.

6.2.4. Izangaiaren adina: gehienez ere 10 puntu. Horretarako laburpen taulako baremoak hartuko dira aintzat aurtengo urriaren 1ean kontatuta:

.Orokorra eta orkestra-zuzendaritza, konposizioa eta kantua.

21 urte: 10 puntu.

22 urte: 9 puntu.

23 urte: 8 puntu.

24 urte: 7 puntu.

25 urte: 6 puntu.

26 urte: 5 puntu.

27 urte: 4 puntu.

28 eta 29 urte: 3 puntu.

30 urte: 2 puntu.

30 urtetik goiti: 0 puntu.

.Dantza eta musika

18 urte: 10 puntu.

19 urte: 9 puntu.

20 urte: 8 puntu.

21 urte: 7 puntu.

22 urte: 6 puntu.

23 urte: 5 puntu.

24 urte: 4 puntu.

25 urte: 2 puntu.

25 urtetik goiti: 0 puntu.

6.2.5. Ikasketa programaren kalitatea eta interes artistiko eta teknikoa, hala nola hautaturiko ikastetxearen gaitasuna, 20 puntu gehienez, honela banatuak: 10 puntu gehienez proposaturiko ikasketa programagatik eta 10 puntu gehienez aukeraturiko ikastetxearen gaitasunagatik, hark duen maila akademiko eta artistikoaren arabera.

6.2.6. Ikasketak nola egokitzen zaizkien Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren eginkizunei, gehienez ere 10 puntu. Arlo artistiko horretan espezialistak behar ote diren eta Nafarroan izan dezaketen eragin artistikoa eta kulturala baloratuko da.

6.2.7. Entzunaldiaren edo elkarrizketaren emaitza, 20 puntu gehienez, honela banaturik: hautagaiaren sormen-gaitasuna, aurkezturiko material lagungarriaren arabera, 10 puntu bitarte, eta hautagaiaren sormen-gaitasuna, buruz buruko elkarrizketaren edo entzunaldiaren arabera, 10 puntu bitarte. Hautagaia buruz buruko elkarrizketara edo entzunaldira joan ezik, deialditik baztertuko da, inolako salbuespenik gabe.

6.3. Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskabideak hobeki baloratzearren.

6.4. 6.2.7 puntuan aipatzen diren entzunaldiak eta/edo elkarrizketak uztailaren 15ean hasiko dira, 10:00etan, eta uztailaren 15ean eta 16an eginen dira.

6.5. Batzordeak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari bidaliko dio bekak emateko proposamena. Bat edo bat eman gabe utz dezake, deialdi honetako helburua bermatzeko moduko maila tekniko edo artistikoa erakusten ez dutela uste badu. Espezialitateren batean, izangairik ez izateagatik, bekak eman gabe gelditzen badira, Batzordeak beste arlo artistiko bati ematea proposatzen ahalko du.

7._Bekak ematea.

7.1. Deialdia Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariaren foru aginduaren bidez ebatziko da, probak egin eta bi hilabeteko epean. Ematen diren dirulaguntzen zerrenda Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan adierazi bezala argitaratuko dira Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren iragarki oholean (Navarreria kalea, 39, Iruña).

7.2. Kasuan kasuko ikastetxean onartuak izateko egutegi ofizialagatik, eskabideak aurkezteko epean, eskaturiko programan onartuak izan direla frogatzen duten agirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak ezin aurkeztu izan dituzten esleipen-hartzaileei baldintzapean emanen zaie beka, alegia, aurtengo urriaren hogeia baino lehen onarpen hori aurkeztu beharko dute.

7.3. Beka behin betikoz emateko, esleipen-hartzaileek, deialdia ebazteko foru agindua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hogei eguneko epean, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Kultura Zuzendaritza Nagusian:

7.3.1. Kultura Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako idazkia, ezarritako laguntza onartzen duela adierazten duena. Epe horretan laguntza onartzen ez badu, uko egin diola ulertuko da.

7.3.2. Ikasturtearen hasieraren kreditazioa, irakasleak berak edo ikastetxeak egina, esleipen-hartzaileak egin gogo dituen irakasgaien zerrenda eta haietako bakoitzari astean dagozkion eskola orduak zehazturik.

7.3.3. Matrikularen, joan-etorrien eta, halakorik bada, egonaldiaren gastuen jusfikazioa eta gorputz-istripuetako poliza edo bidaiako laguntza aseguruaren fotokopia, kasuan kasuko fakturak aurkeztuz.

7.3.4. Ikastaroak iraun bitartean izanen duen helbidea.

7.3.5. Laguntza transferentzia bidez ordaintzeko inprimakia, behar bezala betea. Inprimakiaren eredua Kultur Ekintza Zerbitzuan jaso daiteke. Kontuaren titularra bekaren onuraduna bera izan beharko da.

8._Gorabeherak.

8.1. Interesatuak soldataren bat jasotzen badu, ezin izanen du jaso egonaldiko kontzeptuari dagokion laguntza.

8.2. Eskatzaileek beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste dirulaguntzarik lortzen badute jarduera bererako, dirulaguntzaren kopurua alda liteke, baldin eta jasotako guztiek batera diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badute.

8.3. Deialdi honetan aurreikusiriko eginbeharrak egin ezik, beka kenduko zaio onuradunari eta kobraturiko dirua itzuli egin beharko du. Datuak aldatu edo iruzurra eginez gero, bildutako dirua itzuli beharko da, hortik etor daitekeen erantzukizun zibil penala deusetan baztertu gabe.

9._Betebeharrak.

9.1. Beka izateak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren hedapen artistikoen programetan parte hartzeko konpromisoa ekarriko dio onuradunari, bi aldeak ados daudela, eta parte-hartze horrek ikasketen bilakaera egokian oztoporik sortzen ez badu.

9.2. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak, aldian behin, ikasketen segimendua eginen dio onuradunari. Hortaz, eskatzen zaiolarik, ikasketen aprobetxamenduaren gaineko informazioa eman beharko du.

9.3. Behin ikasketak burututa, bekadunek egindako ikasketei dagokien ziurtagiria eta ikasketen memoria bidali beharko dituzte Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira.

9.4. Beka hauek sustatzen dituzten ikasketetan sakontzeko aldia bukaturik, onuradunek Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatzen duen kontzertu, erakusketa edo antzezpen batean parte hartuko dute.

10._Osasun laguntza.

10.1. Laguntza hauek jasotzen dituzten bekadun guztiak babesturik egonen dira gorputz-istripuetarako aseguru poliza baten bitartez.

10.2. Atzerrian ikasten duten bekadunek, Gizarte Segurantzaren edo honen baliokidearen babesa ikasten duten herrialdera hedatzerik ez badute, bidaiako laguntzaren aseguru poliza bat sinatuko dute. Aseguru horrek gastu medikoak eta ospitalekoak hartuko ditu ikasketa garaian gaixotu, istripua izan, sorterriratu edo hilez gero.

11. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua hartuko da aintzat.

12._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0702647