30. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

33/2007 FORU AGINDUA, urtarrilaren 29koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana. Haren bidez 2007. urtera luzatzen dira banda zabaleko Interneti lotzeko Nafarroako Foru Komunitateko herritarrendako dirulaguntzetarako deialdia eta entitate laguntzaileekiko hitzarmena.

Ekonomia eta Ogasun Kontseilariaren urriaren 9ko 317/2006 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren banda zabaleko Interneti lotzeko Nafarroako Foru Komunitateko herritarrendako dirulaguntzen deialdia eta entitate laguntzaileekiko hitzarmena, 2006ko abenduaren 31 arteko indarraldia zutela. Deialdi haren (2006ko urriaren 11ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua) 1. oinarrian ezartzen zen hurrengo ekitaldietarako ere luza zitekeela, kasuan kasuko luzapena eta hari dagokion gastua espresuki onetsiz.

Aukera hori baliatuz, eta egokitzat jotzen denez deialdia luzatzea, betiere oraindik gaurkotasunezkoak diren helburuak 2007. urtera zabaltze aldera, bidezko da onestea 2007. urterako egoki den luzapen espedientea (aurrekontuan horretarako aski diru egonez gero), operadoreekin sinatutako hitzarmena (zeinak bere luzapena ere aurreikusten baitu) eta horretarako guztirako beharrezkoa den gastua, 440.000,00 eurokoa. 2007. urteko aurrekontuko "Banda zabaleko internet sustatzeko laguntzak" izeneko 130002-14200-4809- 467903 kontusailaren kargura finantzatuko da gastu hori.

Hori horrela, jakinarazi eta proposatu denarekin bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 7. artikuluak emaniko ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Banda zabaleko Interneti lotzeko Nafarroako Foru Komunitateko herritarrendako dirulaguntzak luzatzea 2007. urtera, aurrekontuan horretarako aski diru egonez gero. Foru agindu honen eranskinean ageri dira arauak.

2. 440.000,00 euroko gastua onestea 2007. urteko aurrekontuko "Banda zabaleko internet sustatzeko laguntzak" izeneko 130002- 14200-4809-467903 kontusailaren kargura.

3. 2007. urtera luzatzea telekomunikazio operadoreek eta Nafarroako Gobernuak dirulaguntzei buruz izenpetu duten hitzarmena, foru agindu honen eranskinean ageri dena, Nafarroako Foru Komunitateko herritarrak banda zabaleko Interneti lotzeko.

4. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

5. Foru agindu hau igortzea Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuko Kontabilitate Atalera eta Kontu-hartze Atalera eta Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzura.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 29an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0701993