29. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

30/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 1ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, gizarte ekintzaren arloko kongresu nazional eta nazioartekoak, jardunaldiak eta sentsibilizazio ekintzak antolatzeko laguntzen 2007ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeak 5. artikuluan ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eginkizuna dela, besteak beste, gizarte arazoak, horien kausak eta izan litezkeen konponbideak hobeki ezagutzeko azterlan eta ikerlanak sustatzea eta, halaber, gizarte zerbitzuetako langile kualifikatuen prestakuntza bultzatzea.

Eginkizun horri heldurik eta helburu horiek betetzeko asmoz, komenigarritzat jo da jarduketa bati hasiera ematea jardunaldiak, kongresuak eta sentsibilizazio ekintzak antolatzeko bidea ireki dezan, horretarako laguntzak emanez.

Espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak azterturik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte ekintzaren arloko kongresu nazional eta nazioartekoak, jardunaldiak eta sentsibilizazio ekintzak antolatzeko laguntzen 2007ko deialdiaren arauak onestea. Arauok foru agindu honetako eranskinean ageri dira.

2. 78.600 euroko gastua baimentzea, 2007ko gastuen aurrekontuko "Jardunaldi, kongresu eta sentsibilizazio ekintzetarako transferentziak" izeneko 91100 910001 4819 231000 kontusailaren kontura, horretarako baldintza bertan kreditua egotea izanik.

3. Foru agindu hau Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 1ean._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Gizarte ekintzaren arloko kongresu nazional eta nazioartekoak, jardunaldiak eta sentsibilizazio ekintzak antolatzeko laguntzen 2007ko deialdiaren arauak

1._Xedea.

Deialdi honen xedea da gizarte ekintzaren arloko kongresu nazional eta nazioarteko, jardunaldiak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko 2007ko dirulaguntzak lehiaketa bidez ematea.

Laguntza hauek xedea dute iritzi publikoari informazioa ematea eta sentsibilizatzea migrazio korronteen garrantziaren gainean eta, horrekin batera, korronte horiek alderdi guztietan daukaten dependentzia sozialaren gainean eta baita esku hartzeko gizarte politikak prestatzean kolektibitate ahulenen arazoek duten garrantziaren gainean ere.

2._Aurrekontuko dirua.

Deialdi honetarako zenbatekoa 78.600 eurokoa da, Nafarroako 2007ko aurrekontu orokorreko "Jardunaldi, kongresu eta sentsibilizazio ekintzetarako transferentziak" izeneko kontusailaren kargura, baldintza izanik bertan dirua izatea.

3._Eskatzaileak.

3.1. Dirulaguntzak irabazi asmorik gabeko eta legearen araberako nortasun juridikoa duten entitateek eskatzen ahalko dituzte, betiere helbidea edo ordezkaritza Nafarroan baldin badute. Hori guztia frogatu beharko dute.

3.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko 2. artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko baten batean dauden pertsonak edo entitateak ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan.

3.3. Entitateek jardueraren arduradun bat izendatuko dute administrazioarekin harremanak izateko.

4._Dirulaguntzaren xedearen baldintzak.

4.1. Eskabideak ondoko gai hauei buruzkoak izanen dira: dependentzia, urritasunak, hirugarren adina, gizarteko bazterketa, etorkinak, gizarte zerbitzuen garapena eta hirugarren sektorea.

4.2. Laguntzaren xede den jarduera 2007ko urtarriletik azarora bitarte gauzatu beharko da.

4.3. Deialdia argitaratu baino lehen gauzatutako jarduerek ere finantzaketa jasotzen ahalko dute, betiere arau hauetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen baldin badituzte.

4.4. Foru Komunitatean egiten diren jarduerak baizik ez dira diruz lagunduko.

5._Aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Dirulaguntza eskatu nahi duten entitateek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batean:

5.2. Egin gogo den jardueraren laburpen zehaztua, aurrekontu xehetua barne, behar bezala betetako inprimaki normalizatuan aurkeztua. Inprimaki hori jasotzen ahalko da Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Abejeras kaleko 1eko behean), edo ondoko webgunean: http://www.cfnavarra.es/BienestarSocial.

5.3. Jardunaldiak eta kongresu nazional edo nazioartekoak egiteko laguntzak eskatuz gero, proiektuan parte hartuko duten hizlarien curriculum zehatza eta entitatearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dira. Aitorpenak dirulaguntza jasotzeko eskatu den jardueran hizlariek parte hartuko dutela adieraziko du.

Jarduera egin eta gero, jardunaldiaren edo kongresuaren behin betiko programarengatik ordezkatzen ahalko da.

5.4. Sentsibilizazio ekintzak izanez gero, entitate eskatzaileak deialdiaren xede diren arloetan azken urtean egindako jarduera nagusien laburpen zehatza ere aurkeztu beharko du.

5.5. Entitate eskatzailearen estatutuak. Ez da dokumentu hori aurkeztu beharko entitateak deklaratzen badu ez dela aldaketarik izan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edozein organoren esku badago. Kasu horretan, eskatzaileak zilegi izanen du ez aurkeztea baldin eta idatzita adierazten badu noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zuen eta, gehienez ere, bost urte igaro badira zegokion espedientea bukatu zenetik.

5.6. Helbidea Nafarroan daukala edo bestela ordezkaritza iraunkorra Foru Komunitatean daukala adierazten duen erantzukizuneko aitorpena.

5.7. Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

5.8. Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, adierazten duena zerga guztiak, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak kitatuak dituela.

5.9. Dirua transferentziaren bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako dirulaguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

6._Eskaerak aurkezteko epea.

Dirulaguntza eskabideak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (Yanguas y Miranda, 27, behea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako tokietan. Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, kartazala zabalik aurkeztu beharko da, egiaztatu baino lehen eskaerari eguna eta zigilua jar dakizkion.

7._Dirulaguntzak emateko prozedura.

Prozedura ofizioz hasiko da interesdunaren eskabidea jasotakoan.

Eskabideak deialdi honen bosgarren arauko 1., 5., 6., 7., 8. eta 9. puntuetan eskatzen diren betebeharren bat betetzen ez badu, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere bost egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da.

Interesdunak bosgarren arauko 2., 3. eta 4. puntuetan eskatutako agirietakoren bat falta baldin badu eskabidea ez da onartuko eta ez da zuzentzerik izanen.

Plangintza, Kalitatearen Ebaluazio eta Ikuskapen Zerbitzuak eskabideak ofizioz eta deialdian paratutako irizpideen arabera baloratuko dituen instrukzio-organoa da.

Hori baino lehen, instrukzio-organoak eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txosten bat prestatuko du. Deialdi honen hirugarren eta laugarren arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak ez dira baloratuko.

8._Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Ondasun inbentariagarrietako gastuak ez dira inolaz ere lagunduko.

Dirulaguntzari %eko 10eko edo hortik goitiko zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio gastu sozialen kontzeptuan (kongresuko materiala, apainketa, otorduak eta beste batzuk).

Dirulaguntzari %eko 5eko edo hortik goitiko zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio zeharkako gastuen kontzeptuan, hau da, entitate eskatzaileak dituen funtzionamendu eta administrazio gastuengatik (langileak, lokala eta bestelako gastu arruntak).

9._Laguntzen bateragarritasuna.

9.1. Kongresu nazional eta nazioartekoetan eskatzen ahal den diru kopuru gehiena 36.000 euro dira.

9.2. Sentsibilizazio jardunaldi eta ekintzetan eskatzen ahal den diru kopuru gehiena 9.000 euro dira.

9.3. Laguntza hauek bateragarriak dira administrazio honetatik, beste administrazio publikoetatik, beste erakunde publiko edo pribatuetatik edo partikularrengandik, nazio zein nazioartekoetatik, jarduera berbererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin.

Jarduera batek dirulaguntza bat baino gehiago dauzkanean, haien zenbatekoa ezin da inolaz ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

10._Balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

10.1. Kongresu nazionalen eta nazioartekoen atalean laguntzaren diru zenbatekoa erdietsitako puntuazioaren eta aurrekontuetan horretarako dagoen kredituaren araberakoa izanen da.

Emandako kontsignazioa gainditzen baldin bada, dirulaguntza kalkulatzeko portzentaje-tarteak ezarriko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta eta erdietsitako puntuazioen arabera. 60tik 64ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %60; 65etik 69ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %65; 70etik 74ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %70; 75etik 79ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %75; 80tik 84ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %80; 85etik 89ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %85; 90etik 94ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %90; eta 95 edo puntu gehiago, eskatutakoaren %100.

Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskabidean ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio-organoak eskabidea berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion dirulaguntzari egokitzeko. Aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batura baino. Instrukzio-organoak, orobat, aurkezturiko aurrekontuko kontusail batzuk dirulaguntzatik kanpo uztea erabakitzen ahalko du.

10.2. Jardunaldi eta sentsibilizazio ekintzetan dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoarekin bat etorriko da.

10.3. Bi ataletan laguntzak emateko proposamenak honako balorazio irizpideei jarraikiz eginen dira:

a) Egin beharreko jardueraren kalitatea eta bideragarritasuna: gehienez ere 40 puntu.

b) Programatu den jardueraren interesa gehienez ere 40 puntu.

c) Jarduera burutu behar duten pertsonen edo entitateen berme profesionala, ibilbidea eta esperientzia: gehienez ere 20 puntu.

Proiektuak kontuan hartuak izateko, 60 puntu bederen erdietsi beharko dute.

11._Ebazpena.

Gizarte Ongizateko zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

Deialdiaren gaineko ebazpenean dirulaguntzak hartuko dituzten eskatzaileak, dirulaguntzen zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epea agertuko dira, eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.

Dirulaguntzen gaineko ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoari atxikiz.

12._Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Entitate onuradunak organo emaileari justifikatu beharko dio ezarri zaizkion baldintzak bete egin dituela, diruz lagundu den jarduera egin egin dela eta aurreikusiriko helburuak lortu egin direla. Hori guztia diruz lagundu den jarduera bukatu eta hurrengo hilabetean eta, betiere, 2007ko abenduaren 15a baino lehen.

Dirulaguntza jaso duen jarduera deialdia argitaratu baino lehenago gauzatu baldin bada, entitate onuradunak justifikatzeko agiriak laguntza eman eta hurrengo hilabetean aurkeztu beharko ditu

12.2. Horretarako, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

_Dirulaguntza jaso duen jardueraren bukaerako txostena, aurreikusitako helburuen betetze-maila baloratuko duena.

_Gastua frogatzen duen kontua, eginiko jardueren eta haien kostuaren adierazpena barne, eginiko gastu guztiak zehazturik, eta horrekin batera fakturak edo trafiko juridikoan frogatako balio bera duten agiriak, betiere jatorrizkoak, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Frogagiriak egin diren gastuen aplikazioaren gainekoak eta haien ordainketen gainekoak izanen dira.

12.3. Zeharkako gastuak frogatzeko aurreko lerroaldeetan ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu eta frogatzeko zaila den gasturik baldin bada. Hala gertatuz gero, entitate onuradunaren lege ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du.

Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, dirulaguntzaren xede den jarduerarekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri auditatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen 100eko 30 gaindituko.

12.4. Diruz lagundutako jarduera funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantziatua izan bada, justifikazioan hauek adierazi beharko dira: diru-funtsen zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran nola aplikatu diren.

13._Ordaintzeko modua.

Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera egin dela frogatu eta jarduketen txostena eta dirusarreren eta gastuen justifikazioa aurkeztu ondotik eginen da ordainketa. Dirusarrerek eta gastuek 2007. urtekoak beharko dute izan.

14._Onuradunen betebeharrak.

Aurretik ezarritako baldintza horiez gain, onuradunek honakook bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza emateko arrazoitzat jo den jarduera egitea.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

c) Entitate onuradunek instrukzio organoari diruz lagundutako jardueren behin betiko programa (edukiak, egunak, hizlariak, etab.) aurkeztu beharko diote haiek gauzatu baino lehen eta instrukzio organoak ontzat eman beharko ditu. Baldintza hori ez dute bete beharko deialdia argitaratu baino lehenago burututako jarduerek.

d) Onuradunek onesten den proiektuan egin nahi duten edozein aldaketa idatzirik jakinarazi beharko dute. Aldaketak egiteko instrukzio organoaren baimena beharko da.

e) Eskumena duten organoek, eman edo jaso diren dirulaguntzen inguruan, egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

f) Sentsibilizazio ekintzen, jardunaldien eta kongresuen informazioa hedatzean, berariaz eta nabarmenki azalduko da Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren finantzaketa; horretarako Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarriko da. Baldintza hau betetzea ez da eskatuko jarduera deialdia ebatzi aurretik egin baldin bada.

g) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea.

h) Dirulaguntza eman duen organoari lagundutako jarduera finantziatzeko eskatu edo lortutako beste dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea, haiek jaso direla jakin bezain pronto eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

i) Jasotako dirulaguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

15._Itzulketa eta zehapenak.

Dirulaguntzaren jarraipena eta kontrola Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiak eginen ditu, eta egoki juzgatzen dituen txosten teknikoak edo aholkuak eskatzen ahalko ditu.

Jasotako dirua itzultzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa izanen da.

Ondorio horietarako, aipatutako artikuluan jasotako kasuez gain, kasu hauetan ere emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da:

1. Entitate onuradunak, aurretik administrazioaren baimena izan gabe, diruz lagundu den jardueran funtsezko aldaketak egiten dituenean.

2. Entitate onuradunek instrukzio organoari diruz lagundutako jardueren behin betiko programa horiek gauzatu aurretik aurkezten ez dutenean edo instrukzio organoak ontzat eman ez duenean.

Onuradunak ia osorik betetzen baldin baditu ezarritako baldintzak, eta frogatzen baldin bada bere jarduera konpromisoak betetzera zuzenean bideratu duela, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpidearen arabera finkatuko da, hau da, gastu justifikatuek aurrekontukoen aldean duten proportzioaren arabera, eta baldintza hori kontzeptu bakoitzean aplikatuko da.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa ukatu gabe, arau-hauste eta zehapenetarako, arestian aipatutako foru legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

16._Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendu beharko zaio.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, errekurritu behar den egintza jakinarazi edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontaturik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0702279