29. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

22/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Osasun kontseilariak emana, zenbait osasun eskualde oinarrizkotan unitate administratiboak sortzen dituena.

Osasun kontseilariak, 1993ko apirilaren 27ko eta martxoaren 18ko foru aginduen bidez, Tuterako Osasun Barrutian, Lizarrako Osasun Barrutian eta Oinarrizko Osasun Laguntzan dauden unitate organikoen antolamenduzko garapena zehaztu zuen.

Osasun kontseilariak, irailaren 23ko 131/1998 Foru Aginduaren eta azaroaren 26ko 496/2001 Foru Aginduaren bidez, zenbait osasun eskualde oinarrizkori atxikitako oinarrizko unitate administratiboak sortu zituen.

2006ko uztailaren 21ean Administrazioak eta sindikatuek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2006. eta 2007. urteetarako lan baldintzei buruzko Akordioa sinatu zuten. Akordioak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Sektoreko Mahaiak 2005eko azaroaren 22an Oinarrizko Osasun Laguntzako Mahai Teknikoaren proposamenak onartzeko hartu zuen erabakia berretsi zuen. Erabaki hark, osasun etxeetako harrera zerbitzuetan sartu beharreko hobekuntzen artean, lau administrari laguntzaile edo gehiago dituzten osasun etxe guztietan burutza administratiboak sortzea ezartzen zuen.

Akordio hori betetzeko, bidezkoa da Lesakako, Azkoiengo, Zangozako, Berriozarko, Valtierra-Cadreitako, Corellako, Cascanteko, Buñuelgo, Lodosako eta San Adriango Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeen egitura organikoa aldatzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 3ko 45/2006 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarriak dioenez, erakunde autonomoaren egitura behar bezala garatzearren unitate organikoak sortu edo kentzea Osasun kontseilariari dagokio. Horretarako proposamenak, ordea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak egin behar ditu.

Uztailaren 3ko 45/2006 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarriak xedatzen duenarekin bat eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik.

AGINDU DUT:

1. Ondoko osasun eskualde oinarrizkoetan unitate administratibo hauek sortzea:

a) Oinarrizko Osasun Laguntza.

_Unitate administratibo bat, Lesakako Osasun Eskualde Oinarrizkoari atxikia.

_Unitate administratibo bat, Azkoiengo Osasun Eskualde Oinarrizkoari atxikia.

_Unitate administratibo bat, Zangozako Osasun Eskualde Oinarrizkoari atxikia.

_Unitate administratibo bat, Berriozarko Osasun Eskualde Oinarrizkoari atxikia.

b) Tuterako Osasun Barrutia.

_Unitate administratibo bat, Valtierra-Cadreitako Osasun Eskualde Oinarrizkoari atxikia.

_Unitate administratibo bat, Corellako Osasun Eskualde Oinarrizkoari atxikia.

_Unitate administratibo bat, Cascanteko Osasun Eskualde Oinarrizkoari atxikia.

_Unitate administratibo bat, Buñuelgo Osasun Eskualde Oinarrizkoari atxikia.

c) Lizarrako Osasun Barrutia.

_Unitate administratibo bat, Lodosako Osasun Eskualde Oinarrizkoari atxikia.

_Unitate administratibo bat, San Adriango Osasun Eskualde Oinarrizkoari atxikia.

2. Sortu diren unitate administratiboak funtzionalki eta organikoki atxikirik dauden osasun eskualde oinarrizkoko zuzendariaren menpean egonen dira eta emanen zaizkien beste lan administratiboez gainera, honako hauek ere eginen dituzte:

a) Egun indarra duen zerbitzu zorroaren barne laguntzako edo laguntza administratiboko jarduerak eskaini eta modu egokian garatuko direla bermatzea.

b) Osasun eskualde oinarrizkoko arlo administratiboko langileak eta baliabide tekniko eta materialak proposatzea, planifikatzea eta antolatzea.

c) Osasun eskualde oinarrizkoko arlo administratiboari atxikitako langileei eginkizunak, lanak eta txandak ezartzea.

d) Beren menpeko langileen prestakuntza jarduerak sustatzea.

e) Arau, metodo eta prozedura administratiboak Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzaren irizpideen arabera prestatu, eguneratu eta haietara egokitzen direla ziurtatzea.

f) Osasunaren arloko sistema informatikoetako eta datu baseetako sarreran segurtasun neurriak paratzea, zaintzea eta begiratzea.

g) Halaber, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak edo Osasun Eskualde Oinarrizkoko Zuzendaritzak sortzen ahal diren beste lan administratibo batzuk ere egitea agintzen ahalko dizkie.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Finantzaketa.

Foru agindu honen ondorioz gastuen aurrekontuko I. kapituluan gertatzen den gorakada Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen proposamenez konpentsatuko da.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko otsailaren 19an._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0703011