I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
17/2007 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, sakelako telefoniaren oinarrizko estazio bat (AT NA "Paloma") Zizurko udalerriko (Gazolatz) 3. poligonoko 247-A azpilurzatian jartzeko, edateko uraren biltontziaren ondoan. Vodafone España, S.A.k sustatu du.
2006ko urriaren 19an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2.C eranskineko M atalean sarturik dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.
Foru lege horren 28. artikuluak ezartzen du eskaria aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.
4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea sakelako telefoniaren oinarrizko estazio bat (AT NA "Paloma") Zizurko udalerriko (Gazolatz) 3. poligonoko 247-A azpilurzatian jartzeko, edateko uraren biltontziaren ondoan. Vodafone España, S.A.k sustatu du.
Baimena ematearekin baldintza eta neurri zuzentzaile hauek bete beharko dira:
_Gramineoak eta lekadunak ereinen dira lanek ukitutako landaredi naturala duten eremu guztietan.
_Obrak bukatu aurretik ingurua ongi garbituko da, eta hondakindegi baimendu batera eramanen dira erauzketatik geratzen diren soberakinak nola bestelako materialak eta obra hondakinak.
_Sustatzaileak azpiegitura guztiak banatu beharko ditu toki horretan bertan edo inguruan kokatu nahi duen beste edozein operadorerekin.
_Estazioa kendu behar izanez gero, sustatzailearen erantzukizuna izanen da instalazioa osatzen duten azpiegitura guztiak kentzea eta eremua leheneratzea hasieran zegoen moduan uzteko.
2. Proposamenaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2000 euroko fidantza jartzea, aipatu instalazioetan neurri zuzentzaileak zuzen aplikatuko direla bermatzeko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Zizurko Udalari eta interesatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2007ko urtarrilaren 16an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F0700906