29. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

13/2007 FORU AGINDUA, urtarrilaren 12koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Guardián Navarra, S.L.U. enpresak Tuterako udal mugapean beira laua, laminatua eta distiragabetua fabrikatzeko jarduerarako jasotako Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatu den aldaketaren ondoko instalazioaren konfigurazio berriari egokitzeko.

Ingurumen zuzendari nagusiak urtarrilaren 13an emandako 156/2005 Ebazpenaren bitartez, Guardián Navarra, S.L.U.ri Ingurumen baimen integratua eman zitzaion Tuterako udalerrian beira laua, laminatua eta distiragabetua fabrikatzeko, eta aurkeztutako proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Gero, baimen hori 2436/05 Ebazpenaren II. eranskineko "Sortutako hondakinak" izeneko 3.1 atalean aldatu zen.

2006ko urriaren 27an, titularrak eskaera egin zuen beira distiragabetuko linean sortutako hondakin-isuriak tratatzeko sistema aldatzeko.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, aldaketa hori ez dela funtsezkoa erabaki du eta, beraz, ez da beste Ingurumen baimen integratua bat eman beharrik.

Hala ere, aldaketa nabaria da instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlakoz, eta oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dira. Horretarako, baimena aldatu behar da.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 14. artikuluak xedatzen du Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen ahalko direla irizten zaionean baimenaren baldintzak berrikustera behartzen duten gorabeherak agertu direla gerora.

Kasu honetan, Guardián Navarra, S.L.U. enpresak proposatu dituen aldaketek hasiera batean paratu ziren baldintzak berraztertzera eramaten gaituzte, izan ere, beira distiragabetuko linean sortutako hondakin-isuriak tratatzeko sistema nabarmenki aldatzen baita eta, hortaz, baita instalazioaren industria isurketa ere.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Guardián Navarra, S.L.U. enpresak Tuterako udal mugapean beira laua, laminatua eta distiragabetua fabrikatzeko jasotako Ingurumen baimen integratua aldatzea, 2006ko urriaren 27an titularrak eskatutako aldaketaren ondoko instalazioaren konfigurazio berriari egokitzeko. Baimena Ingurumen zuzendari nagusiak eman zuen urtarrilaren 13ko 1431/2005 Ebazpenaren bidez.

2. Instalazio horri Ingurumen baimen integratua eman zion Ingurumen zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko 1431/2005 Ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira; aldaketa horiek foru agindu honen eranskinetan ageri dira.

Eranskin berri hauek Ingurumen zuzendari nagusiak uztailaren 4an eman zuen 1431/2005 Ebazpenaren eranskinak ordeztuko dituzte eta haietan ezarri dira zein diren bete beharreko baldintzak industria jarduera horren funtzionamenduan.

3. Aldaketak ez du ukitzen hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldia, eta 2013ko urtarrilaren 14an bukatuko da. Berritu nahi izanez gero, titularrak indarraldia bukatu baino hamar hilabete lehenago, beranduenez, berritzeko eskatu beharko du, arauetan ezarriko den prozedura administratiboari eutsiz.

4. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi- errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

6. Foru agindu hau Guardián Navarra, S.L.U. enpresari, Tuterako Udalari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 12an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Oharra: Foru Agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesatuen eskura daude, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. mailan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan).

Iragarkiaren kodea: F0700842