29. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2007ko otsailaren 5ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, Red.es enpresa-entitate publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren artean jarduketa plan bateratu bat izenpetzea onesten duena, Avanza planaren barruan "on line Erregistro Zibila" programa garatzeko. Honen bidez, Nafarroako erregistro zibil delegatuen informatizazioa sustatzeko Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin lankidetza itun bat sinatzeko baimena ematen da eta baimena ematen zaio halaber Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Nafarroako udalei zuzenean dirulaguntzak banatzeko, helburu hori lortzearren.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Informazioaren Gizartearen eta Telekomunikazioen Sustapenerako II. Ekintza Plana prestatu zuen.

Ministroen Kontseiluak, 2005eko azaroaren 4an, Avanza plana onetsi zuen. Haren jarduketa arloetariko bat zerbitzu publiko digitalek osatzen dute, administrazio publikoek gaur egun ematen dituzten zerbitzuen eskaintza eta kalitatea handitzeko, bizi kalitatea hobetzeko eta hazkunde ekonomikoa eta informazioaren gizarteko partaidetza areagotzeko neurriekin.

Esparru horretan, Nafarroako Gobernuak, 2006ko ekainaren 27an, lankidetza plan bateratu bat izenpetu zuen Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioarekin, Nafarroako Foru Komunitatean Avanza plana garatzeko. Bestaldetik, 2006ko maiatzaren 17an, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak eta Red.es enpresa-entitate publikoko lehendakariak lankidetzarako esparru-hitzarmen bat izenpetu zuten, Justizia Ministerioaren eta Red.es enpresa-entitate publikoaren artean, on line erregistro zibila abian jartzeko, Avanza planaren barruan.

Esparru-hitzarmen horretako hirugarren klausulan xedatzen da bertan aurreikusten diren ekintzak garatzeko parte hartzen duten autonomia erkidegoek bidezko diren alde biko agiriak izenpetuko dituztela Red.es-ekin eta alde bakoitzari dagozkion jarduketen nondik norakoak eta edukiak azaltzen dira, hitzarmen horretan xedaturikoarekin bat.

Nafarroako Gobernuak, Justizia Administrazioaren zerbitzuko informazio sistemak eten gabe hobetzeko ahaleginetan, erregistro zibil nagusiak deritzenak hornitu ditu, barruti judizialeko hiriburua diren udalerrietakoak alegia (Iruñekoak, Tuterakoak, Lizarrakoak, Tafallakoak eta Agoizkoak, hain zuzen ere), horietan epaitegien egoitzan baitaude, oinarrizko eta berariazko tresna guztiekin, direla telematikoak, direla informatikoak, eta pertsonen erregistro zibila ukitzen dituzten egoera guztiak inskribatu eta paperean eta Interneten bidez ziurtatzeko Inforeg aplikazioarekin ere bai. Orain aplikazio horren eginkizun guztiak erregistro zibil delegatuak deritzetenetan ezarri nahi dira, alegia, barruti judizialak ez diren Nafarroako udalen menpekoetan, berrehun eta hirurogeita zazpitan, hain zuzen ere.

Bidezko da orain Red.es-ekin jarduketa plan bateratu bat izenpetzea, Avanza planaren barruan on line erregistro zibilerako programa garatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko erregistro zibil delegatuak loturez, informatikako ekipamenduaz eta euskarriaz hornitu, horietan Inforeg aplikazio informatikoa ezarri eta hori erabiltzeko arduradunak prestatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 93. artikuluan xedatzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta beste administrazio publikoek baterako jarduketa planak hitzartzen ahalko dituztela, sektore administratibo batean, interes berak agertzen direnean. Jarduketa plan horiek onesteko eskumena Nafarroako Gobernuari dagokio, erabaki baten bidez, edo Gobernuko edozein kideri.

Justiziako Administrazioa Modernizatzeko Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena eman dio Avanza planaren barruko on line erregistro zibilerako programa garatzeko jarduketa plan bateratuaren edukiari eta Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzuko zuzendariak ere adostasun txostena egin du.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposatuta, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. Avanza Planaren barruan "on line Erregistro Zibila" programa onestea, Lehendakaritza, Barne eta Justizia Departamentuak eta Red.es enpresa-entitate publikoak izenpetu beharrekoa. Testua erabaki honen I. eranskinean ageri da.

2. 541.056 euroko gastua baimentzea, 2007ko eta 2008ko ekitaldietarako. 180.000 euro 2007ko gastu aurrekontuko "Udalekiko hitzarmenak, bake epaitegiak informatizatzeko" izeneko 060001- 06000-7609-112100 kontusailari egotziko zaizkio eta 361.056 euro 2008ko gastu aurrekontuan sortuko den kontusail baliokideari.

3. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari baimena ematea jarduketa plan bateratu hau sinatzeko.

4. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari baimena ematea Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren arteko lankidetza ituna (Nafarroako erregistro delegatu zibilen informatizazioa areagotzekoa) sinatzeko. Itun hori erabaki honen II. eranskinean ageri da.

5. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari baimena ematea on line erregistro zibilerako programari datxezkion udalei zuzenean dirulaguntzak emateko, jarduketa plan bateratuan eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin izenpetu beharreko ituneko lehen puntuan ezarririko baldintzetan, udal bakoitzaren kasuan kasuko inguruabarrekin bat.

6. Erabaki hau eta jarduketa plan bateratua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 5ean._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

I. ERANSKINA

Red.es enpresa-entitate publikoak eta Nafarroako Gobernuak sinaturiko jarduketa plan bateratua, Avanza planaren barruan on line erregistro zibilerako programa garatzeko

Madrilen, 2007ko ...............aren ......(e)an.

Juan Fernando López Aguilar Nazioko Gobernuko Justizia ministroaren aurrean.

Bildurik:

Alde batetik, Javier Caballero Martínez, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

Bestetik, Sebastián Muriel Herrero, Red.es enpresa-entitate publikoko zuzendari nagusia, otsailaren 8ko 164/2002 Errege Dekretuarekin bat bere dituen eskumenen arabera, ekitaldi honetarako gaiturik dagoena (Errege dekretu horren bidez Red.es enpresa-entitate publikoa sortu zen).

Nafarroako Gobernua eta Red-es "aldea" edo "aldeak" izendatzen ahalko dira, banaka edo binaka izan eta horrela.

Bi aldeek elkarri aitortzen diote jarduketa plan bateratu hau izenpetzeko behar den gaitasun juridikoa eta horren arabera.

Adierazi dute:

Lehena._2006ko maiatzaren 17an, Justizia Ministerioak eta Red.es enpresa-entitate publikoak Avanza planaren barruan on line erregistro zibilerako programa abian jartzeko lankidetzarako esparru-hitzarmena izenpetu zutela ("lankidetzarako esparru-hitzarmena", hemendik aurrera).

Bigarrena._Lankidetzarako esparru-hitzarmeneko hirugarren klausulan hauxe xedatzen da: "Hala nahi duten autonomia erkidegoek hitzarmenean aipatzen diren jarduketak garatzeko parte hartzen ahalko dute, dagozkien eskubide eta eginbeharrak beren gain hartuz, hartan biltzen diren baldintza eta moduetan, berariazko hitzarmenak izenpetuz. Hitzarmen horiek esparru-hitzarmen horren eranskinak izanen dira."

Hirugarrena._Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak, 2006ko ekainaren 27an, Avanza plana garatzeko lankidetzarako esparru-hitzarmena izenpetu zutela, informazio eta komunikazio teknologien erabilera egokia lortzeko eta, horrela, ekoizkortasunaren eta lehiakortasunaren hazkundean, gizarte barruko eta eskualdeen arteko berdintasunaren sustapenean eta herritarren ongizatea eta bizi kalitatea denen esku jartzean eta hura hobetzean oinarrituriko hazkunde ekonomikorako eredua arrakastatsu bihurtzen laguntzeko.

Laugarrena._Nafarroako Gobernuak Justiziako Administrazioaren zerbitzuko baliabide eta diruak hornitzeko bere dituen eskumenak erabiliz, apustua egin duela Nafarroako Justizia Administrazioari dagozkion eginkizunak hobetzeko tresna informatiko eta telematiko guztiak ezartzen segitzeko eta, funtsean, erkidego horretako justiziaren zerbitzu publikoa errazkiago herritarren esku uzteko.

Gaur egun indarra duen legeriak Justizia Administrazioari esleitzen dion eginkizun bat pertsonen erregistro zibila da.

Bosgarrena._Red.es enpresa publiko bat dela, Telekomunikazioetarako eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzaren bidez Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioari atxikia. Haren egitekoa informazioaren gizartea ekonomiaren eta gizartearen esparru guztietan sustatu eta garatzeko jarduketez arduratzea da, "Informazioaren gizartea FEDER programa operatiboa" delako helburu horietarako aurreikusiriko Europar Batasunaren funtsak kudeatzea ere bai, otsailaren 8ko 164/2002 Errege Dekretuko 3. artikuluan xedaturikoarekin bat. Errege dekretu horren bidez Red.es enpresa publikoaren estatutua onetsi zen.

Seigarrena._Aldeek uste dutela erregistro zibilaren arloan informazio eta komunikazio teknologiak zabaltzea (IKT hemendik aurrera) dudarik gabe ezinbestekoa dela erregistro bat lortzeko, herritarrek gaur egungo gizartean dituzten beharrak asetzeko gai dena, herritarrek erregistro publikoak behar baituzte, erraztasunez eta arintasunez inskribatzeko eta argibide inskribatuak eskuratzeko bide ematen dietenak.

Erregistro zibilak modernizatu eta informatizatzeko prozesu globala kontuan hartuz, ezinbestekoa da, egiazki ezarriko bada, erregistroko datu guztiak elkarri lotuak egotea eta egoki diren azpiegitura eta ekipamenduak edukitzea, kudeatu eta sistema tresna berriak erabiltzeko eta informazioa trukatzeko denei bide emateko.

Beraz beharrezkoa da Inforeg aplikazioaren bidez erregistro zibil delegatuak informatizatu eta elkarri lotzea, erregistro zibilak informatizatzeko proiektua organo mota horretarako ere hedatu eta hori kudeatzen duten langileak egoki prestatzearren.

Zazpigarrena._Horregatik denagatik, beharrezkoa da erregistro zibilaren arloan beren eginkizunak eta beren eskumenak garatzen dituzten administrazio publikoek behar diren jarduketak egitea erregistro hori informazioaren gizartera behin betikoz erakartzeko.

Hori horrela, esparru-hitzarmeneko laugarren eta bosgarren klausuletan xedaturikoarekin bat, Justizia Ministerioa elkarlanean arituko da Red.es-ekin, Inforeg ezartzeko eta erregistro zibil delegatuetan haren erabileraz prestatzeko. Jarduketa horiek bere gain hartuko ditu gehienez ere 1.981.083 euroz. Inforeg aplikazioa ezarri baino lehenagoko erregistroetako liburuak digitalizatzen eta grabatzen ere lagunduko du.

Zortzigarrena._Helburu hori lortzeko, aldeek, Justizia Ministerioak lagundurik, uste dute beharrezkoa dela jarduketa bateratuak burutzea, jarduketa plan bateratuan ezarririko esparruan, erregistroetan azpiegiturak, aplikazio informatikoak eta kudeaketa tresnak zehaztu, garatu eta ezartzeko eta erregistroetako liburuak digitalizatzen eta grabatzen modu estuan laguntzeko.

Bederatzigarrena._Nafarroako Gobernuak ekimen batzuk burutu dituela Nafarroako Foru Komunitateko erregistro zibiletan IKT direlakoen erabilera zabaldu eta ezartzeko.

Jarduketa horiei dagokienez, gaur egungo egoera "Abiapuntua" izeneko agirian zehazten da. Agiri hori jarduketa plan bateratu honen I. eranskinean dago (hemendik aurrera "plan bateratua").

Eranskinean erregistro zibil delegatuen abiapuntua ere adierazten da.

Hamargarrena._Bi aldeek Nafarroako Foru Komunitatean abian jarri nahi dituzten jarduketak, bederatzigarren azalpen atalean aipatzen diren ekinbideetan hartu ziren konponbideak abiapuntu harturik, jarduketa plan bateratu honen II. eranskinean ageri dira, "Egin beharreko jarduketak" izeneko atalean.

Hamaikagarrena._Nafarroako Foru Komunitatean burutu behar diren jarduketek erregistro zibil delegatuetan IKT direlakoak sartzea dute xede, zehazki helburu batzuk betetzea. Haien adierazleak plan bateratu honen III. eranskinean ageri dira "Jarduketen jarraipena" izeneko atalean.

Hamabigarrena._Halaber, aldeek beharrezko deritzote erregistroetako liburuak digitalizatu eta grabatzeari, edozein erregistro zibilek beste organo batzuek inskribaturiko datuak telematika bidez kontsultatu ahal ditzan. Hori horrela, zeinek bere jarduketen esparruan, eskura dituzten baliabide guztiak erabiliko dituzte proiektu hau aurrera eramateko.

Hamahirugarrena._Bi aldeek uste dute beharrezkoa dela ahaleginak batzea zerbitzu publikoen eraginkortasuna handintzeko, ITK direlakoek eskaintzen duten gaitasuna aprobetxatuz, eta horrekin batera esparru horretan Europarekiko konbergentzia azkartzea. Hori horrela, plan bateratu honetan aurreikusten diren jarduketak Avanza planaren barruan daude. Horren bidez, besteak beste, eskuragarriagoak eta eraginkorragoak diren eta bizi kalitatea hobetzen duten on line zerbitzu publiko berriak erabiltzaileen esku utzi nahi dira.

Horren guztiaren arabera, Nafarroako Gobernuak eta Red.es-ek erabaki dute plan bateratu hau izenpetzea, hamargarren azalpen zatian aipatzen diren jarduketak garatzeko.

Horrenbestez, aldeek

ERABAKI DUTE:

Lehena._Plan bateratuaren xedea.

Plan bateratu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean Avanza planaren barruan on line erregistro zibilerako programako jarduketak burutzea, lankidetzarako esparru-hitzarmenean xedaturikoaren arabera.

Jarduketa horien xedea da erregistro zibila behin betikoz informazioaren gizartera erakartzea eta bereziki IKT direlakoak Nafarroako Foru Komunitateko erregistro zibil guztietan egiazki sartzea azkartzea, lankidetzarako esparru-hitzarmeneko baldintza eta betebeharrekin.

Bigarrena._Egin beharreko jarduketak.

Aldeek egin beharreko jarduketen abiapuntua erregistro zibilen gaur egungo egoera izanen da, ekipamenduari, banda zabaleko Internetekiko loturei eta Inforeg delakoaren ezarpenari dagokienez, I. eranskinean adierazi bezala.

Plan bateratu honek jarduketa hauek Nafarroako Foru Komunitatean gauzatzeko balioko du, lankidetzarako esparru-hitzarmeneko laugarren eta bosgarren klausuletan xedaturikoarekin bat.

2.1. Nafarroako Foru Komunitateko erregistro zibil delegatuak loturez, ekipamendu informatikoaz eta euskarriaz hornitzea.

Nafarroako Gobernuak eta Red.es-ek erregistro zibil delegatuak loturez, ekipamendu informatikoaz eta euskarriaz hornitzeko ekintzak burutuko dituzte, Inforeg aplikazioa ezartzeko.

Jarraipen Batzordeak plan bateratuaren helburuak lortzeko hobekien egokitzen den ekipamendu informatikoaren osaera zehaztuko du.

Egin beharreko jarduketek erregistroen jarduerari behar duen sostengua ematea izanen dute xede, Justizia Ministerioak unean-unean zehaztu eta banatuko duen Inforeg bertsioa erabiliz.

2.2. Inforeg aplikazio informatikoa erregistro zibil delegatuetan ezartzea eta hori erabilitzen irakastea.

Red.es-ek, Nafarroako Gobernuak lagundurik, Inforeg aplikazioa erregistro zibil delegatuetan ezarri eta erregistro zibil delegatuetako langileen prestakuntza antolatu eta kudeatuko du, Inforeg aplikazio berria erabiltzen ikas dezaten.

Justizia Ministerioak erabakitzen duen Inforeg bertsiorako emanen da prestakuntza, 2.1 ataleko baldintzetan.

Justizia Ministerioak, lankidetzarako esparru-hitzarmeneko bosgarren klausulan ezarririkoaren arabera, hezitzaileak prestatu eta behar diren baliabideak banatuko ditu.

Jarraipen Batzordeak prestakuntzarako egokien deritzon jokabidea zehaztu eta, besteak beste, prestakuntza telematikoa, in situ prestakuntza eta prestakuntza jardunaldi zentralizatuak biltzen ahalko ditu.

2.3. Erregistroetako liburuak grabatu eta digitalizatzeko proiektua burutzea.

Red.es-ek behar diren jarduketak burutuko ditu erregistroetako liburuak grabatu eta digitalizatzeko, lankidetzarako esparru-hitzarmeneko bosgarren klausulan ezarririko baldintzetan. Nafarroako Gobernuak behar duen laguntza guztia emanen dio Red.es enpresari, erregistroetako liburuak grabatu eta digitalizatzeko proiektua aurrera eraman ahal dezan.

Hirugarrena._Jarduketen jarraipena.

Nafarroako Gobernuak, Justizia Ministerioak eta Red.es-ek, lankidetzarako esparru-hitzarmeneko hamabigarren klausulan xedaturikoarekin bat, jarraipen jarduerak eginen dituzte IKT direlakoak zeinak bere lurraldeko erregistroetan noraino ezarri eta erabiltzen diren jakiteko. Argibide horiek lortzeko behar diren ikerlan guztiak eginen ditu, bai nolakoaren aldetik, bai zenbatekoaren aldetik ere.

Ikerketa horiek egiteko lehen fasean, Nafarroako Gobernuak I. eranskinean aipatzen diren abiapuntuko datuak eman eta plan honen III. eranskinean aipatzen diren adierazleak kalkulatzeko behar diren neurketak eginen ditu. Gainera, III. eranskineko adierazleak aldian-aldian gaurkotuko ditu, Jarraipen Batzordeak ezartzen dituen modu eta epeetan. Jarraipen Batzordea ados badago, bi aldeek beste jarraipen adierazle batzuk ezartzen ahalko dituzte, jarduketen eragina neurtzeko egokiak direnak.

Halaber, Nafarroako Gobernuak behar den laguntza eta informazioa emanen du plan bateratua burutzeko egiten diren jarduketen betetze-maila eta eragina zehatz-mehatz jarraitzeko, hala nola, inkestak, erregistroetako bisitak, ebaluazio eta jarraipen tresnak eta abar.

Laugarrena._Inbertsioak.

4.1. Nafarroako Foru Komunitatean plan bateratu honen xede diren jarduketetan inbertsio osoa 901.760 eurokoa da.

4.2. Bigarren klausulako 2.1 eta 2.2 ataletan aipatzen diren jarduketak egiteko Red.es-i dagokion zenbatekoa 360.704 eurokoa da. Zenbateko horretan Justizia Ministerioak 2.2 atalean xedaturikoarekin bat egin beharreko prestakuntza ekintzak sartzen dira. Esparru-hitzarmenaren II. eranskinean xedaturikoaren arabera 39.255,15 euro dira.

4.3. Bere aldetik, bigarren klausulako 2.1 eta 2.2 ataletan aipatzen diren jarduketak egiteko Nafarroako Gobernuari dagokion zenbatekoa 541.056 eurokoa da.

4.4. Red.es-ek ez du 4.2 atalean ezartzen den diruaren %75 baino gehiago inbertituko, harik eta Nafarroako Gobernuak gutxienez ere 4.3 atalean ezarririko inbertsioaren %75 ziurtatu arte, Jarraipen Batzordeak aurreikusiriko tresnekin bat, eta bi aldeek ordurarte eginiko ekintzek erregistro zibil delegatuek eginiko izapideen eraginkortasunaren hobekuntzan eragin nabarmena izan dutela egiaztatu arte. Gorabehera horiek egiaztatzeko, bi aldeek jarduketen eta horiek III. eranskinean aipatzen diren jarraipen adierazleetan izan duten eraginaren balantzea aurkeztuko diote plan bateraturako Jarraipen Batzordeari.

Red.es-ek ez du behin ere 4.2 atalean aurreikusiriko inbertsio osoa burutuko Nafarroako Foru Komunitateak aldez aurretik 4.3 atalean xedaturikoarekin bat dagokion inbertsio osoa egin arte.

Bosgarrena._Inbertitu beharrak ziurtatzea.

5.1. Nafarroako Gobernuaren inbertitu beharra betetzea.

4.3 atalean aipatzen den inbertitu beharra betetzeko, betebehar hauek biltzen dituzten eduki ekonomikoko eginbeharren zenbatekoa bakarrik joko da Nafarroako Gobernuak eginiko inbertsioa bailitzan:

a) Bere aurrekontuaren kontu aitor daitezela edo, bestela, erakunde publiko baten edo Nafarroako Gobernuak parte hartzen dueneko sozietate baten aurrekontuaren kontu.

b) Haien zergatikoa plan bateratu honetan aipatzen diren ondasun edo zerbitzuak izatea.

c) Eginbeharra aitortzen deneko data plan bateratu hau sinatu eta gerokoa izatea.

Jarraipen Batzordeak ezartzen dituen pertsonek luzatu eta sinaturiko ziurtagiri baten bidez frogatuko du Nafarroako Gobernuak eginiko inbertsioa. Nafarroako Gobernuak Jarraipen Batzordeak zehazten duen aldizkotasunaz banatuko ditu ziurtagiriak.

Jarraipen Batozrdeak baterako plan bateratu honen xede diren jarduketak egiazki egin direla frogatzeko tresnak erabakiko ditu.

Hala ere, laugarren klausulako 4.3 atalean aipatzen den inber- tsioaren ziurtagiriak plan bateratu honetan aipatzen diren jarduketak garatzen dituzten organo eskudunek aitorturiko eduki ekonomikoko eginbeharren zenbateko osoa bilduko du eta harekin baterako eginbehar horien edo hura adierazten duten kontabilitateko agirien banakako zerrenda aurkeztuko da. Zerrendako kopuru osoak bat etorri beharko du sinaturiko ziurtagiriaren zenbatekoarekin. Bi kasuetan, eginbeharra aitortu zeneko data, haren zenbatekoa, sortu dituen ondasun edo zerbitzuak, eginbehar horren duen espediente zenbakia eta aitortu duen organoa adierazi beharko dira zerrendan.

5.2. Betebehar teknikoak betetzea.

a) Nafarroako Gobernuak Red.es enpresari bermatzen dio plan bateratu honetan aipatzen diren jarduketen onuradun diren erregistro zibil delegatuek behar diren betebehar teknikoak betetzen dituztela entitateak ematen dituen ondasun eta zerbitzuak berehala operatiboak izan daitezen.

b) Nafarroako Gobernuak jarduketen xede diren erregistro zibil delegatuen helbide eta telefonoak eta harremanetarako pertsonaren datuak emanen ditu. Pertsona horixe arduratuko da jarduketa onartzeko akta sinatzen. Halaber, jarduketen zehaztasunak bildu beharko ditu.

c) Nafarroako Gobernuak, Justizia Ministerioak lagundurik, Nafarroako Justizia Administrazioaren eta Justizia Ministerioaren sistema informatikoen elkarreragina bermatzeko behar diren tresnak gaitu beharko ditu, Inforeg eta haren ondorengo bertsioak ezartzeak bide eman dezan erregistroetako inskripzioen kudeaketa telematikoa egiteko eta erregistroetako datu digitalizatuak kudeatzeko.

d) Nafarroako Gobernua arduratuko da, bai zuzenean, bai toki entitateen bidez, erregistro zibil delegatuetan lanabes suntsigarriak ordezten.

5.3. Ondasunak eta zerbitzuak eskura uztea.

5.2 atalean ezarririko betebehar teknikoak betetzen direnean utziko ditu inoren eskura Red.es-ek ondasunak eta zerbitzuak erregistro zibil delegatuetan.

Seigarrena._Jabetza eskualdatzea.

4.2 atalean aurreikusiriko inbertitu beharra betetzeko, Red.es-ek hornituriko ekipamendu osoaren jabetza, erregistro zibil delegatuetan eskura uzten direnean edo ekipoak Nafarroako Gobernuaren eskura uzten direnean, horrek adierazten duen tokian, eskualdatuko zaio administrazio hartzaileari.

Betiere, ekipamendu hori plan bateratu honetan aipatzen diren helburuetarako erabiliko da.

Zazpigarrena._Plan bateratu honetarako Jarraipen Batzordea.

Plan bateratu honetarako Jarraipen Batzordeak kide hauek izanen ditu: Nafarroako Gobernuaren bi ordezkari, gutxienez ere zerbitzuko zuzendarien mailakoak, eta Red.es-en bi ordezkari, gutxienez ere departamentuko zuzendariordeen mailakoak. Jarraipen Batzordeko kideek bere ordezkoak izendatzen ahalko dituzte.

Jarraipen Batzordeko lehendakaritza txandaka beteko da. Red.es enpresak izendatuko du idazkaria. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

Jarraipen Batzordearen bileretara Justizia Ministerioaren ordezkari bat joanen da.

Halaber, aldeek kanpoko aholkulariak gonbidatzen ahalko dituzte Jarraipen Batzordearen bileretara.

Plan bateratu honetan ezartzen diren eginkizunez gain, Jarraipen Batzordeak planaren ondoriozko interpretazio eta betetze arazoen gainean ebatziko du eta aurreikusiriko jarduketak aldatzen ahalko ditu, aldeak ados daudela, plan bateratu honen xede erabat aldatzen ez bada.

Jarraipen Batzordea gutxienez ere bi aldiz bilduko da urtean, eta kideren batek eskatzen duenenean ere bai.

Zortzigarrena._Aldeen eskubideak eta eginbeharrak

Plan bateratu hau sinatzen duten aldeek konpromisoa hartzen dute hura osorik burutzeko jarduketa guztiak gauzatzeko.

Aldeek argibideak, laguntza teknikoa eta lankidetza eman beharko dizkiote elkarri, dagozkien jarduketak ongi burutzeko eta plan bateratu honetan harturiko eginbeharrak burutzeko lizitazio prozeduretarako klausula juridiko eta teknikoen agiriak prestatzeko behar badira.

Plan bateratu honen xede diren jarduketak buruturik, Nafarroako Gobernuak zuzenean edo beste batzuekiko tresna juridikoen bidez ekipamendua, oinarrizko aplikazioak, edukiak eta zerbitzuak egokitasunez mantendu eta ordeztea bermatuko du.

Bederatzigarrena._Liskarrak konpontzea.

Plan bateratu hau interpretatu eta burutzerakoan sortzen ahal diren gorabeherak aldeak ados daudela konpondu beharko dira, Jarraipen Batzordearen bidez. Adostasun hori lortzerik ez bada, liskar horiek Administrazioarekiko Auzien arlo jurisdikzionalean konpondu beharko dira.

Hamargarrena._Plan bateratu honen izaera.

Plan bateratu hau Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen testu bategiko 3.1.c) artikuluan aipatzen direnetariko bat da. Testu hori ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Hamaikagarrena._Plan bateratu honen indarraldia.

Plan bateratu honek sinatzen denetik aurrera izanen ditu ondorioak eta 2008ko abenduaren 31 arte izanen du indarra. Aldeak ados badaude, luzatzen ahalko da urterik urte.

Hamabigarrena._Plan bateratuaren bukaera.

Plan bateratu hau bi aldeak ados daudela bukatutzat ematen ahalko da edo aldeetariko batek bakarrik erabakirik, beste aldeak bere eginbeharrak egin ezik. Bukaera hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko da.

Hala ere, plan bateratua bukatutzat emateak burutzen ari diren jarduketa horiek ez ditu etenen, erabat bukatu arte.

Ados gaudela frogatzeko, plan bateratu hau sinatzen dugu, hiru aletan, ondorio bakar batekin, goian aipatzen den tokian eta egunean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez._Red.es enpresa-entitate publikoko zuzendari nagusia, Sebastián Muriel Herrero._Justizia ministroa, Juan Fernando López Aguilar.

I. ERANSKINA

Abiapuntuko egoera

Eranskin honetan informazio eta komunikazio teknologiek Nafarroako Foru Komunitatean erregistro zibilen lanetan diharduten organoetan duten integrazioa azaltzen da zehatz-mehatz. Datu hauek bilduko ditu: orotariko datuak, zentroen hornidura, azpiegiturei eutsi eta haiek mantentzeko zerbitzuak, loturak, on line zerbitzu publikoen eskuragarritasun eta erabilera, Justizia Ministerioaren sistemekiko elkarreragin maila, garapen edo ezarpen egoera, funtzionarioen prestakuntza maila eta zerbitzu horiek eskuratzeko herritarren artean banatzeko eginiko jarduketak.

1. taula._Erregistro zibil nagusietan eta erregistro zibil delegatuetan ezarririko ekipamendua (ordenadore pertsonalak eta berariazko inpresorak), 2006ko abenduaren 15ean.

Erregistro nagusiak

5

13

13

Erregistro delegatuak

45

45

%17

2. taula._Banda zabaleko Interneti eta eskualdeko sareei loturiko erregistro zibil nagusien eta erregistro zibil delegatuen ehunekoa, 2006ko abenduaren 15ean.

Erregistro nagusiak

%100

%100

Erregistro delegatuak

%0

%0

3._taula._Inforeg aplikazioa daukaten erregistro zibil nagusien eta erregistro zibil delegatuen portzentajea eta tresna erabiltzeko gai diren erabiltzaileen kopurua, 2006ko abenduaren 15ean

Erregistro nagusiak

5

15

15

Erregistro delegatuak

0

0

0

4. taula._Erregistro zibil nagusien eta erregistro zibil delegatuen sailkapena, Inforeg aplikazioaren erabiltzaileen arabera, 2006ko abenduaren 15ean.

Erregistro nagusiak

4

0

1

0

0

Erregistro delegatuak

0

0

0

0

0

II. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuak eta Red.es-ek erregistro zibil delegatuetan egin beharreko jarduketak

Plan bateratuan xedaturikoa betetzeko, eranskin honetan eta plan bateratu honetako bigarren klausulan ezarririko jarduketak eginen dituzte aldeek. Jarraipen Batzorde Teknikoak alde bakoitzak egin beharreko berariazko jarduketak zehaztuko ditu.

Plan bateratu hau burutzeko egin beharreko jarduketak honako hauek dira:

1. Erregistro zibil delegatuen egoitzetarako ekipamendu informatikoa eta sistema operatiboko softwarea eskuratzea. Ekipamendu informatikoak ordenadore pertsonalak eta berariazko inpresorak biltzen ditu.

Jarraipen Batzordeak plan bateratuaren helburuak lortzeko hobekien egokitzen den ekipamendu informatikoaren osaera zehaztuko du.

Red.es-ek hornitzen duen ekipamendu informatikoa Nafarroako Gobernuak zehaztuko duen tokian banatuko da, plan bateratu hau burutzen hastean ezarririko banatze egutegiaren arabera.

2. Hornituriko ekipamendua in situ mantentzea, funtzionamendu egokia bermatzen duena.

3. Erregistro zibil delegatuak Inforeg aplikazioa osorik erabiltzeko behar dituzten lotura, sareko zerbitzu eta sareko instalazio elektronikoak hornitzea. Zerbitzu horiek plan bateratu honek indarra dueino izanen dira arian.

4. Ekipoak, komunikazioak eta Inforeg aplikazioa ezarri eta abiaraztea.

5. Lan estazioaren eta Inforeg aplikazioaren erabilerari buruz prestatzea. Jarraipen Batzordeak prestakuntzarako egokien deritzon jokabidea zehaztu eta, besteak beste, prestakuntza telematikoa, in situ prestakuntza eta prestakuntza jardunaldi zentralizatuak biltzen ahalko ditu.

6. Erabiltzaileei laguntza eta sostengua ematea, gorabehera operatiboak konpontzeko. Horretarako, harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat emanen dira. Inforeg-i buruzko gorabeherak erabiltzaileei laguntzeko zerbitzuaren bidez kudeatuko dira. Justizia Ministerioak hornituko du zerbitzu hori.

III. ERANSKINA

Jarduketen jarraipena

Eranskin honen xedea da aipatu diren jarduketen jarraipena egitea, proiektuaren bidez lorturiko eragina eta gizarte onurak baloratzeko informazioa eskuratu ahal izateko.

Jarduketa arloetan oinarrizko adierazle batzuk eman behar dira eta haien balio objektiboa finkatu proiektua hasi baino lehen eta bukatzean. Adierazle batzuek proiektuaren bilakaera jarraitzeko tresna edukitzeko aukera ematen dute.

Ondoren proposatzen diren adierazleen zerrenda eta haien balio objektiboa Jarraipen Batzordean aldatzen ahalko dira abiapuntuaren arabera eta eskura dagoen aurrekontuarekin bat azkenean planifikatzen jarduketen izaeraren arabera.

1. taula._Exekuzio adierazleen hasierako eta bukaerako balioak

Banda zabalari loturiko erregistro zibil delegatuen portzentajea

%23,60

%100

Intraneteko banda zabalari loturiko erregistro zibil delegatuen portzentajea

%23,60

%100

Inforeg aplikazioa daukaten erregistro zibil delegatuen portzentajea

%0

%100

Ekipamendua daukaten erregistro zibil delegatuen portzentajea

%16,85

%100

Inforeg aplikazioa erabiltzen dakiten langileen portzentajea erregistro zibil delegatuetan

%0

%100

Digitalazio prozesua bukaturik daukaten erregistro zibilen portzentajea Nafarroako Foru Komunitatean

%0

%100

Nafarroako Foru Komunitateko erregistro zibiletan digitalizaturiko erregistroetako liburuen kopurua

%0

%100

Nafarroako Foru Komunitateko erregistro zibiletan digitalizaturiko erregistroetako liburuen orrialdeen kopurua

%0

%100

II. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren arteko lankidetza hitzarmena, Nafarroako erregistro zibil delegatuen informatizazioa areagotzeko

Iruñean, .....................n.

Bildurik:

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria, Jerónimo Gómez Ortigosa.

Bi aldeek elkarri aitortzen diote behar adinako gaitasuna lankidetza itun hau izenpetzeko.

Adierazi dute:

1._Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ditu konpromisoa eta borondate politikoa Nafarroan informazioaren gizartearen sendotzea lortzeko kemenez lan egiteko, giltzarria baita ekonomiaren eta gizartearen garatzeko. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Informazioaren Gizartearen eta Telekomunikazioen Sustapenerako II. Ekintza Plana onetsi zuen.

2._Ministroen Kontseiluak, 2005eko azaroaren 4an, Avanza plana onetsi zuen. Haren jarduketa arloetariko bat zerbitzu publiko digitalek osatzen dute, administrazio publikoek gaur egun ematen dituzten zerbitzuen eskaintza eta kalitatea handitzeko, bizi kalitatea hobetzeko eta hazkunde ekonomikoa eta informazioaren gizarteko partaidetza areagotzeko neurriekin.

3._Hori horrela, aurreko ataletan zehazten diren helburuak kontuan hartuz, Nafarroako Gobernuak, 2006ko ekainaren 27an, lankidetza plan bateratu bat izenpetu zuen Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioarekin, Nafarroako Foru Komunitatean Avanza plana garatzeko.

Plan horretako hirugarren klausulako lehen lerroaldean xedatzen da Nafarroako Foru Komunitateak hitzarmenak izenpetuko dituela toki entitateekin, beharrezkoa denean, plana burutzeko behar diren ekarpen edo jarduketak aurrera eramateko.

4._Bestaldetik, 2006ko maiatzaren 17an, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak eta Red.es enpresa-entitate publikoko lehendakariak lankidetzarako esparru-hitzarmen bat izenpetu zuten, Justizia Ministerioaren eta Red.es enpresa-entitate publikoaren artean, on line erregistro zibila abian jartzeko, Avanza planaren barruan.

Esparru-hitzarmen horretako hirugarren klausulan xedatzen da bertan aurreikusten diren ekintzak garatzeko parte hartzen duten autonomia erkidegoek bidezko diren aldebiko agiriak izenpetuko dituztela Red.es-ekin eta alde bakoitzari dagozkion jarduketen nondik norakoak eta edukiak azaltzen dira, hitzarmen horretan xedaturikoarekin bat.

5._Nafarroako Gobernuak, Justizia Administrazioaren zerbitzuko informazio sistemak eten gabe hobetzeko ahaleginetan, erregistro zibil nagusiak deritzenak hornitu ditu, barruti judizialeko hiriburua diren udalerrietakoak alegia (Iruñekoak, Tuterakoak, Lizarrakoak, Tafallakoak eta Agoizkoak, hain zuzen ere), horietan epaitegien egoitzan baitaude, oinarrizko eta berariazko tresna guztiekin, direla telematikoak, direla informatikoak, eta pertsonen erregistro zibila ukitzen dituzten egoera guztiak inskribatu eta paperean eta Interneten bidez ziurtatzeko Inforeg aplikazioarekin ere bai. Orain aplikazio horren eginkizun guztiak erregistro zibil delegatuak deritzetenetan ezarri nahi dira, zerbitzuko zuzendari, barruti judizialak ez diren Nafarroako udalen menpekoetan, berrehun eta hirurogeita zazpitan, hain zuzen ere.

6._Horretarako, .................(e)an, Red.es-ekin jarduketa plan bateratu bat izenpetu da Avanza planaren barruan on line erregistro zibilerako programa garatzeko.

Jarduketa plan bateratua garatzeko honako jarduketa hauek eginen dira: A) Nafarroako Foru Komunitateko erregistro zibil delegatuak loturez, informatikako ekipamenduaz eta euskarriaz hornitu, B) erregistro zibil delegatuetan Inforeg aplikazio informatikoa ezarri eta hori erabiltzeko arduradunak prestatzea eta C) erregistroetako liburuak grabatu eta digitalizatzeko proiektua burutzea.

7._Epaitegi Barrutien Mugaketa eta Egiturari buruzko abenduaren 28ko 38/1998 Legeak, 51. artikuluko 3. atalean, xedatzen duen bake epaitegietako eta, beraz, erregistro zibil delegatuetako instalazioak eta tresnak kasuan kasuko Udalaren kontu izanen direla.

8._Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa Nafarroako toki entiateek osaturiko elkarte bat da. Nahi duten entitateak sartzen dira bertan. Haren helburuen artean, udalen autonomia sustatu eta defendatzea eta udalendako interesa duten inguruabar, arazo eta gorabeherak ezagutzeko ikerlanak sustatu eta burutzea daude.

9._Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, 5. azalpen zatian aipatzen den jarduketa plan bateratua sinatu ondoren, interesa dute horrek biltzen dituen bi urteetako epean, Nafarroako udal guztiek erregistro zibil delegatuak informatizatzeko esku har dezaten. Izan ere, bi erakundeek uste dute zerbitzu publikoaren hobekuntza nabarmena dela Nafarroako edozein udalerritako erregistro zibilarekin zuzenean edo zeharka harremanetan dauden Nafarroako bizilagunek eta gainerako telematika bidez herritarrek datuak begiratu eta ziurtagiriak eskuratzea eta gainera horrela Espainiako beste erregistro zibil nagusi eta delegatu batzuetatik eskuratzen ahal dituzten bestelako argibideak erdiestea, behar diren aplikazioak ezarri ahala. Horretarako

ERABAKI DUTE:

Lehena._On line erregistro zibila Nafarroako toki entitateen esparruan zabaltzea, udal administraziotik herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoen hobekuntzaren begi bistako azalpena den aldetik. Horretarako, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, Nafarroako Gobernuak izenpeturik eta hitzarmen honen azalpen zatian aipatzen diren agirietan oinarriturik, subsidiaritate eta toki autonomiaren printzipioei jarraituz, Nafarroako udalak bultzatuko dituzte erkidegoko gobernuarekin atxikipen hitzarmena sinatzeko, irizpide hauei jarraituko diena:

A) Nafarroako Gobernuak, Red.es-ekin izenpeturiko plan bateratua betez, material informatikoa (ordenadorea eta inpresora) banatuko du, ...........(e)ko Udalak Inforeg on line erregistro zibileko aplikazioari lotu eta horrekin jardun ahal izateko behar diren baldintza eta gaitasunak izanen dituena. Udalak material hori badauka eta zerbitzu horretarako erabiltzen ahal badu, osagai horiek ez dira banatuko. Halaber, udalak banatzen zaion materiala beste zerbitzu batzuetarako erabiltzen ahalko du, erregistro zibileko eginkizunetarako betiere prest baldin badago. Udal bat baino gehiagoko erregistro zibilaren egoitza udalerri batean baldin badago, materiala egoitza horretarako utziko da.

B) Nafarroako Gobernuak banda zabaleko Interneteko hasierako kuota eta mantentzekoa pagatuko ditu, Inforeg-ek zerbitzua arian dagoenetik 2008ko abenduaren 31 arte ongi funtzionatzeko, hitzarmena sinatu ondoren. Behar bezain zabala den banda duen linea kontrataturik daukaten udalen kasuan, Nafarroako Gobernuak mantentze kuotaren %50 pagatuko du, aurreko puntuan aipatzen den epe berarekin.

C) A) atalean aipatzen den material informatikoak 17"-ko pantaila, Microsoft Office eta hiru urteko bermealdia izanen ditu. .........(e)ko Udala estazioak ongi funtzionatzeko behar diren lanabes suntsigarri guztiak hornitzen eta bermealdia bukatu ondoren ekipoa mantentzen arduratuko da.

D) Nafarroako Gobernua udal bakoitzean erregistro zibilean diharduten langileak prestatzen arduratuko da, dela udal idazkaria, dela beste edozein pertsona egoki.

Bigarrena._Aurrekoarekin bat, federazioak bere dituen baliabide guztiak erabiliko ditu Nafarroako udalei erraztasunak emateko hitzarmen horri atxikitzeko, publizitate ekintzen, azalpenen eta toki entitateendako aholkularitzaren bidez.

Hirugarrena._Ekintzak gehienbat eta bereziki bizilagun gehien dituzten udaletarako izanen dira (barruti judizialeko hiriburuak direnetarako izan ezik, horietan eginkizun hori paraturik dago eta), eta beren inguruabar bereziengatik pertsonen erregistro zibilari loturiko arloetan lan handia egiten dutenetarako ere bai, edozein delarik hauetako populazioa, hori dena 2007an eta 2008an Nafarroako udal guztiak on line erregistro zibilaren zerbitzuari atxikitzeko helburuarekin.

Laugarrena._Hitzarmen itun hau sinatzeak ez dakarkie kostu ekonomikorik alde sinatzaileei.

Bosgarrena._Itun honek 2008ko abenduaren 31 arte iraunen du. Beharrezkoa bada, isiltasun bidez luzatuko da, alde batek ere bestela adierazi ezik. Halaber, gutxiago irauten ahalko du alde batek idatziz hamabost egun lehenago haren bukaera iragartzen badu.

Eta adostasunaren frogagarri, bi aldeek agiri hau sinatu dute, idazpuruan zehazten diren tokian eta egunean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez._Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria, Jerónimo Gómez Ortigosa.

Iragarkiaren kodea: F0702192