29. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

73/2007 EBAZPENA, urtarrilaren 25ekoa, Lan zuzendari nagusiak emana, Berriobeitiko "Neumáticos Iruña, S.L." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 9/2007).

Departamentu honetan 2007ko urtarrilaren 22an sartu da "Neumáticos Iruña, S.L." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 28 artikuluz eta 4 eranskinez (2006rako lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkaritzak eta langileen ordezkariek (LAB eta ELA-STV) 2006ko abenduaren 17an izenpetu eta onetsia.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan aipatzen diren lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, eta hori Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, eta kontuan izanik hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan xedatutakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Berriobeitiko "Neumáticos Iruña, S.L." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3108722) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 25ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

NAFARROAKO NEUMATICOS IRUÑA, S.L. ENPRESARAKO LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Lurraldearen arloan, funtzionalean eta langileriari dagokionean, hitzarmen kolektibo honek barne hartzen ditu lantokia Nafarroan duten Neumáticos Iruña, S.L.ren enpresa guztiak.

2. artikulua. Nahitaez bete beharra.

Enpresako hitzarmen kolektibo honen arauak, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraikiz itundu direnak, nahitaez bete beharko dira aurreko artikuluan aipatutako lan harremanetan.

3. artikulua. Indarraldia.

Neumáticos Iruña, S.L.ren hitzarmen kolektibo probintzial honen artikuluek, ezarritako legezko tramite guztiak eginik, indarra izanen dute 2007ko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31 bitarte, biak barne.

4. artikulua. Arau ordeztaileak.

Arau ordeztaileak izanen dira indarra duten legeak, Merkataritzarako Lan Ordenantza eta hitzarmen kolektibo honetan adostutakoaren osagarri diren lege xedapen guztiak.

5. artikulua. Bermea.

Hitzarmen berria negoziatzen ez den bitartean oraingo honek izanen du indarra.

6. artikulua. Lanaldia.

Berriobeitiko lantegian, 2007. urteko lanaldiak 40 ordu izanen ditu astean eta 1.752 ordu urtean, eta 2008. urteko lanaldia 1.748 ordukoa izanen da.

Muntaketako lantokia:

1. Daimlerchyslerren, enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren artean adosten diren orduak izanen dituzte:

_Neumáticos Iruña, S.L.k ere Daimlerchryslerrek lan egiten dituen egun guztietan lan eginen du; banakako lanaldiaren egunak gainditzen badira, aparteko orduen gaineko puntuaaplikatuko da. (11. artikulua).

_Nafarroako jaiegunen ordez Arabakoak izatea.

_Aurrez ezarri gabeko larunbat batean ezinbestean lanera joan beharra izanez gero, aurrena boluntarioak eskatuko dira.

2. Daimlerchryslerrek ordu poltsaren bat sortuz gero, enpresa batzordea eta zuzendaritza ados jarriko dira Daimlerchryslerri atenditzeko.

3. Eskubideko atsedenaldien ordez, lanaldi jarraitukoek 30 minutuko atsedenaldia hartzen ahal dute otartekoa jateko, goizean nahiz arratsaldean.

Hurrengo urteetako egutegia zuzendaritzak DCko egutegia eskuratzen duen bezain laster negoziatuko da.

7. artikulua. Ordainsariak.

2007. urteko soldata igoera Nafarroako 2006ko KPI erreala gehi puntu bat izanen da, 2006ko abenduaren 31n indarrean zeuden soldata taulak oinarritzat hartuta.

2008. urteko soldata igoera Nafarroako 2007ko KPI erreala gehi puntu bat izanen da, 2007ko abenduaren 31n indarrean zeuden soldata taulak oinarritzat hartuta.

Hitzarmen kolektibo honetan itundutako soldata igoerak langile bakoitzaren soldata errealaren gainean aplikatuko dira.

8. artikulua. Parekatutako kategoriak.

C1 motako gidabaimena beharrezkoa duten ibilgailuen gidariek, lan arloko eta Gizarte Segurantzako ondorio guztietarako, lehen mailako ofizioko profesionalen kategoria izanen dute.

B motako gidabaimena beharrezkoa duten ibilgailuen gidariek, lan arloko eta Gizarte Segurantzako ondorio guztietarako, bigarren mailako ofizioko profesionalen kategoria izanen dute.

Lanorduetan izandako istripua dela, edo hutsegiteren bat dela-eta, gidabaimena kendu zaien gidariei beste lanpostu batean jartzeko konpromisoa hartu dute enpresek, lehen zeukaten ordainsari berarekin, langilea mozkortzearen ondoriozko kasuak izan ezik, eta betiere egoera horretan enpresa batean bi pertsona baino gehiago aldi berean gertatzen ez badira.

Biltegiko mutila, enpresan urtebetez aritu ondoren, besterik gabe mutil espezializatuaren kategoriara pasatuko da.

Enpresan 4 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten ofizioko urgazleak bigarren mailako ofizioko profesionalen kategoriara pasatuko dira.

25 urtetik gorako bigarren mailako ofizialak, mutil espezializatuak eta administrari laguntzaileak, euren kategorian 3 urte baino gehiago eman dutenean enpresa berean, lehen mailako ofizialaren, bigarren mailako ofizialaren eta administrari-ofizialaren kategoriara pasatuko dira hurrenez hurren. Antzinatasuneko 3 urte horiek enpresa barnean eta nor bere kategorian eginak direla ulertuko da. Aldaketa horrek berarekin dakarren gehikuntza hitzarmen honen indarraldian hitzarmenaren soldaten gainetik enpresek euren langileei ordaintzen dizkieten plusen kontura irensten ahal da.

9. artikulua. Antzinatasuna.

Langileek sorraraz ditzaketen laurtekoen kopurua mugagabea izanen da eta ikastun sartu berriei edo gaur egun ikastun edo izangaiaren kategoria dutenei probaldia ere kontuan hartuko zaie.

Aldi baterako kontratu bat mugagabeko kontratu bihurtzen denean, aldi baterako kontratu hori ere kontuan hartuko da antzinatasuna kalkulatzeko.

Laurteko bakoitzeko zenbatekoa hitzarmenaren soldataren %2,5ekoa izanen da 2007an, une oro indarra duten legezko xedapenetan aurreikusitakoari jarraikiz. Ondorengo urteetan %0,5 igoko dira, bost urteren buruan hitzarmeneko soldataren %5era iritsi arte, gehienez ere.

10. artikulua. Aparteko eskersariak.

Enpresek uztaileko eta Eguberriko aparteko eskersariak ordainduko dizkiete, hilabeteko soldatakoak, ordainsari guztiak barne, horietarako eskubidea duten langile guztiei.

11. artikulua. Aparteko orduak.

Aparteko orduak, langilearen nahierara, lan egindako ordu bakoitzeko 16,5 euro kobratuz edo ordu eta erdiko jai hartuta konpentsatuko dira.

Muntaketa lantokian, lan egin beharreko jaiegunak langileak aukeratzen duen moduan ordainduko dira.

_135 euro lan egindako egun bakoitzeko.

_68 euro lan egindako egun bakoitzeko gehi opor egun bat.

Opor egun hori eskatzen den hurrenkeran hartuko da, langile batek baino gehiagok ezin izanen dute egun bera hartu eta lan egindako urtean berean hartuko da.

12. artikulua. Eritasuna eta istripua.

Edozein gertakizunen ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran, haurdunaldiko arriskua barne dela, enpresek Gizarte Segurantzak ematen duenaren eta soldata osoaren arteko diferentzia ordainduko dute.

Behin-behinekoz lanpostu egokiago bat emanen zaie haurdun dauden emakumeei, aldatzea beharrezkoa badute, medikuak justifikatu ondoren eta enpresako aukera teknikoak eta antolaketarenak kontuan hartuta.

13. artikulua. Heriotzagatiko laguntza.

Langilea hiltzen bada, haren eskubidedunei enpresak hiru hilabeteko soldata ordainduko die, horietako bakoitza hil den langileak kobratu duen azken soldataren adinakoa.

14. artikulua. Laneko jantziak.

Enpresa behartua dago lanerako beharrezkoak diren jantziak banatzera langileei. Jantzi horiek enpresaren eta langilearen arteko lan harremanaren hasieran banatuko dira eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan berrituko dira edo beharrezkoa denean.

15. artikulua. Oporrak.

Langile guztiek urtero opor ordainduak izanen dituzte, baldintza hauek kontuan hartuta:

1. Hogeita hamar egun naturaleko oporrak hartuko dira, langileen lanbide kategoria edozein dela ere.

2. Langilea eta enpresa ados jarriko dira oporrak noiz hartu erabakitzeko. Hala ere, langileak aukera izanen du hamabost egun natural jarraian hartzeko uztailetik irailera bitarte eta beste hamabostak urtean zehar, denak jarraian, enpresaren eta langilearen artean ados jarrita.

Oporrak hartzeko garaiari buruz adostasunik ez izatera, Lan Arloko Epaitegira jo daiteke eta hark erabakiko du oporrak noiz hartu.

3. Arau orokor gisa, oporrak ez dira bi alditan baino gehiagotan hartuko, non ez den kontrakorik ituntzen.

Urtean zehar enpresa uzten duen langileak eskubidea izanen du lan egindako denboraren proportzioko oporrak hartzeko.

Amatasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran oporrak eten eginen dira eta amatasun bajaren ondoren alta eman eta jarraian hartuko dira.

Edonola ere, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.

16. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Langile orok, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborako:

a) Langilearen ezkontza: 20 egun natural, oporraldiarekin batzen ahal direnak, enpresarekin ados jarrita eta ohiko funtzionamendua oztopatu gabe betiere.

b) Seme-alaben, gurasoen eta anai-arreben ezkontza: egun natural bat.

c) Haur baten jaiotza: bi egun natural, horietatik bat, gutxienez, laneguna.

d) Aiton-amonen, anai-arreben, biloben, aita-amaginarreben eta koinata-koinatuen eritasun larria: bi egun natural.

e) Ezkontidearen, seme-alaben eta gurasoen eritasun larria, ospitaleratu beharra badakar: hiru egun natural.

f) Aiton-amonen, anai-arreben, biloben eta aita-amaginarreben eta koinata-koinatuen heriotza: bi egun natural.

g) Aitaren edo amaren heriotza: hiru egun natural.

h) Semearen edo alabaren heriotza: lau egun natural.

i) Ezkontidearen heriotza: bost egun natural.

j) Ohiko bizilekuz aldatzeko: egun natural bat.

k) Publikoa den betebehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.

l) Hitzarmen honen eraginpeko langileek norberaren aukerako 9 egun izanen dituzte, 4 egun lehenago abisatuta, betiere.

m) Ordubeteko murriztapena egunean, haurrari esnea emateko. Baimen hori amak nahiz aitak hartzen ahal dute, euren nahierara.

Lizentzia horien ondorioetarako, larritzat joko da ospitaleratu beharra dakarren eritasuna.

Lizentzia ordainduen hasiera gertaera eragilea sortu den unetik beretik kontatuko da. Lizentzien iraupena nola banatu adostu eginen da edo ospitalizazioak dirauen bitartekoa izanen da.

Heriotza, eritasun edo seme-alaben jaiotza kasuetan, bidaia egin behar izanez gero, dagokion lizentzian bi egun gehiago izanen dira.

Ondorio horietarako, izatezko bikoteek ere lizentzia horiexek izanen dituzte.

17. artikulua. Pizgarriak.

Berriobeitiko lantokian 100 euroko pizgarri finkoak izanen dira eta beste bat aldagarria, egindako lanari eta planteatutako helburuei dagokiena.

Berriobeitiko lantokian, guardiako txandakoei hilean 120 euro ordainduko zaie.

18. artikulua. Kulturarako laguntza.

Langileen kultura eta lanbide maila hobetzeko asmoz, enpresek Hizkuntza Eskolan matrikulatzeko gastuak ordainduko dizkiete euskara ikasteko eskaera egiten duten langile guztiei eta gauza bera, lanean diharduten herrian daukaten beste edozein ikastetxetan ikasi nahi badute ere, betiere ikasketak lanordutik kanpora egiten badira eta horien aprobetxamendua behar bezalakoa baldin bada. Horixe bera eginen da ikastunekin, ohartaraziz ezen bidezko arrazoirik gabe klasera ez joateak eskubidea galtzea ekarriko duela. Enpresek erraztasunak emanen dituzte ikastunak arratsaldeko zazpietan atera daitezen lanetik artikulu honetan aurreikusitakoa erabili ahal izan dezaten.

19. artikulua. Xedapen orokorrak aplikatzea.

Hitzarmen honetan aurreikusi edo arautu ez den orotan legeria indardunean ezarritako arauak aplikatuko dira.

Merkataritzako langileak behartuak daude lanaldiaren azken orduan egiten ari diren eginbeharrak bukatzera, lanaldi arruntean jarri beharreko ardura berarekin.

Langile bat delitu arrunt bategatik edo arrunta ez den delituagatik atxilotua izan arren auziperatu ez badute edo auziperatu izanda ere errugabetzen badute, ez zaio lanera agertu ez izana kontuan hartuko; beraz ez da bidezko arrazoirik gabeko ausentziatzat joko eta horren ondorioz ez dute kaleratuko. Kondenatzen badute, kondena hori bete ondoren lanpostua mantenduko diote.

Kontratazioa

Aldi baterako kontratuak hamabi ordutik gorakoak izanen dira beti. Kontratuetan argi jarri behar da benetako lanaldia zein izanen den, zentroa, egunak eta ordutegiak. Enpresak, beharrezkoa dela behar bezala egiaztatuta, baldintza horiek alda ditzake.

Kontratazioa, nahiz eta modalitate desberdinekoa izan, legeria indardunean xedatutakoari lotuko zaio.

Produkzio gorabeherengatik egiten den behin-behineko kontratazioan egoera hori gertatzen ari dela ulertuko da enpresak ohiko produkzioa baino gehiago egin behar duenean.

Indarrean den legeriaren babesean egindako lan kontratuak dituzten ikastunen soldata bigarren taldeko eta ofizioko profesionalen ikastunentzako soldata taulen eranskinetan ageri da.

10-50 arteko langile dituzten enpresetan, behin-behineko kontratuak eta aldi baterakoak plantillaren %35era mugatuko dira. 50 langile baino gehiagoko enpresetan, aldi baterako kontratuak ez dira %25 baino gehiago izanen.

Probaldia

Probaldia 15 egunekoa izanen da kategoria guztientzat, buru eta arduradunentzat izan ezik, horientzat, gehienez ere, bi hilabetekoa izanen baita.

Gaueko lanaren plusa

Gaueko 10etatik goizeko 6etara lan egindako ordu guztiei gaueko lanaren plusa, %25ekoa, gehituko zaie.

Erretiro partziala. Errelebo kontratua

Langileen esku dago 60 urtetik aitzinera erretiro partzialaren aldeko erabakia hartzea.

Enpresak du, ordea, erretiro sistema horretan sartzen diren langileen lanaldia antolatzeko ahalmena.

20. artikulua. Eskubide sindikalak.

Enpresa batzordeko kideek eta langileen delegatuek legean ezarritako eskubide guztiak izanen dituzte, hauek bereziki:

1. Gai garrantzitsuen gaineko txostenak egiteko, hala nola enplegu erregulazioari, lanaldi murrizketari eta instalazioak beste toki batera eramateari buruzkoak.

2. Enpresak langileei ezarritako zehapen oso larrien gaineko informazioa jasotzeko. Ahal den neurrian, absentismoaren eta horren zergatien gaineko informazioa (laneko istripuak, lanbide eritasunak eta horien ondorioak) jasotzeko.

3. Lankideei lan harremanetan eragina duten edo izan dezaketen gaiei buruzko informazioa emateko, legeak ezarritako moduan.

Enpresa batzordeko kideek eta langileen delegatuek hilean 20 ordu izanen dituzte euren karguko eginkizunetarako.

Hitzarmenaren negoziazioan emandako orduak, bileraren aurreko bi orduak eta ondorengo beste biak gehituz, ez dira ordu sindikaltzat joko.

Laneko arriskuen prebentzioko delegatuen prestakuntza orduak enpresaren kontura izanen dira eta ez dira ordu sindikaltzat joko.

Langileen delegatuen eta zuzendaritzaren arteko bilerak arratsaldez eginen dira delegatuak goizez ari badira horietako bi jasomakinako gidariak direlako. Enpresak Irurtzunen egiten diren bazkariak ordainduko ditu eta ordu horiek ondorengo egunetan hartzen ahal dira.

21. artikulua. Aseguruen poliza.

Hitzarmen honek bere eragin esparruan hartzen dituen enpresek euren langileentzat aseguru kolektiboa kontratatuko dute, istripuaren ondorioz heriotza eta erabateko baliaezintasuna edo baliaezintasun iraunkorra gertatuz gero, honako kopuru hauek bermatuko dituena:

_36.060, 73 euro, heriotzagatik.

_36.060,73 euro, laneko edo lanetik kanpoko istripuaren eta eritasunarengatik.

22. artikulua. Hitzarmenaren amaiera iragartzea.

Langileen Estatutuaren 86. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen honen amaiera sinatzen den egunetik beretik iragartzen da.

23. artikulua. Lan osasuna.

Enpresak behartuta daude langile guztiei urtean osasun azterketa bat egitera. Azterketa hori Lan-istripuetako Ugazaben Mutualitatetan eginen da, enpresa bakoitza horietako zeinetan dagoen inskribatua, hartantxe. Langileek osasun azterketaren emaitzak jakiteko eskubidea dute. Azterketak lanorduetan eginen dira.

Enpresak behartuak daude langileei euren lanposturako behar dituzten jantziak edo babesgarriak ematera.

Hitzarmen honen eremuko enpresek hitz eman dute Lan arlokoetan aurreikusitakoa hertsiki eta berehala aplikatuko dutela.

Horren kariaz, enpresek eta langileen ordezkariek hitz eman dute prebentzioko planak ezarriko dituztela, ahal duten neurrian eta aurreikusitako epeetan, laneko arriskuak desagerrarazteko edo pixkanaka gutxitzeko eta sektoreko lan arriskuei aurrea zinez hartzeko.

Prebentzioko delegatuei dagokienez, legean ezarritako bermeak izanen dituzte eta enpresek hitz eman dute erraztasunak emanen dizkietela euren eginkizunetarako behar dituzten ordu kredituen bidez.

24. artikulua. Emakumezko langilea.

_Sexuagatiko bereizkeriarik eza. Aukera berdintasuna lortze aldera, hitzarmen hau sinatu duten alderdiek helburu garrantzitsutzat jotzen dituzte honako hauek:

a) Berdintasuna lanean, zuzeneko eta zeharkako diskriminazioa baztertuz.

b) Soldatetan sexuarengatiko bereizkeriarik ez izatea.

c) Aukera berdintasuna enpleguan.

d) Lanbide prestakuntza eta birziklatze prozesuetan parte hartzea.

_Amatasun eszedentzia, Langileen Estatutuan aurreikusitako moduan.

_Eskubide hori legezko adopzioetara hedatzea, Langileen Estatutuan aurreikusitakoari jarraikiz kasu horietan ere.

_Lanpostuz aldatzea haurdunaldian, ohiko lanpostuan aritzea kaltegarria bada osasunerako eta enpresan aukerarik baldin bada aldaketa egiteko.

_Aldi baterako lanak ez du kalterik eraginen emakumezko langileen eskubide ekonomiko edo profesionaletan.

Aipatu ez diren gainerako esparruetan, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

25. artikulua. Sexu jazarpenaren kontrako neurriak.

Laneko jazarpena, edozein motatakoa dela ere, hutsegite oso larritzat joko da.

26. artikulua. Tratu txarren biktimei laguntza emateko neurriak.

Hitzarmen honen lurralde eremutik kanpoko herrietan, probintzietan edo erkidegoetan lan zentroak ireki dituzten enpresek lanpostu hutsak baldin badituzte euren lantokietan, lanpostu huts horiek tratu txarren biktimei eskainiko dizkiete.

Enpresako zuzendaritzak erabakiko du, nolanahi ere, ea tratu txarren biktima lanpostu hutsa betetzeko gai den eta behar duen ahalmena duen. Era berean, tratu txarren biktima bat baino gehiago izanez gero, enpresak erabakiko du horien artean zeinek izanen duen lanpostu hutsa betetzeko lehentasuna, betiere haien gaitasuna eta ahalmena kontuan hartuta.

Dena dela, lanpostu bat hutsik dagoela ulertuko da lanpostua bete gabe dagoenean eta horren eginkizunak tratu txarren biktimak duen lanbide kategoriari dagozkionak direnean.

Lanpostu hutsik ez dagoela ulertuko da, lanpostu bat bete gabe egon arren enpresak hura amortizatzea erabakitzen badu.

Erasotzailea eta erasotua lantoki berean ari badira, enpresak behar diren neurriak hartuko ditu, txandak aldatzea barne, enpresako instalazioetan erasotzailea eta biktima ordu beretan egon ez daitezen.

27. artikulua.

Hitzarmen hau Nafarroan lanean ari diren enpresako langile guztiei aplikatuko zaie, kontratazio mota edozein dela ere.

28. artikulua. Aldi baterako laneko enpresetako langileak.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek, langileen eta enpresen artean diskriminazio eta desberdintasun egoerarik izan ez dadin eta hitzarmen hau ez aplikatzea saihestearren, beharrezkoa dutenean bakarrik kontratatuko dituzte langileak aldi baterako laneko enpresen bidez, eta betiere enpresa erabiltzaileen baldintza berberak bermatzen dituzten enpresetara zuzenduz; beraz, Neumáticos Iruña enpresaren hitzarmena aplikatu beharko dute, eta behartuta egonen dira baldintza horiek bermatzen ez dituzten enpresen zerbitzuak ez erabiltzera.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, indarra duen legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

Lanbide prestakuntza

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek euren langileriaren lanbide prestakuntza sustatuko dute; horretarako ordezkari sindikalen eta enpresaren artean aztertuko dituzte prestakuntza jarraituaren arloko beharrak eta enpresa planak prestatzen ahal dituzte, bai eta sektoreka egin daitezkeen plan bateratuetan parte hartu ere.

Enpresak hartzen badu langileak prestakuntza ikastaroetara joateko erabakia, horretarako ematen dituzten orduak benetako lanordutzat joko dira, eta ahaleginak eginen dira ikastaroak lanorduetan egin daitezen.

ERANSKINAK

Lehenengoa._Neumáticos Iruña, SLko ordu poltsa ez da 8 ordu baino gehiagokoa izanen.

Ordu horiek egutegian ordu poltsa erabiltzeko egunetarako gordeko dira.

Bigarrena._Muntaketa lantokian pizgarri aldagarriak gehienez 125 eurokoak izanen dira hilean, lanaren kalitatearekin lotuta betiere.

_Hirugarrena._Nafarroako Neumáticos Iruñako hitzarmen kolektiboaren soldata taulak 2006. urterako.

_Ingeniariak eta lizentziadunak: 1.770,90 euro.

_Arduradun nagusia: 1.584,03 euro.

_Administrazioko atalburua: 584,03 euro.

_Administrari-ofiziala: 1.335,52 euro.

_1. mailako ofizioko profesionalak: 1.335,52 euro.

_2. mailako ofizioko profesionalak: 1.204,65 euro.

_Laguntzailea: 121,00 euro.

_Neska-mutil espezializatuak: 1.204,65 euro.

Neska: 1.145,72 euro.

Laugarrena._Langileen Estatutuen 85.3.e) artikuluari jarraikiz batzorde paritarioa sortu da, langileen ordezkari batek eta enpresako beste batek osatua.

Iragarkiaren kodea: F0701799