29. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

29/2007 EBAZPENA, urtarrilaren 15ekoa, Lan zuzendari nagusiak emana, "ADACEN" enpresaren hitzarmenaren interpretazioari buruzko akordioa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena.

Departamentu honetan 2006ko urriaren 16an sartu da Mutiloabeitiko "ADACEN" enpresaren hitzarmenaren interpretazioari buruzko akordioa, batzorde paritarioak 2006ko urriaren 2an hainbat artikuluri buruz izenpetu eta onetsia, hitzarmen horretan itundutakoa betetzeko (hasierako espedientearen zenbakia: 72/2006).

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan aipatzen diren lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, eta hori Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, eta kontuan izanik hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan xedatutakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Mutiloabeitiko "ADACEN" enpresaren hitzarmenaren interpretazioari buruz batzorde paritarioak 2006ko urriaren 2an hartutako akordioa erregistratzea, departamentu honetan dagokion erregistroan, non gorderik gelditzen baitira haren testua eta dokumentazioa (3108002 kodea).

2. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 15ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

ADACEN ENPRESAREN III. HITZARMEN KOLEKTIBOKO BATZORDE PARITARIOAREN AKTA

Iruñean, 2006ko urriaren 2an, Asociación de Daño Cerebral de Navarrra (ADACEN) elkarteko langileendako III. hitzarmen kolektiboaren batzordea paritarioa bildu da, ondoren aipatzen diren ordezkariek osatua.

_ADACEN elkartearen izenean: María Victoria Ona Vives andrea. María Isabel Ruiz Castillo andrea, aholkulari gisa.

_Langileen izenean: José Ramón Asiáin jauna. José Elizalde Beorlegui jauna, aholkulari gisa.

Bilera horretan, hitzarmenaren interpretazioari buzuzko gai batzuk eztabaidatu ondoren, ondoko akordioak hartu ziren:

1. 31. artikulua: aparteko orduak.

Langileen ordezkariek artikulu honen zati bat berridazteko eskatu dute, gaurko testua anbiguoa eta kontraesanezkoa dela uste baitute.

Bi alderdiek testua aztertu ondoren, berridaztea erabaki dute. Idazketa berriak hitzarmenean finkatutakoari eusten dio, baina argiago azalduta:

_"Ezinbestean sartu beharreko aparteko orduak: hainbat arrazoi direla medio, erabiltzaileei laguntza eman beharrez euren lanpostuan jardun behar duten langileek egin beharrekoak. Oro har, enpresa langileen ordezkoak jartzera behartua dagoen egoeretan (laneko bajak, aurretik abisatu ezin izan diren baimen ordainduak edo enpresaren garraioaren atzerapenak) txandako langilea ageri ez eta haren ordez lanean segitu behar duten zaintzaileak daude kasu horretan.

Enpresa langilearen ordezkoa jartzera behartua ez dagoen egoeretan, txandako langilearen zain emandako denbora ez da aparteko ordutzat hartuko. Egoera horiek ondoko hauek dira: baimen ordainduetan edo aldi baterako ezintasunean aurreikusirik ez dauden arrazoiengatiko atzerapenak, hala nola garraio pertsonala eragiten duten gorabeherek edo beste edozein ustekabek sortutakoak.

Lehenengo kasuetan, konpentsazioa ordu eta erdiko atsedena izanen da egindako aparteko ordu bakoitzeko.

Bigarren kasuetan, ukitutako langileak beste txandako langilearekin adostu beharko du haren ordez egindako lan denbora.

_Bestelako aparteko orduak: langileak bere eginkizunei dagozkion lanetan egindako orduak bere lanordutik kanpora (ahaideei laguntzea, lanak edo proiektuak bukatzea, bilerak, etab.). Ordu horien konpentsazioa ordu batekoa izanen da lan egindako ordu bakoitzeko, betiere enpresak baimenduta egin badira."

2. 32. artikulua: Konpentsazioa, oporretako txandetara joateagatik.

Enpresak 32. artikuluaren testua zuzentzeko eskatu du, uste baitu akats bat egin zela behin betiko zirriborroaren testua sinatzeko testura eraman zenean. Enpresaren ustez, alderdiek ez zuten negoziazioetan atal hori aldatzeari buruzko akordiorik lortu; II. hitzarmenaren batzorde paritarioak 2005eko urtarrilaren 20an egindako aktan ezarri zen atal hori. Aipatutako akta erantsi da.

Langileen ordezkariek aitortu egin dute sinatutako testuan akats bat zegoela, eta uste dute atala aldatzeko akordiorik ez zela izan eta akatsa hainbat zirriborro eta proposamen egotearen ondorioa dela.

Orobat, oporretako txandetan parte hartzen dutenean, jarduera osoan barna boluntarioei laguntzeko zaintzaile bat behar duten arriskuko berariazko baldintzekin, jarduera horietan laguntzeko zaintzaile kategoriari aplikatzen zaion beharra dela-eta, enpresari horretarako bidea ematen dion legezko euskarriari buruzko kontsulta egitea erabaki da.

Nolanahi ere, konpentsazio sistema hobetzeko beharra azpimarratu eta gutxienez dietak handitzeko eskatu da.

Bi alderdien eskakizunak aztertu ondoren, batzorde paritarioak ondoko erabaki hauek hartu ditu:

1._III. hitzarmenaren 32. artikuluaren testua aldatzea, II. hitzarmeneko batzorde paritarioak 2005eko urtarrilaren 20an hartutako erabakiaren bidez emandako testua berriz hartzeko, honela:

_"Lan egindako egunak honela kontatuko dira urteko lanorduak kalkulatzeko: egun bat jarduerak irauten duen egun bakoitzeko.

_Gainera, konpentsazio opor egunak hartzen ahalko dira, egun erdia jardueran egoten den lanegun bakoitzeko (astelehenetik ostiralera, edozein hilabetetan) eta egun bat larunbat, igande edo jaiegun bakoitzeko."

2._Zaintzaile kategoriako langileek jarduera horietan parte hartzea borondatezkoa izatea. Zerbitzua zaintzaileen ohiko plantillarekin betetzen ez bada, enpresak beste bideen bitartez bermatu beharko du.

3._Enpresak konpromisoa hartzen du eguneko dietari 25 euro eransteko, oporren txandetan parte hartzen duten plantillako begiraleen eta zaintzaileen gastuetarako. Diru igoera hori modu iragankorrez aplikatuko da, hitzarmen honen indarraldian (2006ko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31 arte), ez da kontsolidatuko, eta zilegi izanen da 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera ituntzen diren bestelako konpentsazio neurriekin ordeztu edo xurgatzea.

3. Atseden hartzeko egoitzako egonaldiaren estaldura abuztuko asteburuetan:

Abuztuko asteburuetan eriak familiei atsedena emateko egoitzara joateko txandak betetzeko zaintzaileek duten beharra dela-eta, lege-kontsulta egin da.

Enpresak esan du idazki bat igorri zitzaiela langileei, enpresak zerbitzu hori ematen segitu behar zuela jakinarazi eta langileei zerbitzu hori txandaka bete behar zutela adierazteko; txanda hori modu arruntean eginen litzateke, eta konpentsazio sistema bat ezarriko litzateke urteko lanorduen gaineko kalkulua egiteko. Agiri horren fotokopia erantsi da, 2005eko ekainaren 17koa.

Kontsultaren alderdi legalak aztertuta, batzorde paritarioak uste du ezen, horretarako legezko epean jakinarazpen horren aurkako erreklamaziorik aurkeztu ez zenez, zilegi dela ukitutako plantillak onartu egin zuela ulertzea, eta, hortaz, egintza propioen gaineko kontraesanik ezaren legezko printzipioari jarraikiz, ez dago geroko erreklamaziorik egiteko aukerarik.

Horiek horrela, batzorde paritarioak ezarri du nahitaezkoa dela atseden hartzeko egoitzako txanda horiek betetzea, bere garaian finkatu zen sistemaren bidez.

4. Zaintzaileen ordutegiak aldatzea.

Enpresak zaintzaileak sartu eta ateratzeko orduak aldatzeko proposamen bati buruzko iritzia eskatu dio batzorde paritarioari. Proposamena zaintzaileek egin dute.

Horri dagokionez, enpresak proposamena aintzat hartzeko prest dagoela esan du, izan ere, zerbitzurako eragin txarrik ez izateaz gain, langileen ordutegi pertsonala hobetzeko balio dezake.

Erabaki da enpresak zaintzaileei bere erabakiaren berri ematea zuzenean.

Eta aztertzeko gai gehiagorik ez dagoenez, bilkura bukatutzat eman eta haren akta sinatu da.

Iruñean, 2006ko urriaren 2an_ADACENen izenean, María Victoria Ona Vives eta María Isabel Ruiz Castillo._Langileen izenean, José Ramón Asiáin eta José Elizalde.

Iragarkiaren kodea: F0700951