29. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

6/2007 FORU AGINDUA, urtarrilaren 5ekoa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana. Haren bidez untxiak harrapatzeko baimena ematen du untxi populazioak nekazaritzari egiten dion kalteagatik berehalako ekintza beharrezkoa den tokietan espezie hori kontrolatzeko metodotzat erabiltzeko. Halaber, aritzeko baldintzak arautzen ditu.

Gaur egun, untxia, ehiztariendako funtsezko ehiza izateaz gain, arazo larria da Nafarroako nekazaritzarako sortzen dituen kalte ugariengatik. Izan ere, Nafarroaren alde batzuetan populazio dentsitate handia du.

Hori dela eta beharrezkoa da ehiza barrutietan kemenez jardutea, nekazaritzari kalte larriak egin baitzaizkio. Horretarako, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena eman du 2007. urte osoan neurri batzuk hartzeko. Neurri horien helburua da untxiek ehiza barruti batzuei eginiko kalteak gutxitzea. Barruti horiek dira untxi zinez ugariak dituztenak edo 2006an nekazaritzan oso galera handiak izan dituztenak.

Hala ere, eskuarki, Nafarroako hegoaldearen zati handi batean, ehizalditik aparte eta ehiza barrutietako erabilera batzuetarako eremuetan, ehizaldian berean, beharrezkoa da Nafarroan urterik urte behin eta berriro gertatzen diren kalteak berehala konpontzea. Kalte horiek gertatzen dira unean-unean espezie horren dentsitate handiak daudelako edo, ehiza barrutiak ez izanagatik ere, haztegiak untxi populazio nabarmenak dituzten balio komertzial handiko laborantzetatik gertu daudelako. Horregatik beharrezkoa da untxi populazioa kontrolatzeko berariazko neurriak hartzea, sorturiko kalteak gutxitzen saiatzeko.

Nafarroako Ehiza eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak, 39., 40. eta 41. artikuluetan, ehizan aritzeko mugak eta debekuak ezartzen ditu. Baina, orobat, berrogeita laugarren artikuluak aukera ematen du fauna erabiltzeari buruzko debeku batzuk indarrik gabe uzteko, horren xedea osasunerako edo gizakien segurtasunerako, nekazaritzarako edo bestelako basa espezieentzako kalte handiak saihestea denean.

Horretarako, berariazko betebeharrak dituzten baimenak ematen ahal dira edo, bestela, animaliak harrapatu eta hiltzeko baldintza eta baliabideak arautzen dituzten orotariko xedapenak ezarri, 17/2005 Foru Legeko 44. artikuluan xedatzen den bezala.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren proposamena ikusirik eta Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeko 44. artikulua garatuz.

AGINDU DUT:

1. Baimentzea untxiak harrapatzea, espezie horrek nekazaritzari egiten dion kaltea saihestearren. Hona hemen baimen honen baldintzak:

A) Esparrua. Baimen hau Nafarroako Foru Komunitate osoan aplikatzekoa da, ehiza barruti, erreserba eta aterpeak eta eremu libreak barne. Naturgune babestutzat jotzen diren lurrak baimenaren esparrutik kanpo gelditzen dira.

B) Aldia. Baimen honek 2007. urterako balio du.

C) Baliabideak. Populazioak honelaxe kontrolatzen ahalko dira:

_Ale hautatu batzuk harrapatzea, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak baimenduriko segada-kaiolen bidez.

_Hudoen edo/eta eskopeten bidez, zakurrek edo/eta sareek lagundurik.

_Arkuz harrapatuz.

D) Untxiak harrapatzeko kaiolek nahitaez prezinto zenbakidun bat eduki beharko dute, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak banatua.

E) Baimen honen kasuan kasuko aplikazioaren arduradunak, hilero, baimenak indarra dueino, memoria bat aurkeztu beharko du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan. Horretan emaitzak, harrapaturiko aleak eta gorabehera interesgarri guztiak zehaztuko dira.

2. Prozedura.

A) Kaltea landa-lurretan denean, ehiza barrutiaren aprobetxamenduaren titularrak edo, barruti batean ez baldin badago, lurraren jabeak harremanetan jarri beharko du bertako Ingurumenzaintzarekin, parte har dezala eskatzearren.

B) Ingurumenzaintzak ikuskapenaren akta eginen du. Horretan kaltea eta haren garrantzia, populazioa kontrolatzeko baliabide zehatza, jarduteko eremu zehatzak, epea eta arduraduna azalduko dira. Hala bada, partaideen izen-deiturak eta NANak ere agertuko dira.

C) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariak, kasuan-kasuan, baimenduriko baliabideei, denbora eta tokiei, harrapatzen ahal diren aleen gehieneko kopuruari eta jarduketaren arduradunei buruzko baldintzak ezarriko ditu.

D) Ingurumenzaintza arduratuko da baimen honen aplikazio bakoitza horretarako ezarri bezala egin dadin eta kasu bakoitzerako neurri zehatzak hartzen ahalko ditu.

E) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak kasu zehatz bakoitzerako baldintzak Foruzaingoko Babes Ekologikoaren Atalari, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari, Ingurumenzaintzari eta ehiza barrutiaren titularrari edo ukituriko tokiaren jabeari igorriko zaizkio.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 5ean._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0701107