Iragarkia
27. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 2a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.3. BESTELAKO XEDAPENAK
2.3.5. Beste batzuk
IRUÑA
Deialdi publikoa, laguntzak ematen dituena hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko
Iruñeko Udaleko alkateak, 2007ko otsailaren 9an, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak ematen dituen deialdi publikoa onetsi zuen.
Iruñean, 2007ko otsailaren 9an._Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.
HIRIKO ERABILERA PUBLIKOKO ESPAZIO PRIBATUAK BERRIZ URBANIZATZEKO LAGUNTZAK EMATEN DITUEN DEIALDIA
Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko, dirulaguntzak emateko prozedura garatzea du helburu deialdi honek; betiere, lehia irekian eta hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan xedatuari jarraituz; ordenantza hori 2005eko maiatzaren 5eko osoko bilkuran onetsi zuen Udalak eta 2005eko 108. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 9an.
Deialdi honetan zehaztuta ez dagoen orotan, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzari jarraikiko zaio zuzenean eta, bestela, Iruñeko Udalaren dirulaguntzen ordenantza orokorrari. Ordenantza orokor hori 2005eko azaroaren 3ko osoko bilkuran onetsi zen, hasiera batean; inork ez zuen alegaziorik aurkeztu eta 2006ko otsailaren 17ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.
1._Aurrekontua.
Deialdi honek gehienez ere 959.967,14 euroko kontsignazioa izanen du aurrekontuetan, eta Udalaren 2007ko aurrekontuko 41 43250 782020 kontusailetatik hornituko da: 359.967,14 euro eta 600.000 euro Udalaren 2008ko aurrekontutik, azken hori baldin eta behar adinako kreditu egokia aurreikusten bada.
Dirulaguntzaren zenbatekoa aurrekontu babesgarriarena izanen da; hau da, obren guztirako aurrekontua, obren proiektua prestatzeko ordainsariak eta obren zuzendaritzakoak batuz ateratzen dena.
Ordenantza hau garatuz onesten diren deialdietan zenbateko aurrekontua zehazten den, horren araberako laguntzak emanen dira, eta betiere lehentasuna emanen zaie puntuaziorik hoberena lortzen duten proiektuei; horretarako, ordenantza honen 8. artikuluan finkatu dira irizpideak.
Balorazio Batzordeak diruz laguntzeko hautatzen dituen jarduketen zenbatekoak deialdi baterako aurrekontutik bideratutako baliabideak gainditzen baditu, eta bi proiektuk kalifikazio berdina badute edo proiektu batek bere dirulaguntza partez baizik eskuratzen ez badu, dirulaguntza hurrengo urteko aurrekontuaren kargura emateko proposamena egin ahalko dio Balorazio Batzordeak horretarako eskumena duen organoari.
Dirulaguntza emateko eskumena duen organoak hainbanaketara jo ahalko du dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradunen artean partitzeko.
2._Helburua, baldintzak, dirulaguntzaren xedea eta onuradunen betebeharrak.
Ordenantza honek jarduketa pribatuei dirulaguntzak ematea du helburu, haien bidez Iruñeko Udal Planak erabilera publikoko espazio pribatutzat jotzen dituenak berriz urbanizatzen badira; orobat, planeamenduaren arabera, partikularrek zaindu eta mantendu beharrekoei laguntzea.
Eraikuntzako elementuei baino ez zaie dirulaguntza emanen, iragazgaiztetik hasita (hura kanpo) azalera aldera.
Gisa honetako jarduketek ez dute dirulaguntzarik bilduko: espazio publikoen zoladura partzialek, hiri altzarien, lorategiko gaien eta arbolen ale batzuen ordezkapenek eta jarduketa partzialek egungo azpiegituretan.
Honako hauek dira onuradunen betebeharrak:
a) Dirulaguntza jasotzeko behar den portaera izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.
b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.
c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.
d) Lagundutako jarduera finantzatzeko lortzen diren beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
e) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zerga-betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea. Iruñeko Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak daudela ofizioz frogatuko da.
f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietan eta ebazpenetan berariaz eska daitezkeen kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.
g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
h) Behar bezala adieraztea dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo edonolako jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 18.5 artikuluan xedatuarekin bat.
i) Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan aipatutako kasuetan, jasotako dirua itzultzea.
3._Dirulaguntza eskatzeko baldintzak eta horien frogabideak.
Baldintza orokorrak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek nahiz jabe elkarteek eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak, baldin eta ez badaude debekatutako egoera batean; gainera, beste baldintza hauek ere beteko dituzte:
a) Dirulaguntzaren xedeko lurraren titulartasuna modu frogagarrian erakustea.
b) Dirulaguntza zer lurretarako eskatzen den, haren kalifikazioa hiri-lurzorua izanen da Udal Planaren arabera dirulaguntza aurkezten den unean, eta proiektua bateragarria izanen da planeamenduaren aurreikuspenekin.
c) Jabe elkarteen kasuan, obrak egiteko erabakia hartua izan behar dute, eta ordezkari bat hautatua, eta portzentaje bat ezarria, jabe bakoitzak harekin obretan parte hartzeko.
d) Eskatzailea jabe elkartea edo pertsona fisikoa nahiz juridikoa bada, alta emana izatearen egiaztagiria eta zerga-betebehar guztiak beteak izatea Nafarroako Foru Komunitateko eta Estatuko administrazio publikoekin, baita Gizarte Segurantzarekin ere.
e) Eskatzaileak ez du ezgaiturik egon behar administrazio publikoengandik laguntzak eta dirulaguntzak biltzeko, indarra duen legerian xedatuari jarraikiz.
f) Guztira aurrekontu babesgarria gainditzen duten laguntzak edo dirulaguntzak ez izatea, edozein administraziok, entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek emanak; halakoak izanez gero, laguntza horien kontura guztira lortutako zenbatekoa adieraziko da.
4._Dirulaguntzak bideratzeko eta ebazteko ahalmena duten organoak.
Dirulaguntzen prozedura bideratzeko organo eskuduna Balorazio Batzordea izanen da. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkien jarduketa guztiak eginen ditu, ofizioz, batzorde horrek.
Balorazio Batzordeak ebazpen proposamena eginen du eta ebazteko eskumena duen organoari igorriko dio.
Alkatetzari dagokio dirulaguntzak emateko prozedura ebaztea.
Balorazio Batzordea honako kide hauek osatuko dute, guztiak ere Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorrekoak:
_Batzordeburua: alorreko zinegotzi delegatua edo hark, bere ordez jarduteko, izendatzen duena.
_Kontseiluko kideak:
_Alorreko zuzendaria edo hark, bere ordez jarduteko, izendatzen duena.
_Alorreko idazkari teknikoa edo hark, bere ordez jarduteko, izendatzen duena.
_Gaian eskumena duen udal teknikari bat, gutxienez, alorreko zinegotzi delegatuak izendatua Balorazio Batzordearen eraketa egiten denean.
_Idazkaria, hizpidea duena baina botorik ez: alorreko zuzenbideko lizentziaduna edo hark, bere ordez jarduteko, izendatzen duena.
5._Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskatzaileak sinatutako eskabidea aurkeztuko dute interesatuek.
Eskabideak aurkezteko epea berrogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatzen hasita, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 6. artikuluan xedatuarekin bat. Deialdi honetako hirugarren eta zazpigarren oinarrietan aipatutako agiriak eta informazioak aurkeztuko dira eskabideekin batera. Ezin da luzatu eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, interesatuari errekerimendua eginen zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, konpon dezan. Adieraziko zaio ezen, bestela, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; hori baino lehen, ebazpen bat emanen da, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 12. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan adierazi bezala eman ere.
Eskabideak non aurkez daitezkeen: Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean (Merkatuko kalea, 7-9), erregistro osagarrietan (Descalzos kalea, 72-2. solairua (Kulturako Alorra); San Saturnino kalea, 2-beheko solairua (Ingurumen eta Osasuneko Alorra); Iratxeko monasterioaren kalea, 2-beheko solairua (Hiritarren Babeseko Alorra); Armada etorbidea, 2-5. solairua (Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra); Zapateria kalea, 40-beheko solairua (Lehendakaritzako, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko eta Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen alorrak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan zehaztutako lekuetan.
6._Ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorraren sarrera erregistroan eskabidea sartzen denetik aitzina, aurreko artikuluan xedatua ezertan ukatu gabe.
Balorazio Batzordeak argibideak eta agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bestela, ematen den epea bukatu bitarte.
Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.
7._Eskabidearekin batean aurkeztu beharreko dokumentu eta argibideak.
Eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira, deialdi honetako 3. artikuluan ezarritako baldintzak frogatzeko dokumentuez gain:
a) Deialdi honekin batera doan ereduari lotutako eskabidea, betea.
b) Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta haren izenean ordezkariren batek badihardu, haren egiaztagiriak.
c) Eskatzailearen identifikazio fiskaleko agiria.
d) Jabetza erregistroaren ziurtagiria, berriz ere urbanizatu nahi den lurzoruaren jabetza egiaztatzen duena; kargetatik libre dagoela adierazi beharko du, eta dagozkion tributu obligazioak behar bezala likidatuak dituela frogatuko.
e) Jabe elkarteen kasuan, haien erabakia obrak egiteko, dirulaguntzaren espedientea kudeatuko duen ordezkari bat izendatzeko eta jabe bakoitzak obra horietan zer portzentajez parte hartzen duen ezartzeko.
f) Ukitutako herritarren zerrenda.
g) Erantzukizuneko aitorpena, non adieraziko baita:
1._Eskatzaileak Nafarroako nahiz Estatutuko tributuen arloan eta Gizarte Segurantzarekin dituen eginbeharrak beteak dituela dioena.
2._Eskatzailea ez dagoela ezgaiturik administrazio publikoetatik laguntzak eta dirulaguntzak biltzeko, indarra duen legerian xedatuari jarraikiz.
h) Urbanizatzeko proiektu oinarrizkoa, teknikari eskudunak egina, honako hauez hornitua: obren aurrekontua, profesionalen ordainsarien zenbatekoa.
i) Berriz urbanizatu beharreko espazio pribatuaren gaineko argazki bidezko erreportajea.
j) Bankuaren ziurtagiria, dirulaguntza jasotzeko kontua eskatzailearen izenean dagoela frogatzen duena.
Eskatzen diren dokumentuak Iruñeko Udalak edo haren erakunde autonomoek jada badituzte, erantzukizuneko aitorpena emanen da haien ordez. Aitorpen horretan adieraziko da zer egunetan eta zer erakunde edo bulegotan aurkeztu ziren edo zeinek eman zituen edo non dauden. Baldintza da haien prozedura bukatu ondoren ez direla lau urte baino gehiago igaro behar.
Xedatutakoa gorabehera, Udalak edo bere erakunde autonomoek ezin badute dokumentua eskuratu, eskatzaileari galdetzen ahalko zaio aurkezteko edo, bestela, dokumentuan erakusten diren beharkizunak beste bide batzuen bidez frogatzeko, ebazpen proposamena eman aurretik.
Laguntzaren ebazpen proposamena eman aurretik, artikulu honetako f) atalari lotu zaizkion eskatzaileei dokumentuak aurkez ditzatela eskatuko zaie, aitorpenetan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzeko. Gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen dute, eta epea igaroz gero, eskaerak artxibatu eginen dira.
8._Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.
Deialdi honetako eskaerak baloratzeko, irizpide hauek baliatuko dira:
Irizpideak
Berriz urbanizatzeko proposamenaren kalitate arkitektonikoa: 20,00 puntu.
Urbanizazioaren antzinatasuna eta hondamenaren zenbaterainokoa; urbanizatu gogo den azalera: 20,00 puntu.
Zenbat herritar ukitzen diren: 20,00 puntu.
Eremuan zenbat jende ibiltzen den: 20,00 puntu.
Berriz urbanizatu beharreko eremuaren azpiko aparkalekuak konpondu eta egokitzeko jarduketak, aparkaleku horiek indarra duen araudira egokitzearren. 20,00 puntu.
9._Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.
Laguntza emateari buruzko ebazpenak administrazio bidea amaituko du eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 58 eta 59. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz jakinaraziko zaio eskatzaileari.
Laguntza ematen duen ebazpena onuradunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da; aipatuko dira deialdia, programa eta zer aurrekontu-kredituri lotuta dagoen, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua, salbu eta bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada 3.000 eurora iristen; izan ere, halakoetan, Udalaren iragarki-oholean jarriko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean laburpena bakarrik.
10._Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
1._Obren kosturako eta obren proiektua prestatzeko eta haien zuzendaritzako ordainsarietarako izanen dira dirulaguntzak. Eskatzaileak adierazitako kontura banku transferentzia eginez ordainduko da..
Dirulaguntza jaso dezaketen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
2._Deialdi honetan ezarritako justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindutakoa hartuko da egindako gastutzat.
11._Azpikontratazioa.
Dirulaguntza jasotzen duten jarduera guztiak azpikontratatzen ahal dira.
12._Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.
Dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administrazio publikok edo pertsona fisiko edo juridikok _publiko nahiz pribatu_ kontzeptu beragatik eman litzaketenekin. Eskatzaileak edo dirulaguntzaren jasotzaileak Iruñeko Udalari adierazi beharko dio zenbatekoak diren obra berei ekiteko eskatu dituen edo eman zaizkion laguntzak, sorospenak, dirulaguntzak, hobariak, etab. (Udalaren dirulaguntza ordaindu aitzinetik nahiz ondoan).
Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak horretarako ezarrita dituenen osagarri izanen dira; betiere, zilegi bada horren gainean Nafarroako Gobernuko organo eskudunak onesten dituen oinarri arau emaileei jarraikiz. Eskatzaileak edo dirulaguntzaren jasotzaileak Iruñeko Udalari adierazi beharko dio zenbatekoak diren obra berei ekiteko eskatu dituen edo eman zaizkion laguntzak, sorospenak, dirulaguntzak, hobariak, etab. (Udalaren dirulaguntza ordaindu aitzinetik nahiz ondoan).
Ez bakarka ez beste administrazio publikoek edo pertsona fisiko nahiz juridikoek, publikoek nahiz pribatuek, ematen dituztenekin batera, laguntzen zenbateko osoak ez du aurrekontu babesgarritik goiti egiten ahal. Hala izanez gero, muga hartaraino murriztuko dira ordenantza hau aplikatuz Udalak ematen dituen laguntzak.
13._Ordainketa.
Onuradunak honako hauek justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza:
a) Dirulaguntza jaso duen jarduera egin duela; egiaztapen lanak eginen dira, egungo legediarekin bat.
b) Egindako lana kontratistei ordaindu diela; horretarako, Udalaren dirulaguntza ordaintzeko eskaerarekin batera ordainketaren egiaztagiria ekarriko du: faktura, bankuan edo merkataritzako trafikoan ohikoa den beste bidez batez dirua sartu izanaren gordekina.
Ziurtagiri bikoitiekin batera eginen da ordainketa; eta obrak bukatzen direnean, Udalaren zerbitzu teknikoek haiek ikuskatu ondoren; azken likidazioaren konturako ordainketen kontzeptuan, hartatik eginen baita kendura, transferentzia baten bidez onuradunaren kontu korrontera.
Hiru hilabeteko epea igaro baino lehen ordainduko dira ziurtagiriak, Udalaren zerbitzu teknikoek ziurtagiria jaulkitzen dutenetik kontatzen hasita.
Onuradunak hamar egun balioduneko epea izanen du, ziurtagiria ematen denetik aitzina, ziurtagiriari dagozkion fakturen kopia Udaleko erregistroan aurkezteko.
Behar bezala justifikatzen ez bada edo hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 22 eta 24. artikuluetan aipatzen diren inguruabarren bat suertatzen bada, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da.
Ez da dirulaguntzarik ordaintzen ahalko onuradunak zorrak baditu bere tributu betebeharretan, Udalarekikoak eta Gizarte Segurantzarekikoak barne, edo zorduna baldin bada ebazpen bidezko ebazpen bat dela medio.
Dena dela, onuradunak Iruñeko Udalarekiko tributu betebeharretan zorrak baditu, hark ofizioz kitatzen ahalko ditu kobratzeko dauden zorrak, dirulaguntzak zor diren zenbatekoekin konpentsatuta.
14._Justifikazioa.
1._Onuradunek 60 eguneko epea izanen dute, obren bukaerari buruzko dokumentuak Udal honi aurkezteko, obren egileek obra ziurtagiriak jaulkitzen dituztenetik aitzina kontatzen hasita; horretarako, dokumentu hauek aurkeztuko dituzte:
a) Proiektuaren bukaerako txosten xehekatua, onuradunak sinatua, helburuak, egindako jarduera eta lortutako emaitzak deskribatuko dituena; dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak eta haien kostua deskribatuko dira, baita bere funtsekin edo beste dirulaguntzekin finantzatu direnak ere.
b) Obrako azken planoak paperean eta euskarri informatikoan.
c) Hartzailearen ziurtagiria, dirulaguntza zertarako eman zen, xede hori aurkeztutako aurrekontu eta proiektuaren arabera bete dela dioena.
d) Obra bukaerako ziurtagiria, eta hartan, kontzeptuen arabera ordenatuta, egindako gastu guztiak, obra egiteko proiektuaren prestakuntzaren kostua eta haren zuzendaritzaren ordainsaria bereizita.
e) Hartzailearen ziurtagiria, Udalarenak izan gabe proiektuaren xede diren jarduerak finantzatu dituzten dirulaguntzen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatzen dituena, baita beste dirusarrera edo baliabideak ere.
2._Organo eskudunak proiektua egiteko epeari eragiten dion aldaketa baimendu badu, proiektua egiteko hasiera batean aurreikusi ez bezalako data duten fakturak onartuko dira.
3._Udalak fakturak eta egindako gastuak egiaztatzeko dokumentu guztiak eska ditzake; zerbitzu kudeatzaileak fotokopiatu eta konpultsatuko ditu, baita adostasuna emanen ere, eta gero interesatuei jatorrizkoak itzuliko dizkie. Dokumentu horien jatorrizkoak edo haien kopia konpultsatua entitate onuradunean gordailatuko dira, gutxienez ere lau urtean.
4._Dirulaguntzak justifikatzeko epea eta, beraz, egiaztagiriak aurkeztekoa, dirulaguntza jaso dezaketen gastuak aurkezteko epearen parekoa izanen da.
15._Proiektuko aldaketak.
Aurreikusi gabeko inguruabarren ondorioz, proiektuan aldaketak sartzen ahalko dira; dirulaguntza kudeatzen duen alorrak balorazioa egin ondoren, organo eskudunak onetsi beharko ditu.
16._Obren proiektua, obren exekuzioa, onuradunaren betebeharrak.
Proiektua.
1._Berriz urbanizatzeko proiektuarentzat Udalak adostasuna jakinarazita, eskatzaileak konpromisoa hartuko du gaian adituak diren teknikari talde baten esku uzteko erabilera publikoko eremu pribatua berriz urbanizatzeko obren exekuzio proiektuaren prestakuntza. Teknikari talde horri obren zuzendaritza ere emanen zaio.
Erabilera publikoko eremu publikoa berriz urbanizatzen denean, zorupean egin beharreko obrak ere jasoko dira proiektuan, halakorik egin behar bada, bertan dauden lokalak, etxabeak, garajeak eta trastegelak behar bezala funtzionatu dezaten eta indarra duen legeriari egokitu daitezen. Gastu hauek guztiak zorupearen jabeen bizkar izanen dira.
2._Exekuzio proiektu hori prestatu bitartean, proiektu egileak eta eskatzaileak harreman zuzenean egonen dira Udalaren zerbitzu teknikoekin, Udalak berriz urbanizatu beharreko eremuaren diseinua, apaindura eta mantentze-lanak haien erabakiei egokitu daitezen.
Proiektuaren kostua dirulaguntzarako onetsitakoa baino gehiago bada, Udalaren aurrekontuari egokitu beharko zaio.
3._Exekuzio proiektua 2 hilabetean prestatuko da, dirulaguntza jasoko dela jakinarazten denetik aurrera; gero Udalak onetsi beharko proiektua, obra lizentzia tramitatuko du eta, behar izanez gero, jarduera sailkatuaren lizentzia ere.
Obrak gauzatzea eta onuradunaren betebeharrak.
1._Udalak exekuzio proiektua onetsitakoan eta behar diren lizentziak eskuratutakoan, onuradunek, sustatzaile diren aldetik, konpromisoa hartuko dute berriz urbanizatzeko obrak kontratatu eta ordaintzeko; bistan dena, obra horiekin batera eginen dira lokal, etxabe, garaje eta trastegelak eta zorupeko gainerako gela edo instalazioak indarra duen legeriara egokitzeko obrak.
2._Kontratazio horren aitzinetik, gisako jarduketetan esperientzia duten hiru etxegileren eskaintzak, gutxienez, aztertu beharko dituzte eskatzaileek; herri lana balitz eskatuko litzatekeen sailkapena gutxienez izan beharko luke obra egiten duen etxegilearen enpresak. Kontratista batez ere bere eskaintza ekonomikoari begiraturik hautatuko da; aukeraketan partaide izanen da, hizpidea eta botoa dituela, gaian aditua den udal teknikari bat, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorrekoa, alor horretako zinegotzi eskuordeak hautatua.
3._Gisa berean, onuradunak konpromisoa hartuko du obren zuzendaritza fakultatiboa osatzen duten langile guztiak kontratatu eta ordaintzeko; obra horietan plaza urbanizatzeko obrak eta zorupean egin beharrekoak sartzen dira.
4._Dirulaguntzaren urteko deialdiak zehazten duen epean hasiko dira obrak, eta obra lizentzia eta, hala behar badu, jarduera sailkatuarena eskuratutzat jotzen diren egunetik kontatuko da.
5._Obra horiek Udala arruntik asebetetzeko moduan egin beharko dira eta halaberekoa izan beharko da haien emaitza; beraz, egin aitzin eta egin bitartean ere, delako obrak zuzentzen edo aldatzen ahalko dira Udalaren irizpideen arabera; betiere, kostua igotzen ez bada jabetzaren bizkar.
6._Onuradunak 20 eguneko epea izanen du, berriz urbanizatzeko obrak bukatu direla Udalari aditzera ematen dionetik, obra bukaerako dokumentazioa aurkezteko eta, hala behar badu, irekitzeko lizentzia eskatzeko. Udalaren teknikariek egiaztatuko dute hura onetsitako proiektuari eta berek emandako jarraibideei jarraikiz egin den; "obrak onartzeko aktan" agertaraziko da.
17._Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.
Dirulaguntzaren onuraduna behartuta dago publizitate egokia egitera (agiri, informazio edo publizitate guztietan), jakin dadin diruz lagundutako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela. Betiere, obrak hasten direnetik aitzina, 4,00 x 2,00 neurriko kartela jarriko da. Bertan adieraziko da Iruñeko Udalak diruz lagundu duela obra.
18._Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzara jo beharra.
Deialdi honek hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza garatzen du, eta, beraz, hara jo beharko da hemen adierazten ez den oro argitzeko. Era berean, dirulaguntzen ordenantza orokorra aplikatuko da, subsidiarioki.
19._Errekurtsoen araubidea.
Deialdi honen aurka (administrazio bidea amaitzen baitu), eta haren oinarrien eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:
_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
ERANSKINA
Jauna/andrea: ................................... N.A.N.: .................. helbidea: .................................. P.K.: ........... herria: ................... telefonoa: .................. bere izenean edo honako hau ordezkatuz (*) (ez dagokiona ezabatu): Jauna/andrea ................................... N.A.N./I.F.Z.: ................. helbidea: ......................... P.K.: ............... herria: ................. bankuko datuak (eskaerak eduki ekonomikoren bat badu, orduan bete), telefonoa: ............ entitatea: .................. bulegoa: ............... K.D. .......... kontu zenbakia: ....................,
Honako hau azaltzen dut:
1._Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzen deialdiaren berri izan dut, eta, han eskatzen diren baldintza betetzen baititut, onartzeko eskabidea aurkezten dut.
2._Deialdiko 7. artikuluarekin bat, honako agiri hauek aurkezten ditut:
_Eskatzailea nor den frogatzen duten agiriak eta, ordezkariren batek jarduenez gero, harenak.
_Eskatzailearen identifikazio fiskaleko agiria.
_Jabetza erregistroaren ziurtagiria, berriz ere urbanizatu nahi den lurzoruaren jabetza egiaztatzen duena; kargetatik libre dagoela adieraziko da eta dagozkion tributu obligazioak behar bezala likidatuak dituela.
_Jabe elkarteen erabakia obrak egiteko, dirulaguntzaren espedientea kudeatuko duen ordezkari bat izendatzeko eta, hala behar badu, jabe bakoitzak obra horietan zer portzentajez parte hartzen duen ezartzeko.
_Ukitutako herritarren zerrenda.
_Erantzukizunpeko adierazpena, dioena eskatzaileak Nafarroako nahiz Estatutuko tributuen arloan eta Gizarte Segurantzarekin zorrik ez duela, eta, indarra duen legeriari jarraikiz, ez dagoela ezgaiturik Administrazio Publikoaren laguntzak eta dirulaguntzak biltzeko.
_Urbanizazioaren oinarrizko proiektua, teknikari eskudunak prestatua, honako hauez osatua: obren aurrekontua eta profesionalen ordainsarien zenbatekoa.
_Berriz urbanizatu beharreko espazio pribatuaren argazki bidezko erreportajea.
_Bankuaren ziurtagiria, dirulaguntza jasotzeko kontua eskatzailearen izenean dagoela frogatzeko.
Iruñean, 2007ko ...........aren ............(e)an
(Halakorik bada, ordezkatu den pertso-(Eskatzailearen sinadura)
naren sinadura edo zigilua)
DATUEN BABESA. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetako datu pertsonalak Administrazio honek dituen eskumenak baliatzean baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera jota (Merkatuko kalea, 7-9, 31001-Iruña).
(*) Norbaiten ordezkari gisa aritzean aurkeztu behar diren agiriak:
Pertsona fisikoa: pertsona ordezkatuaren NANaren fotokopia.
Pertsona juridikoa: ordezkaritza frogatzen duen agiria.
IRUÑEKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.
Iragarkiaren kodea: L0702535
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
