II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.3. BESTELAKO XEDAPENAK
2.3.3. Nahitaezko desjabetzeak
MURUGARREN
Desjabetze aktak egiteko deialdia
Murugarrengo Kontzejuak, 2007ko otsailaren 14an egin bilkuran, honako hau erabaki zuen:
Murugarrengo Kontzejuak 2006ko urriaren 23ko erabakiaren bidez hasiera batean onetsi zuen Murugarrengo (Nafarroa) hondakin-uren tratamendua, hobia eta hodi igorlea berritzeko proiektua, eta jendaurrean jarri zuen hamabost egunean, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere.
Erabaki hori Deierriko Udalak berretsi zuen 2006ko abenduaren 13an.
Proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, baita aurkeztutako alegazioei emandako erantzuna ere, behin betiko onetsi zituen Murugarrengo Kontzejuak 2007ko urtarrilaren 18an, eta onespen horrek berarekin zekarren onura publikoaren eta okupatu beharrarren deklarazioa.
Erabaki hori Deierriko Udalak 2007ko urtarrilaren 26an berretsi zuen.
Orobat, Nafarroako Gobernuak 2007ko otsailaren 12ko erabakiaren bidez presakoa deklaratu zuen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.
Beraz, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluari jarraituz,
ERABAKI DA:
1. Murugarrengo (Nafarroa) hondakin-uren tratamendua, hobia eta hodi igorlea berritzeko proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen titularrei dei egitea, 2007ko martxoaren 15ean Murugarrengo Kontzeju Etxean ager daitezen, ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu aurreko aktak egitera, eta bidezko bada, behin betiko okupaziokoak ere.
2. Ukitutakoek berek agertu beharko dute ekitaldi horretan, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimenduta dauden ordezkariek, titulartasuna frogatzen duten agiriak eta kontribuzioaren azken ordainagiria aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, peritua edota notarioa eraman ditzakete, haiek ordainduta.
3. Alfredo Torreblanca Lafraya jauna, Maria Carmen Uriz Lusarreta andrea eta María Muguerza Mas andrea administrazioko peritu izendatzea.
4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Murugarrengo Kontzejuaren iragarki oholean argitaratuko da eta ukitutako titularrei zein bere zitazio zedularen bitartez jakinaraziko zaie; orobat, ohartarazten da argitalpen hau Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 59.5. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako ere egiten dela, titularra ezezaguna edo helbide ezagunik gabea denean.
Murugarrenen, 2007ko otsailaren 14an._Kontzejuko burua, Juana Martínez Soler.
Iragarkiaren kodea: L0702808