I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
2/2007 FORU AGINDUA, urtarrilaren 19koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, "741 ordain-gutuna" onesten duena, Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioaren 220 ereduari dagokiona, zergak bateratze-araubidearen bidez ordaintzen dituzten taldeentzat.
Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen X. tituluaren VIII. kapituluak zergen bateratze-araubidea finkatzen du, eta ezartzen du zerga kontuetarako taldeak, tributazio araubide hori aukeratzen dutenean, zergaren subjektu pasibotzat hartuko direla.
Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 116.2 artikuluak ezartzen duenez, sozietate nagusiak izanen du zerga-taldearen ordezkaritza, eta behartua egonen da, bestetik, zergen bateratze-araubidearen ondoriozko betebehar material eta fomalak betetzera. Entitate horiek Sozietateen gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa aurkeztu behar dute Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioaren 220 ereduan, zergak bateratze-araubidearen bidez ordaintzen dituzten taldeentzakoan.
Autolikidaziotik ateratako tributu-zorra sartzeko gutun-ordain berariazkoa egon behar denez, komenigarria da eredu berri bat onestea: "741 ordain-gutuna Sozietateen gaineko Zerga. Zerga-taldeak".
Hortaz, Sozietateen gaineko Zerga bateratze-araubidearen bidez ordaintzen duten zerga-taldeen autolikidazioei dagokien ordain-gutuna, foru agindu honek indarra hartzen duenetik, "741 ordain gutuna" eredua izanen da, orain arte erabiltzen zenaren ordez, "712 ordain-gutuna" ereduaren ordez, alegia.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ahalmena ematen die kontseilariei erregelamendu-ahalmenaz baliatzeko departamentuak bere dituen aferetan.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
Onestea 741 ordain-gutuna, "Sozietateen gaineko Zerga. Zerga-taldeak", foru agindu honen eranskinean datorrena. Eredu horrek bi ale ditu: "Banketxearentzako alea" eta "Interesatuarentzako alea", aitorpen-likidazioa Sozietateen gaineko Zergaren autolikidaziorako 220 ereduan, zergak bateratze-erregimenaren bidez ordaintzen dituzten zerga-taldeentzakoan, aurkeztu behar duten subjektu pasiboek erabiltzeko.
AZKEN XEDAPENA
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2007ko urtarrilaren 19an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.
ERANSKINA
Iragarkiaren kodea: F0701297