I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
75/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak uztailaren 29an eman 78/2005 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa bulegoen mailan ezarri zen.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak, uztailaren 29ko 78/2005 Foru Aginduaren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen bulegoen mailan. Agindu horretan xedatu zen Justiziako Gizarte Zerbitzuan bakarrik Gizarteratzen Laguntzeko Bulegoa izanen zela. Zerbitzu horren beste eskurantzak prozedura nahasi eta zail horiek tramitatuko zituen unitate organiko baten laguntzarik gabe egiten ari ziren. Horrek, batzuetan, zailtasunak sortu dizkie herritarrei doako justiziaz, ekintza terroristen ondoriozko kalte-ordainez eta bestelako arlo sentiberez kudeatu eta informatzerakoan.
Bestaldetik, Laguntza Administratiboaren Bulegoak, Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboari atxikirik dagoenak, plantillan zenbait aldaketa izan eta gero, burutza besterik ez dauka. Beraz, unitate organiko hori ez da beharrezkoa, orain arte bulego horri zegozkion eginkizunetan ari den lanpostua deusetan galarazi gabe.
Hori horrela, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiko Antolaketa Zerbitzuaren adostasun txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak 24. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritakoarekin bat, horren arabera kontseilariei baitagokie, nork bere departamentuan, bulegoak sortu, aldatu eta kentzea.
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra._Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa bulegoen mailan ezarri zuen uztailaren 29ko 78/2005 Foru Aginduko IV. kapitulua aldatzea (Foru agindu hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak eman zuen). Honelaxe geldituko da:
"IV. KAPITULUA
Justizia Zuzendaritza Nagusia
1. ATALA
Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboa
13. artikulua. Justiziako Langileen Bulegoak, Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
_Nafarroako Justizia Administrazioko langileen datu baseen mantentze eta eguneratze lanak egitea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileri Zerbitzuaren menpeko unitate organikoekin koordinaturik.
_Justizia Administrazioko langileen ohiko kudeaketa egitea, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekin bat.
_Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
2. ATALA
Justiziako Administrazioa Modernizatzeko Zerbitzua
14. artikulua. Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoak, Kalitate eta Prozedura Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
_Herritarrei argibideak eman eta harrera egitea, dela zuzenean, dela telefonoz zein agirien bidez.
_Justizia Zuzendaritza Nagusiaren posta eta paketeak jaso, banatu eta sailkatzeari loturiko lan guztiak.
_Justizia Zuzendaritza Nagusiaren paperak eta liburuak jaso eta banatzea eta organo judizialetako Liburutegi Zerbitzuari laguntzea.
_Garbitze eta mantentze lanetan laguntzea.
_Ate eta leihoak kontrolatzea eta organo judizialen bulegoetako sarrerak irekitzea.
_Organo judizialen eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren ikus-entzunezko eta bulegoko baliabideen erabileraren eta eskuragarritasunaren inguruko guztiak.
_Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
15. artikulua. Hornidura Bulegoak, Justiziako Administrazioa Modernizatzeko Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
_Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Justizia Administrazioaren material suntsikorraren, altzarien eta bulegoko materialaren hornidurak bideratu eta kontrolatzea, erosketa zentralizaturako Foru Komunitateko Administrazioak dituen organoen bitartez.
_Emandako materialaren entrega kudeatu, eta haren jarraipena eta kontrola egitea.
_Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
3. ATALA
Justiziako Gizarte Zerbitzua
16. artikulua. Gizarteratzen Laguntzeko Bulegoak, Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikiak, eginkizun hauek izanen ditu:
_Justizia Administrazioari ukituen familien egoera, laguntzeko baliabideak eta egitarauen bilakaera jakinaraztea.
_Eskubideez eta baliabideez argibideak eta aholkuak ematea.
_Gizarte kontuei buruzko aholku espezializatuak ematea.
_Gizarteak bazterturik dauzkan herritarrekin aurreneurriak hartu eta haiei gizarteratzen laguntzea.
_Gizartearen lankidetza sustatzea, hedapenerako eta gizartea sentsibilizatzeko ekitaldiei laguntza teknikoa emanez.
_Eskatzen zaizkion txosten eta irizpen guztiak egitea.
_Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
17. artikulua. Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
_Justiziako Gizarte Zerbitzuaren administrazio lan orokorrak.
_Orotariko argibideak delituen biktimendako laguntzez.
_Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari sostengu administratiboa ematea.
_Justiziako Gizarte Zerbitzuko datu baseak mantendu eta eguneratzea.
_Esleitzen zaion beste edozein eginkizun."
AZKEN XEDAPENA
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2007ko otsailaren 16an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F0702868